www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gazigozoak
Tomas Agirre, «Barrensoro»
1933

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gazigozoak, Agirre'tar Toma (Barrensoro). Verdes-Atxirika, 1933.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERRUSI-KO ZABALDIETAN BARRENA

 

 

I

IZUA ORO

 

        Ez bildurtu, mutillak. Boltxebitarren artean gaituk aldi batekoz. Ez ikaratu, orde, irakurle. Gure oinkaden aurretik bideak urratzeko bide-erakuste yayua digu. Izle goxo ta idazle atsegarri bati dagokionez, irriparka ta eskurakoi eramango gatzik. Angoen berri ikasia dek bertan ibillirik. Garcia Sanchiz españarraren agotik entzunak dizkit dakartzkidanak. Aren ezpanak erabil oi dituen oparotasunak eta urre-lorak iñausi ditzadan. Ez dit ortarako astirik; ez tokirik; eta... ez bearrik ere. Itz goxo aien muiña xurgatzen, ausiñaren antzean, alegiñak egin bear. Zein ez dek ango berrietzaz jakiteko gogo-zirikaz? Ara bera mintzatzen.

        Laterri-mugetan barrena sartzeko ez digu eragozpen aundirik topatu. Beste edozein laterrietan ipintzen dituen oztopoak. Gure joakera aurrekoz gaztigatua ginun. Emen zetorkiguk bidera gizaseme ikusgarria; soñez aundia; gerrirañoko bizar erdi-zuria; txano antzeko larruzko estalkia buruan. Gure lotukiak eta bideko tresna guziak arturik, an zeramatzik etxe kaxkar batera. Bai barrenak azpikoaz gain zuur astinduz zarpikatu ere. Biguñago zerabiltzik eskuak emakumeak. Ez dik ark ere zokondorik begiratu gabe utzi. Leendik generamakigunaz gañera, beste diru-mordoxkatxoa rubloez (ango dirua) aldatu digu.

        Goazik bultzira. Tren-burdiak txukun eta garbi agertu zaizkiguk. Ta burrunba-otsean bildurik Leningrado-ra bidean goatzik.

        Leningrado! Aintzinako Snt. Petersburg! Kzarra eta kzare bere kolkotxoan zeduzkan kabi txoragarria. Emen erail zizkien boltxebitarrak senar-emazteak eta aien semeak. Emen tiroz eten ziokan bizia Yusupor errege-gaiak Rasputin maltzur aipatuari. Emen asi ukan eguerdirantz erne jeikitzen Lenin-en eguzkia. Emen jasotzen dik arro zerurontz bekokia Kepa eta Paul deunen guda-gazteluak. Emen...; baña goazik gerera jakin-ostoak zaparradan aspergarri ixuri gabe.

        Leengo narotasuna galdu dik orain uri onek. Antzinako aberastasunen ondoxketan erdi-bildurik dagola zirudik. Orduko aunditasunik eta urre-dirdairik etzagerrek. Orain zarpilduki ta arrataz josirik dakusgun jantzi-ondarretik leengo edertasuna usmatu bear.

        Oñak lurreratu orduko, ba-dizkigu urrean berrogei zalpurdi-zai buruari eragiñaz burdi-eskeinka. Antola zein ezi-kaitz diran burdi-zai oek. Langille guziak sindikatoetan alkartu-arazi nai boltxebitarrak eta alegiñak eginda ere kofradi berekoi ontakoak leenean tinkatuago jarrai. Etzizkien leengo joeratik egundaino atera. Ez dituk nolanaikoak, gero, mutil oiek. «Adi ezak i, zaldi-zai, Europa-ostatu-etxera goatzik».

        Aurreko aulki-galdorrean erdi-zutik gurdiaren tarrataz balantzaka, gaztaña-adaska baizen gorputz-aundi, bere bizar luzeaz aita-Olentzaro zirudin, jostallu-bitxiz zalpurdia gañezka deramala. Begien aurrean dijoazkigun etxe guziak argizari-margoa zedukae. Gure mendietako bei gorrixten antzeko bellegitasuna oro.

        Pozkarioz artua ginun etxe-barrua, edur-maindirapean estaltzen asi dituk, ba, tellatu-gañak. Berokiñen arrimora ezti zaiguk jatetxe-magaltxoa. Garbi-itxura danean; kaleko margo gorrixta berbera ormetan itsatsiki. Zurubiaren beera malmuko ikaragarri bat zetorkiguk bidera. Gure bide-tresnak lepa-gainean arturik, aurrean goruntz zeramatzik. Ba-ginuen lexibatu bearra ta, ezkotu diagu ur epelez soña.

        Baña... ze tximixtazko kedats nazkagarria dek au? Arrain usaia! Sardiña zaarren gisako kedatsa zeritek legortzeko zapiai. Bai nik zerena zan bereala usmatu ere. Tximista gaitza! Stalin porrokatu orren diru-gorde bearra! Arrain-olioz egin diate nunbait jaboia ta berorrekin zapiak eta oialak garbitu. Muinetaraño barreneratzen dan kedats mingotsa! Gabean nork burutu oeko mandirepean?

        Aspalditik erri onen berri jakiteko amesetan giñan ezkero, ezin egon alperrean. Otordutxoa egin ondoren, berela kaleetan-barrena gaituk ikus-erne. Gu garamatzin zaldi-aztaka otsera ta gurpillen gaitzairuzko uztaiak arkoskoetan dagien zaratara, bide-erditik zijoaztenak alderatzen itukan ibil-bitartean gurdi-zaiarekin garraxika mintzatuz. Baita onek bereolaxen jaulkitzen zin erantzuna. Ezpai-genian tamalez ulertzen zer zesaioen alkarri.

        Etzoazik langilleak eskale-antzo larru-azalka. Eztaere dotore ta apain gisan. Guziak txiro; guziak berdin. Alboetako etxeak arpegi zikiña zeukae; leioetako leiarrak zuloz naiko saretuak. Kooperatiba-saltokien ate-ondoetan emakume ta gizon-erreskadak janari, oski ta jantzien zai. Kale-erdian beargiñak aruntza ta onuntza atergabe. Ituntasuna, legorra ta zekena nabari diagu or-emen. Añartean atsedengabe joan bear dunaren asperra. Ezpanak eta agoa ezotzeko ur-txirristarik somatzen ez dunaren oñazea.

        Museo-ra zuzendu dizkigu leenen gure oinkadak. Au jendearen piloa! Ez al dek arritzeko? Museo onen ateak antziña ez itukan iñoiz idikitzen erri soilarentzat. Aundizkientzat ere noizpenka baizik ez. Olakoetan ere bakanka ta jantzi bereziz joan bear.

        Orain ateak zabalik zeudek beti. Ikusgai oetara zaletu nai dizkiate boltxebitarrak beren langilleak. Ortarako jarririk zeuzkae agerle ta adiratzalle bereziak. Olango azalbenen aurrean lasterra dik, orraatik, eriak arrausia. Gure antzeko erbestearrak aretora sartzean, arin ao-zabalba begiratuz, burua atzeratzen diate. Gogoaren atsedena! Emen ikusi dizkigu erregeen aldiko kutxa bitxiztatu, txirlarri, diamante-bitxi, zurezko ederlan, arki, mai, oyal margoztu eta abar oparo ta nai bezainbat. Erbestearrai arroz erakutsi ere kzarrengandik arturiko aberas-ondartxoak.

        Baitetxera bidean jarriak gaituk. Etzegok an ikusibear arrigarririk. Ormatarte aietan otzikaraz dardarika gabiltzak. Barren illuna, otza ta ezkoa. Gela estuak eta burdin-ariz sareturiko leyo-zirritu utsak. Burnizko ogeak; arkiak eta maitxoak ere bai. Etzeukate ausi bildurrik.

        Ara gauza aitagarri bi. Bazter guziak argizarizko irudi-bitxiz josita zeudek. Begientzat ikusgarri ta gogorako ikasbide. Beste baztertxu baten aintzina eleizatxoa zan aretoa ageri dek. Kendu ziote orain eleiz-usaya. Siberi-ra epaiturik zijoaztenak emaztetxoarekin joateko eskubidia ziaten. Ezkongai ziranak eleizatxo orretantxe ezkontzen itukan. Biotzeko maite-usoa alboan zeramakitela zigorraldi ikaragarri ua ariñago ta atsegiñago iduriko zitzaien, nik uste.

 

 

II

STALIN-EN AGINTE-PEAN, MOSCOU

 

        Boltxebitarrak agintzen duten ezkeroz, Moscou dek Errusi-ko urien buruzagi. Lau milloe biztanle ba-dizkik. Kremlin-jauretxeko dorrearen bekoki-erdian zegok Errusi-ko begi ikaragarria. Aren begiratu zorrotza, izagarria! Beti zabal, beti esnaa, beti erne; iñoiz ere ez zabar eta loale. Ez dek ezer aintzinako ziklopeen begiratu asarrea gaurko onen ondoan. Begi orrentzat ez dek Errusi-n ezkuturik eta noiz-nai azpikoaz gain iraultzen ez dun zokorik. Ez beza iñork txintik atera; ez begi iñork kurruxkarik. Ez dek izango giro, bestela.

        Stalin porrokatua dek begi bildurgarri orren jabe. Errusi-ko zabaldietan barrena biurrika ta ziztuka luzatzen den suge-soña dik buztantzat. Errizayak eta guda-mutillak alkar josirik iruin duten sarearen pean ixil eta mutu egon bear erri gizagajo onek. G.P.U. deritzayon errizaien begiak irixten eztiran bazter gibelik, eztek.

        Ez diate nai boltxebitarrak beren inguruan erdi-merdiko gizonik; aldezkari porrokatu utsak nai dizkite. Orra Trotzki aspalditik arerio zitaltzat joa. Siberi-aldean malkoak bakarrean txukatu bearra dik. Trotzki-ren izen ondarra ere ixilpean aaztu ta il-arazi nai diate. Bai lortuko ere oraingoz.

        Stalin! Galtzairuzko gizona zagerrek izen-orde onek. Atera ortik nolako atzazalak izango ditun. Erdi-ikasia ta letra-gabea izan arren, ez dek txantxetan artzekoa kaukasiar biurri au. Aurtxoak gaberdian ontzen auspo-otsari baño bildur biziagoa ziote errusiatarrak gizon oni. Ez dek an berak daramatzin ugelak eta agokoa ausiko ditun moxalik. Etzegok ori uzkaili bildurrik. Ezin zezakian Lenin-ek izan ondorengo egokigorik.

        Boltxebitar oek beren kontura ipiñirik dauzkaten ostatu-etxe batean izan digu bartko atsedena. Ez ginun biguna oeko lastaira. Ezta ere oe apañak. Zurezkoa ta motxa bat; burdiñezkoa ta zearretakakoa bestea. Alere laisterra izan ginun gure loa. Gure etengabeko ibilliaren sari goxoa!

        Orra aokadatxo gozoa gosaltzeko. Gaztaya, erle-eztia ta... arrautzak. Baña, arrayetan, arrautz oek austean... a ze erauzte buztiña ta geldia zuten! Ez al-dezute ikusi iñoiz erdi-erioan aker zaarak biali oi duten zear-begiratua? Alaxen lertu uan azpillean eme-eme gorringoa. Pufff!

        Ogi ezkoa, bustia, beltza ta ore-gisakoa. Ukabilla sartzeko adiñeko zuloak ba-zizkin mami-tartean. Gure layotz-aldeko arkaitzetan jayotzen den oroldioren bizkia zirudin. Dasaigutenez, langilleak txokolatea dite janaririk ugariena ta atsegarriena. Urritasun au etzetorrek ango lurren zeken eta antzu-izatetik. Bai zera! Baña an biltzen dituzten onentxoenak era guzietako makiñen truke erbestera biali nai dizkite. Ango egur, gari eta petroleo-aberastasunak ez dituk naiko beren eroste-amesak betetzeko. Era guzietako tresna ta makiñarien bearra baidite Stalin-en aurre-iritzia jasotzeko.

        Erriari ipiñi diozkaten eskasak eta baruarrak gozatzeko zeuzkae jolasaldiak eta egurastaldiak ugari ta eskura-errez. Antzokietarako sarrera merkea det. Norbaitek esan zin Errusi-ko langilleen opioa antzerkiak direla. Ondo esana. Onelango egurastaldi ederretan usten dizkite lan aspergarrietan biltzen dituzten amorrazioak. Lanaldia amaitu ondoren an zoatzik aldraka antzokira. Gu ere bai aien tartean. Etzegok aukerako jarlekurik. Guziak naasian. Gure alboan neskatx batzuek sagarrai ozkaka ari dituk eta azkenengo mutxikin ondarra lurrera yalki diate. Noizpenka sakeletik ateratako orraziz buruko txima sastarrai orraztaldi bat zemaioe, alkarekin garrasika mintza bitartean.

        Antzezki polita, orraatik, ikusi genduana. Remski Korsakof-en erestaldi zoragarria. Arrigarria gure alboetan nabari degun txirotasunetik antzestaldian oartzen degun aberastasunera dagon bitartea. Begiak asetzeko ta gogoa atsetzeka naiko dizkik aberas-pitintxu oyek erri gizagajo onek, nunbait.

        Kalean gaituk berriro, bazterrak ikusi nairik. Gure aurrean bikote bat zijoak. Guda-mutillak zirudie atzetik ikusirik. Gauza aitagarri bat oartu dit biengan. Alkarri zirrika maite-jostetan ba-lebiltz bezela, eztiki ta gozoki mintzatuz zijoatzik. Txikienari, soña makurtuz, bestea labainez ondoratzen zaiok! Ez dizkit nik nere errialdean guda-mutillak onelan alkar maite-maxiatzen ikusi.

        Ontan, ordea, gure erbestear itzots ozenera, buruari atzera eragitean, gure ikusnaya bai ase bear, arraietan! Txikiena nexka gazte xalo ta liraña uan. Eta bai txairo zeramazkila neskatxak guda-jantziak! Prakak, txamarra luzea ta txapel-txatala. Ez izan nik gogoan boltxebitarren artean emakumeak ere gudari izan ditezkela. Senar-emazteak ote-ziran? Ala, ezkongei-maitariak?

        Eunka gudari zekusazgu kale-zear. Garagarrillean erleak erlauntzian burrunbaka, aztoaturik, sartu-irtenka ibilli oi diranez. Oinbeste gudarien pean zapaldurik dagon erriak, nola marrurik jaso? Nola txintik atera?

        Gizonak eta emaztekiak eskubide berdiñak zeduzkae. Ezkontza maxiagarria ikusia ginun. Etziaten neska ta mutillak gureak gogo-barrenean duten ames zoragarririk. Ezta-ere aurretio luzaroan eztayak gertutzeko kezketan betazalak erre bearrik.

        Zeregin oetarako ango erri guziak dite landola berezia. Tira, ba. Ba-zoatzik senar-gaya ta emazte-gaya landola orretara. Mutilla zarpil jantzirik; beste edozein egunetan bezela; lan-egunetako soñekoz. Neskatxa ere berdin. Eguneroko gonaz ta sorbalda-gañean artillezko estalkitxoa deramala.

        Bi edo iru ezagun atzetik laguntzale. Eman beren izenak eta rublo bat (ogerleko bat urrean) luzatu ondoren, buztartuak zeudek gazteok. Une artan alkarri begiratuz, bialtzen dioten irripartxo ezea dek eztai ortako poz-amets dana. Somatu nolako legorra dan.

        Oartu, orde, emengo neska ameslariak eta mutil zoroak. Alkarrekin bizi izaten bereala aspertzen ba-dira; alkarren artean zerikusirik iza nai ezpa-dute, gaztigatu noiz-nai aitaturiko landolara ta nai danean ezkon buztarria askatua legokek. Beste maite gisagokoren baten billa jun bear.

        Esi gabeko maitakerietzaz mintzatzean, alde oetako mutil eiztari zenbaitek buruan zoro erabilli oi dituzten ametsak, sultan-amets biurriak! An oartu gendun maiteak ez dik, orraatik, emengoaren ederrik. Maite legorra dek; asetzen ez duna. Antola mutillek. Berdiñekoa dek emengo nexka bigun eta goxoen gogo uskurtzalea ta sendi-barruan semetxoen ezpan gorrietan loratzen dan urrezko irpartxo paregabea!

 

 

III

OITURA AITAGARRIAK

 

        Aitagarriak dira, benetan, Dostoiewski, Tolstoi eta Gorki idazleen izenak. Aintzinako Errusi-ko elertilari aipatuengandik gaurko kaxkarrengana dagon aldea!

        Areik elertian baizen nagusi ziran gizatasunean ere. Agintari biozgabeen pean zutik eta buru-tente ibiltzen ikasiak. Zigorrak etzituan kikiltzen; ez gogo-kuzkurtzen. Beartsuen alde jokatzen ziran beti; negartiengan urrikalkor; nekazarien laguntzalle. Errusi-ko erregea ta bere kide ankerrak erri gaxoa, zaldun zitalak muxal gaztea antzo, zartaka erabillenian, izendaturiko idazleok arro jarki ziran. Beste utsune batzuek eukirik ere, onexegaitik zaizkigu begiko.

        Leengo agintariak aginte-aulkietatik uzkaill zituan itxuslakundearen ondoren, beste agintera leunagoa ekarrela boltxebitarrak uste bear. Baña, bai zera! Leen baño ere okerrago orain. Zigorpean indarrez menderaturik dauke erri goxoa zirkiñik egiteko bide gabe. Miña ao-sapayan josita euki bear.

        Gaur eguneko idazleak eta elertilariak landugabeak, sastarrak, zarpillak eta lazkarrak dira. Okerragotzat jotzen deguna, berriz, agintari biozgabeen azpain auspez dabitzanak lotsagarri. Idazkeran edertasunik ez; joeran zutitasunik ere ez. Vedni-ren saguzar-egada, sapelaitsen gisakoa iduri zaye.

        Aize guztietara zabaldua da boltxebitarrak uskurtzai dioten gorrotoa. Gaztetandik ezjakite beltzean azten ditue mutil eta neskatxoak. Gizonaren biotz barrenean Jaungoikoaren izena bera ere erroetatik atera nayean gazteak ezjakiñean lotzen ditue. Asma, irakurle, noraño doan boltxebitarren gorrotoa.

        Uskurtzaren aurkako museo bat daukae Moscou-n. Areto, zabala. Ormetatik exegirik milla marazki ta oyal margoztu. Or-emen naasian mai-gañetan eta zurezko zoruetan irudiak zutik. Marrazki ta irudi oyek irribide ta farrabidetzat jarriak dira. Ikusi katolikoen oiturak itxuskatzeko buruz, nolako pitxi irrigarriak ipiñi dituen.

        Espani artu du margolariak katolikotosunaren lurralde jatortzat. Esan bearrik ez boltxebitarrak gai onetan (katolikotasun-gayan), Euzkadi España-ko mugen barrutian josirik daukela. Senidetzat jotzen dituela. Diodan marrazki orretan iru apaiz ageri dira. Sagardao-upelaren antzeko urdail eta sabel borobillaz, lodiaren-lodiz, lertu bearrean bat. Beste biak alboetatik esku betez lukainka ta odolki pilloak ekiñalan aoratzen ari zaizko.

        Ondoko marrazkian, berriz, ibildeuna agiri da. Eleizatik apaiz eta lekaide erreskadak irtetzen luzeran zearretaka. Papar lodiko lekaideak, borobillaren-borobillaz balantzaka pirritan asteko unean, ibilli eziñik. Or-emen tarteka gangar-luzeak; buruagaz izarrak ikuitzeko besteko zintzur amaigabea dutenak. Parregarrizko esakunak azpian. Onelaxen irrikatzen ditue uskurtz-oitura guztiak.

        Europa-ko laterri aurreratuenetan ez dek txanketakoa auzipean korapilloturik ibilli bearra. Bateko, legegizonak legeai billakatzen diezten zokondo, leiza ta besapeak; besteko, bein-beineko epai-maiak; urrengo, goragoko epaikariak; eta, azkenik, guztien artean auzi-etxean eraikitzen dituen ingi-tontorrak. Iguingarri, aspagarri ta urrea ugari atera bearrekoa da auzipean ibili bearra.

        Arlo onetan erusitarrak beste laterrietakoak baño aurrerago zoatzik. Auzi-etxea ba zeukae; baita ere epaikariak. Bertan duten epailaririk zuzenena ta apaituena, nor dala uste dezute? Emakume bat. Aintzina jantzi-garbitzalle izaniko emakumea. Bein-beinian epaya egoki azaltzeko ez dik emazteki onek parerik izan bear. Etzeukak, orde, ortarako titulu ta jatorri-arroz garrasirik jaso bearrik.

        Alkarren artean gizon bik asarrerik ba-dute bijoaz arin epailariengana. Esan bitzate mintzoz bakoitzak bere aldeko zergaitiak. Gizon berezien laguntzarik nai izan ezkero, an zeudek lanaren zai legegizon aitagarriak. Ez gureen gisan apain eta soineko bereziz jantzirik. Langille itxurakoak; jantzi arratatuz. Ez diate ezetariko titulorik. Gai onetarako dauken zaletasuna dek eren laguntzarik onena.

        Ara daramaen arloa auzilariak azaldu orduko, epailariak berberton agertuko du bere epaia. Zuzena ala okerra? Eztakigu. Baña ara doazanak ez dute auzipe naasietan biurritu bearrik. Eta... ez da uskeria.

        Ez uste, gero, dana naasikeria dala Errusi-n. Ez uste mutil koskorrak ere nai duten eran lotsagabe ibilli litezkenik. Legeai bear dan begiramenik espa-diote; gaiztora zearo okerturik barrundatzen ba-ditue; lotsagabe ta biurri jokatzen ba dira, aztexe berezi batera eruaten ditue. An barruan izaera biurria erabarritzen ekin bear ortarako ipiñirik dauzkaten gizonak. Mutil basati oien joera leuntzen eta obetzen diarduen gizonak ba-dira an. Nork esango olakorik? Etxebarru orretako betebearretan, orraatik, al-danik askatuen uzten ditue gaztetxoak. Berenez zuzenera oitu ditezen, diotenez.

        Era guztitariko eskupekoak debekauta daude lurralde onetan. Alere, erbestekorik sakelerantz kiñuka oartzen ba-due (alboan ikuslerik barrundatzen ezdutela, beintzat), laster dituzu ondoan laban-laban esku-luzeka.

        Gu geunden jatetxetik irtetzean, nere emazteak —Garcia Sanchiz-ek dio—, bere eskarra jatetxeko andere nagosiari agertu nairik, urrin (perfume)-bonbillatxo bat eman zion. Emazteki aren poza! Aintzina andere aintzatua izana zirudin. Ezin zeikion, ba, neure emaztetxoak eskupeko gogokogorik eman. Boltxebitarrak agintzen duten ezkeroz, Errusi-n arkitu ezin liteken gauza da urriña. Ordañez nereari emateko ez eukan andere gaxo arek ezer. Bai bere tamala eskar onez agertu ere!

 

(AZKENA)

 

aurrekoa hurrengoa