www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Esku-liburua
Pedro Antonio Aņibarro
1802, 1821

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Escu-liburua, eta berean eguneango cristiņau-cereguiņak, Pedro Antonio Aņibarro. La Lama, 1821

 

aurrekoa hurrengoa

ILEKO EGUN BAKOTXERAKO

atzerengoen ganeko gogarte laburrak

 

 

LENENGO EGUNA

Ze ardurazko lana dan salbaziñoa

 

        I. Nire eginenik bearrena da neure salbaziñoa. Baldin nik bere ardurarik ez padaukat, nok eukiko dau nigaiti?

        II. Ain da andia lan ta zeregin au eze, berean yoat nasan guzti au; ene arimea, ta ene gorputza. Nik yaramoten ezpadeutsat, nok aituko deutso nigaiti?

        III. Da zeregin bat, zeinetarik yatortan beti betiko zorion guztia. Nik galduten badot, nok irabazi leit?

        Bada, zer egiten dot? Nora adi nago? Zelan guzti au urtuten ez nas neure arimea salbetearren? Ez dot neure arima bakar au baxen maiteago izan bear dodan gauzarik; eztaukat arima il-ezin au baxen balio andiagoko ondasunik; bein galtzen badot, guztia betiko galdu neban.

 

FRUTUA

        Opa ta eskiñi egiozuz Trinidade txito santuari Birjina Ama Mariaren, Angeru Gordetzallearen ta egun atako Santuaren eskuz, eta bitartez zeure biotz, asmu, gogo, berba eta egikera guztiak, izan daitezantzat Yaungoikoaren gloriarik andienerako eta zeure arimearen onerako.

        Esaizu iru bider Gloria Aiteari.

 

 

BIGARREN EGUNA

Eriotzearen ganeko yakinezak

 

        Erabagirik dago, ta ni ilgo nas.

        I. Baia eztakit nos; il ninteke oraintxe, ordu onetan berean.

        II. Baia eztakit non; il ninteke oker-bide, edo era-aldi deungaren baten.

        III. Baia eztakit zelan; il ninteke bekatu mortalean. Eta, onen erorik edaten dodaz ur otza legez zarra zarra bekatuak? Eta, onen erraz biurtuten nas atzera leengo okerrerietara? Ze sinismen, ta ze zentzun da nirea? Ay ze sor gorturik nagoan!

 

FRUTUA

        Ebatsi egizu, orain-ganik ondo emotea enparetan yatzuzan egunak, baita zer egin bearko dozun ordu bakotxean. Bear bada zuk alperrik galduten dozun ordu ori, izango dozu zure azkenengo ordua; edo ameneko ordu orrek, ondo emonik, ekarri leikezu betiko zeru ederra.

 

 

IRUGARREN EGUNA

Eriotzearen barri bildurgarria

 

        Uste uste bagarik beingo baten ilten ezpanas, elduko da eguna, zeinetan esango yatan presta nadila ondo ilteko.

        I. Eta orduan, eukiko dot burua konfesetako, gatxagaz indargeturik eta konorte on bagarik ozta ozta egongo banas berba egiteko?

        II. Larriturik, bildur-ikaraturik, adorebagarik eta kokortoturik egongo nas; eta, izango dot burua bekatuak gomutetako?

        III. Nire biotza egongo da bekatuen sareakaz eta lokarriakaz nasturik, eta alde guztietati katigu; eta, egongo da bekatu orren benetako damua, ta ez geiago egiteko gogoa artuteko? O ene Yaungoikoa! ta, zer egingo dot nik orduan?

 

FRUTUA

        Leen eginda ezpadozu, egizu orain era batera bekatu guztien konfesiño jeneral egiazko bat, barriztetan dozuzala zure bizi guztiko konfesiñoak; eta leen egiñik badozu, egizu geroenengorik onakoena. Garbitu egizuz zeure arimako kontuak; ta konfesiño on, on baten bidez ixildu zeure biotzeko kezka ta errenkura bildurgarriak. Autu ta artu eikezu konfesore albait onena; eta ez galdu zeure bizitza gaistoa onduteko Yaunak opa deutsun abegune eder au.

 

 

LAUGARREN EGUNA

Eriotzarako prestaerea

 

        Zer litzateke ondo nik egitea, eriotza on bat eukiteko?

        I. Ordu atan, egin izan baneu, gurako dodana.

        II. Ordu atan ezin egingo dodana.

        III. Ordu atan, salbaduko banas, gura ta gurez egin bearko dodana; neure bekatuen damuari oso, eta garbai zoli bat; aurrerantzean bekatura biurtu ez eiteko gogo zindo zindo bat.

 

FRUTUA

        Ardura andi bategaz arteztuko dodaz gaurko nire esa-egite guztiak atzeneko eguna baneu legetxe; negarrez urtuko dodaz nire bekatu eta gaistakeria ezainak; eta artuko dot gaur geiago ene bizitzea onduteko asmu egiazko bat.

        Aita San Yoseperen onrarik andienerako zazpi bider Gloria Aiteari.

 

 

BOSTKARREN EGUNA

Ilteko dagoanaren esturaak

 

        I. Igaroak larrituten dau; ainbeste bekatu negar eginbaakok.

        II. Ordukoak bildurten dau; dakus bere burua kondenetako arri labanaren ganean; eta eztaki zelan urtengo daben galbide atarik.

        III. Gerokoak ikaratuten dau; aurrez aurre iminten yako andiko aldeko betiko bizitzea, ta eztaki gertako yakonez zerua ala infernua. Santurik andiena ikaratuten da ordu garratz atan; zer egingo dot bada nik bekatari galdu onek?

 

FRUTUA

        Asmetan badozu zeure arimaan bekatu mortalen bat, berbertati, geiago luzatu bagarik, konfesa zaitekez gaur; eta bazagoz Yaungoikoaren grazian, berari esker andiak emoiozuz mesede eder onegaiti.

        Eskatu egiezu Yaunari, eta Ama Birjineari arren onean eriotzara giño iraun erazo deizuela.

        Esaizu gaur Ama Birjinearen Letania.

 

 

SEIGARREN EGUNA

Atzerengo arnasea

 

        I. Atzerengo orduan urtengo dau arimeak gorputzerik, eta itxiko dituz bein betiko aren gozoak eta atsegintasunak.

        II. Ordu atan galdu zirean emeko andi izateak; yoan tzirean ondasunak; alderatu zirean adiskiderik kutunenak.

        III. Ordu atan galdu ninteke beti betiko. Oraingo ordu au baneu nik ene atzenengo ordua, zer izango ete liteke nigaz? O memento ikaragarria, zeizetarik dagoan eskegita, dingilizka legez, baten betiko zori-ona edo zori-gaistoa!

 

FRUTUA

        Ordurik ordu zeure bururari kontu artu eikiozu, eta ikusi ea zelan eta zetan emon izan dozun aurrengo ordua. Alantxek egite'eban San Inaziok. Eta egin tzaitez erloiuak yoten daben bakotxean Abe Maria esaten, parkamenak irabazteko.

 

 

ZAZPIGARREN EGUNA

Arimea Yaungoikoaren aurrean

 

        Ilteagaz bat-batean agertuko da ene arimea Yaungoikoaren aurrera bere bizi guztiko kontu zeatza emoten.

        Kontu egin daidan bada oraintxe dakusdala oearen oñetati.

        I. Yesukristo yuez aserre gogor bat legez, nire kontra; eta etorri izan dala niri betiko sentenzia emotera.

        II. Dakusdala ezkerreko aldeti Deabru madarikatua pozarren ozta; liburuto andi tzar bategaz eskuetan, zeinetan darakusdazan banaan banaan, eta bakotxa berez ene bizi guztiko gaistakeriak eta okerkuntza eskergaak.

        III. Eskoako eskutara barriz dakusdala Angeru Gordetzallea, biotza ondo ilik daukala, eta liburutxo pitin baten erakusten deustazala nire egite on labur ezerezak. O ze ikusgarri tristea! O ze larritasuna!

 

FRUTUA

        Gaur gabean oean zatzazala, zagoz tanga baten azkenengo arnasakaz yoan aginean dagoan baten antzera; eta begitandu esku baten dozula Santokristo bat, eta bestean kandela exetua. Biztu onetan zeure biotza; eta esan eikezu zeure artean; bada auxe balitz ene atzerengo ordua, zer gurako neunke nik eginik euki?

 

 

ZORTZIGARREN EGUNA

Yaungoagaz gizonaren arteko yudizioa

 

        I. Kontu zeatz-arteza artuko deuste ene gogo, berba, eta egite guztiena. An agertuko dira niri esesten eta ni salatuten, ni deungerako puztu, edo okerrerako gantza niri emoten eusten Deabruak; antxe nik galdu nituzan lagunak; eta antxek Yaungoikoak niri emon, eta nik erantzun ez neutsen ainbeste argi-aldi eder, dei gozo, eta zemakuntza bildurgarri.

        II. Yueza izango da guztizko zuzena, zorrotza, eta errukibagea. Bere aurreti egin nituzan nik gaistakeria guztiak; berak ikusi, entzun eta aditu zituzan direanak.

        III. Bein emoniko sentenziari etxako bere bizian ukutuko. Ezta an izango gauzeen edergarririk, ez atxakia onik, ez berba egin leikean bitartekorik. O betiko zeruko bizitzea, edo betiko infernuko eriotzea! Eta... zelan bizi nas ni!

 

FRUTUA

        Ezpekizu burutarik kendu egun guztian Yesukristo yuez aserratuaren gogoa; eta gauzaren bat egin edo esan baño leen, esaikezu zeure artean; eta, ze sentenzia zorko yako, orain egitera noian gauza oneri? Oera baxen leen esaikezu iru bider; Ama graziazkoa, Ama errukizkoa, gorde gaizuz eriotzako orduan, Amen. Eta mun egiozu beari.

 

 

BEDERATZIGARREN EGUNA

Arimea eriotza ostean

 

        I. Emoten baiako zerurako sentenzia, igongo dau zerura arimeak Angeruen laguntzan, gloriaz yantzirik, birtutez aberasturik, eta apainduraz ederturik. Nok gogotan artu arimearen orduko poza? O ze gozotasuna beintzat berea!

        II. Infernurakoa barriz bada emoten yakan epaia, billostu ta erontziko deutsez arimeari birtute, doe, eta edergarri guztiak; yasoko dabe Deabruak, ta ondatuko dabe beingo-beingo baten infernuko su-garretan. O zori-gogoreko bekatuak beintzat! O ze larritasun itzala arima batena, ikusten dabenean bere burua suzko toki garra ta garra darion onetan!

        III. Epai bi oneetarik bata edo bestea nai eta naiezean, emongo yako bakotxari. Zein izango ere da, bada, niri emongo yatana?

 

FRUTUA

        Arratsalde onetan esamina konzienziakoa egin ezkero, egizu zeure artean ea zetan emon izan dozun bizitzea; eta ze sentenzia bearko zendukean orain-giñokoa gaiti; eta zein izango zendukean, gaurko egun onetan, oera baño leen emon bearko balitxazu.

        Aita gurea bein eta iru gloria Aiteari Trinidade Santuari bekokiz zelaian etxun da.

 

 

AMARGARREN EGUNA

Gorpu ila

 

        Kontu dakutsala zeure burua gorpu kaxa zuriaren ganean.

        I. Zelan dago? Ay! Guztiz ikaragarri, bellegi, ezain, ta zur bat legez gogor-gogor datzala. Eztakus, eztantzu, eztabil, eztau zirkinik ez txitik egiten. Bakarrik dago, iñok yaramon eta ikusi gura bagarik.

        I. Zegaz meztidu eta yanziten dabe? Ilyantzi zantar eten bategaz, edo abitu zar bategaz. Ain dago ikaragarri eze, guztiak dabiltz bera ganik igesi; iñor ezin egon da bere alboan; otza gogorrean dauko nok lurr-emon.

        I. Nora daroe? Elexara, Sazerdoteak lagunduten deutsela; oneek oraziño batzuk esan ezkero, sartuten dabe lurpean; antxe ondo ondo sakatu ta ostikopeetuten dabe ardura bagarik, bertan usteldu, arrak yan, lurtu, eta austu dedintzat; ta itxirik an bakar bakarrik, bakotxa doa bere zereginetara. Ta, gorputz au nabil ni apaindu ezinik? Eta, gorputz oneri nabilko ni naieraak eta mizkeriak egiten? O itsumen gogorra! O erakeria latza neurea!

 

FRUTUA

        Zoaz gaur Elexa batera, ta Yesus Sakramentadua adorau ta, geratu zaitekez auspez sepultura baten ganean, eta esaikezu bost bider; Ay bada! Egunen baten etse onetara ekarriko dabe ene gorputz au, bertan usteldu eta arrak yateko.

        Esan egizuz oraziño batzuk purgatorioko Arimeen onerako.

 

 

AMAIKAGARREN EGUNA

Neure bizitzako prozesoa

 

        Neure bizi nasan arteko egite guztiak eskribietan dira prozeso baten, eta elduko da eguna, zeinetan irakurriko yatan guztia erabatera.

        I. Irakurriko yat egin bear ez, eta alanbere egin neban okerreria.

        II. Irakurriko yat egin al neunkean, eta egin eneban on guztia.

        III. Onen guzti onen ganera yoko dau azkeneko sentenziak. Baia, ze sentenziak? Ay! Neuk orain ene egiteakaz irabaztan dodana.

 

FRUTUA

        Begira-aldi bat egiozu zeure igaroriko bizitzeari; eta gogora ekazu zeinbat gauz on lotsaz, bururari eretxiz, eta gizonen ederra eukitearren egin bagarik itxi dozuzan; zeinbat aldi eder emon dozuzan alperrik eta ezerezean, eta zeinbat bekatu ikaragarrizko egin dozuzan. Negar egizu guztien ganean, eta asi zaitez benetan bizitza on bat egiten.

        Esaizu Aita gurea bat.

 

 

AMABIGARREN EGUNA

Penitenziako akullua eta zirikadak

 

        Bekatu egin badot, lepoan daukat gura eta gurezko penitenzia egin bearra; ezta alan? Baia, ta, nox egingo dot?

        I. Eriotzea ezkero ezin egin nei, zegaitik eze ya yoan yatan ori egiteko aldia.

        II. Eriotzan ezta erraz egiten, bada asti gitxi dago orduan, eta oraindo gogo eta ganora gitxiago.

        III. Oraingoxe au baño beste era, aldi eta abegunerik eztaukat nik enen eskuan. Bada alan, edo orain egin penitenzia; edo bildur izan bear nas, ene bizian egingo eztodala.

 

FRUTUA

        Emon eikiezuz guztiai onerako burubideak eta gantza; ta egizu zu-gan dagoana bekatariak onduteko zure berba, erregu, eta esa-egite onakaz.

        Esaizu bost amarrekoko errosarioa, eta biotzerik eskatu egiozu Birjineari, arren zure erruz iñor galdu eztedila.

 

 

AMAIRUGARREN EGUNA

Yudizio aurreko ikusgarri itzalak

 

        Fedeak darakusku, eta Yesukristok esan euskun Yudizio aurreti izango direala ikusgarri txitozko itzalak.

        I. Izango dira bada asko eta andiak. Eguzkia ilunduko da; ilargia odoldu; izarrak beera yausi; itxasoak andien andiz ganez eginda, erri zabal luzeak ondatuko dituz; lurra ikaratu-ta alde askotan etenduko da; izango dira aserreak, gerraak, alkar ikusi ezinak ta gorrotoak.

        II. Izango dira oneek, munduan usterik gitxien danean; munduan bekaturik geien danean; eta munduak onduteko astirik izango eztabenean.

        III. Izango dira ikaragarriak; yausiko da zeruti suzko ibai bat, zeinek erre bearko dituzan gizonak, abereak, zugetzak, uriak, erriak, yauregiak, etseak eta ondasunak; berba baten, mundu ta mundutar guztiak, garauntxu bat bere itxi bagarik. O ze su, eta gar aserrea! Argirik eztauken abere mutuak eurak larri estuturik egongo badira orduan, zer egingo dabe bekatariak?

 

FRUTUA

        Iru gauza emon bear deutsazuz gaur zeure biotzari. Lenengoa Yaungoikoaren yustiziaren eta aserretasunaren bildur andi bat; bigarrena zeure bekatuen garbai zoli ta damu bizia; irugarrena barriz Yaunaren ontasun neurri bagaango esperantza berea. Iru Aita gurea eta Abe maria.

 

 

AMALAUGARREN EGUNA

Gorputzeen biztuerea

 

        Angeruak turrunta bildurgarriari ots eragin ezkero.

        I. Biztu eta yagiko da ene gorputz au datzan tokirik.

        II. Ene gorputz onegaz barriro batuteko, etorriko da ene arimea edo zerurik, edo infernurik.

        III. Gorputza eta arimea alkarregaz baturik, biak iraungo dabe betiko, iños il bagarik. Baia, eta, zelan? Edo betiko zori onekoak direala, edo betiko zori galdukoak. Zori galdukoak orduan, munduan bizi zirean arteko, olgura, solas, atsegintasun, ta erakeria zitelak! Zori-onekoak barriz, oraingo barau, neke eta penitenziak!

 

FRUTUA

        Emoikiozu gaur zure buruari nekeren bat, esaterako, baraua, zilizioa edo beste alangoren bat. Kendu, edo laburtu eikiozu atsegingarriren bat; edo yan gitxitxu, berbaak urri egin, begiak batu, edo alde egin biotza argituko leuskezun, lagun, toki eta ibilteetarik; ezi eikezu gorputz gaistoa, eta ebagi burua, arako ekandu deunga, zugan aginte geien izan, ta zure eten ta errakuntza guztien sustraia dozunari. Iru kurutze egizuz miñagaz zelaian zeure berba deungaakaiti.

 

 

AMABOSTGARREN EGUNA

Yuezaren etorrerea

 

        Yesukristo bizien eta ilen yueza yatsiko da bere Amaren, eta Angeru, Apostolu, ta zerutar guztien laguntzaan odoizko yarleku eder baten.

        I. Ene Egillea dan aldeti kontu estua artuko deust, eni eginiko mesedeena, eta eni emoniko doe guztiena; baita barriz nik, eskerbaako tzar onek, guztiak alperrik artu eta galdu nituzan.

        II. Ene gurasoa daneti kontu zorrotza eskatuko deust, eni eustan lastantasun ta askogurearena; eta enegan erakutsi eban ontasun neurribaakoarena; baita orretarako nik, lotsa galduko onek, orrei deungaro erantzun neuntsen.

        III. Ene erosla eta erredentore danez kontu gogorra artuko deust, nigaiti emon eban odol ugari baliotsuena; ta ni salbetako egin zituzan osterantzeko alegin ardurazkoena; barriz nik oker tzar onek sarri ta sarri zapaldu, ta oñ azpian erabili izan dot odol ori, eta gogortu natxake Yaungoikoaren aleginai.

 

FRUTUA

        Eroan eikezu gaur kurutze astun bat lepoganean, edo egon tzaitekez luzaro besoak zabalik edo erabili eikezu soka latz moropildu bat garria; edo egikezu beste laztasunen bat Yesusen pasiñoaren izenean. Artu eikezu beti bere santokristo bat besartean, eta eskatu zakikioz Aita maite egiazkoari legez, arren zure erruki izan dedila, eta mun emon eikiezu guztiz samur bere llaga gozoai esanagaz bakotxari bein Gloria Aiteari.

 

 

AMASEIGARREN EGUNA

Biotzen agermena

 

        I. Bekaturik arinena ta ezerezena bere ezta geratuko ezkutuan azturik. Direanak an zabalduko dira; guztiak guztia entzungo dabe. Ay, ze lotsa gorrian ikusi bearko dodan orduan ene burua!

        II. Zeinbat gaistakeria zokondoetan eta basterretan eginak urten bearko dabeen an agirira! Zeinbat okerreria neure erruz aztuak eta yaramon ezak agertuko direan an! Zer erantzun nei nik orduan?

        III. Egin dodazan bekatu guztien aurrez aurre iminiko deustaz Yaungoikoak, berak niri eginiko mesede asko ta andiak; eta lotsatuko nau, nik ostikopean erabili neban bere odolagaz; deungaro artu nituzan sakramentuakaz; entzun, ta erantzun ez egin neutsen biotz deiakaz ta kisketadakaz. Ay, ta ze amorru gogorra eriongo yatan niri ordu itzal atan!

 

FRUTUA

        Bakartu eta ezkutadu zaitekez gaur Elexaren batera, edo etse barruan santokristo baten aurrera ordu lauren baten, edo geitxuago, eta an aratu ondo ondo zeure biotzeko bazter guztiak; eta gogora egikezuz zuk gogoz ta pensamentu utsez egin izan dozuzan bekatu estariak; eta begira, ondo egin dozuzanez orain arteko konfesiñoak. Espiritu Santuari burua argitu degizuntzat Kredo bat ta zazpi Gloria Aiteari.

 

 

AMAZAZPIGARREN EGUNA

Deungaak onen arterik ateretea

 

        Mundu onetan alkarregaz batzandurik, eta nasturik bizi dira onak eta deungaak; il ezketiño bere toki baten lurpetuten dituez; baia yudizioko egunean ezta alan izango; zegaiti ze urtengo dabe angeruak, ta kenduko dituez deungaak onen arterik.

        I. Eskoatara egongo dira onak; eta bear bada nik orain ezetan ez daukadazan nekatutxu apal, mee asko.

        II. Ezkerretara egongo dira gaisto oker deungaak, eta ameneko nik nire erruz galdu eta nigaz nastean bekatu egin ebeenak.

        III. Eskoatara, ala ezkerretara egongo etenas ni?

 

FRUTUA

        Gaur ganik artu eikiezu debozino bero ta zoli bat angeru santuai, eta guztien ganeti Angeru gordetzalleari, egun ikaragarrizko atan deungeen arterik aterata, eskoatara eroan zagizantzat. Alan gerta dedintzat, entzun eikezuz orain ganik berak biotzera dirautsuzanak, eta egin beti ta beti bere esanak; eta erabili berak erakusten deutsun bidea. Bederatzi bider Gloria Aiteari bederatzi Angeru koruen izenean.

 

 

AMATZORTZIGARREN EGUNA

Atzerengo sentenzia

 

        Alde eginik gaistoak onak ganik, emongo dau Yesukristok sentenzia.

        I. Sentenzia bat, bein-bere ezin ukutuko yakona.

        II. Sentenzia bat, emon da belan egin bearko dana.

        III. Sentenzia bat bein betiko izango dana. Betiko zorigaistokoa, bekatu egin da, iños damutu etxakonentzat. Barriz betiko zori onekoa, eguño bere bizian bekatu egin ez ebanarentzat; edo egin beeban bere, negarraz eta damu garbitu ebamarentzat.

 

FRUTUA

        Belauniko besoak zabalik esan egizu iru aldiz; Nere Yauna Yesukristo; eta damu dot esatorduan, etxun zaitekez auspez lurrean; eta erazo eikiozuz zeure biotzari iru gauza oneek; lelengo humiltasuna, bigarren bekatuen damu zindoa, eta irugarren Yesukristori eskatutea, arren parkatu deizuzala zeure bekatu eta errakuntza guztiak.

 

 

EMERETZIGARREN EGUNA

Denporearen balio andia

 

        Balio andiko ondasun bat dozuz Yaungoikoak emoten deutsuzan egunak. Euren izpirik txikarrenak ainbat balio dau eze, berean irabazi lei batek bekatuagaz il eban arimea, eta galdu eban Yaungoikoa.

        Egiozu bada zure buruari:

        I. Zeinbat on egin neikean nik egun onetan, eta eztot egiten!

        II. Gaurko eguna igaroaz doa, eta eztot iños atzera ekarriko.

        III. Gaurko egun onen, eta ganeko egun, eta ordu guztien kontu zorrotza artuko deuste; eta alan da guzti, ain ardura gitxiz biziko nas? Ay ene zori gaistokoa deungaro emoten badodaz egun orreek!

 

FRUTUA

        Asi zaitez orain ganik ondo emoten zure egunak; egin ez galdutearren eurak opa deutsuen era ona; eta zerua irabazteko egarriaren andiz, ez alperrik yoaten itxi ezta dan apurrik txikienari bere. Orretarako, mezatan bazagoz, egon zaitekez lotsa onean, bazterretara begira ibili bagarik, eta gogoa bertan dozula; errosarioa esaten badozu, esaikezu albait deboziñorik andienagaz; lanen bateri badaragoiozu, egikezu Yaungoikoa gogoan dozula, eta berari atsegin emotearren. Esan eikezu bost amarrekoko errosario bat Ama Birjinearen ondran, mesedeak eskututen deutsazuzala.

 

 

OGEIGARREN EGUNA

Infernua

 

        Zer da Infernua?

        I. Da presondegi, ta toki ilun, itzal, ikaragarri bat, zeinetan dagozan galdu madarikatuak estu esturik, kateakaz loturik, apur bateko bakerik, ez atseginik ez daukeela.

        II. Da susko etse bat, zein beti dagoan sutan ta garretan, bein-bere amatau bagarik.

        III. Da leku bat zeinetan ikusi bear direan asmadu alditekezan neke, gogortada, atsakaba eta alik gogorrenak eta aserreenak, iños ta iños ez gitxitu, ez arindu egiten ez tireala.

 

FRUTUA

        Ukutu egiozu eskuaz suari, edo euki egizu eskuko atz bat kandela exetu baten garretan, or, gitxienez Abe Maria bat esaten dan bitartean; eta esan zure artean; emeko suak, infernukoaren parean su usaña baxen eztan su onek, onelan erretan badau, bada, infernuko su benetakoak? O adugaistokoa beintzat, bere erruz an erretara datorrena! Bost Abe Maria Ama Birjineari.

 

 

OGETA BATGARREN EGUNA

Infernuko egotea

 

        Zer egiten da infernuan?

        I. Ezaguguten da ze gatx andia dan bekatua, orain ain gitxi dazauguna.

        II. Beti ta beti egon bear da an atera ezinik, baita ondo gogor, eta bein bere atera bagarik, bekatuen zorrak, zeintzuk orain ain ardura gitxi emoten deuskuen.

        III. Antxe gorrotetan dira, eta betiko ta sekulako madarikatuten dira bekatu bide guztiak, zeintzuetarik orain aldendu gura ez garean. O zori gogorrekoa beintzat an sartzen dan bekataria! eta ze latz eta garratz egingo yakan ango bizi modu aserrea emen naroro ta gozaro bizi izan zanari!

 

FRUTUA

        Alde egin egizu bekatu-bideetarik; iges deungaroko oña emon leikezuen lagun, yoko, etse, edo beste edozein galbideti. Eskatu zakioz Yaungoikoari, emen erre, ebagi, edo naien dituzan nekeak erakutsi deikezuzala, gero infernura bota etzaikezan. Eta azkenik erregutu eikiezu Yaunari, eta Ama Birjineari bekatu mortalean datzazanak-gaiti. Esaizu Maria Birjinearen Letania.

 

 

OGETA BIGARREN EGUNA

Inok eztaki salbaduko danez

 

        I. Infernuan egon bear neban bekatu egin dodan ezkero; eta barriz eztakit nik Yaungoikoak parkatu deustanez.

        II. Oraindo yausi ninteke infernuan, bada barriro yausi ninteke bekatuan; eta egia esateko, eztakit nik yausiko banas ene burua arri labanaren ganean ikusita.

        III. Argiro dazaut, ondu ezik, betiko galduko nasana; bai ta orretarako eztakit nik eriotzea baño leen onduko banas. Zer izango da nigaz, atzerengo orduan, elexakoak artu ta gero, leku emoten badeutsat gogotasun edo atsegin gaistoren bateri? Eta, nok esan leit, yausiko ez nasala, arako artean ain sarri yausteko lera gaistoa emoten izan deustan ekanduzko bekatuan? Zer izango da gero nigaz, au yazoten baiat? Ai! Betiko nireak egin eban.

 

FRUTUA

        Bekatu mortalean bazagoz, artu egizu gogo zoli zoli bat, konfesiño on bat egiteko. Zeure alegin guztiaz galdu eikezu ain sarri yausi eragiten deutsun izkune txar yarraitu ori, zeinek bear bada betiko gogortu eta ondatuko zaituzan. Yoan zaitekez gaur Ama Birjinearen altara aurrera, eta esaikezuz iru Abe Maria bere sortuera garbiaren izenean.

 

 

OGETA IRUGARREN EGUNA

Galduten dirianen pillo andia

 

        I. Erraz da betiko galdutea, zegaitik eze guztiz zabala da infernuko bidea, eta asko ta asko bereanik dabiltzazanak. Alantxe diño Yesukristok.

        II. Gatx da salbetea, zegaitik eze estu bedarra da zeruko atea, eta gitxi baño gitxiago andi sartuten direana. Kristok berak esana da auxe bere.

        III. Munduaren asierarik eta onako gizonik geienak galdu izan dira, ta santuak ao batez dirauskue eze, oraingoak bere geienak galduteko direala, geienak oker bizi dirielako. Nik ene burua-gaiti, zer esan nei? Ay! yakin ez.

 

FRUTUA

        Maian ukutu bere bagarik itxi eikezu arako gozoago egiten yatzun yaki edo kopaua. Etzaitekez eldu pozik eta gozorik geien asmetan dozun lekura, ona izan arren bere. Esan egizuz Aita gureati asi ta buruz dakizuzan oraziño batzuek.

 

 

OGETA LAUGARREN EGUNA

Infernutar baten betiko leloa

 

        I. Yaungoikoak asko ta lar egin eban ni zerura eroatearren. Zeinbat arimako ondasun ta grazia ni beraganatuteko! Zeinbat dei gozo, zeinbat argi-aldi eder ni iratzartuteko! Zeinbat sakramentu ta osasungarri ni onduteko ta zeruratuteko! Beti ebillen bera nondik eta nora ni irabaziko ninduan, bein laztan gozoz, bestean zemai bildurrezkoakaz. Berein bider esetsi ta ekin eustan deika; baia nik bein bere erantzun eta yaramon ez neutsan.

        II. Nik ondo erraz zerua irabazi neunkean. Ay! ebagi izan baneu lenengo barritan arako bekatuen sustraia! Ay! indar tingi bat egin izan baneutso nik orduan ene buruari onduteko! Zintzo iraun baneu artu neban gogo onean! Damu benetako batek; bere bear tzan aldian eginiko konfesiño on batek, ay, eroango ninduan, eta ondo erraz, zeru eder gozora.

        III. Neuk nai izan dot infernu ikaragarrizko onetara etorri. Neure guraz, neure guraz sartu dot nik emen ene burua. Bai beintzat, bai; aragiazko atsegin zoro, zikin, belan yoan tzan bategiati beti ta beti erretan eukiko nabe laba gori onetan. Bai; neure gura bete betez, eta begiak zabalik yausi nas ni suzko oxin onetan. Berein bider esan eusten konfesoreak zer ikusi bearko neban; berein aldiz aginduten eustan biotzak zeren begira nengoan; sarritan ezagutu neban nik neuk egin au; ta askotan barri txar au biotzera emon eusan Yaungoikoaren ontasunak.

 

FRUTUA

        I. Esker onak emoiozuz Yaungoikoari, zuk ainbeste bekatu egin ezketiño, beste askori alagiña gogortasun erakutsi ezteutsulako, eta bear bada, zu baxen bekatu gitxiagoren yaubeak galduten dituzala, zeu infernura bota etzaitualako. Lotsatu egizu zeure burua, gogora ekarrita, zuk orain giño bizitzea onduteko biotzean asmau, eta etxaramon egin deutsezun, Yaunaren dei, argi eta biotzketaak.

        II. Erregutu egiozu biotz biotzerik Yaungoikoari, iya betiko galdu aginean, edo orretarako bidean dagozanak gaiti.

        Esaizuz iru Kredo Yesukristok kurutzean egin zituzan iru orduen izenean.

 

 

OGETA BOSTGARREN EGUNA

Betiko galdutea

 

        Zer da betiko galdutea?

        I. Da Yaungoikoa galdutea, eta betiko galdutea.

        II. Da infernuko suan erretea, eta betiko erretan egon bearra.

        III. Da bapere on bagarik damuaren andiz amurratutea eta ernegetea; eta betiko alan egon bera izatea. O beti, beti! O beti iraun bearko dozun nekea! Eta ze bildurgarria zarean!

 

FRUTUA

        Asmadu eikezu gaur zelan eta zetara ezi ta nekatuko dozun zure gorputz gaistoa. Berbarako, zutunik bazagoz, ez ezeri eutsi; belauniko zagozanean, belaun baten egon; leku ostenduan zagozala, besoak zabaldu; kaleti atxina bazoaz, begiak batu ta yoan; eta beste onelango neka-aldi asko, buruak emongo deutsuzanak, nai estarian, zurezean egiteko, nai agirian bestek zakusala. Gaur gabean egikezuz miñagaz zelain bost kurutze Andra Maria Birjinearen izenean.

 

 

OGETA SEIGARREN EGUNA

Eztala penitenzia luzatu bear

 

        Bekatu egin dot? Bada erabagirik dago niretzat bitarik bat, edo infernua edo penitenzia. Baia ni ostera bekatura biurtuten nas, eta orregaiti, epetasun andian ta bake zabalean biz nas, onduko nasalakoan? Baia, eta, nok on egin leidaz iru gauza oneek?

        I. Izango dodala penitenzia egiteko erea, ta Yaungoikoarem grazia eragillea.

        II. Erea izan arren izango dodala atarako gogoa ta borondatea.

        III. Penitenzia egin arren, bekatuan barriro yausi ta, betiko galduko ez nasala?

 

FRUTUA

        Begiratu eikiezu gaur iru biderreko alditan zeure eskuai, ta esan eikezu bakotxean; ay bada! esku eder oneek egunen baten usteldu eta austuko dira; eta egin tzaitekez goxean goxean auxe esatera. Onexegaz ondu eban Aita Santo Domingok andra bekatari andi bat. Bost pider Aita gurea, Abe Maria ta Gloria Aiteari besoak zabalik.

 

 

OGETA ZAZPIGARREN EGUNA

Zeruko gloria

 

        Neure lenengo zeruko sartzaieran, zer erakutsiko deust Yaungoikoak?

        I. Zoriontasunezko iturri ugariak, gatxen naste bagarik; gozotasun, atsegintasun eta pozkari bete ederrak, atsakabeen eta nekeen usaiñ bagarik. O ze poza enea beintzat orduan!

        II. Zorion benetako oneek izango dodaz Yesusen, bere Ama laztanaren, eta Angeru ta zerutar doatsu guztien laguntzan. O ze laguntza gozo zorionekoa!

        III. Gozotasun eta zorionok eukiko dodaz neurri betean, eta gonburu; beti betiko; eta iñox galduteko bildur bagarik. O zoriuntasun nen oxin ondo ta baster baakoa!

 

FRUTUA

        Nekeagaz edo oker etorriagaz nagoanean nire artean egosten ta erraiak yaten; edo atseginakaz eta ondo yazonagaz laxaturik, Yaungoikoaren gauzeetan otz epel, esango deutsat ene buruari; Zerua! Zerua! Gloria! Zoriontasun betikoa! San Felipe Nerik esan eroian legez, anditasunen bat opetan eutsenean. Sinisturik egongo nas, ezer eztireala munduko anditasunak eta zoriontasunak zerukoen aldean. Orregaiti esan eroian Aita San Inaziok, eta ondo; O ze utsa, ze prestueza ta atsitua egiten yatan lurra, zeruari begiratuten deutsadanean! Aita gurea, eta Kredo bat belaunbiko, begiak zerura egin da.

 

 

OGETA ZORTZIGARREN EGUNA

Zerurako bidea

 

        Bide bi baxen eztagoz zerurako; bekatu-eza ta penitenzia.

        I. Badirau enegan bateoan yantzi eusten arimako garbitasun ederrak? Ay ene! Berein bider galdu izan dot garbitasun ori.

        II. Eta, egin izan dot orren penitenzia? Zer diñot nik penitenzia? Entzuteak berak larri larri egiten nau. Beti ta beti ibili izan nas ni penitenziaren igesi; beti gogor eretxi deutsat nekerik arinenari; beti ibilten nas pozkarien eta atsegin-garrien billa.

        III. Au alan izanik, badot nik zerurako usterik? Bai aurki. Baia, eta, ze bideti? Arimako garbitasuna, galdu izan dot; penitenziarik egin nai eztot; zelan bada zeruratu? O itsumendi zoroa enea! O ze galdurik noian!

 

FRUTUA

        Egizuz zerurantz begiak ta biotza, eta gogoari emoiozu an dagoala zeure erri maitea, eta an betiko biziko, zareala, badarabiltzu orain aitatu direan bide bietarik bata edo bestea. Iru bider Neure Yauna Yesukristo.

 

 

OGETA BEDERATZIGARREN EGUNA

Zerua irabaztea

 

        I. Ondo gitxi eskatuten deust Yaungoikoak, zeura nik irabazteko; eztiraust besterik ezpada gordetako bere legea, lege erraza, lege ezin obea, lege arina.

        II. Onetarako Yaungoikoak berak eskua emoten deust; berak indartuten ta azkortuten nau bere graziagaz, deiakaz, argitasunakaz, eta laguntasunakaz; baita bere Seme Yesukristoren merezimentu irabaziakaz.

        III. Lan labur onen sari emongo deustaz, beti iraungo dabeen, zoriontasunak, oraingo neke arinen sari, betiko gozotasunak; oraingo bearren aloger, beti betiko gloria.

 

FRUTUA

        Zure neke, atsakaba, premiña, gaixo-aldi ta osterantzeko ikusi-bear guztietan beti gogora eikezuz zeruko sari, atsegin eta gloria miragarriak. Esaizu iru bider Aita gurea, Abe Maria ta Gloria Aiteari Trinidade santuaren izenean, eskatuten deutsazula, arren irrime yosi deizula biotzean zeruko gozamenen gomutea ta guraari erexegina.

 

 

OGETA AMARGARREN EGUNA

Beti iraun bearra

 

        I. Gizon guztiak sartu bear, dabe betiko izango dabeen etsean. —Orretati, ni bere sartuko nas? —Bai beintzat, sartuko nas. —Eta, etse au zelangoa izango ete dot? —Nik bizitza onetan ene egite onakaz edo txarrakaz egiten dodan modukoa.

        II. Deabruak milla asmu ta labankerigaz putza ta gantza emoten deust neure buruari emeko atsegin zoroetan, eta bekatu gauzeetan lasa emon da, etse au infernurako egiteko; eta nik sarri ta askotan entzutea emon daroiot.

        III. Yaungoikoak beste aldeti diraust, berak darakusdan biziera ona eginda, neure betiko etse ori zerurako egiteko; nik barriz ezetz, eta eztodala gura. Ay ze zoro garbia nasan ori alan egitean! O ze itsurik nagoan!

 

FRUTUA

        Oean zatzazala, zagoz zubil bat legez geldi geldi, ordu erdi baten gitxienez, ezeri eragin bagarik, edo burua ol baten ganean dozula; ta neke andia egiten baiatzu, esaizu zeure artean; zer izango da, bada, betiko infernuko sugarrezko oe izioan egotea? Auxe berau esan ziñaike pena gogor, edo neke garratzeren bategaz larri zagonean. Zazpi Abe Maria Ama Birjineari bere zazpi doloreen ondrarik andienerako, eta beari bere zazpi bider mun egin.

 

 

OGETA AMAIKAGARREN EGUNA

Konzienziaren itaune erantzuteak

 

        Ene biotza erantzun egiezu arren itaune onei.

        I. Zetarako sortu ta imini ninduan Yaungoikoak mundu onetan? —Ez beste gauzatarako ezpada bera orain serbidurik, gero bera zeruan gozetako.

        II. Zer egin deust niri bere ontasunak onetarako? Emon deustaz arima gorputzeko zentzunak eta argitasuna; bere grazia ta laguntasun ederrak, ta bitarteko ugariak.

        III. Eta, nik ezer egin dot neure burua zerura eroatearren? —Ay! Zeru ori ta ene Egille maitea aldapara bota ta, alegin guztiak egin izan dodaz ene burua infernuan ondatuteko.

 

FRUTUA

        I. Egizu aurrengo ileko konfesiño jenerala, eta ikusi ez zeinbat aurreratu izan dozun; zerurako bidean, edo ea belatuetan geiago sartu izan bazara.

        II. Euki egizu zeure deungaro eginen damu andi bat, eta artu egizu gogo egin-egina, urrengo ila obeto emoteko; ze bear bada, beran izango dozu zeure bizitzako geroenengoa. Eskiñi zakioz Yaungoikoari zarean guzti ori, arimea ta gorputza zeure argitasun, zentzun, indar, berba, egikune, gogo, eta asmu guztiaz; eta buruz ikasi egikezu gox guztietan yagit-orduan esateko, Aita San Inaziok esan eroian urrengo oraziño au.

        Ator, Yauna, artu egizu nire eskuikune guztia; eutsiz nire adimentua, gomutea eta gogo ta borondate guztia. Zeure eskuetarik dodaz, Yauna, direanok; eta zeuri atzera emon gura deutsudaz guztiak, bapere niretzat gorde bagarik; eta zeuk zeure esku andiaz, nik dakidan baxen obeto zaindu, arteztu, ta zuzenduko deustazuz. Bakarrik, Yauna, esketan deutsut, sortu degidazuzala ene biotzean zure grazia eta zuganako laztantasun ta on-eretxi ederra; eurokaz beste bagarik nas naiko bestean aberatsa; besterik gura eztot, ez bear bere.

 

aurrekoa hurrengoa