www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin aberkoyak
Luis Gonzalez, «Bingen Aizkibel»
1917

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuin Aberkoyak, Aizkibel'dar Bingen. Grijelmo-Alargun-Semien Irrarkola, 1917.

 

 

aurrekoa hurrengoa

MENDIKO GENTZEA

 

 

I

 

        Mendi-mendijan, baso-usua oyan-artian-antzez, arkaitz-abijan etzaunda lez, Agerre basetxe zurija gixa-emien begijetatik ostenduta eguan. Euzko-ziñeskintzearen txadona (elexa) irudijan, antziñan, mendi-tontorran, gixon senduen jauntzaletasunak iragija. Bere orma lodi gogorrak, bere andijak eta bere aterpe zabalak, bere egillien sendua ta errukija erakusten ebezan. Antziñan, bidazti bidekatubentzako zaindokija ei-zan eta bertan janarija ta sutondoko aulkija ixaten ebezan. Aspaldittik, baña, etzan iñor-ez-iñor bertara eltzen, basurde uzuba edo edurte-gabetan janari-billa ibilli oi-diran otso gosetubak ixan-ezik.

        Etziran Agerre-raño eltzen uri andijetako eguratz edo axe aztuna, ez euren zarata jasakatxa; etziran bertan ezautzen beko lurraldietako lera oker-zikiñak. Agerre mendiko gentzaz bare-bare eguan. Eta bekuak bertaraño eltzeko gauza etzirala, nok bare ori ausi?

        Au zala-ta gixa-emiak ozta-ozta Agerre-barruban jesarten ziran, basetxekuak ixan-ezik. Onek notin lantzaliak ziran, euren ixerdijaren ixerdijaz alboko lurrak landu ta ekartu erazo ebezanak.

        Jon Joseba etxeko jauna gixon sendua zan, inddartsu ta basotija, lur gogota landuten ekanduba, ta bixi-zan basetxia bere gurasuakandik artu ebana. Berakin bixi-ziran Jone bere emaztia ta seme-alaba bi: Andere, amazortzi urtedun neskatilla lantzale ta liraña ta Mikeltxu, amar urtedun mutikua.

        Sendi apal zinddua zan, uskurtzalia, ta egunoroko ogija lortuteko lan egitten azkarra. Neguban, bidiak edurrez beterik egozanetan, Jon Joseba-k bazterreko sutizkillu zarra artu, ta, mendiz-ziar, otsuak eta janari-billa iñarduten eban.

        Agerre-n orok lan-egitten eben, alperkerija ezegokijuen-eta: Jone-k eta Andere-k etxe-zeregiñetan eta Mikeltxu-k lugintza-salletan attea laguntzen. Noz-edo-bein euretariko bat urreko urira jasten zan; olakuetan eta igande jaupea entzuteko jasten ziranetan bakarrik mendija izten eben.

        Eta biarrik bez. Mendiko bariaz, zoruntsubak etziran ala? Agerre-n, mendi-mendijan, bian baño donoki-urriago ez-ete-egozan? Bakartalde aretan euren otoyak, nok asaldau?

 

 

II

 

        Baña bein mendi-gentzea ausi zan. Basetxe zuriko aterpera gixon-taldia eldu zan. Euren itxuretaz beko aberatsak ziran.

        Jon Joseba, ikuskantza ikusten lez eguan; ain gatxa yakon, ba, betarrak leku atan ikustia.

        Baña basotija ixanda be, abegi-on-zalla zan, eta etxeko atiak zabaldu euzan, eta bakotxari mai-ondoko aulkija eskiñi eutsan, emakumiai bazkarija gertetako esanda.

        Gixon arek, Jon Joseba-ren aurpegijan geldasuna ikusitta, euren ibilgundiaren zegattija atzaldu eutsaen. Menditzar aren barruban aberaskija ugari eguala jakin eben; bere barruko arrijakaz amaika etxe barri egin leikian, orren ugari ta mota onekua zan ango arrija. Eta eurek, gixon zur arek, ezin eben aberaskijak galduten itxi. Au zala-ta igon ziran, Jon Joseba-kin ittundu-gurarik, lanak len-bai-len asteko.

        Arrobijak idegiko ziran eta langilerik asko erduko zan-eta, asko, be, irabaziko eban. Jon Joseba bera langille-buruba ixango zan; nor bera baño obeto orretarako, bere basetxeko tokija ixanik? Esku-zabalaz sariztuko yakon eta bizpide barrijak euren biar-ixanak arindduko euzan, sarrittan, edurtietan batez-be, lan-egittia eziña zalarik gettuten ziran biar-ixanak.

        Adi-adi, irudijanez, Jon Joseba-k gixon arei entzun eutsen; baña entzuten ebanaren barrijaz ondo adittuten ezebala, bere begijak agertuten eben. Au-ta-be, ezeuzan bere ezpanak zabaldu. Bakarrik langille-buruba ixango zala esan eutsaenian, agin-artian jarkija erakutsi gura-ixan eban. Zin-ziñez, bere bariaren austiori ezeban begi onez ikusten. Etziran ordurarte zoruntsu bixi-ixan beko gixonak araño erdu-barik?

        Baña notin aen esanaz, esan adorekorraz, Jon Joseba-k bere gogo-lerea naibagetuten eban irabakija, azkenez, artu eban.

        Gixonak, euren gurarija beteta, poz-alai mendiz-bera joyazalarik, Jone, autu osua ixillik entzun ebana, bere senarrari urreratu yakon eta bilddur-samar esan eutsan:

        —Enatxakok ni eure irabakijari jarkiko, baña, eztok susmetan beko axe orrek geure zoruna eruan yaikianik? Bular-barruban yuadanak, zer dokan etxakijadanak ori bai-yostak agertzen.

        Jon Joseba-k ezeban erantzun; sorbaldeak jaso, ta lan-egitten juan zan.

 

 

III

 

        Aldi gitxi-buru lanak asi ziran. Agerre-tik bosteun neurkin-edo arrobija urratu zan. Jon Joseba buru ebelarik saspi langillek (geyago ezin toki atan) egunian-egunian ekitten eben. Lenengoz mendi-errayak burdiñaz urratu ebezan, eta gero estandeak entzun ziran. Eta, ziñez, euren durundijak etxaken mendittarrai begikuak ixan.

        Jaubiak zuzen egozan, bai. Arri egoki ta ugarija zan mendi-barrukua, ta irabazpidia ezin obia. Eragotzi bakarra ixan eben: arrija urreko uriraño eruateko erea. Baña Mikeltxu-k gottu eban, idi-burdijaz eruanaz.

        Langilliak egunoro urira jatsi ezin zirala-ta, arrobi-onduan zaindokija egin eben, eurak egon eta tresneak jaboteko. Langille aretarik geyenak on-zintzuak ziran. Geyenak esan dogu, euretariko bi bestetara oker-ezkelak ziralako. Jon Joseba-k bere guraz eleukezan iñoz bez artuko, baña bere nagusijak eukitteko eskatu eutsaen eta ezin jaurti. Lera okerdun gixon arek laster euren gogo-gaiztua erakutsi eben, eta egun gitxi-aurreko, euren lagun gustijakaz asarretu ziran. Onez ganera alperrak ziran, eta, sarrittan, lan-egin-barik bestiai zirika edo mendittik aldenduta egozan, nun iñok ezekijalarik.

        Jon Joseba, euren ixakerea zala-ta, bein baño geyagotan gixon gaiztuak andik bota-agiñian egon zan, baña buruba ezi ta ereti obiaren begira itxaron eban.

        Bittartian lanak aurreratuten ziran, astiro ba-zan be; ta bein baño geyagotan gelditu-erazo ziran, eguraldi txarrak zirala-ta. Aretan langilliak Agerre-ra erduten ziren, ezer-billa edo etxekuen artian oporraldija igazten. Eta abegi ona ixaten eben, etxekuak basoti ta buru-bakartzaliak ixan-arren bijotz-errukijorrak ziralako, ta basetxe zarreko atian joten ebanari atia itxi ezin eutsaelako.

        Gixon bi bakarrik atera biar ziran: Marka ta Begi-bakara, (begi bat bage-eban-eta) len attatu doguzan langile okerrak. Basetxe zarran sartuten ziranetan eurekaz batez ondo-eza ta keskea sartuten ziran. Eta ezin eurei atia itxi; euren ixakerea zala-ta txarrago ixango zan.

        Andere zan eurek ikustiaz geyen iguinduten zana. Berak zegattija ezekijalarik, Begi-bakarra-k, bere aurrian eguanetan, bere begi bakarraz begiztuten eban adi-adi, neskatillaren begijak eratsi-erazoten. Eta Andere-k bijotz-bijotzez gixon bigurrari iguin eta ikusi-ezin bixijak eutsazan.

        Eta neskatillak sarri-askotan aurkittuten eban, zorginkeri-kaltiak alkarri erakarten ba-leutsaz lez.

 

 

IV

 

        Andere-k zijorik bai-eban Begi-bakarra-ren bilddur ixateko. Au-ta-be ezeuzan bere asmo okerrak susmetan. Girna okerdun gixona zan, bere bizkera aldakorrak mendira ekarrija, ta ez ogija irabaztiaren; bere oin gentzauskorrak mendi-mendijan eta basetxe zarran ipiñitta berialaxe, neskatilla liraña ikusirik bere girna okerrak berbiztu ziran, eta ezi-eziñik, bere gurari lixunak be piztu, ta adijona-begira gertu zan.

        Jon Joseba-k, baña, mendittarra ixanik, gustittariko piztijen asmuak aurretijaz ezaututen ottuta egualarik, laster susmau eban mendi atan agiri zan otso barrijaren asmua, ta zur ta ixiltsu, berari zain gertu zan.

        Andere-k, ordez, bere areyuaren zalekarija ezeban susmetan. Mendi-mendijan jayua, zintzo ta tolestagia, Jaun-goikua ta bere gurasuak eta nebea baño besterik ezeban mattetan. Mattasun ori, bai, andi-andija zan, bere goguaren ona baxen andija, bere gorputzaren ederra baxen andija. Mikeltxu ta urrengo txabolako artzain zar baten ardijak bere lagun bakarrak ziran. Geyagorik ezeban gura. Eta gañera gixonen mattasunatzaz, zer-ete-ekijan berak?

        Au-ta-be gixon ak begiztuten eban ereaz gogaltzen eban, eta bein baño geyagotan bere atsegia erakutsi-agiñian egon zan. Eta bijotz-bijotzez uriko gixonen etorkundia gaiztetsi eban.

        Zana zala orretara ezin jarrattu. Ta amaya lastertxu etorri zan.

        Bein, egun oskarbi ta eguzkitsuba zalarik, Andere urreko itturrira juan zan, zapijak eguzkittan iminddeko. Bere iñarkunari ekitten eutsan artian abots zolijaz antziñeko mendi-abestija abestuten eban. Bat-batez bere aurrian Begi-bakarra agiri zan. Bera ikusirik, neskatillak ixu-oyuba egin eban eta etxerantz abijau zan. Begi-bakarra, baña, bere aurrian jarri, igaroten galazo, ta esan eutsan:

        —Zer donala-ta igesi, Andere?

        Au, erantzun-barik, geldittu zan.

        —Nire biidur ete-az? Otsua enon, ba.

        —Otsuen bilddur enok, baña i otsuak baño uzubago bai-az.

        —Bilddotxuba non, Andere, bilddots otzan-otzana...

        Ta neskatillagana urbilddu zan, begi bakarraz begizturik.

        —Itxi eistak igaroten! —atsebagez oyu-egin eban Andere-k.

        —Orren iradu ete-az? Eukin itz-egin gura yonat.

        —Neukin? Iñoz bez!

        —Apurtxuban bakarrik.

        —Ezetz esan yuat. Alde emendik!

        —Gura-ta-ez entzungo yaustan. Nik matte aut; bai-dakin.

        Eta Andere-ren sorbalda-gañian bere eskuba imiñi gura-ixan eban.

        Neskatillaren zanetako odol gustija arpegira igon yakon, eta bere bijotzan ixakun mendirrarra berpizturik, jagi ta Begi-bakarra-ren atxin atomau zan, lurra-jo erazo ta basetxerantz igesi zan.

        Gixona jagi zan neska-jarrai juan-gurarik, baña ordubantxe bere albuan entzun eban:

        —Geldi edo ilgo az!

        Eta Jon Joseba, bere sutizkillubarekin berari zuzenduta, ikusi eban.

        Bijaramonan Begi-bakarra ta Marka bere laguna, arrobittik egotzi ziran, ororen alayaz. Alde-egin baño lenago aspertuko ziranaz zematu eben. Iñok ezeutsen jaramon; juan ziran eta euretzaz etzan aurrerantz ezer jakin.

 

 

V

 

        Mendijan ain gogorra dan neguba, azkenez, eldu zan. Oyan-zelayak edurrez beteta egozan. Otz-otza zan, eta eguraldi txarra. Bide-zidorrak edurrez estalduta. Otsua ta basurdia asi ziran neguko iñarkunari ekitten. Ikuskixuna iñoz-ez-iñoz orduban baño ederragua.

        Jakiña, arrobi-danak luzaroko geldittu biar-ixan ziran, eta arrobi-ondoko zaindokijan eta Agerre basetxian atiak itxi ziran, negu gogorra sutonduan igazteko. Len jazo zanaz danak aiztu ziran, batta gixon okerretaz be. Andere bakarrik, barru-barru, ezeren bilddur zan, baña.

        Arrobijan eta bastarretan iñardun-eziñik eta ali-billa urira jastia gaitz-gatxa zalarik, bizpide bakarrari eutsi yakon. Edurra atertuten zanetan Jon Joseba-k eta bere lagunak sutizkillubak artu ta exaz urteten ziran, esku-utsik atzera ez-egitteko.

        Bein, eguraldi txarra zala-ta, etzan urten iñor basetxetik. Jon Joseba ta bere sendija Agerre basetxeko eskaratz zabalan egozan. Gastañak erretan iñarduben. Andere, bere gura-arren, artega eguan.

        Bat-batez, otsuaren uluba entzun zan. Andere-k arrittu zan eta attea begiztu eban. Onek, itz-egitteka, sutizkilluba artu eban. Barriro ta urrunago entzun zan uluba, zoli ta luziago. Mikeltxu ameagana urbilddu zan. Jon Joseba ateratu, urteteko gerturik.

        —Nora ua? —Jone-k esan eutsan.

        —Otso ori irailtzen.

        —Ez urten, atta —Andere-k esan eban.

        —Zegattik ez? Zubek etzadiz bilddur. Laster natorke.

        Eta urten zan. Batez danbada bi entzun ziran eta gizon baten min-didarra. Andere jagi ta atia idegi zan, baña attea-ordez, Marka ta Begi-bakarra ikusi euzan, bere ganera jausi ziranak. Oyu egin eban, attea dettu, baña alperrik, attea ezin zan erdu; bere inddarrak be, alperrak ziran; gaizto arek ittoten eben.

        Bat-batez, danbada barrijak basetxia dardaratu eban eta Begi-bakarra-k, birau-esanik, lurra jo eban. Au ikusirik, Marka-k neskatilla azkatu, ta otso jarrattuba lez igesi zan, Mikeltxu-k, attearen sutizkilluba eskumean, bere gorpubari mun-egitsalarik. Jone zorabijauta eguan eta Andere ixuz zoratuta, ule-lasai, alaka. Mendiko mamua irudijan, mendiko gentzea galdu zalako negarrez.

        Beko gixonen lera okerrak betiko galdutako mendi-gentzea.

 

aurrekoa hurrengoa