www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin aberkoyak
Luis Gonzalez, «Bingen Aizkibel»
1917

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuin Aberkoyak, Aizkibel'dar Bingen. Grijelmo-Alargun-Semien Irrarkola, 1917.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SABIN

 

        —Sabin! Sabin! —dei-egin eban ameak, eta bere abots zolija basetxe zabaleko gelaetan galdu zan. Iñok ezeban erantzun.

        —Sabin! Sabin! Nun ete-ago?

        Eta orain ume-abotsak erantzun eban urrun

        —Bai-nua, ama!

        Berialaxe, sei-saspi urtedun morroskotxuba agiri zan antxe. Bilddur-bildduraz etorran, amearen agirakea itxaroten daun lapurtxu gastia lez. Bere begijak barruko bilddurra erakusten eben.

        —Zer gura, ama?

        —Nun enguan eskutauta, satorra bere zuluan lez? Zegattik ez-ete-ua kalera?

        Umia ixilddu zan.

        —Ataz jolastuten yiñarduben ire aizkidiakin, zegattik ezago?

        —Eztot gura, ama.

        —Zer gero? Zegattik ori?

        —Eurekin egon gura enazalako.

        Au esanik negar-malkuak bere begijak ezkotu ebezan.

        —Bai-nayuan susmetan i eure aizkidiakin ez-egoteko zerbait edo-ebala. Eta zer dokala-ta eurekin ezaz egon gura? Gatxen bat egin ete-dauske?

        —Ez, amatxu ori.

        —Zer, ba?

        Umia,barriro ixilddu zan.

        —Erantzun egik! —ameak esan eban gogor.

        —Ixeka-egitten dauste! —azkenez esan eban ume gaxuak, eta asi zan negarrez.

        —Ixeka, diñok?

        —Bai, ixeka-egitten dauste eurekin nagonetan.

        —Olakorik! Zegattik, ba?

        —Sabin ixena ei-dodalako.

        Umiaren negar-malkuak gettu ziran. Amea ikaratuta eguan. Ezeban ulertzen bere semiaren ixena ain barregarrija zanik. Umekerijak baño etzirala uste-eban, eta bere semiari, mosu samurra egiñik, esan eutsan:

        —Ua, gixaxo ori, ta eurei ez jaramon. Esatsek bekaitz edo-dauskela, ire ixena eurenak baño polittagua dokalako, ire attitta on-onak ipiñi euskan-eta.

        Eta barriro mosu-eginki, basetxetik urten-eragin eutsan.

        Basetxe-aurrian eguan landa zabalan sei edo saspi mutil, Sabin-antzedunak, jolastuten ziran. Asto deretxon jokuan iñarduben eta bestien bian eguanaren gañian ijutika ebiltzan. Eguzkijak euren arpegi bigunak argiztuten ebazan. Mutil orrek urduri ta bizkorrak ziran, alberrijetako basetxietan jayuak. Euretariko baten bat jausten zanian bestiak barreka asten ziran.

        Ordubantxe agiri zan Sabin. Mutil gaxua bilddur-bilddurrez etorran. Bere lagunak ikusi eben eta alditxu baten itxi eben euren jokua. Gero eurekin ez etorteko zegattija ittandu eutsaen. Berak, baña, ezeutsen erantzun.

        Asi ziran barriro jolasten. Sabin-ak, gura-ta-ez, euren jokuan lagundu ebazan. Aldi luzetxuba igazi zan bakian. Baña Sabin bere aizkidien ixekeak berrentzuteko bilddur-zan oindiño. Oldozkun arekaz artegatuta, bein bere burubaz aiztuta lurrera jausi zan. Bere aizkidiak barreka ta barreka asi ziran, bere lepotik ixeka egitten ebela. Sabin, ori ikusitta, jagi zan arin eta bere aizkidiai esan eutsen maratz:

        —Nori ixeka-egitten dautsozube, kirten orrek?

        —Ori ittauna! Iri, ba! —erantzun eutson batek.

        —Niri iñok etxaustak ixeka-egitten, eta zubek ezelan bez.

        —Bai-dautsozube entzuten? Kokua ba-litz lez!

        —Kirten ori!

        —Ni bai-nok kirtena, baña i az... Sabin! Aupa Sabin!

        Ume-artian barre-purrustadea entzun zan. Alkar begiztu eben eta danak batera asi ziran:

        —Sabin, Sabin. Ja, ja! Sabin! Ori ixen politta!

        Ume gaxuak arpegija lotsaz gorrittuta eban. Alde batez asarriak eta bestez lotseak bere miña lotu eben. Bere ixena aldeztu gura-eban, baña bakarrik esan eban:

        —Euria baño polittagua... Pelagio!

        Baña ixekeak gettuten zirala, ta bere ixena aborik-abo ikusijaz negarrez asi zan eta basetxera iges-egin eban.

        Atartian bere attittea aurkittu eban.

        Agureak, negar-egijala ikusiki, ittandu eutsan zegattija:

        —Attitta matte: guzur-guzurra da, ezta?

        Agureak ezin eutsan ulertu. Sartu zan basetxean, jesarri zan eta bere illobeari jesarri erazo eutson bere belaun-gañetan.

        —Tira, ba. Zer dok, Sabin mattioi?

        —Ez, ez!... Sabin, ez! Nik eztot Sabin ixenik!

        Ezeban ulertzen.

        —Sabin, gaizto orrek ereisten dauste. Baña guzur utsa da. Ezta, attitta mattioi?

        Orduban bai-eban susmau agureak zer zan, eta illobeari bekoki-erdijan mosu-egin eutson. Gero ittaun-ittaunka jakin eban jazo zan gustija.

        Baña etzan ikaratu. Bere illobearen ixena ixenik ederrena zan bere ustez. Ain ederra zalako gixon gaizto batzuk, ez umiak, gorroto eutsaen. Berak bere illoba kutunari ixen ori imiñi eutsan, eta ordutik aurrerantz illobeari ereistia zan bere poz-poza. Ez, ixen mattia etzan barregarrija!

        Eta agura on-onak beso-artietan jaso eban Sabin, eta gero, bai-ziran ederrak esan eutsazan gauzeak! Gixon andi batetzaz itz-egin eutsan, beste aldijan bere ixen illezkorra ixan ebanatzaz. Gixon ospetsu ak bere erri gaxua berbiztu eban. Eta gero esan eutson abertzaliak, ixen ori entzuten dabenian, pozez ta miñez negar-egitten dabela: pozez, euren aberrija gaizkatu ebalako; miñez lasterregi il yakelako. Agureak itz-egijala bere begijak suba jarijoten lez eukazan. Umiak, abua zabalik, entzuten eutsan. Agurearen agotik Sabin ixena sarrittan urten zan. Bera gixon ospetsu aren aizkidia ixan zan; berak espetxian ikusi eban bere aberrijarren nekausten; berak bere ezpanetatik aberri-deya entzun eban; eta berberak, azkenez, gura-ixan eban bere illobeari ixen ederra imiñi, geruago, aberrijaren aldez gogoz aleginddu ledintzat.

        Illobeak, ulertu ete-eutsan? Iñok eztaki, baña attitteak amattu ebanian mosu samurra egin eutsan.

        Bijaramonian, basetxe-aurrian eguan landa zabalan, barriro mutillak jolastuten iñarduben, bilddotsak mendijetan lez. Euren artian Sabin be eguan baña orain aurpegi-alai ta bijotz-atse.

        Eta barriro mutilletariko batek, Sabin negarrez ikustiarren, oguzi edo esan eban ixen ospetsuba.

        Barriak entzun ziran.

        Umia, baña, asarratu-barik, erdijan jarri zan, eta pozez beterik esan eutsen:

        —Sabin! Bai. Au da nire ixen ederra! Attitteak imiñi eustan. Gixon andi-andija, orain Goyan dagonaren ixen illezkorra da. Ixenik ederrena, ta mattiena be. Geure gurasuak entzuten dabenian, pozez ta miñez batez, negarrez asten dira. Sabin, bai, eretxi egistazube Sabin!

        Eta buruba bigurtu ebanian agurea ikusi eban atetik entzuten eutsala. Bere besuetara jo eban. Euren aurpegijak batu ziran, eta euren bijotzak be. Gero mosu samur-samurra entzun zan.

        Mosu ori entzunik Abertzale gorenguaren gogua poz-pozez bete edo-zan.

 

aurrekoa hurrengoa