|
Literaturaren inguruan
P. HUALDE MAIO
Jaun andreok: Gure historiaren lehen erroak Nafarroan ditugula dakigunontzat, zer gauza atseginagorik Nafarroa erresuma zaharreko hiriburu hontan mintza ahal izatea baino? Baina, batez ere, Campionen irakurgaietatik gure historia, aberri problematika eta euskara bera sakonago ezagutzera eta maitatzera heldu zen honentzat. Nafarroako erresuman egin nituen Erdi-aroko Arte ikasketak. Arte baliosa egitan. Nafarroak bere buruaren jabetasuna osoa zuen garai haietakoa. Geroztik, historian, berriz ez du lortu maila hura. Balioen neurria ekonomiaren alderdi hutsetik begiratzen dutenek kontuan izan behar dute erromaniko eta gotiko monumentu handi hoiek eraiki zituzten garaian zer nolako aberastasuna zuen gure Nafarroak, inguruko erresumekin konparaturik. Bere nortasun osoa galduz gero, eztu ezagutu lehengo mailarik, eta goragoko agintari berriei gogozko zitzaien helburuetara errenditurik, foru eta guzi ere, bertan behera utziak izan ditu herriaren nortasunean hain finkaturik zeuden kultur balioak. Jokabide hau, lotsagarri ez ezik, mingarri zaigu euskaldun eta euskaltzaleoi gure egunotan Antso erregeak goraipatu zuen “Lingua Navarrorum” galzorian ikusi beharra. Zer egia Erronkarin esaten zutena: “Ez dago legerik ezdokenarentako”. Hala ezagutu nituen “uskara” berezia mintzatzen ziren azken erronkarriar zaharrak banan bana hobiratzen. Iragan apirilaren 30-ean bete dira hiru urte erronkariko azken euskalduna hil zela eta nere sentipen minari eutsi ezinik eskaini nion gorazarrezko artikulu bat, igaz “Gogoz” deritzan nere liburuan bildurik argitaratu nuena [1]. Gaurko egunez, aski gazte hil zen Hualdez mintzatzean, Nafarroako eskualde eder horren oroitzapen eztia berbizten zait bihotzean eta bertako zahar haiengandik jasotako kanta zaharrak ditut gogoan. Kantok argitaratzean eman nuen bibliografian agertzen zenez [2], Erronkariko “uskaran” lehen aldiz izkribatu zuena Bidankozeko Prudenzio Hualde izan zen, duela ehun urte bere sorterrian hila, eta egun, Euskaltzaindiaren deira, beste hiru nafarrekin batean goretsi nahi duguna. Nere lan hura inprimategian sartuz geroztik, esaldi labur batzuk argitaratu zituen Florencio Idoatek “Cuadernos” berean, Burgin 1569. urtean izan zen sorginkeriegatik Iruñako Auzitegian epaituei ukapena zinegotziz esan eraziak [3]. Hala ere, literatura mailan behinik-pehin, Hualde bera agertzen zaigu aintzindari. L.L. Bonaparte printzeak, gure hizkuntzaren berezitasunen mapa egiteko ikerketak hasi zituenean, eskualde bakoitzeko euskaldunekin harremanak hartu zituen. Erronkarin bertan ere herririk gehienetan izan zituen harremanok, baina gehienak Bidankozeko Hualde eta Mendigatxakin izan zituen eta hauen eskutik ikertu zuen bertako euskalkia. Behar bada, Burgikin batean, hegoaldera euskararen muga zelako hautatu zuen horrela. Herri bakoitzean azterketa arin bat besterik ez zuen egin, eta Bidankozen anitz saiatu zen. Burgin, dirudienez, ez zuen aurkitu nahi zuen bezalako laguntzailerik. 1856. urtean hasi zen Hualde, L.L. Bonaparteren eskarizko lanean. Ezagutzen dugun lehen lana, bera bizi zelarik argitaratua, Astete-ren Katixima izan zen, 1869an Bonapartek Londresen argitara emana, Saraitzu eta Aezkoako itzulpenekin batean [4]. Geroxeago, baina urte berean, Mariano Mendigatxak itzuli zuen Salmoen berrogeitahamargarrena agertu zen. Eta, guk dakigunez, oraingoz, hauek dira Erronkariko euskalkiaren lehen testuak. D. Dionisio zeritzan Uztarrotzeko apezaren bidez jarri zen M. Mendigatxa Azkuekin harremanean. Eta Astete-ren Katixima, Hualdek itzulia, eskaini zion Azkuek Mendigatxari 1903ko gutun batean, Bidankozeko apezak eskolan erakatsi zezan. Eta Katixima birargitaratzeko asmoa hartu zuen, baina ez zen heldu hortara. Egia esan, Azkue hiztegia argitaratzearekin lanpeturik zebilen garaia zen. Behintzat, ondoko gutunetan ez du aipatzen katiximarik [5]. L.L. Bonaparte hil zelarik, Londresen, bere agirien artean gelditu ziren Hualderen esku-izkribuak ere. Urte batzuen ondorean, sakabanaturik galtzeko arriskuan zeuden agiriok eta Euskaltzaindiko zuzendari izango zen Azkue zenari esker Euskal Herria hoietaz jabetzeko arduratu zelako. Zeren, Azkuek, bere hiztegi nagusia inprimategiratu zuen garaian, zenbait gutun idatzi zituen Euskal Herriko Diputazionetara eta garai hartan Londresen Enbaxadore zen Fermin de Lasala, Duque de Mandas zenari gai hontaz arduratzeko. Baita Londreseraino joan ere, esku-izkribuok ikustera; eta, printzearen alargunak, Sotheran deiturako liburu saltzailearen bidez, gure Diputazioneri saldu zizkion 1904. urtean [6]. Hualderenak Nafarroakora etorri ziren. Julio Urkixok, bere asmo ederren artean, gure literatura zaharreko testuak argitaratzeari eman zion bere zuzendaritzapean argitaratzen zen aldizkari hartan eta 1934. urtean, Bernardo Estornes Lasa izabaar jatorraren eskutik jasoaz hasi zen Hualderen esku-izkribuak agertzen. 1934ko zenkabi batean San Mateo-ren Ebangelioen lehen hamar kapituluak argitaratu zituen eta urrengo urteko batean hamairugarrenera arte [7]. Baina, kitto. Hor gelditu zen argitalpena bukatu gabe. Itzulpen hau lehen-bait-lehen argitaratua ikustea nahi genuke, gure literatura aberatsegia ez delako eta Erronkariko “uskara” hobeto ezagutzeko. Lan honi inork ez dio kentzen bere baitan duen garrantzia. Honegatik, A. Perez Goyenak zor zaion tokia ematen dio “Contribución de Navarra y de sus hijos a la Historia de la Sagrada Escritura” lanean [8]. Bestalde, berak Georges Lakombe-k “Les traductions basques de St-Mathieu” deritzan lanean oso ona dela esango digu [9]; eta euskaltzain hau uste dut bazela nor holako aitorpena kontuan hartzeko. Bere bizitzaz oso guti dakigu eta guti eman nezake. Gainera, guti hau ere lehen beste batzuk jasoa da. Azkue bera izan zen berririk gehien eman zuena Erronkariko euskalkia aztertze lanean [10]. Gero, arestian aipatu dudan Perez Goyenak berri gehiago emana du eta ondorengo gehienak gauza bera jaso dute [11]. Barka, beraz, emanen ditudan berri laburrotatik gehiena lehenago bestek esana bada. Beranduago etorri bai nintzen gaira. Hala ere, Erronkariko esaera zahar batek ongi zion bezala: “Etseko ardaunetik ezda ñor bere orditan”. Gure Hualde, bataio izen-deituraz, Pedro Prudencio Hualde Mayo zen, Bidankozen sortua 1823ko apirilaren 26an, Rakas zeritzan etxean, 10 senideko famili batean. Pedro Prudencio zen neba-arrebetarik zazpigarrena. Gurasoak, Pedro Fermin eta Maria Josefa. Aita Bidankoze bertakoa eta ama Uztarrotzekoa. Latin gramatikaz eta humanitatez lau ikastaro osatu zituen Jaka-ko elizbarrutian, Aragoiko Salvatierra-n; matematikak eta Teologia eta Moralez lehenbizikoak Iruña bertako San Miguel Mintegian. Subdiakonoz ordenatu zen 1849an, eta Diakono eta Presbitero 1850-ean. Bere apaizgoa hauetan eman zuen: Zolinan erretore, Uztarrozen koajutore, eta 1853-rako, hogeitahamar urte betetzeaz, bere herriko erretore. Eta bertan iraunen zuen bizitzaren parterik gehiena. Baina, ez zuen izan bizitza luzea. Itxura denez, ez da ere hain atsegina. Elizako partidetan begiratzen baldin badugu, 1875-eko azaroaren lehenetik, berriz ez dugu ikusiko bere esku-izkriburik, heriotza hurbildu arteraino. Herrian nahigabe asko izan omen zituen eta bertatik aldera Tiebas, Eloko Gatzaga, Irurozki eta Mizaldu herrietan bete zuen bere apaizgoa. 1879ko maiatzean berriz itzuli zen bere herrira erretore, elizako liburuetan berriz ikusten da bere eskua, baina ez zen izanen luzaroko. Urte honen abenduko 9an hil zenez. Heriotza baino lau egun lehenago, oraindik bere eskuz izkiriatu zuen liburuetan, eta ez dakigu ziur zerk eraman zuen mundutik 56 urte doi doi bete zituenean. Gainerakoan ez dugu bere bizitzaren xehetasunik. Bonaparte printzeak Etxenikeri idatzi zizkion gutunetan aipatzen du Hualde, baina lanez apartekorik ez du ezer esaten [12]. Mariano Mendigatxak, aipatu ditugun gutun hoietan, inoiz ez du aipatzen P. Hualde. Bidankozen gaur egun apez den Nikolas Iribarrenek, eliz-liburuetan Prudentzio Hualderen esku-izkribuak erakusteaz gainera, hilerrira eraman ninduen. Han dago oraindik Hualde zenaren hobia, aski borraturik, beste hilarri biribil hoietako batzun artean eta argazki bat atera nion. Gizona joan zitzaigun, baina hor dugu bere lana literaturaren aberasgarri eta euskalki galdu berriaren lekuko. Nafarroako Diputazionean gordetzen da San Mateoren Ebangelioa eta merezi luke osorik argitaratzea. Oroi, munduan gizonak gehien irakurria duen Bibliaren zati bat dela eta hizkuntza beraren balioez gainera bestelako interesa ere baduela. Berezkoitzeko Leizarraga Calvindarrak “Testamentu berria” itzuli zuenetik (1571) honerat historia luze bat dugu Bibliaren inguruan. Bonaparte printzeak, itzulpenok haintzat harturik, lan ederra bultzarazi zuen bere languntzaileei gai hontaz lanak eskatuaz. Osorik, Duvoisin-en itzulpena bakarrik argitaratu zuen (1859), gainerakoan zatiak baizik ez zituen argitaratu. Baina, halaz ere, lan ederra bete zuen, garai hortako giroa kontuan izanik. Garai hartako giroa aipatzeaz, batez ere, George Borrow-en “Biblia Espainian” (“The Bible in Spain”) deritzan liburuan kontatzen duena daukat gogoan [13], 1836 eta 1840. urteetan hemendik ibilia eta Bibliaren zabalkundea egitearren presondegian egona. Berak pasarte batean dioenez: “Yo soy el que los manolos de Madrid llaman Don Jorgito el Inglés. Acabo de salir de la cárcel, donde me encerraron por propagar el Evangelio del Señor en este reino de España”. Liburu hontan, euskaldunoi buruz ere badu gauza politik 37. kapituluan. Ezagutzea merezi du. Baina, ez nadin joan nere gaitik harat. Aipatu dudan hau adibide bat besterik ez da, Bibliaren edo Bibliatikako itzulpenak guretzat duen garrantzia azaltzeko. Hualderen partea hor dago zokoraturik. Noiz ikusiko du argia? Osorik argitaratzen ez den artean, historiarekin eta euskararekin zordun gaude. Eta Erronkariko bi esaera zahar oroituz bukatuko dut nere mintzaldia: “Liburu zerratiuak ezdu ñori ere eratsukitan”. Honegatik, uste jakitun’ honi jarraituz, argitaratzeko bide bat egin dezagun. Horrela, “Urak bide eginen du”.
Iruñea, 1979-V-25 Euskera, XXIV
[1] “Gogoz” (450-454 orr.). Donostia, 1978. [2] J.S.M., “Fragmentos de canciones del ‘uskara’ roncales”, “Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra”, VIII, núm. 22 (5-19 orr. eta Bibliografia 19-20 orrialdeetan). Iruña, 1976. [3] F. Idoate, “Un proceso de brujería en Burgui”, “Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra”, VII, núm. 20 (225-276 orr. eta aipatzen diren testu laburrak 243 eta 249 orrialdeetan) Iruña, 1975. [4] “Le Petit Catechisme espagnol de P. Astete traduit en trois dialectes basques: 1, Aezcoan por D. Pedro Jose Minondo, Institutteur a Garralda, avec la collaboration de don Martin Elizondo, d’Aribe; 2, Salazarais, par don Pedro Jose Samper, cure de Jaurrieta; 3, Roncalais par Don Prudencio Hualde, cure de Vidangoz. Verifie et modifie sur les lieux memes par le prine Louis-Lucien Bonaparte, avec le concours des gens de la campagne, et apres avoir rendu les trois versions aussi comparatives que possible”. Londres 1869 (in 4-74 p.) J. Vinson, “Essai d’une Bibliographie de la langue basque”, núm. 395. Paris, 1891. [5] “Cartas de D. Resurrección María de Azkue a Mariano Mendigacha”, F. de Zerio y Segura-k bilduak, Euskera, VI, 1961, (181-208 orrialdeak). [6] “Del epistolario de Azkue”, A. Irigoyenek bildua. Euskera, II, 1957 (261-393 orrialdeak; baina, aipatzen diren gutunak 281-tik 290-ra bitartean aurkituko ditugu). [7] RIEV. t. XXV, 1934 (547-548); eta t. XXVI, 1935 (185-195 orrialdeetan). [8] A. Perez Goyena, “Contribución de Navarra y de sus hijos a la Historia de la Sagrada Escritura. Notas históricas y bio-bibliográficas”. (“Pampilonensia’’ Serie A, vol. I) Iruña, 1944. Liburu honen 111. orrialdean. [9] G. Lacombe, “Les traductions basques de St-Mathieu”, “Eusko-Jakintza”, Baiona, 1947 (289-294). Bere lan honen 293. orrialdean hara zer dioen zuzenki: “Les autres versions. — Bonaparte, qui avait en quelque sorte découvert le roncalais, fit traduire en ce ‘sous dialecte’ le livre qui nous occupe, par l’abbé Hualde, curé de Vidangoz. Cette traduction, fort bonne, était restée inedite, mais les premiers chaprites en ont été publiés dans la Revue Internationale des Etudes basques”. [10] R.M. de Azkue, “Particularidades del dialecto roncalés”, Euskera, XII, 1931, (207-406 orr.). Lan honen 257. orrialdean ematen ditu Prudentzio Hualderen berriak. [11] N. de Cortazar, “Cien autores vascos”, Donostia, 1966 (42-45 orr.); B. Estornes Lasa, “Literatura”, vol. I, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Cuerpo B, Donostia, 1969 (364 eta 651-652 orr.); S. Onaindia, “Euskal Literatura”, t. II, Bilbo, 1973 (348-349 orr.). [12] J. de Urquijo, “Cartas escritas por el príncipe L.L. Bonaparte a sus colaboradores”, RIEV, II, 1908 (215-221 eta 655-659 orr.); IV, 1910 (233-297 orr.). Etxenikeri egindako gutunetan inoiz aipatzen ditu Hualde, Erronkariko euskalkia eta lanak. [13] G. Borrow, “La Biblia en España”. Alianza Editorial. Madrid, 1970.
Literaturaren inguruan |