Literaturaren inguruan
Juan San Martin

Hordago, 1980

 

 

ROMANTIZISMOAREN LEKUKOTASUNA
EUSKAL-LITERATURAN

 

 

IZTUETA ERROMANTIKOA (I)

 

      Gure herri hontan, gauzak zehatz aztertu baino lehen eritziak agertzen oso zaleak gara. Honegatik, hor nonbait eta noizbait, era berritzeetan beti berandu ibili garela esan dutelako, uste osoa jarri dugu hortan. Berandu kristautu, berandu kulturaz jabetu, berandu hartu estilo berriztatzeak, berandu zibilizatu, berandu iratzartu... dena berandu. Baina puntu bakoitza aztertzen badugu, ustea erdi ustela bihurtuko zaigu, eta Enziklopediak harpidedun geienak Penintsula aldean non zituen galdetzen baldin badugu: “Hiño! hori bai”. Baina horrek berorren inguruan zekarren Argien edo Argitasunaren mende hura. Beraz, hor behintzat ez hain atzeratuak. Erromantizismoa aztertzean ordea, berriz ere zalantzaz jarriko gara. Izatez, hau ezta Argien garaia, baina oraintsu nere eskuetara erori den liburu batek emango dit argia, Iztuetaren poesiak eskaintzen dizkigunez. Lehen lehenik ere adierazia nuen Iztueta folklore lanez erromantikoen artean aintzindarietan jartzekoa zela, Penintsulan behinik-pehin beste inor baino lehen hortan aritu zenez. Aritu ere, metodologia baten bidez aritu zen eta ezaugarri hori ezta lortzen beste gabe, heldutasunetik baizik.

      Parte bakoitzari bere egia zor diogunez, berriz ere txalotu beharrean aurkitzen naiz Kardaberaz taldea liburugintzan ematen ari dena. Azken boladako liburuetan Jose Garmendia Arruabarrena-ren “Iztueta’ren olerkiak” deritzana da. Eta olerki hoiek ditugu giputz jatorraren erromantikotasunaren lekuko.

      Duela hamar urte argitara eman zigun Jose Garmendia berak “Obras inéditas de Iztueta” zeritzan liburu polita Euskal-Herriko erromantizismoaren haserak ezagutzeko lagungarri dena. Txaho, Lapitze, Iparragirre eta Bilintx erromantikoen gailurrean jartzekoak baldin badira ere, ez ahaztu Etxahun zaharra, Barkoxekoa, eta Paulo Astarloa bera ere erromantikoak zirela, Europan zetorren giroak eraginik eta ez askok uste bezain berandu. “Gogoz”-en 244. orrialdean erabiltzen dut gai hau, baina oraindik gehiago sakondu beharra dugu. Dena dela, ohar hauek gogoan hartu beharko ditu gure literaturaren mugimenduak estudiatu nahi dituenak, eta ez arin arin gauzak esan, betiko topiko usteletan eroiaz.

      Herri batek, edozertariko mugimendu bat bideratu eta indartzeko behar beharrezkoak ditu bere instituzio jatorrak edukitzea, zeren hauek elkarretaratzen bai dute gizarte ororen loturazko elkartzea eta eskolaren bidez informatze zabalkundea. Guri, behar bada, hau falta izan zaigu eta bakoitzak bere aldetik ahal izan duen erara bete izan ditu gizarte harremanok. Euskal kultur munduan, garai bakoitzean, bakoitza bere aldetik ahal bezala ibili dela esan dezakegu. Baina Jose Paulo Ulibarriren “Gutun-liburua” irakurtzen baldin badugu, eta beste erromantiko bat dugu hau, laster ohartuko gara orduko euskaltzaleen artean, politika eta kultur gizonen artean, inork uste baino harreman handiagoa zutela.

      Erromantikoak seinalagarri dute herri poesia baliatzea (hitz-neurtuak esango zuen Iztuetak), aberria eta natura maitatzea, eta maitagarri zituzten gauza hauek kementsu gorestea. Etxahun alde batetik eta Iztueta bestetik, bakoitzak berari zegokion aldetik baliatu zuen bertsolaritza eta ordutikakoak ditugu arlo hontako lehen albisteak. Orduan agertzen zaigu lehen aldiz bertsolaritza aintzakotzat hartzea. Gainera, Iztuetak herri poesi horretatik hartuko zituen bere hitz-neurtuetarako arauak. Hara hemen arau eta idea beraren bidez erromantikotasunaren seinalagarri den bertso bat, adibidez:

 

            Zure hizkuntz gozo ta

            ohitura eztiak,

            gordetzen dizkitzute

            seme jakintiak:

            galtzera utzi bage

            zearo guztiak,

            hoen beharra badu

            gure probintziak.

 

      Gipuzkoako foruen atsegin leloak deitu bertsoetatik hartua da.

      J. Garmendiak lan ederra bete du Iztueta-ren hitz-neurtu guziak liburu batean biltzeaz. Lehen, hain sakabanaturik ziren olerkiotatik ez bai zen hain erraza behar bezalako aburuk ematea.

      “Gipuzkoako probintziaren kondaira edo historia”, 1847an argitaratu zen, egile zen Iztueta hil eta handik bi urtera. Hau berau liburu aberkoia dugu; aberkoitasunaren eraginez egin baizituen lehenago argitaratutako dantza eta doinuen liburuak ere. Neurri handi batean probintzian mugatzen du bere abertzaletasun hori, ikuspegi zabalago baten faltaz, eta hau ezta batere harritzekoa gure egun hoietan oraindik askorentzat hola delarik. Euskararen batasunean ez ezik beste gauza askotan ere nabari zaigu. Honegatik, ez harritu Iztuetak hortan galga estuak baldin bazituen.

      Iztuetagan erromantiko jarrera nabarmen agertzen zaigu, oraindik orain ere gure herrian bertan nabari den erromantikotasuna, ase nahi ta ase ezinezko sentipenen egarriz. Behin baino gehiagotan esana dudan bezala, honegatik dute Iparragirreren kantak oraindik ere gaurkotasuna. Iztuetarenak holako entzuterik izan ez badute, behar bada karlisten gerrate haietan erabili zirenak itzalperatu zituztelako da, baina ez guztiz. Bere gogoaren izpiritua, bere herriaganako ideiak, neurri handi batean bizirik daude. Esate baterako, har dezagun “Gipuzkoako dantzak” (1824) liburuaren bukaeraz eta euskararen gorazarrez egin zituen bertso haiek, “Euskerarekin euskaldunen atsegin-leloak” deitua, J. Garmendiak 141. orrialdean jasotzen duena eta irakur dezagun Z. Andonegi mutrikuarraren “Aitorren hizkuntz zaharra”, gure inguru hauetan hain sentipenez kantatzen dena, eta laster konturatuko gara Andonegik gure garai honetan prestatuak Iztuetaren bertso haietan dituela bere sustraiak. Elkarren parean aztertzen baditugu, ideia ez ezik, esaldi osoak, neurria bera eta poesiaren lotura orokorra Iztuetarenak dira. Hor ikus dezakegu, urteak igaro eta ura bere bidetik. Z. Andonegik, hitzak gaurkotzetik aparte aldakuntza guti egin zituen. Baina, honegatik ez uste Andonegirena plajiotzat har dezakegunik. Lehena gaurkotze hori maiz erabili da edonongo literaturan.

      Erromantikoak dira, bestalde, Iztuetaren amodiozko hitz-neurtuak ere, eta hauetan eredugarri: “Kontzeziri” eta “Amodioa zer dan”. Amodioaren sublimatzea, goitiar jartzea, erromantikotasunaren seinaleak dira.

      Jose Garmendiaren liburu honen ederra hor dago, lehen historiaz eta folkloreaz hobeto ezagutzen genuen Iztueta, orain poesiagintzan izan zuen dohaina ezagutaraztean.

      Argitara berri den liburu honek Manuel Lekuonaren hitz-aurrea daroa. Hitzaurre baliagarria, arretaz irakurtzea merezi duena, zeren hemen ere Iztuetaren erromantikotasunaren adibideak agertzen bai dira. Poesiaren guna, bere eragatik, euskal kantategi zaharrean eta bertsolaritzan ohi zen usario jatorretan oinarritzen baita. Hala erakusten digu Lekuonak.

      Holako liburu batek laudoriorik onenak merezi ditu.

      Gaurko artikulu hontan, liburu honetan oinarriturik, poesia erromantikoaren lekukotasunak soil soilik agertji nahi izan ditut. Honetarako, liburu hau, agiri bikaina denez. Urrengoan Hitzlaxo edo prosazko lekukotasunak agertuko ditugu, literaturan ez ezik dantzen bidezko ekintzan eta bilketan agertu zuenagatik. Eta hortik ikusiko dugu erromantikoen mugimendu hura ez zela hain berandu heldu gure Euskal Herrira.

 

 

IZTUETA ERROMANTIKOA (II)

 

      Iragan asteko artikuluan Juan Inazio Iztueta zaldibiarraren erromantikotasuna adierazi nuen, Jose Garmendiak argitaratu duen “Iztueta’ren olerkiak” liburuan oinarriturik. Argi dago erromantiko garai giroak piztu zuela Iztuetagan idealismo suharra. Europako kultur korrontak hemen bertako ekintzeri loturik ikertzean kontuan hartu beharrezkoa duguna da hau.

      Jose Garmendiaren bildumak honako aukera hau begien aurrean jarri badigu ere, herri xeharen kulturazko lanak hor zituen gure Iztuetak bere dantza, soinu zahar eta hitz-neurtu direlako bildumetan.

      Erromantikotasunaren erakusgarri ditugu Iztuetak folklore arloan egin zituen bilketak. Honen berri eman nuen duela hamar urte, Iztuetaren sorturtearen berrehungarrena betetzeaz. J. Garmendiak bere liburu horren bibliografian aipatzen dituen lanak (ikus, 182-183 orr.), eta ordukoari ildoz jarraituko natzaio.

      Erromantizismoak berakin zekarren herriaren kultura baliatzea eta sistematikoki biltzea, eta Iztueta beste inor baino lehen ohartu zen hortaz eta bere lanari ekin zion. Garibai eta Oihenartek lehenago bildu zituen zenbait herri kanta, Larramendiren “Corografía” eta Mogelen “Peru Abarka”-k ohitura eta bizibideak, baina hoietan oraindik ez zen nabari erromantikoen kultur berritze mugimendua, bai ordea biltzaile eta sortzaile agertuko zen zaldibiar kementsuagan. *

      Thomas Percy-k piztu zuen Bretainia Handian herri kantak ez ezik ipui, ohitura, dantza eta abar jasotzeko gogoa, “Reliques of Ancient English Poetry” (1765) bilduma argitaratzeaz, eta laster zabaldu zen Europa erdialdera. William John Thoms-ek “Folklore” hitza sortu orduko (1846an izan zen), Iztuetak eginak zituen bere lanak. Izan ere, 1767an Zaldibian jaio zen euskal idazle hau 1845 urtean hil bai zen.

      Zalantzarik gabe, Iztuetak, erromantiko mugimendu harek bultzaturik egin zuen bere lana, bestela ulerkaitza iduritzen zaigu historiako une berean ekintza hortara jotea. Lanerako erabili zuen metodologia eta bere izatezko poeta mindua ditugu lekuko.

      Gainera, erromantikoa izateaz beste, folklore bilketan beste inor baino lehen aritu zen Penintsula partean. Bere lana euskaraz eman zuenez, historiagintzan jardun diren erdaldunak oraindik ez dira ohartu, eta oraindik orain ere R. Serra i Pagés eta J.T. Fenandes Braga, bata katalana eta bestea portugesa, jartzen

      Iztuetaren bildumazko lehen liburua “Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira” izan zen, 1824an Donostian bertan argitaratua. Handik bi urtera eman zuen argitara “Gipuzkoako soiñu zahar eta hitz-neurtu”-ena. Agintari eta elizaren aldetik kritika gogorrak jaso zituen, baina horraitiok, A. Pascual Iturriaga apez ernaniarra izan zuen bere alde.

      Baina berak hasi zuen lan harek jarraitzaileak izan zituen, bertako seme eta herbestetik etorriekin. Xaho, Borrow, Fr. Michel eta Sallaberry. Eta erromantiko mugimenduaren gailurrean Jose Manterola bere “Cancionero Vasco” (1877-1878) sortarekin.

      Musika eta dantzak hainako aberatsa edo aberatsagoa dugu ahozko literatura, kanta zaharrak bereziki. Biltzailerik ere izan dugu ondoko urteetan eta estudio. sakonik ere egina da.

      Folklore bilketaz eta poesiaz aparte Gipuzkoako historia bat ere idatzi zuen, 1847. urtean Donostian argitaratua. Hastapenetan zenbait kondaira faltsu agertzen ditu, erromantiko giroak berakin zituenak noski. Baina ez zen joan Xaho bezain urruti. Honek sortu bai zuen Aitorren kondaira, Aitor euskaldunon sorrerako aitatzat jarriaz. Iztuetaren historiaren bigarren parte guzia eta hirugarrenaren zati bat, 25. orrialdetik 255.era bitartean, probintziako bizitza eta ohiturak jasotzen ditu, etnografiarako berri baliagarriak, eta hau berau ere garaiko erromantikotasunaren lekuko dugu: artzantza, nekazaritza, ola zahar, kofradi erakundeak, estadistikak eta abar, lehen aldiz bertsolarien berriak ematera arte.

      Liburuak idaztearekin bakarrik ez zen konformatu eta ber berak antolatutako dantza taldea ere bazuen. Heriotzako orduan ere bere mutilak (dantzariak) ondo portatu ote ziren kezkaturik omen zen.

      Sorterriaren alderako idealak tinko eraman zituen, Iztuetak, hilarteraino.

      Erromantikoen mugimendua ez zen berandu heldu, baina bai ordea berandura arte iraun. Gure herriak garaiz asetu ez zituen gogoaren eragina ote? ala dirudi...

      Iztuetaren idazkera ezta eredutzat hartzekoa, idazkera bizkorra izanagatik ere. Jose Garmendiaren bildumari esker, poesian lehen baino maila altuagoan jartzea merezi du, erromantikoen atarian ipiñiaz. Bestalde, hitz-lauz idatzi zuenak gauzak adierazteko erabilkeraren balioa du. Hizkuntza praktiko baten bilaketazkoa da.

      Iztueta autodidakta zen, ez ordea ikasi gabea; bai bere kabuz ikasia. Izan ere, berak erabili zituen gaiak ez bai ziren inon irakasten, eta hezkuntza nagusietan ari zirenek ez zuten herri xehearen kulturarik haintzat hartzen. Larramendi bezalakoren batek berekikoetan zerbait egitetik aparte, herri jakintza*ez zen gai orduko ikastetxeetan.

      Ohitura zaharrez arduratu zen Estébanez Calderón-ekin eta Tolosako (Toulouse) Unibertsitatean irakasle zen Lecluse-kin izan zituen harremanak ditugu Iztuetak eskuartean zeramazkien lan eta kezken adierazgarraiak. Berekiko hezikera, formazioa, neke askoren ondorioz zuela ikus dezakegu. Bere ondotik etorri zirenak, arestian aipatu ditudanak, biderik erdi egina aurkitu zuten. Baina, hala ere, Iztuetaren obra guzia oraindik ez dela zehatz aztertu, eta J. Garmendiak eta bestek, azken urteotan egin dituzten ikerketak argi urratse handiagoa dakarkigutela esan genezake.

 

Donostiako “Hoja del Lunes” 1978-X-9 eta 16

 

 

Literaturaren inguruan
Juan San Martin

Hordago, 1980