Literaturaren inguruan
Juan San Martin

Hordago, 1980

 

 

AGUSTIN PASCUAL ITURRIAGA,
EUSKARAREN ERAIKITZAILEA

 

      Jaun andreak:

      Nere aurretik mintzatu diren bi hizlariok ederki agertu dituzte Iturriagaren bizitza eta bere literaturagintzari buruzkoa, nik agertu nezakean baino hobetoago. Eguneko gaiak honela banatu baditugu ere, ez gara ahaztuko pertsonaje honi buruz dakigunik gehiena J. Manterola, K. Etxegaray, G. Mujika, A. Zugasti, Y. Etxaide eta batez ere Fr. Jose Inazio Lasari zor diogula, honek Real Sociedad Bascongada de Amigos del País-ko Boletiñean argitaratu zituen lanak lekuko [1].

      Hala ere, bere bizitza ta lanetan badira zenbait pundu oraindik argiro jarri gabeak eta lehenik hauetaz ohar batzuk eginen ditut, euskararen eraikitzaileaz aparte.

 

 

1.— Bizitza eta laneri buruzko ohar batzuk

 

      Etzi beteko dira berrehun urte euskaltzale borrokatu hau Hernaniko hiri hontan sortu zela, eta Lasa jaunaren lanetatik badakigu bere lehen bi deiturak Pascual eta Ugalde zituela, baina bere hirugarrena erabili zuela, Iturriaga, edo Pascual Iturriaga. Eta hoiekin ezagutu ditugu, bai bera eta bai bere anaia.

      Bere sorterri honetan egin zituen lehen ikastaroak, gero Oñatiko Unibertsitatean osatzeko, eta behar bada baita Iruñean ere.

      26 urterako apez egin zen. Baina bere bizitzaren zehar eraman zuen ekintza nagusia, urterik gehienak ere bai, bere sorterri hontan gazteen heziketazkoa izan zen. Ez nolanahiko hezitzaile, ez. Irakaskintzari buruzko bere ideiak, pedagogia aldetik, garai hartarako aski aurreratuak omen ziren, eta honegatik edo, etsaiak izan zituen, enziklopedistatzat ez ezik Voltaire zaletzat ere salatua izan zen, Fausto Arozenak aurkitu zituen agiriak lekuko [2]. Baina, hala ere, probintziako eliz eta politiku agintarien gutunak ez dute holakorik agertzen, eta bai laudoriorik aski, irakasle zen aldetik. Ideien aldetik aski independiente agertu omen zen, baina liberal batzuekin oso adiskide zenez herbesteratu beharrean aurkitu zen, lehen karlisten gerrate hartan.

      Eragozpen hauek gora behera, bere herria eta herri erakundeak maite zituen eta hauen alderako ideiak garbi agertu zituen “Gipuzkoarrak” zeritzan bertsoetan.

      Ohore handia irabazi zuen 1818. urte inguruan hemen bertan, Hernanin, jarri zuen ikastetxeaz. Gipuzkoatik ez ezik Nafarroatik ere ikasle asko bilduz bere babespeko irakaskintza haietara.

      Pascual Iturriagak asko zekien, baina batez ere maisutarako dohain bereziak zituen. Dohain hoiegatik goragoko mailetara jo ezinik ez omen zuen; baina bere jaioterria maite zuenez, hemen irakatsi nahi zuen. Eta hemen bertan, beti edo gehienean, maisu lanean aritu izan zen.

      Arkangoitzeko markes jaunak Milafrangan zuen Larralde gazteluan igaro zituen herbesteratutako urteak, 1839tik 1840ra. Eta bertan berritu zituen ipuien atal batzuk eta etxe hartan idatzi zituen Jolasak.

      Fausto Arozenak “Brumas de nuestra historia”-ko orrialde haietan zioenez, nola zitekean Voltaire eta Enziklopedia zale izatea, San Inazioren martxaren egilea izanik.

      San Inazioren martxaren egilea zen uste hau maiz erabilia da, eta oraindik ere erabiltzen dena, “Ipuiak” libururaren azken partean agertzen delako edo nonbait. Baina, otoi, “Ipuiak” [3] 1842an argitaratu zela eta Iztuetak “Soñu gogoangarriak” [4] zeritzan liburuan hamasei urte lehenago argitaratua zuela martxa honen doinua. Izatekotan ere, letra izan daiteke Pascual Iturriagarena. Zeren 1840ko abuztuaren 7an Iturriagak Iztuetari egin zion gutun baten hara zer zioen: “Va una ezpata dantza descriptiva de ella, y una marcha de San Ignacio. Siendo este bascongado, la marcha se cantaba en castellano, lo que parecía ridículo”. Hola dakar Jose Garmendiak “Obras inéditas de Iztueta” deritzan liburuan [5].

      Elkarren artean izan zituzten gutun horietatik badakigu Iturriagaren zenbait ipuin Iztuetak euskaraz jarriak zirela eta beste batzuk bere zuzenketaz, liburu hortako gutunak diotenez [6], eta behar bada honegatik uste du J. Garmendiak letra ere Iztuetarena izan daitekeela [7]. Baina nik ez nuke horrebeste esango. Gutuneko esakun horrek Iturriaga jartzen du letraren egile, zeren Iztuetak 1826an doinua soilik argitaratu zuen eta Iturriagak gutunean aitortzen duenez erdaraz kantatzen omen zen eta honegatik jarri zuela euskaraz. Beste agiririk agertzen ez den artean, uste hutsa izanen da.

      Juan Inazio Iztuetarekiko harremana Iturriagaren aberasgarri izan zen. Iturriaga berandu arduratu zen euskararekin. Badirudi irakaskintzako esperientziak beharturik hasi zela; pedagogiazko hutsune nabarmena aurkitu bai zuen haur euskaldunen heziketan, euskaldun izanik erdaraz eskolatzea nahi zelako. Hortaz ohartu zenerako, gure mintzaira moteldua zuen nonbait, Iztuetari idatzi zizkion lehen gutunetan nabari denez. Lehen gutun haiek euskaraz egin zizkion, praktikatze aldera nonbait, baina azkenak gazteleraz daude. Euskarazkoak, Garmendiak dioenez, 1838. urtea baino lehenagokoak dira. Hola delarik, Frantzia aldera joan aurretikoak. Horietako batean hara zer zioen: “Nola guc ez degun icasi eusquera gueren gaste demboran, icasi izan genezaquean (...)la lan andiari narraizquio, esagutsen det ceren itz bacoitcian diccionarioa escuan artubear, baña uste det irtengo naicela nolarebait sasitic, eta bear bada gure ondorenguac, gure lana dala bitarte, euscaldun ede(...) ateraco dira. Ala guertatuco dalaco esperanzarequin (......) errastuco da, eta oraindic postuco naiz. Ona nere saria, eta ez det besteric nai”. Baita ere, beste batean: “Eraqueria da uste izatea iscuntza bat bestea baño gaitzagoa dala. Eusquerac ez du beste cer esanic autsez betea beti vici izatea besteric. Zurdapilla onac arrapatu du eta astiñ aldi ona emango dio. Guero besteren batzuec demborarequin arguitaguic igortcico dute eta polituco”. [8].

      Esaldi horien geroztiko frutuak dira: “Arte de aprender a hablar la lengua castellana” [9], “Jolasak” [10] eta arestian aipatu dutan “Ipuiak”. Guziok erdarazko izenburuz emanak.

 

 

2.—Asmoak eta hauen sortze ingurua

 

      Ideiak nekez sortzen dira bat batean. Hauek, inguruak eraginik edo giroturik etortzen dira, eta horrela izan ziren Iturriaga eraikitzailerarenak ere. Irakaskintza aurkitu zuen premiak eraginik alde batetik, baina bere antzerako asmoak, behar bada, lehenagotik nabarituak zituelako. Oroi, beste maisu bat ere bazela, Luis Astigarraga, Iztuetaren adinekoa, Iturriaga bera baino hamaika urte zaharragoa. L. Astigarraga honek “Diccionacio manual bascongado y castellano y elementos de gramática” (Tolosa, 1825) argitaratu bai zuen. Beraz, Iturriagaren “Arte de aprender a hablar la lengua castellana” baino hamasei urte lehenago inprimatua. Gainera, libururaren atarian agertzen denez “miembro de la Sociedad de Instrucción elemental de París” zenez, pentsatzekoa da mundu zabalean ziren aburuen berri zekiela.

      Astigarraga berak ere Iztuetakin harremanak zituen gainera, eta 1840an bere liburuaren hirugarren argitaratzea prestatzen ari zelarik —gehigarriz argitaratu zuena—, bere eskuizkribuak zaldibiarrari utzi zizkion orraztapena eman zezan [11].

      Bere “Diccionario manual” horren hitzaurrean, euskararen gramatika eta gaztelerarena eskoletan irakasteaz mintzatzen da, haurrak eskola ikasteko beharrezkotzat. Honetarako egin zuen bere hiztegitxoa eta metodoa. Baina, are gehiago, Martial-en esaldi hura, “Vox diversa sonat, populorum est vox tamen una”, eredu bezala bere erabiliaz, honela dio bere liburutxoaren hitzaurrean: “También podrán imprimirse algunas fábulas, modelos de cartas y diálogos que tengo trabajados en ambos idiomas, los cuales servirán de grande ausilio a los bascongados para ir aprendiendo bien el castellano, el latín y cualquiera lengua estrangera, pues todas ellas estan sujetas como la castellana y latina, a las reglas invariables de la gramática general”.

      A. Pascual Iturriagak, “Jolasak” deritzan liburuaren hitzaurrean beste honako hau esango digu: “Es muy de extrañar que siendo el romance la lengua de nuestro gobierno, y estando los Señores maestros de primeras letras encargados de enseñárselo a sus discípulos, por sernos a los bascongados necesario e indispensable a unos, útil a otros y conveniente a todos, no se hayan proporcionado medios auxiliares que faciliten su enseñanza. Sin embargo, son estos tanto más necesarios cuanto que el genio del romance es diametralmente opuesto del bascuence. Con la idea pues de ocurrir a esta necesidad, se han compuesto dos libritos titulados el uno ‘Arte de aprender a hablar la lengua castellana, para uso de las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa’. Y el otro ‘Diálogos basco-castellanos, para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa’. El primero viene a ser una gramática fraseológica, que contiene sobre setecientas frases familiares, y el segundo una colección de diálogos basco-castellanos tan agradables como instructivos. Su lectura diaria los grabará bien pronto en la memoria de los chicos, y pondrá a éstos en disposición de empezar a hablar en castellano sin la ridícula jerigonza a que dan origen la falta de voces y la diferencia de la sintaxis de una y otra lengua”.

      Gaurko problemak ordea, beste era batekoak dira. Horiek, euskaltzale izanik, beren asmorik onenez egin zituzten euskararen bidez gaztelera ondo ikasteko metodoak. Gaur, gaztelerak itota bizi gara, eta euskara salbatuko badugu, alderantziz, gazteleraren bidez euskara ikasteko metodoak behar ditugu Euskal Herriko eskoletan.

      Iturriagak eta Astigarragak, erarik errazenean burutu zituzten beren lanok, eta gaur egun ere, oinarrizko euskararen metodoa egin nahi dutenek, kontuan hartu behar dituzte horiek bere metodorako erabili zituzten hitz eta aditz ahalik errazenak hautatuaz, mailaz maila joateko.

      Irakaskintza lanak, pedagogiak berak eskatzen zuen araura arduratuz heldu zitzaien bieri euskara gramatikaz irakasteko premia. Urterik ez daroan gutun batean, Iturriagak, honela idatzi zion Iztuetari: “Orain dala saspi urte humechoaquin dempora iragotcen nubenean esagutu nuben cer eraqueria andia eguiten zan emengo escoletan erderaz gaztiai iracurtcen eracustearequin, izanic milla bider errasago eusqueraz icastea eta eracustea. Nere paperaren artean bear det izan abece bat eusqueras eta erderas iracurtcen eracusteco eguin nuena. Egunen batean biralduco diot uste det erraslitequean gustia errastua daducadala humetazuneco lanbide andi samintasunez bete, negarreragingarri au.

      ”Ala bada, iduritcen zat eusquerasco liburuetan bear litzaqueala gure escoletan eracutsi iracurtcen erderascoetan asi baño leen. Erras litzaque liburucho bat eguiten onetaraco gausac chit ones betea. Icasico litusteque'gasteac, cergatic isquidatuco litustequean, eta argatic beragan iracurrico liteque gogoz.

      ”Beti naigabe andi batequin ecusten ditut gure mutilchoac iracurtcen erderasco liburuac, monjac latinescoac becela, cer iracurtcen duten ezdaquitela, eta adinic onena ecer icasi gabe iragotcen zaiotela. Astaqueria andia arantzas betericaco bidetic sasi mendira eramatia, loresco bide zabal ederrtic fruta gozos betericaco baratzara eraman bearrean.

      ”Artuco litzaque cein antzera dauden oraindic lecu gucietan eracastearen gañian. Nola errasago baitan paperac izcuntza ederres betetce escribus aurraquin jardutea baño; nola aurraquin jarduteco ifiñiak daudenac gueienac buruac utzac baititusten, emendic datos ain guchi aurreratcea lan valioso onetan”.

      Lehenagoko euskaltzale zaharren usteak ez zituen gogoko, Garibai, Etxabe, Poza eta haiegandik heldu zitzaigun iritzien kontra irtengo zen. Euskarari buruzko laudorioak, hizkuntzarik jatorrena, garbiena... eta bitartean euskara galduaz, heriotzara bidean. Berak nahiago zuen Larramendiren jakintza bideetatik baino lan errazen bidez euskara eskoletara eramatea, haurrei gramatika irakatsiz, gaztelera ere ondo ikas zezaten, erarik pragmatikoenean euskararen salbamena aurkitzeko.

      Hoiek ziren hernaniar jatorraren asmoak, bere bertso batean ezarri zuen bezala:

 

            Nere Euskal-Erriko

            gazteri ederra,

            ez det uste derala

            egin lan alferrea,

            ipuiak ifintzean

            gure zortzikoan,

            kantatzeko, nai bada,

            arturik gogoan.

            Badirade latiñez,

            badira erderaz;

            ez al ditugu bear

            guk ere euskeraz?

 

      Ipuien eskaintzazko bertso honek gidatzen zuen bere gogoa.

 

 

3.— Helburuak

 

      Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu. Iturriagaren aburu horiek ezagutu ondorean, pentsa genezake horien araberaz markatuko zuela irakaskintzarako helburua.

      Mugazandiko euskaldunekin, gaur egun behar bada, ez dugu egoera berdina izanen. Baina, hala ere, gure artean behininpehin, lehengo ajeak nabari. Iztuetari egin zion gutun batean, Lecluseren hiztegiari buruz idatziz, hau esaten zion: “Ez naiz ni arritcen ecusiaz beroi aurreratu zaiotela lan onetan, ceren mendiaz ango aldetic errasac diran gausac guretzat anis gaitzac dira. An jaquin nai asco, emen guchi, an aberatz milla emengo baten lecuan; oni deritza dezaquenac badezaque”.

      Baina, irakaskintzarako Iturriagak egin zuen bultzadarik handienetako bat 1830. urteko ekainean Arrasaten izan ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiak eman zuen onartzea izan zen, industria, merkatalgoa eta euskara bultzatzeko Diputazioan batzorde languntzaile bat sortzeko, lehenagotik zetorren asmo hura egintza bidean jartzera zihoazen, baina lehen karlisten gerratea sortzeaz plangintzok bertan behera gelditu ziren [12].

      Aita Lasak argitaratu zuen “Memoria” hura ezagutu beharrezkoa da Iturriagak euskara eskoletan sartzeaz zituen asmoak jakiteko. Gainera, hor ikusten da politikaren jokaerak, onerako edo txarrerako, zer ikustekorik duen hizkuntza baten etorkizunez. Gaur egun bizi garen bide gurutze hontatik, batek badaki zer ekarriko digun etorkizunak. Une hau ez da txarra, behar bezala aprobetxatzen bageneki. Baina politikaz beti ere hain izan gara ergelak, ez dakit berriz ere Iturriagaren alegietako belea bezala ez ote garen geldituko, harrotasunez beterik eta gaztarik gabe. Zeren, politika mugimenduak bizkortzeaz kultur ekintzak urritu zaizkigu. Geroko esperantzan nonbait. Baina ni bildur naiz Euskadi hitza maiz erabiltzen dutenekin, ez ote garen euskalduntasunik gabeko Euskal Herri batean eroriko.

      Mondragoeko Batzar hartan Pascual Iturriagaren plangintza bat aurkeztu zen. Bertan ederki dioenez, zer axola zaigu gure hizkuntza laudorioz betetzea, handitasunetan harroturik, euskaraz ez irakurtzen eta ez idazten eta ezta ere esakunak elkarri lotzen ondo ez badakigu. Azken batean, gure harrotasunak ez dute ezertarako balio, eta alegietako belearen oroitza zekarren, buru harro eta gaztarik gabe. Iturriagak, lehen mailako eskolen egoera salatzen zuen, pedagogia egoki bat eramaten ez zelarik haurrak ezer ikasi ezinez eta beti zigorpean, eta bitartean euskara gainbeheraka. Salatzen zituen bere garai hartako metodoak, zigorrez erabiltzen ziren eraztunak eta guzi horren bidez zetorren hizkuntzaren galera. Bide horiek utziaz, iduritzen zitzaion, hobe zela gaztelerari ateak ideki, lehen mailetan euskara beronen gramatikaz irakatsi eta, gero, era berean, gaztelera. Bi hizkuntzak elkartasunean bizi ahal izateko.

      Esan beharrik ez dago, Iturriagak, euskaldunok euskara erabiltzea predikatzen zuela, gaztelera bera ere ahalik onduen jakinarren.

      Ideia horiek zituen helburutzat, eta helburuok bideratzeko gertatu zituen, hain zuzen, “Arte de aprender a hablar la lengua castellana” eta “Jolasak”. Lehendabizikoarekin gramatikaz jabetzeko eta bigarrenarekin gauzak ikasteko, bi hizkuntzen artean konparaketak eginaz. Gero, horien osagarri, garai hartan modan jarria zen literatura mota, alegiak, irakurgaitzat eskainduaz. Hiru liburuon helburu bakarra, irakaskintza zen. Irakaskintza, euskara eskoletan erakunde gisa antolatuaz. Hizkuntzari bere prestigioa, bere babesa eta kultur maila egokia emateko. Hortatik hasiaz iraunaraziko zioten gure hizkuntzari, hizkuntza normal eta kulturadun bezala. Helburuok ez ziren bete ahal izan, eta belaunaldi batetik bestera gutituaz eta pikortuaz heldu zaigu gure mintzaira.

      Orduko egoera indartsuago zen, eta honegatik espero zuen biak jakitea elkarren lagungarri zela. Ordurako, garai haietarako esan beharrik ez dago, ideia aurreratuak zirela. Gaur ordea, alderantzizko jokaera behar genuke.

      Nekeak burutzeak ez zuen bildurtzen gure gizona, eta bere zintzotasunaren adiarazpenez, honako esaldi hau gogoraziko dugu: “Nik nere aldetik izan det nere barrengo gozotasuna ezerkin ere pagatzen eta saritzen ez dana, ongi egindako poz ezti beaunik batere gabekoa”.

      Baina, bestelako ikasbiderik ere badugu bere esaldietan, eta gogoan har dezagun hark zioena: “Berotasunek eta errabiak ez dute beiñere gauza iraunkorrik egiten”. Honegatik, berak bezala, guk ere, egin dezagun euskararentzat plangintza sakon bat, luzarora begira, gure mintzaira zaharra Euskal Herriko seme guzien ahoetara itzularazteko. Pascual Iturriaga berarekin batean esan dezagun: “Esperantzak gizona bizi du, ken bekio esperantza eta da kriaturarik kupigarriena”.

      Ideiak hor daude, gure hizkuntzaren historia ezagutu dezagun. Baina, gaur ostera, metodo hori horrela ezingo genuke erabili. Hobeto esan, erabili beharrik ere ez dugu, ikasgaitzat izan ezik. Zeren, orduko hura, azken batean, gazteleraren zerbitsupean jartzea bai zen. Baina, gaur, Euskal Herriko semeentzat dauden eragozpenak oso bestalderakoak dira. Erdarak ez du ezertariko oztoporik eta euskara dugu elbarri, eta euskara ikasteak ditu eragozpenak.

      Badakigu, euskaldun garenok beharrezkoa dugula beste hizkuntza handiago bat jakitea; baina, gure gizarteak eskatzen duenez, elkartasun onean biziko bagara, lehenbait lehen euskarak ere eskoletara sartzeko eskubide osoa behar du, legezko den bezala, bertako seme guzieri irakasteko eran. Orain euskarak behar ditu lehen erdarak zituen begiramenak. Honetarako baliagarriak ditugu P. Iturriagaren teoriak, alderantziz jarriaz. Eta, honela beteko litzake hernaniar gogoangarriaren nahia eta gure herrian hain bete beharrezko hutsune nabarmen bezain lotsagarria. Euskara denez gure nortasunaren oinarri. Ez baita herririk hizkuntzarik gabe.

      Bukatzeko, herri honek bere semearen oroitzapena gorde dezan, hemen diren agintariei eskaritxo bat egingo nioke: beren aldetik Ministerio de Educación delakoari eska dezatela, herritar honen ohorez, bertako Institutoari Pascual Iturriaga izena jartzea.

 

Hernani, 1978-1-29

Euskera, XXIII

 

 

 

[1] Bol. Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, XX (1964), 435/453 orrialdeak; XXI (1965), 185/196 orr.; XXIII (1967), 37/44 orr.

[2] “Brumas de nuestra historia” (Donostia, 1952), 96/99 orr.

[3] “Ipuiak” deritzan liburuaren lehen argitalpenak “Fábulas y otras composiciones en verso bascongado” zeraman izenburutzat. Donostian argitaratu zen 1842an. Tolosan 1884an izan zuen birargitaratzean jarri zitzaion “Ipuiac eta beste moldaera batzuec”. Azken argitalpena, Auspoa Liburutegiak 1967an.

[4] Iztueta, “Euscaldun anciña ancinaco ta are lendabicico etorquien Dantza on iritci pozcarri gaitzic gabecoen Soñu gogoangarriac beren itz neurtu edo versoaquin” (Donostia, 1826). Bertako 45. doinua da San Inazioren martxa.

[5] J. Garmendia Arruabarrena, “Obras inéditas de Iztueta” (Bilbo, 1968), 190 orr.

[6] J. Garmendia Arruabarrena, “Obras inéditas de Iztueta” (Bilbo, 1968), 183 orr.

[7] J. Garmendia, “Sobre la letra de la marcha de San Ignacio”. El Diario Vasco. Donostia, 1971-VII-30.

[8] J. Garmendia, Aipatutako lanean, 171 eta 182 orr.

[9] “Arte de aprender a hablar la lengua castellana para el uso de las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa” (Ernani, 1841).

[10] “Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa” (Ernani, 1842). Azken argitalpena Auspoa Liburutegiak 1963an egina.

[11] J. Garmendia, Aipatutako liburuan, 199/201 orr.

[12] Bederatzigarren argitalpenetik jasoa da. Luis Astigarraga, “Diccionario manual bascongado y castellano, y elementos de gramática”. Novena edicion. Tolosa. Imp. E. Lopez, 1881, p. VIII.

 

 

Literaturaren inguruan
Juan San Martin

Hordago, 1980