Literaturaren inguruan
Juan San Martin

Hordago, 1980

 

 

J.P. ULIBARRIREN
“GUTUN-LIBURUA”RI AGURREZ

 

      Arabako Diputazioak bere probintziako euskal idazle baten lana argitaratzeko ematen duen aukera, txalogarria da. Honela, orain arte guti batzuk ikus ahal zuten liburu berezia, guzien eskuetan jartzen da.

      Ukondoko Ulibarriren “Gutun-liburua”, Gipuzkoako Diputazioaren “Julio de Urquijo” liburutegian aurkitzen zen eta handik aterea da lehen argitalpen hau egiteko.

      1915ean Fernando de la Quadra Salcedo-k “Luis de Azkona” izenez egin zuen artikulu batek bultzatu zuen Julio Urkixo euskal idazle arabaar honen zenbait berri jakingarri ematera. Geroztik, bere “Gutun-liburua”ren zatitxoak besterik argitaratu ez badira ere (N. Alzola — Anai Berriotxoak — argitaratuak) euskal literaturan behar zuen tokia irabazi du azken urte hauetan (orrialde hauetan ematen den bibliografia lekuko). Baina aitor dezagun, batez ere, Aita Lino Akesoloren ikerketeri eta goresmeneri esker baliatu dela. Honegatik, agurrezko hitz horien ondotik, sarrera gisa, Euskaltzaindiaren urre eztaietan A. Akesolok Gasteizen arabarrei begira eman zuen hitzaldia jartzen dugu, Euskaltzaindiaren Euskeratik hartua.

      Yose Paulo Ulibarri Galindez Arabako Okondon sortu zen duela berrehun urte. Garai hartan, Okondo, euskaldun hutsa zen. Berak aitortzen digu bertso batean:

 

            Okondo-ko erria

            da euskaldun bere izatia... *

 

      Gainera, 1831. urtean era honetara idatzi zion J.B. Anituari, Abandora joaterakoan bere jaioterria nola utzi zuen azalduz: “Oraindino ni etorri nintzanian, imini barriya zan ardaotegi bat erri guztirako. Besterik ez eguan. Eta euzkerazko eskola bi, elexa biyetan, eta erderazkoa... erriyan erdian gura dabenantzako”. Honegatik, Etxaidek dio, Ukondoko herriak erakuspide eder bat eman ziola aldi hartako Euskal Herriari, elizaren babespean euskal ikastola ipiniaz.

      Ogibidez abere sendatzailea zen, bere txartel inprimatuak dioenez. 1797an ezkondu zen Maria Josefa Landa, “Mari Pepatxu” Abandoko alabarekin, eta ez zuten haurrik izan.

      Abandon zenbait aldiz agintaritzako zinegotzi hautatua izan zen eta 1814tik 1836ra bitartean Bizkaiko batzarretan fiela. Kargu hauetan euskararen alde egin zuen. 1829. urtean, Gernikako batzarretan, ahalegin guziak egin zituen euskarari languntasun ofiziala eman zekion eta Bizkaiko eskoletan aginduzkoa izan zedin bere irakaspena. Gogoan eduki dezagun —Yon Etxaidek ongi dioen bezala— batez ere, bera bakarrik izan zela, aldi hartako euskal giro urrian, ahalegin sutsuak egin zituena euskara ofizialki aitortzeko, euskal-ikastolak ipintzeko, euskal-akademia bati sortzea emateko eta hiztegi eta gramatikak argitaratzeko.

      Behar bada eragin hoien ondorioz, 1841ean batzarrak euskararen alde hartu zituen erabagietatik ikusten duguna: egunereko erabagien laburpena euskaraz egin eta urrengo eguneko batzarrean irakurtzea, eta Institutoan euskara irakastea.

      “Gutun-liburua”n, bere ideiaz, erregezaletasuna agertzen du, Cadiz-ko lege berrien aurkako, eta liberalen politikari “debruziñoa” deitzen dio, batez ere euskaldunen Foruei ikutu ziotelako. 1834an Don Carlos-ek Elizondon eman zuen “decretoa” bere “Gutun-liburua”n euskaraturik ezarri zuen. Euskararen eta Euskal Herriaren zoriona D. Carlos-en aldetik etorri zezakean ustekoa zen.

      Erlijio kontuan berriz, biderik zintzoena zeritzanetik jarraitu nahi zuen. Katoliko osoa zen. Bere gutun batean emazteari aitortu zion: “Nik eguño eztot, ez txantxetan bere, Yainkoen legeen aginduen kontra ezer esan”. Eta elkarren arteko har-emanez nahikoa naturaltasunez idazten du.

      Yose Paulo Ulibarrikok, Egunari euskerazkoa argitaratu zuen 1815ean; ez zuen utzi euskaraz idatzitako libururik, baina bai “Gutun-liburu” eder hau, euskal eskutitz sorta bikainez. Gutunez gainera beste gauza jakingarri batzuk ere baditu. Harizmendiren bertso batzuk ere sartzen ditu bere gutunen artean, baina bereziki azken orrietako bertso-lanak, 1823tik hasita. Letra bi edo hiru pipiak jan da ditu eta ez da erraz azken-urtea zenbatgarrena den ateratzea.

      “Gutun-liburu” honek argi adiarazten digu Ulibarrik bere garaiko gizon handi askorekin zituela har-emanak, eta honegatik, bertako izkribu asko, XIX. mendearen lehen parteko historia hobeto ezagutzeko agiri baliozkoak dira.

      Euskal literaturaz ondo hornitua zuen bere liburutegia. Ezagunak zituen Axular, Lecluse, Larramendi, Kardaberaz, Astarloa, Añibarro, Mogel, Fr. Bartolome, Iztueta eta abar.

      Bilbon 1814tik 1832ra bitartean argitaratu ziren Gabon kantak, anitz Bizenta Mogelenak ziren, baina Ulibarriren eragina ez-ezik eskua ere nabari da, A. Akesolok hain ongi uste duenez.

      Yose Paulo, Abandon bertan hil zen, 1847. urtean.

      Euskal literaturak ez du material gehiegirik “Gutun-liburua” bezalakoak ilunpean edukitzeko eta egileari bere sorrerako berrehungarren urteburuan egingo zaion omenik zuzenena “Gutun-liburua” inprimaturik argitaratzea da. Arabako Diputazioak bere lepora hartu du bete behar hau, egilearen oroimenez liburua lehen aldiz argitaratzeaz. Gainera, argitara ere, bere eskutik irten zuen bezala, esku-izkribua dagoen dagoenez; bere letra argi eta garbia irakurterreza denez gero, idatzi zuena ber-berak egindako bezala euskaldungoan ari direnei eta edozein irakurle euskalduni egilearen euskaltzaletasun zintzoa bera bezain zintzo adiarazteko.

      1975ean “Gutun-liburua”ren aurkezpenez argitaratua.

 

 

BIBLIOGRAFIA

N. Alzola Guerediaga (Hno. Valentin Berriochoa, F.S.C.), “XIX-garren gizaldiko euskal izkribuak. Jose Paulo Ulibarri-koak 1823-garren urtean Erro Ministruari egin zion eskutitza, eta beste batzuk”, Euskera, VI (1961), 231/ 237 orr. “Ulibarri euskaltzaleak Lunoko Aita Mariano kaputxinuari egin eutson eskukitza 1826-an”, Euskera, VII, (1962), 131/134 orr. “Jose Paulo Ulibarri-ren gutunak. 1823’an Egia Bizkaiko Sindikuari egin ziona”, Euskera, VIII-IX (1963-64), 285/288 orr. “XIX Gizaldiko Euskal eskutitzak Abandoko Jose Paulo Ulibarri ta Durangoko Manuel Abarrategui-ren artean egiñikoak (1826)”, Euskera, XIII (1968), 103/105 orr.

“Del epistolario inédito del herrador bascófilo de Abando. Correspondencia jde Juan Ignacio de Iztueta y Jose Pablo |de Ulibarri Galíndez”. Boletin de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País, año XVII (1961), pp. 313/321. “Correspondencia entre Jose Pablo de Ulibarri Galíndez y Juan Ignacio de Mendizabal”, Boletín de la iR.S.V.A.P., XIX (1968), pp. 163/165 y 345/349; XXI (1965), pp. 225/231; XXIII (1967), pp. 197/201. “Del epistolario de Jose Pablo de Ulibarri Galíndez. Carta a Don Esteban de Artza |(1833)”. Boletin de la R.S.V.A.P., XXIII (1968), pp. 215/219. “Illunpetik argitara; Ulibarri arabarra (1775-1847)”, Boletín de la R.S.V.A.P., XXX (1974), p. 266. “Euskal Bibliographiarako oarrak. Ulibarriren Euskerasko ta Gaztl. Iztegia (Argitaratu bakoa)”, Boletín de la R.S.V.A.P., XXX (1974), pp. 266/269.

Bajo el seudonimo Juan A. de Bidaurreta, “También Alava ha aportado escritores a la Literatura Eúskara”, Vida Vasca, XLIV (1967), pp. 37/39.

Lino de Aquesolo, “Jose Pablo Ulibarri Galindez (1775-1857)”, Boletín de la R.S.V.A.P., XVIII (1962), pp. 25/35. “Algo más sobre el escritor Ulibarri”, Boletín de la R.S.V.A.P., XVIII (1962), pp. 415/421.

“Euskal-esnale ta euskal-idazle Yose Paulo Ulibarri, Okendo’ko semea idazlanean”, Olerti sorta, I — II (1962), “Zortzikote”, 121/142 orr. “Euskal-egutegirik zarrena”, Jesus’en Biotzaren Deya (Otsaila edo Zezeila, 1962), 23/24 orr.

“Escritor vasco y gran campeón de la lucha por su lengua vernácula: El alavés Jose Pablo de Ulibarri y Galíndez (1775-1847)”, Boletín de la Institución “Sancho el Sabio”, XIII (1969), pp. 81/95.

“Disertación del P. Aquesolo sobre la figura de Ulibarri”, Euskera, XVI (1971), 35/48 orr.

Jose Manterola, “Noticias bibliográficas y literarias”. Rev. Euskal-Erria, VII (Donostia, 1883), p. 546.

Luis de Azkona (Fernando de la Quadra Salcedo), “El herrador de Abando Juan de Ulibarri”. Boletín de la Solidaridad de Obreros Vascos, del 15 de febrero de 1915.

Florencia Amador Carrandi, “Catálogo de Genealogías del Archivo de la Casa de Juntas”. Publicación de la Excma. Diputación de Vizcaya (Bilbao, 1958), Núm. 2.301, registro 172, genealogía 1925.

“El vascofilo Jose Pablo de Ulibarri y Galíndez (1775-1847). Nota complementaria”, Boletín de la R.S.V.A.P., XVIII (1962), pp. 323/325.

Bernardo Estornés Lasa, Literatura. vol. I, de la Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco — cuerpo B — (San Sebastian, 1969), pp. 589/597.

Yon Etxaide, “Jose Paulo Ulibarriko Ukondo’ko semea”, Zeruko Argia, Irailaren 1-ekoa, 1963.

Vicente Francisco Luengas Otaola, “Introducción a la Historia de la Muy Noble y Muy Leal Tierra de Ayala” (Bilbao, 1974), cap. XXIV.

S. Onaindia, Euskal Literatura, II, (Bilbao, 1973), 333/338 orr.

Julio de Urquijo, “El herrador vascófilo Jose Pablo Ulibarri”, Rev. Euskalerriaren alde, año V, num. 104 (1915), pp. 225/231.

Luis Villasante, Historia de la Literatura Vasca, (Bilbao, 1961), pp. 240 y 258.

Además, en el pueblo natal de Ulibarri, una revista titulada “Ecos del Valle” se ha ocupado en dos ocasiones del escritor. La primera, en el número del 5 de octubre de 1972, y la segunda, totalmente dedicada al ilustre hijo de Okondo, en junio de 1975.

Tambien hay que añadir tres articulos de E. Knorr, que bajo el titulo “Ante el bicentenario de J.P. Ulibarri” aparecieron en la edicion alavesa de La Voz de España los días 15, 16 y 18 de enero de 1975.

Las conferencias y discursos del acto de homenaie a J.P. Ulibarri en Oquendo, con motivo del bicentenario, ved en Euskera, XXI (1976), pp.167/193.

 

 

Literaturaren inguruan
Juan San Martin

Hordago, 1980