|
Literaturaren inguruan
I. SARASOLA,
Bazen ordua euskal literaturaren xede nagusiak kritikatzekoa, bere kondairan zehar dituen alde on eta txarrak eta eraman dituen bideak aztertzeko; literario alde soiletik begiraturik, linguistika alde batera utziaz. Hau du bere asmoa Ibon Sarasolaren “Euskal Literaturaren Historia” izenez argitaratu berri den liburuak. Bere biziko hautsak jasoko ditu liburu honek. Izan ere, bat-batean ez da erraza tratatzen dituen pundu guziak argi eta garbi adieraztea, ez eta ere ikusi ahal izatea. Beraz, ez gaitu harritzen liburu honek izan ditezkean hutsak. Harritzekoa, hutsik gabea izatean datza. Bere funtsezko ezentzian, bat gatoz. Euskal literaturak egun hartu duen bidea, gaiak ugaltzea eta ideologia era guzietatik lantzea, hizkuntza eta hizkuntzaren jabe den herriaren kultura iraupenerako eta politikazko etorkizunerako behar beharrezkoak dira. Herri baten kulturarentzat proiezio bakar hutsa bait da, luzera begiraturik, bere izate guziaren gal bidea. Argi dago kritiko premia handian gaudela, ni ere kritikotzat jartzen nuelarik. Horrela izendatze honek, beste gabe, kritika egitera behartzen nau; baina alperrik nahi izan behar bezalako aburuak egitea, ez naiz sentitzen behar lukean mailatik hartzeko ahalmenez. Parterik gehienean ados nator, batez ere argudioetan. Eta argiegi ikusten ez dudan zenbait pundu, egile beraren eta irakurlearen argibiderako adieraziko ditut. Inoiz egileari laguntzeko eta urrengo kontra egiteko. Hau bait da Ibonek berean markatu didan bidea. Beraz, bere baimena dut. Liburuaren lehen partean, aburu onez aztertzen daki autore zaharrak, Etxeparetik Axular eta Sarako eskolara eta Oihenart bere bakardadean. Parte hau da noski liburuaren interesanteenetako bat, eta urratsik seguruenetan finkatua. “Compañía Guipuzcoana de Caracas”ek, ez dugu dudarik jartzen, bere garrantzia izango zuela XVIII. mendean euskal literatura Gipuzkoan hasi eta gehitzean, baina hobeto aztertu beharko litzake gorakunde hori Sarasolak dion neurrietaraino den; zeren mende erditik aurrerat ilustrazioa ezagutzen zuen euskal teatro zaharrak, Sor Luisa eta Munibe edo Muniberen lanak lekuko, eta beste herrietan ere ezagutu zen goratzeak, normalena zen gurean ere bere influentzia agertzea. Bestalde,XIX.enak berak erakusten digu, “Compañía Guipuzcoana de Caracas” ez zenez gero. XIX.enean, 39. orrialdean, erromantiku garaia ikutzen duelarik, garairen hasieretako Iparragirre ez du aipatzen. Beren poesiak ongi moldatzen dira erromantiku giroan, ez behar bada poesia idazteko moldeetan baina bai berak duen dinamika eta ideologiazko sentimenduetan. Giro hau herriari sentierazi zion poeta dugu. Europako herri anitzek beren jabetasun librea hartu zuten garaia, barnetik ziren inperialismo txiki asko hautsiaz. Hau hola delarik, Iparragirrek altzatu zuen hotsak bere lekua behar zuen. Are gehiago, gaur ere oraindik, bere egarria ase etzuen herriaren ahoetan bere kantak itsatsirik izatean. Baina, erromantiko garaiarena, behar bada, Iztuetari zor diogu [1]. 44 eta 46. orrialdeak barna adierazten duen klerikalismoa, behar bada, neurriz harat doa. Badakigu, klerikalismoak, historian zehar, ahal izan duen neurriraino estutu izan duela bere poderearen hesia. Baina, kleroa klero izan da alde guzietan, konsigna antzerakoekin jokatuaz. Eta herri tipietan neurti horretarainoko azpijanez ari bazen, zergatik jokatu zuen eta jokatzen ari Galizian zeharo bestaldera? Galizian etzan hori gertatu. Eleiza herri hizkuntza arrunt eta tipiaren kontra agertu zen, eta hemen ditu bere sustraiak galiziako literatura antiklerikalak. Ikusi J. Alonso Montero-ren “Realismo y conciencia crítica en la Literatura gallega”. Beraz, adierazi nahi dudana, zera da, ez duela koinziditzen herri bietako eleizaren jokabideak, goiko agindaritza toki beretik etorriarren. Bestalde, Serafin Baroja (Pio Baroja-ren aita) baten antiklerikal eta antikarlista kantak eta ateraldiak ere badira, adibidez (noiz ikusiko ote ditugu liburu batean bilduak? Merezi du). XIX.aren lehen partean Etxahunek ere bazituen kanta antiklerikalak, baina denok dakigu gizajoak zer burubide eraman zuen bere bizitza garratzaren zehar, eta bere kasua literatura mugimendutik zerbait apartatzen da, adierazi nahi dugun pundu horietan, baina erromantikotasuna ukatu gabe. Pundu honetan aipamen berezia merezi zuen A. Irigaray-ren “Esbozo bio-bibliográfico de la literatura euskara profana (del s. XV al XX)” saiaerak, bertako iritzi eta gai askorekin baliaturik. Lan honek “PrÍncipe de Viana” (1965) aldizkariaren 98-99 zenbakian ikusi zuen argia. Liburuaren bigarren partean sartzean, S. Aranaren eskolatik sortu zen purismoa salatzen du. Eta, garbizaletasunakin batean, arraza diskriminazioa eta klerikalismoaren neurrigabekeria. Izan ere, XX. mendearen zarreran ez zen politika jokurik bidezkoena. Aranak aukeratu zuen jokabide honen oinharri, Larramendiren influentzia hartzen du, bere parterik handienean. Baina arrazakeriaren sustraiak askozaz haruntzago aurkitu behar dira, euskara hizkuntzaren bitxikeria ere bai. Garibay, Poza eta B. Etxaben ere aurkituko ditugu kontzeptu horiek. Paradisuko hizkuntza bitxia eta arrazatiko noblezia horiek erabili zituzten, eta Klaberiak Ziburuko Joanes Etxeberriri egin bertsoetan ederki burlatzen ditu. Baina, partiturik adieraziko ditugu: Hizkuntzaren bitxitasuna, ordutik hasi zena, Larramendiren bidez, goraka etorri zen Paulo Astarloara arte, eta S. Aranak P. Astarloa hartu zuen modelo, eredu, hizkuntzaren purismoan behintzat. Arraza kontua, arestian aipatu ditudan E. Garibay, A. Poza eta B. Etxabek, Tubalengandik zuzen gentozela euskaldunok, beren ustez erabili bazuten ere, kontzeptu oso espainiar erresumakoa du bere oinharrietan. Eta, ez “fiesta de la raza” zelebratu izan duen nazio bakarra delako noski; baizik, argi dago, lehen noblezia kasta, gure probintzietara, Gaztelako erregeen aitoren-seme (aita onen-seme) eta gainerako noblezia tituluetatik hasi zela. Behar bada, eta hala zen seguru asko, aurretik ziren ahaide-nagusien bukaera ondorean sortu ziren haiek utzitako handi nahiaren tokiaren betegarri, konde, markez, hidalgo eta gainerako handiki tituluok, lehen aldian, Gaztelako erregeak ematen bai zituzten, eta ez gure probintzietarako batzarrak. Eta ez da historia asko jakin beharrik, “villano” eta “basallo” eta antzerakoak zer giza-maila zuten jakiteko. Orduan, euskaldunak, beren foruen bidez, ez zituzten onhar beren artean holako berizkuntzarik. Euskal Herritik irtetzean, beren buruak villano edo basallo bezala agertzean, Biltzar nagusien eskaria izan zen, hemengo guziak maila unibersal batean berdintzea, aitoren-seme, hidalgo, titulua hartuaz, gizon bezala errespetatuak izateko. Ikus, huntaz, beste zenbait estudioren artean, K. Etxegaray-koaren “Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa”-ren lehen kapitulua [2]. Egoera honetan, lehen aldiaz, berri oso bat hornitzen da gizon errekonozidu mailan (edo seme errekonozidu, “hijo de algo” —hijodalgo edo hidalgo—, eta ez bastardo). Larramendik defenditzen zuen nekazari noblea, zapatari noblea eta abar, alper eta alproja nobleen aurrean, euskaldungoa defenditu nahirik, gure noblezia apalaren kontra irtetzen zirenen aurrean (ikus, “Corografía”-ren “De la nobleza...” kapitulua). Gertakizun hauetatik, Gaztelanian liberalismoaren garaian nobleziak lehen zuen prestijioa galtzea, gutxi batzuk zirelako tituludunak eta anitz gabeak. Gabeak irabazi zuten beren eritzia poliki poliki. Baina, Euskal Herrian ez zen hori gertatu, noble izatea denak ahal zutenez, harrokerian erori ziren, eta askok eutsi nahi zion, gauza bereizi bezala, bere funtsezko kontzeptuetan oso espainiar hutsa bazen ere, eta hau politikaz bestaldera jokatuaz. Jakina, Sabinok bere politikarako hartu zuen; baina puntu honetan badakigu nork influentziatu zuen. Bere politika programa egitean, Lizarrar Aita Iberogana anitz ostera egin zuen eta batez ere harek kutsatu zuen arraza-zale bezala, eta, seguru asko, baita klerikalismoan ere, neurri handi batean behintzat. Beraz, Aranaren joerak, Larramendi, P. Astarloa eta A. Ibero ditu iturburu. Horietatik, lehenengoaren jokera hain zuzena ez bazen ere, ondorengo biena okerrago noski. Baina, oraindik ere euskaldunok arraza-zaletzat juzgatzen gaituzten espainiarrak, jakin bezate beren herentzia izan dugula pundu honetan. Dena dela, aitortzen dut, azterkizunok ez direla hain xinpleak, eta literaturatik aparteko historia ere hobeto ezagutu beharra dugula. Behinik-pehin gure literatura gizarte hauziekin konparatzean. Literaturan, garbikeriatik jarraitu dutenek beti izan dira kulturaz guti hornituak edo kopeta laburrekoak. Heurek nahi zuten euskara, anti-erdara zen. Baina, anti ziren aldetik, beren konparazioak, erdaraz hola zena euskaraz hala behar zuela, eta horrelako jokabidez erdara bera hartzen zuten oinharri; zeren erdaratik ikusten bai zituzten gauzak, euskeraren muinetik ikusi beharrean. Adibidez, gazteleratik askozaz hurbilago dago “Lorailla”, “mes de las flores” ideakoa, jatorragoa den “Maiatza”, “Mayo” pagano zaharretikakoa baino; baina, “garbizaleen” mundu txikian bestaldera behar zuen izan. Gainera, maiz, hitz berriak asmatzen zituzten, bakoitzak berak ezagutzen zuen euskera txikitik ikusita, lehendik beste euskalki batean hedatua zegoen edo ez, begiratu gabe. Baina, kritika honetan alde hontatik abiatuko bagina, inoiz bukatu ezindako jardunetan eroriko ginake. Herri literaturak ere, bere toki bat hartu behar zuen liburu honetan. Pasturalak ez-ezik, Lafittek Bourges-en Gonzalve edo Ostatu betea antzerkia itzulpenaren hitzaurrean jartzen dituen herriz-herrizko teatro tipien oharrak ere aipagarriak dira, behar bada Barrutia eta Muniberen lanak hobeto ezagutzeko ere bai. Arestian aipatu dugun Etxahun, herri bertsolaritzaz kutsatutako poeta, hain antiklerikalak, zenbait bertsutan lizunkeri gordinak eta inoiz eztenkada zorrotzez behartsuaren alde, “Oi! laborari gaxua”n nekazarien alde. Eleizanburu berak ere, nekazariak ongi defenditzen ditu “Lehen eta orain”en. Baina, batez ere herri-kanta zaharrak dira garai bakoitzeko giroa, literatura egintzaz aski ongi betetzen dutenak (dakigunagarren horien klasifikazio zehatza ez dela erraz), eta hontaz lehen forma emate bat aurkituko dugu Leizaolaren “La crónica en la poesía popular vasca” eta “1808-1814 en la poesía popular vasca” bi liburuetan batez ere. Langileriaren problematikak ere bilatuko ditugu, hortara beharturik, gure literatura herrikoian, Juan Jose Sarasolaren gaztaroko bertsoak, esate baterako, Lexo bertsolaria liburuan (“Auspoa”), 1894, 1903 eta 1904.eko bertsogintzan [3]. Eibarren bertan, hizlari euskaldun bezala, sozialismoaren apostolua Amuategi izan bazen ere, garaiko euskaldun langileen giroa ederki adierazten du “Forjarien kantak” (Ikus Anaitasuna, 212 zenb. 14 orr.). Horiez gainera, ez da gauza erraza izanen orduko eskuz-eskuzko propaganda euskaldunak eta maiatzaren lehen eguneko kanta euskarazko bera arkitzea. Beraz, guzti hau ere bazen euskeraz gure mende honen hasieran. Eskubi aldekoak, konserbadoreak, euskara monopolizatzea ez zen PNV-ren programaren ondorioa, ez. Orduko ezkertiarrek, I. Sarasolak ez badaki ere, ezin bestean joten zuten euskarara. Alderantziz, Mendiburuk bere “Jesusen Bihotzaren Devocioa”-ren hitzaurrean duen errazoi beragatik, euskaldun hutsak zirenentzat, Ibonen liburu honen 45. or. jartzen den bezala. Zeren hain internazionalista sentitzen zirenez, orduko ezkertiarrek, munduan hizkuntza bakar bat predikatzen zuten, esperanto eskolak jartzen zituzten (Esperanto-ren galera, sozialistak nagusitu ziren nazioetan hizkuntza berri hau ofizial ez jartzetik dator; ez ofizial jarri eta ezta bigarren hizkuntza bezala irakatsi, lehenago heurak hainbeste predikatu ondorean). Eta, jakituriaz jantzigabeko langilearentzat esperanto ikastea nekeza zanez, errazera jo zuten, urrutiagoko homogeneismo edo monolinguismo utopiko baterako bidea hartuaz, edo, garbiago esan-da, bide errazagoa zen gazteleratik ikusten zuten eta abstraktoki predikatzen zuten. Inoiz ez zuten erreflexionatu, ez zuten barne gogoetarik egin, internazionalismoa herri ororen artean hornitzen zela; mundua bere naturalezaz zela era orokorrez bere natura izatean, ideiak bat egin zezazkeela bakoitzak bere izateari utzi gabe eta abar..., orduan ez zituzten ez ikusten ez ulertzen, hain ideia xinpleak izanik ere. Orduango ezkertiarrek, beren asmo onekin ere, Estadu-nazio kontzeptu atzerakoia defenditu zuten eta zentralismoari indarra eman, heurak igarri gabe, heuren herriko kultura marginatzen laguntzeko. Eta, herri baten kultura marginatzea anti-internazionalista da. Kataluñan ez zen hola gertatu, lehendik beren hizkuntza, jatorrizko kulturarekin eta egungoarekin finkatuago zutelako. Arrazoizko, haien bidea hartzea izango zen, hemengo ezkerrentzat ere, baina kultura faltaz eta kanpotiko zuzendaritzapean beren alderdiak zituztelarik, abertzale eskubitarrei euskararen monopolio kulpak jaurtzea da errazena, beren eskuak garbitzeko, garaiz behar zen lekuan eta behar zen bezala konpetentzia sortu beharrean. Lehengo ezkertiarren jokera hori hola zela argi adierazten du egungo egoerak berak ere. Ezkertiar berria sortu behar izan da gure herriaren egoera tamalgarri hura zuzentzeko. Bitartean, zenbat denbora eta zenbat terreno galdu duen gure kulturak eta gure hizkuntzak. Jokabide harek, historian zehar luze irauntzen lagundu dio euskal kulturaren marginalismoari. Liburu honetan, 60. orrialdean, egileak, eredutzat jarri nahi duen girotik aparte daude Lauaxetaren “Mendigoizalearena” eta Lizardiren “Xabiertxoren eriotza”. Ez dakit, baina behar bada ez ditu irakurri edo bestela ez ditu ulertu. Lehenengoa, ekintza mugimendu bati eskainia da, eta bigarrena hildako seme bati poeta intimista batek egina. Bietan, sinbolu bereziak jokatzen dute. Lizardiren seme hura Gabon egunez hil omen zen. Bi poemok aparte, gainerontzean, ez dut ukatzen egileak zalatzen duen giro hura. 69. orrialdean esan beharra dago euskaraz idazteak zelako eragozpenak zituen, garai hartan. Harritzekoa bada ere, euskaraz idazteak bere peligroak zituen garaiak ere izan bait dira gure historia tristean, delito ikaragarri bat balitz bezala. Larogeitaseigarren orrialde inguruan, euskara idazkerak hartu dituen bideak aztertzean, Arestiren herri-euskaraz ere mintzo da. Baina, Arestiren euskarak herririk ez duela esango nuke nik. Bere alde eta hobeto esateko, gure herri orotarik eta literatura zaharretik atera duen koine antzeko batera hurbiltzen dela esango nuke. Oraingo gazteen ezkerralderako joerak berak ere badu bestelako arrazoirik. Euskal kultura eta euskal literaturaren mugimenduan ari diren gazte ezkertiarrek eskumatarren semeak dira gehienak; seminarioetatik irtenak edo ez direnean. Eliza jerarkia eta estadu poderetsua elkarturiko urte askotako egoera itsuaren ondorioz sortutako erreakzioa, egon ezina da; bestetik berriz, II. Kontzilio (1962.netik ondoren) ondorenak berakin ekarri duen erlijio krisisaren seme. Erlijioak bere barne izan dituen aldakuntzekin, bi era nagusitara ebaki zituen joerak, mentalidadez prekontziliar direnak; bestetik, bere zentzura irekiago jarri zuen, honekin mila tabu erori ziren eta anitzek ordurarte entzun edo irakurri ez zituen gauzak entzutera eta irakurtzera heldu zen. Egiatzat zituen kontzeptu asko jarri zituen zalantzan, eta dudetatik sortutako kezka urduriak sakabanatzen hasi. Hemendik, askok ezkerraldera ihes egitea. Eta ez dago dudarik, honek ere lagundu zuela mentalitate idekiagoaz girotzen eta bultzatzen 64 gizaldia deitzera etorri garena. Iritzi hauetatik aparte, garrantzi guttiko hutsen batzuk ere izango ditu, noski. Holako obra bat burutzeak berak dakarren gauza da. Idazle eta beren lanen artean badira hutsunetxo batzuk ere; ez handiak. Tomas Agirre “Barrensoro”, ez da apeza, 123. orrialdean dioen bezala. Eta, “Uztaro”, bere nobela, ezin da jarri ohitura eleberritzat. Hortatik ere zerbait baldin badu, joko-etxeen kritikazkoa da. Oroi, Kursaal eta Gran Casino ba zirela Donostian. Eta, obren artean, M. Zarateren “Bizkaiko euskal idazleak” (1580-1968) ere bere tokia behar zuen behinipehin. Historia aldetik begiratua dagoenez, eskualki baten kondaira urratsetan mugaturik. Bizpahiru urte lehenago argitaratu bazen, garrantzi handia izango zuen liburu horrek, eta orain zergatik ez? Bat-batean batasunaz neurriz kanpora egarritu garelako? Baina, historiak beti jarraituko du historia izaten, eta batasuna indartu artearainokoak bere tokia izango du. Egileak, ideiak eta imaginak azkar eta garbi erabiltzen daki; atsegin handiz irakurtzeko eran, eskuetan hartu ondorean irakurri arte utzi ezinezko liburua da. Ez du unetxo bat ere aspergarririk. Obra guztian zehar, gure literatura ongi ezagutzen duenaren ageriak ematen ditu egile bizkor honek. Hemen salatu ditugun hutsak eta agertu ditugun ikus-molde desberdinak oso txikiak dira liburuak dakartzan berri eta iritzi jakingarri ugarien artean. Ibonek, begi-golpe onez epaitu ditu gure literaturaren kondairak dituen korapilorik handienak, labur eta ongi juzgatzen jakin du. Gaur, gure artean, gutxi dira holako lan bat hain ongi burutzeko ahal direnak. Eta, euskal literaturarekin zerbait arduratzen diren guztiak irakurri behar duten liburua dugu hau.
Anaitasuna, 216 eta 217 zenb. 1971-VIII-15 eta 30
[1] Ikus liburu honetan “Iztueta erromantikoa”. [2] Ikus “Gogoz” deritzan (Donostia, 1978) nere liburuaren 104-107 orrialdeetan “Eskal berdintasuna”z zer jasotzen dudan. [3] Ikus “Gogoz” liburuan 267 orrialdean “Langilearen kezkak euskal literaturan”.
Literaturaren inguruan |