Literaturaren inguruan
Juan San Martin

Hordago, 1980

 

 

URKIXO-KO JULIO-REN
100. URTEBURUAN

 

      Urkixo-ko Julio, Deustun jaio zen 1871an. Ospe handiko gizona, RIEV-en sortzaile eta zuzendari izan zen (1907-1936). Urkixok, gezurra badirudi ere, euskaraz idatzi zuten askok baino goragoko maila merezi du euskal literaturaren kondairan. Bere lana, literaturaz eta linguistikaz hain zientifikuki egin zuenez eta egitera bultzatu zigunez gero.

      Askok pentsatu izan dute honegatik bakarrik sartu nuela “Escritores euskéricos” katalogoan. Izan ere, hala dirudi bere fitxa irakurrita; baina hori ez zen aski arrazoi, ez; ez nion tokirik emango, euskal idazleen artean, inoiz euskaraz idatzi ez balu.

      “Zer diozu; Urkixo euskaraz?”, esaten zidan adiskide batek oraintsu.

      Hemen, gutxienez, bere gogoa zer zen adierazten digun lantxo bat jasoko dut. Bere gogoa, ez euskararen alde bakarrik, baizik zer euskara motarena ere bai. Urkixok bere iritzia ondo landua zuen huntaz, literaturaren tradiziozko iturrietatik hartua. Hau da gutxik dakitena.

      Bera, izatez, euskaldun-berria zen. Askok uste baino euskara gehiago zekiena, noski. Eta, gure literatura zaharrakin liluraturik egoana. Huntaz adibiderik hanitz emanen nuke, baina luzeegi joango nintzake. Hor daude, esate baterako, “Obras Vascongadas del doctor labortano J. d’Etcheberri” (Paris, 1907), “Introducción al ‘Lingvae Vasconvm Primitiae’ de B. Dechepare” (Donostia, 1933), errefrau zaharrak, Garibayrenak eta 1596-koak eta beste lan asko, hain ohar jakingarriekin berak berriz argitara emanak. Bere iritzi baliosak ezin zitezkeen egosi euskeraren ezagutza gabe. Eta, bere ezagutza ez zen nolanahikoa, ez eta ere bere literatura jakintza.

      Ez genuke gehiegizkorik esango, euskal idazle handi bat izango zela bere garaian giro egoki batek inguratu izan balu, esateaz. Hau da, orduan garbikeriak hainbeste indar izan ez balu. Berak hori ezin bai zuen irentsi.

      Ikusi “Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco” Literatura, II), 280/290 orr., liburuan, Luis Eleizaldekin gertatu zitzaiona, garbikeriak bere alturarik handienean ibili ziren garai hartan, “eleiza”ren ordez ere “txadona” (etxedone) erabili behar omen zen, eleiza hitza latinetikakoa zelako. Hunelako iritzi kaxkarrekin Urkixo garbizaletasunera eramango zuelakoan. Eta, Urkixok, esan omen zion: zure deitura, Eleizalde izan beharrean Txadonalde jartzen baduzu bai. Hortan bukatu omen ziren elkarren artekoak. Hau zen bere garaiko burubidea.

      Orduko giroak ez zion ez lagundu. Gaur, ordea, bere gogora hain ongi eratuko zen giroak inguratzen gaitu. Urkixo ez zen profeta, eta berak ere ez zuen horrelako nahirik. Baina bai, bazekien gure literaturak zer jokabide behar zuen, jatorritik zetorkigun tradizioari loturik behinik-behin. Eta, gaurko joera hortara etorri zaigu. Zeren Urkixo ere “h” zalea zen, gure literatura zaharreko frutuen balioa gure arteko beste askok baino lehen ikusi zuelako, literatura jatorrak lehenarekin lokarriak behar zituela ongi zekielako. Baina euskaldun-berria eta bere garaikoak berak hain gogoko ez zuen joerazko korronte indartsua ikusirik, ez zen harritzekoa euskaraz ez idaztea. Hala ere, badugu bere pertsonalidadea eta bere barne gogoa zintzoki agerian jartzen digun lanik, euskara jatorrez idatzirik. Egungo aburuetara ahalgerik gabe ager ditzakegu, eta ezin dugu gauza bera esan orduko idazle oparotsu askogatik.

      Hara hemen, lekuko, Urkixoren euskarazko lantxo bat. 1910ean “Euskal Esnalea-ren esku-egunkarian” argitaratua. Guk, bere ortografiaz dagoen dagoenean utziko dugu, x eta tx, ch eta tch-ren ordezko aldakuntza soila eginez. Besterik ez. Halakoa bait da bere euskera. Eta, artikulu honetan, zein ederki goratzen duen, bere gogora eginez, Claveria-k XVII. mendean Ziburuko Etxeberri-ren ohoretan esana; artikulu honek, “Zaharren erranak” du titulutzat:

 

      “Ezta Euskalzaletasuna gauza berria, hainitzek uste duten bezala. Iragan diren mendetan euskalzale batzuk bizi ziren, eta hekien artean Claberia Apheza, guti ezagutua dena. Jaun hunek, Etxeberriko Joanesi eskainiritako hitz neurthitzetan, erraiten dio:

 

            Burlatzen naiz Garibaiez

            Bai halaber Etxabez,

            Zenak mintzatu baitire

            Erdaraz Eskaldunez.

 

            Ezen zirenaz geroztik

            Eskaldunak hek biak,

            Eskaraz behar zituzten

            Egin bere historiak.

 

            Eskaraz egin ditutzu

            Etxeberri, zure obrak,

            Ohoratu nahiz zeure

            Ahalaz herritarrak.

 

            Zer errefrau eder baita

            Hizkuntza arrotzetan

            Hura aditzera ematen

            Daroezu beretan.

 

            Esker bada eta aithor

            Duzula berezia

            Zeren xoratu duzun

            Herritarren mihia.

 

      Egia handia da hori. Haurdanik euskara ikasi ez dugunek ez detzakegu gure liburutxoak euskaraz eskriba, bainan Aitoren hizkuntza dakitenek zergatik eskriba lezakete erdaraz?

Urkixo-ko Julio

R.I. de los Estudios Vascos-en Zuzendaria”

 

      Honeraino duzu “Zaharren erranak”, irakurle. Zein egoki aprobetxaturik Claveria-ren zirikadazko poesia. “Aitoren hizkuntza” esatean ere, ez uste mitologia faltsuz sortutako “Aitor” denik, baizik xuberotarren “Aitoren” (aitaonen) duzu. Eta haurtzarotik euskaldun izanik liburuak erdaraz izkribatzea, sinetsi ezinezkoa zen Don Julio-rentzat. Baina, bestalde, gaur bizi izan balitz, harrituko zen hainbeste euskaldun-berri euskeraz liburuak idazten ikusteaz. Egun, bera ere, honetariko bat izango zen, noski. Zeren, nork ez luke pentsatuko artikulutxo hau gaurko gazte batek idatzia ez denik? Eta, bere gogoa eta bere eskaria, zer ikasbide ederra oraindik orain ere erdal literaturari gustoa harturik dabiltzan euskaldun horientzat.

      Hala ere, berriz diot, Urkixori, euskal literaturan gehien zor dioguna, zera da, lan ez-ezagunen bilaketa eta liburu zahar haiei buruz eman zituen iritziak. Euskarazko literatura ilunpetik ateratzen asko lagundu zuen gizona. Neurri handi batean, berari esker aurkitu ditugu gaur daramatzagun bideak. Baina oraindik ere ba dugu zer ikasirik gure lehena hainbeste sakondu zuen gizon honegandik.

      Lanik aski aurkitu zuen lehenaren azterketan; eta, behar bada, honegatik ere ez zen sartu berak euskarari buruz zituen iritziak defenditzen, denborarik ez galtzeko.

      100. urteburuan izan dezagun bere oroimena, irakurle.

 

Anaitasuna, 215 zenb.

1971-VII-15

 

 

Literaturaren inguruan
Juan San Martin

Hordago, 1980