|
Literaturaren inguruan
TORIBIO IRIONDO
Herri-kantak, dudarik gabe, noizbait egileren bat izan zuten, hoien izenen arraztoa galdurik eta maiz ahoz-aho zenbait era aldaturik etorri bazaizkigu ere. Herri-kantatzat ezagutzen dugu gaur egun “Ogi zerutik” ere. Hala dakar behintzat “Gora Jainkoa!” izeneko elizkantadun liburutxoak [1]. Azken orrialdeetako eraskinean, egilea behar duen tokian, “Errikoia” jartzen du. Baina nere txosten honetan egilearen berri eman nahi nuke, eta era berean egile beraren lan batzuen berri ere bai, bere nortasunaren adiarazgarri. Hain hedatua aurkitzen den kantaren egilea, Toribio Franzisko Iriondo Sasiain apaiza dugu. Elgoibarren jaioa 1848ko apirilaren 16an, eta 1922ko irailaren 19an hila, bere sorterrian apaiz zela. “Ogi zerutik” eliz-kanta politaren egilea den berri Aita Franziskotar batek ematen digu bere liburuan. Liburu hau, “Lore sorta edo San Franziskoren 3.en Ordenako erregla”, Tolosan argitaratu zen 1900ean [2], eta 241 orrialdean, kantaren aurrean hara zer jartzen duen, hitzez-hitz: “Komunio jeneraletan erri guziak kantatzeko berso eta musika polit auek D. Toribio Iriondo Apaizak atereak dira”. Ondorean “Ogi zerutik” kanta osoa ematen du. Kanta osoa diot, errepikatzeko erabiltzen den laukotik aparte hamabi bertso dituelako. Hoietatik, aspalditik lau erabiltzen ziren eta “Gora Jainkoa!”-k hiru besterik ez ditu. Baina Aita Franziskotarrarena baino lehenagoko liburuxka bat ezagutzen dut, egilearen izenik gabe argitaratua, “Misio Santubetaraco Jesus gure Jaunari eta Ama Birjiñari cantubac” [3] tituluduna, eta 11/13 orrialdeetan dator nik ezagutzen dudan “Ogi zerutik” zaharrena, musika ere azken partean daroana. Behar bada, liburuxka hau, T. Iriondo berarena da, zeren bertan agertzen den “Billeraco alabac” izeneko kanta ere berea bai da, geroago, 1904an bere “Maria Becaturic gabe contzebituari” [4] izeneko lanean berarena bezala azaltzen bait da. Gainera, joan zen mendearen bukaeretako garai hartan, Gipuzkoako Alegin erretore zela, egilearen izenik gabe aurkitzen den liburuxka hori baino lehen, beste bi argitaratu zituen bere izenean Tolosako Gurrutxagaren moldiztegian: “Misterioric aundienen oroipengarri chiquia”, 15 orrialdekoa 1889an eta San Juan Bautistaren bederatzi-urrena, 29 orrialdekoa 1892an. Hauek, nik neuk ez ditut ikusi. Hoiez gainera, Patrizio Orkaiztegirekin batean, 1881ean, “Jesus eta Mariaren billeracoentzat itz neurtuac” [5], eta 1904an Aita Gaspar Astete-ren dotrina, gipuzkeraz. 1893an, egile izen gabe argitaratuan, eta 1900eko Aita Misionari Franziskotarrarenean, bi liburuetan, arestian esan dudan bezala, lehen errepika bertsoa eta beste hamabik osatzen dute kanta. Geroago, Pedro Migel Urruzunok euskaratutako Aita Baudran-en “Zeruko Argiya edo! ondo pentsatu!” liburuaren eraskinean [6] lehen lau bertsoak besterik ez datoz. Baina liburu honetan ere, “Billeraco alabac” izenekoa berriz argitaratzen da. Jesusen Lagundiko A. Kandido Basaberen “Eleiz-liburuchua”-ren 1912.eko edizioak, Bilbon argitaratuak, latin eta euskarazko eliz-kanten eraskin eder bat du, beste norbaitek gehitua, eta 173. orrialdean lehenengo hiru bertsoak bakarrik ditu, bizkaieraz jarriak, egile izenik gabe. Hain zabaldua den “Ogi zerutik” kantaren egilea izateaz aparte, Tolosan argitaratu ziren bi libururen egilea ere badela ikusten dugu, Orkaiztegirekin elkar lanean egindakoaz aparte. Baina, zer gehiago? Hara hemen beste idazlan batzuen adibideak: Aita Onaindiaren “Milla Euskal-olerki eder” [7] liburuaren 416. orrialdean begiratzen badugu, “Andre guzien artean bedeinkatuari” eta “Birjiña Mariari” izeneko poesi-kantak aurkituko ditugu. Aita Onaindia berak, “Euskal Literatura”ren hirugarren tomoan [8], T. Iriondoren lanen zenbait berrirekin batean “Billa joan eta gabe etorri” deritzaion hitzlauzko lana ematen du. Jon Bilbaoren “Eusko Bibliographia”-ren laugarren liburuan [9] gure Iriondo honen lan batzuen berri ematen du: aipatutako bi liburuxkak, 1881etik 1912ra bitartean “Euskal Erria” aldizkarian argitaratu zituen poesien berri, gehienak erlijio gaiak, 1897an Euskaltzalen eta 1922an Arantzazu aldizkarietan ere bai. 1899, “Euskaltzale”n Irisasi izenordea erabili zuen [10], eta Aita Onaindiak dioenez, Irisasi izenorde honekin Ibaizabalen ere kolaboratu omen zuen. Baina ez A. Onaindiak eta ez J. Bilbaok ez dakarre noiz eta non sortua zen eta ez noiz hil zen Toribio Iriondo, eta Alfonso Astaburuaga apaizari esker lortu ditut sortze eta heriotze garaiak Elgoibarko San Bartolome parrokia nagusian. Bestalde, argi bedi, lan guziak ez direla “Eusko Bibliographia”-n bilduak, zeren T. Iriondok sortutako eliz-kantetatik anitz liburu eta aldizkarietan zabaldu bai dira. P.M. Urruzunok A. Baudran-i egin zion itzulpenaren ondotik [11], 370 eta 373 orrialdeetan han datoz beste “Agur Erregiña”ren bost bertsoak eta “Billeraco alabac”ren zazpirak. T. Iriondo eta P.M. Urruzuno, herkide eta adiskide ziren, eta 1920an, Pedro Migelen apaizgoaren urre-eztaietan, omenezko bertsoak idatzi zituen, gero “Ipuiak” [12] izeneko liburuaren hasieran argitaratu zirenak. Oraintsuago, “Andre guztien artean bedeinkatuena” izeneko poesia, Madrid-en argitaratu den “El Libro de la Virgen” bilduman agertu da [13]. Toribio Iriondoren lanok ondo sakabanaturik agertzen dira. Eta, sortzaileaz gainera, biltzaile ere ba zen, Azkueren lanetan ikus genezakeanez. Azkueren “Cancionero popular vasco”rako bost kanta bildu zituen: “¡Oy, bart!” (Zearrotzako Maria Josefa Urionabarrenetxearenakin osatuaz beteko zuena), “Aldapeko sagarraren...”, “Logura naiz ta logale”, “Gazte zoroaren...” eta “Peru gurea Londresen” delakoaren lehen partea [14]. Eta “Euskalerriaren Yakintza”-rako bi ipui [15], “Alostorrea” eta “Zegamako bilindrinak”. Lan guziak bildurik liburu eder bat hornitzeko haina badu eta euskal idazleen artean toki berezia merezi duena da Toribio Iriondo Sasiain elgoibartarra. Ondorean, txosten honen bukaeran, “Ogi zerutik” osorik ematen dut, lehen argitalpenean dagoenez.
Donostia, 1975-IV-25 Euskera, XXI
[1] “Gora Jainkoa!”, Euskalerriko Liturji Batzordeak argitaratua. Izarra. Donostia, 1972. 50garren kanta. [2] “Zarauzko Aita Misionari batek 3.en Ordenako Anai arrebai eskaintzen dien Lore sorta edo San Franziskoren 3. Ordenako Erregla bere azalgueta, alabantza, pribilejio ta induljensi berri askorekin apaindua”. Tolosan: Pedro Gurruchaga-ren Alargun eta Semean moldiztegian. 1900garren urtean. 9,5 x 15 zm. neurrian 246 orrialdeko liburua. A. Fr. L. Villasante jaunari esker, liburu hau Aita Jose Antonio Ugarte Angiozarkoarena dela jakin dut, 1935ean argitaratu zen “A la Seráfica Provincia de Cantabria en el septuagésimo quinto año de su Restauración” delako liburuak dakarrenez. Elgetako monografian ematen dut Aita Frai Jose Antonio Ugarteren berriak. Ikus “Elgueta con Anguiozar y Ubera” (Donostia, 1975), 142-143 orrialdeetan. [3] “Misio Santubetaraco Jesus gure Jaunari eta Ama Birjiñari cantubac”. Tolosan: Pedro Gurruchaga-ren Alargun eta Semeen moldiztegian. 1893. urtean. 10 x 15 zm., 32 orr., eta beste 4 orr. musikaz. [4] “Maria Becaturic gabe contzebituari”. Tolosa, 1904. [5] G. de Sorarrain, “Catálogo de obras eúskaras”. Barcelona, 1891. 411 orr., 1206 ref. [6] 1921eko argitalpenean. Lehen edizioa 1885ean izan zuen. [7] A. Onaindia, “Milla Euskal-olerki eder”. Larrea-Amorebieta, 1954. [8] A. Onaindia, “Euskal Literatura”, III, 256/258 orr. B. Estornes Lasak ere aipamena egiten dio “Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco”, vol. II, Literatura, 194 orr. [9] J. Bilbao, “Eusko Bibliographia”, IV, 422. Donostia, 1974. [10] J. Bilbaoren obra berean, 423 orr., “Billa joan eta gabe etorri” izenekoa aipatzen du. [11] Baudran-en aipatutako itzulpenean, “Zeruko Argiya edo jondo pentsatu!”, 1921eko edizioan. [12] “Urruzuno’tar P.M.’en ipuiak”. Neketako Ama-Birjiñaren irarkolan. Iruñea-n, 1930. 5/6 orr. [13] “El Libro de la Virgen. Antologia Mariana Hispana e Iberoamericana de poesía y de pintura: Poesías castellanas, catalanas, gallegas, vascas y portuguesas”. Madrid, 1963. Aita Onaindiak aipatzen du, “Euskal Literatura”, II, 103 orr. [14] R.M. Azkue, “Cancionero popular vasco”, 135, 195, 463, 504 eta 887garren kantak. [15] R.M. Azkue, “Euskalerriaren Yakintza”, II, 6 eta 130garren ipuiak, 30 eta 356garren orrialdeetan.
Literaturaren inguruan |