|
Literaturaren inguruan
“GAVON-SARIAC”,
Nere mintzabide labur honetara ez dut ezer berririk ekarriko, garaiko giroz gure literatura Europako kultur mugimenduari erantsi baizik. Ilustrazionismoa, literaturan, XVII, mendearen bukaeretan indartu zen, inprimerietan brontzezko plantxak zurezkoen ordez jartzean. Baina batez ere XVIII.ean hedatu zen, liburuak apaingarriz hornituaz. Era beran, idazkerak ere aldatu ziren, edergarri hoien araberaz, mugimendu honetan Frantzia buru zelarik. Ekintza horren ondotik etorri ziren ideien aldakuntzak, eta XVIII. mendeak ekarri zuen Ilustrazioa (argien mendea), arrazoizko jakintzaren filosofietan oinharritzen dena, jitez-gaineko edo grazizko maila jerarkikoek arrazoizkoen azpitik jarriaz. Hontatik zientzien aurrerapenak, erlijio era berritzeak, etika eta politika bizkortzeak, eta abar. Ordutik, gizartea natura legeetan oinharrituz, gauzak arrazoibidez konprenitu nahia sartu zen, naturaz goragoko zerbaiti begiratu gabe. Aurtengo irailean sortu da “Elhuyar” izeneko aldizkaria, zientzia gaiak euskaraz emateko asmoz, Amigos del País Elkartean ikertzaile ospetsua izan zenaren ohoretan. Nonbait, orain dela berrehun urte baino gehiago, gure Ilustrazio garaian, atzean utzi genituen ekintzak berriz piztu nahirik. Orduko ekintzari buruz, aldizkariaren laugarren orrialdean, hara zer esaten duen: “Mugimendu honek (Ilustrazioak) berebiziko indarra hartu zuen eta Euskal Herriraino ere heldu zen. 1746.ean Xabier Maria de Munibe, Peñafloridako Konte jaunak Frantziatik itzultzean, bere etxean, Azkoitian, lagunarteko batzarrak antolatzen zituen Matematika, Fisika eta garai hartako berriei buruz elkarrizketak izateko asmoz”. Xabier Maria Munibe, Peñafloridako kondeak, Frantziatik haize berriak ekarri bazituen ere, garai hartarako hemen zen Joannes Etxeberri Sarakoa (1725tik 1749ra bitartean Azkoitiko mediku zena), Axular eta ondorengoak hain maite zituen euskaltzale borrokatua. Bestalde, baita ere bazen Larramendi eta bere ingurukoen eraginaren itzala. Beraz, ez zuen giro txarra bere nahien hastapenetarako, literaturagintzari dagokion partetik. Insaustiko etxe hau izan zuten akademia gisa eta hemen loratu zen euskal Ilustrazioa. Esan beharra dugu, hasiera bateko giroa oso euskaltzalea izan zela, baina gero, zoritxarrez, erdaraz landu zituztela beren gaiak, bai artegintzakoak eta batez ere zientziazkoak. Baina, gaur bereziki aipatu nahi nukeana, zera da, “Gavon-sariac” izeneko agerraldia, gure literaturan Ilustrazioko lehen izpia. Otsaldi haiek Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País deitu elkarte hura baino lau urte lehenagokoak dira: 1762koak. “Gavon-sariac” lanaren egileaz oraintsura arte zalantzak izan dira. Joan zen mendean Jose Manterolak Peñafloridako kondearena zala esanarren, J.I. Arana jesuita azkoitiarrak Luisa Miserikordiakoa bazala eta honen izenean argitaratu zenez gero erlijiosa honena izango zala esan zuenez, zalantza handiagoak sortu ziren, eta Manuel Larramendirenak ote ziren susmoa ere zabaldu zen [1]. Hala ere, Julio Urkixoren liburutegian aurkitzen den ale batean, Aizkibel-en esku-izkribuz hau irakurtzen da: “Aunque en el prólogo dice que son de la Luisa, sabemos por Sr. Marqués de Narros, D. Francisco X. de Aguirre, que el autor fue el Sr. Conde de Peñaflorida.” [2]. Luis Mitxelenaren begi eta adimen erne eta zoliarentzat, Munibe zen “Gavon-sariac” obraren egilea, bere Historia de la Literatura Vasca-n agertzen duenez [3]. Eta, azkenik,zalantza guziak uxatuko zituen agiri argia etorri zen Telletxea Idigorasi esker, berak aurkitutako Larramendiren gutun batek egi zihurra ematen digulako [4]. Geroztik, duda gabe, “Gavon-sariac” izeneko obra X.M. Munibe, Peñafloridako kondearena da. Hala jarri dute beren literatura historietan Bernardo Estornes Lasak eta Aita Santi Onaindiak [5]. Hau ezaguturik, lan horretan beste inork parterik izatekotan, liburuxkaren hitzaurrean aitortzen duenari jaramon egingo badiogu: Martin Beltz izeneko agure bertsolari bat izan zitekean laguntzaile Segidillak, Aria eta Kopra handietan. Teatro antzera egindako obra honek, ikasi batek egindako kanta herrikoiak ditu. Estilo jolaskorra, baina batez ere erudiziozkoa, jakintzaz hornitua, eta hau du hain zuzen Ilustrazio garaiko agergarririk bereziena. Bertan, lehen aldiz kontseptu berriak agertzen dira gure literaturan. Ez du Barrutiaren bezalako herri teatroaren antzik. Behar bada jenero bereko beste era bat da. Gai eta erudizio aldetik hurbilago dago Joannes Etxeberri Ziburukoaren “Noela”-tik (1630), biak iturburu Biblia dutenez gero. Auspoa Liburutegiak 1965ean egin zuen argitalpen berria dugu errezen eskuratu dezakeguna [6], eta lanak orrialdeen azpikaldean daramazkian dei-oharretatik konturatuko gara Biblia oharrez aberats datorrela. Guk hemen, egizko egilearen alde argitasunak tinkoago jartzeaz batera, Ilustrazioaren kutsua daraman zatitxo bat bakarrik aipatuko dugu, muestratxo baten gisa — hirugarren hotsaldiko azken partetik hartua —; Jesukristoren jaiotza ondorean, bakezko denboren adierazpenez kantatzeko eginak. Kontu izan gizarte krisis handien inguruan idatzia zela [7]. Honegatik, Peñafloridako kondeak, giroaren eta bere asmo handien aurrez-aurre, zortziko txikiaren hitzneurtuetan bakearen alde kantatzen du, hirugarren hotsaldiko “Artzai kanta”n. Parte hau, Mitxelenaren ustez, Virgilio-ren Eglogak-ren IV. partearen hizkera gozoan ez-ezik, etorrizko parafrasisik honena dirudi [8]. Baina bertso hoietako zati batean, nere iduriz, egileak Isaiasen profeziako ideiak [9] erabili zituen bi bertso hauek osatzeko:
Ezpatak, lantzak eta Beste arma guziak Erositzen dituzte Errementariak; Ta alperrikan ez dediñ Galdu burni ura, Enpleatzera diaz Gure probetxura.
Atxur, burdiñara ta Golde biurturik, Nekazari langiñak Ongi giaturik, Emango digu lurrak Garia ta artoa, Gaztaña, sagardoa Ta ardo naikoa.
Zientzia berriak sartuko zituen Peñafloridako kondeak, “Gavon-sariac” obrarekin kanta epiko bat eskaintzen digu Jesus Salbatzailearen ohoretan; baina baita ere, neurri handi batean, bere gogoko gizartegintza ere, lanaren eta jakintzaren bidez esperantza kantatuaz. Bergarako Mintegia sortzeaz ez ote zituen asmo hoiek? Bai horixe. Eta bere idealen poema bihurtzen zaigu hotsaldien azken parte hau. Era berean, gure literatura mugetan zedarria hausten du, bide berri bat idekitzeko, eta bide berri honetatik XVIII. mendean Bizkai-Gipuzkoetako idazle berriak ditugu gogoan, iturburu haietatik edanaz ekintza bizkortu zutenak. Geroko urte latzak oztoporik aski jarri bazuten ere. Obra beraren azken parte hortan aurkituko ditugu bi urte geroago Bergaran errepresentatuko zen “El borracho burlado” irri-operaren lehen izpiak ere:
Abogadu eskribau Eta merioak, Mediku, barbero ta Botikarioak, Ez dira bear; ta argatik Izango da sarri Hipokrates gaxoa Saguen janari.
.............................
Ez da onezkero esango Gezurrik batere, Egia esango dute Dendariak ere: Juan da emendik tranpa Ta pede gaistoa, Ia ur bage saltzen da Tabernan ardoa. Paradisu hoberik nork espero? Hartuko genduke!
Gure herriaren alde asmo handiz eta ekintza sendoz ihardun ziren gizon haiek Insaustiko etxe hau izan zuten beren hasiera; teilape honetan egosi zen Ilustrazioko euskal literatura markatzen duen lehen obra ere: “Gavon-sariac”. Gaur biltzen garanok arnasberritu dezagun haiek zuten jakin mina hizkuntza zaharrari bide berriak idekiz.
(Azkoitiko Insausti etxean irakurria. 1974-XII-27) Euskera, XX (1975)
[1] Jose Manterolak “Euskal-Erria” aldizkarian (1883 urtea), “Gavon-sariac” Peñafloridako kondearenak bezala jarri zuen. Aldizkari berean, liburuxkaren bigarren argitalpena ematean (“Euskal-Erria”, 1889) J.I. Aranak jarri zion hitzaurrean, Luisa Miserikordiakoa jartzen zuen egiletzat. Jose Ignacio Arana-ren eskua ikusten dugu Henao-ren Complemento a la obra Averiguaciones Cantábricas-en argitalpen berrian ere (Tolosa, 1895), seigarren tomoaren 92. orrialdean dioenez: “la poetisa y cantora Azcoitiana de las Otsaldiac Doña Luisa, directora de la casa Misericordia en 1762”. Joakin Azpiazu jesuitak ere uste berean jarraitzen zuen, ikus “Euskera zarraren apurtxoak”, Bigarren Euskalegunetako Itzaldiak (Bermeo, 1926) 128 orr. Hala ere, J. de Aralar-ek, “El Conde de Peñaflorida y los Caballeritos de Azcoitia” (Buenos Aires, 1942) liburuaren 119 orrialdean agertzen duenez, J. Manterolari jarraituaz noski, Peñafloridako kondea jartzen du egiletzat. Baina, geroago, M. Lekuonak uste du Manuel Larramendi zela egilea edo lanean parte hartu zuenetako bat, ikus “Egan”, 5-6 zenb., 1956, 31/32 orr. [2] L. de A., “Testimonio de Aizquibel sobre el autor de ‘Gavon-sariac’. ¿Otra obra teatral más del Conde de Peñaflorida?”. Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País, XVIII, 1962, 430/432 orr. [3] L. Michelena, “Historia de la Literatura Vasca” (Madrid, 1960), 105 orr. [4] J.I. Tellechea Idigoras, “‘Gabon-Kantak’ de Guernica”. Bol. R.S.V. Amigos del País, XXII, 1966, 162 orr.; eta “Papeles viejos” (San Sebastian, 1968), 193/196 orr. [5] B. Estornes Lasa, “Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco”. Vol. I, Literatura (San Sebastian, 1969), 265 orr. Eta S. Onaindia, “Euskal Literatura — I”, (Bilbao, 1972), 225/ 226 orr. [6] “Teatro zaarra”. Auspoa Liburutegia, 48 (Tolosa, 19631 47/77 orr. [7] Europan zazpi urteko gerrateen garaia (1756-1763), Luis XV.aren denboran, Kolonietako gerrateak ziren, ideen iraultza eta ondorioz laster piztuko bigarren Matxinada (1766), ekonomia krisisak eraginik; eta, geroago, Ifar Ameriketako independentzia (1775-1783), eta Frantziako iraultza (1789-1792). [8] L. Michelena, aipatutako obrar 105 orr. [9] Testamentu zaharra. Isaias, II, 4.
Literaturaren inguruan |