|
Literaturaren inguruan
SALBATORE MITXELENA
Krisis handi batetik erne nahirik eta erne ezinez sortutako poeta. Gerrate ondorenean eta euskal poesia sinbolistak bere oinarriak ondo errotu baino lehen izan zuen etenaren mugan. Aurretik, Lizardi, gazterik joana, erromantikuen eta modernisten ondorean bide berriak, oso berriak eta oso bereak goi mailetaraino urratu zituena; eta Lauaxeta, gazteago joana, edo eramana, sinbolismo eskola hain txit ongi landu zuena eta sozial poemak lehen aldiz entsaiatu zituena. Zeren, sozial eskolarik ordura arte, herri poesiakoak soilki eta oso gutti arkituko ditugu, batez ere sozial kontzientzia heldu batekin, baizik gertaerak beren ondorioz emandako frutuak, frutu urriak. Baina Lauaxeta berarenak ere, behar bada, poesiaren eraberritze baten bultzadaz areago. Giro hau arkitu zuen Salbatore Mitxelenak euskal poesiaren egoeran, Eta era berritzeeri ez zion gehiegirik begiratu. Hala ere, uste gabean ere, bere gisara arituaz, berritzaile bat izan zen. Bere mendeko ekintza eta gertaeretan arkitu zituen gaiak, eta gaiok bere ideal bideetan abiatu. Ez dugu esan nahi bere aurretikoak haintzat hartu ez zituenik, baizik bere inguruko gertaera eta sentiereri loturik eta erantzuna eman nahirik jardun zala. Gudu izigarri baten ondorea eta bere herriaren beheratzea nabari zituen aurrez-aurre eta bere herri honen geroa galzorian, heriotzara bidean ikusten zuen eta egoera honek larri-mindu zuen bere gaztaroa, eta berdin bere poemagintza. Moldez, zer molde hobeagorik, epika kutsuz bere herriaren gainbehera nabarmena agertzeko eta salatzeko, herri beraren literaturan ehundaka urteetatik zetorkion iturburuzko emaitza baino? Beraz, bertsolaritzaren moldeetatik eratzen ditu bere poemak. Bera ere, euskaldun asko bezala, haurtzarotik bertsolari giroz inguratua zanez eta bapateko bertsoak egiteko ahalmena zuenez. Gerrak haustutako zaborretatik nekeza zitzaion lirika berri bat sortzea. Inguruan arkitzen zuen egoera latzak minberatzen du eta gogoa jaso nahirik eta jaso ezinezko poesietan abiatzen da. Baina, hori bai, errealista, erralismu latz batek bihotz mindurik eta ideal bati begira. Ideal hau, Euskal Herria. Eta oinazezko kantak egin zituen. Baina, oinazezko egunok, bere gogorako, ba dute gordeleku bat: Arantzazuko Amaren itzalpea. Hontatik sortu ziren “Arantzazu euskal-poema” (1949) liburutik hasi eta “Ama-Semeak Arantzazuko kondairan” eta “20 Kanta Arantzazuko”, bere gogoaren gordeleku, eta neurri batean, baitere geroagoko zenbait poema ere, ondorean adieraziko dugunez. Lehen lan horiek, poetaren gogoan, dudarik gabe, barruragoko sentipenen adierazle dira, bere sufritzaren lagungarri, aterpe beharrak emandako ihesbide bat behar bada. Lan handiak; ezin ukatu. Baina hala ere, bere bizitzaren zati bat. Ez betegarrizkoa, baizik aldez aurretiko adierazpen gisa, poema nagusi bati lotura osoa eman nahirik. Ez dut esango lan handiagoak, baizik jarraipena, ondorenean dator (behar bada, ez beretariko asko ondorenean idatziak, baizik ondorenean argitaratuak). Eta hauek ezagutzean konturatzen gara poetaren sentimen sakonez. Arantzazu euskal-poema, poetaren barne-gogoan, erdizka, Arantzazuri eta Euskal Herriari egina da, orduko giroz eta aldartez: “Euskal-Fedea, beratan, bidezti, aldapa-gora, nora datorren jakiteke”. Eta kanta haiek:
Zuk zer dezu, Arantzazu!, ames-kabi, erti-leku?... Euskalerria oso-osorik kantari dijoakizu.
Euskalerri urrumatzu; zorionekoa bai zu! Negar egiten dakizulako miña abesti biur zaizu!!
Eta argiago oraindik poetak “Agur, Jesusen Ama...” izeneko kapituluan dioenez: “onako poema au ez dala iñorena, ez nerea. Baizik Erriarena!”. Bere ideal nahigabeen aterpea Arantzazun finkatzen du. Kontu izan, fedeak ematen ziola justizi esperantza eta hamasei urte zituenez geroz Arantzazun bertan igaro zuela gaztarorik gehiena. Geroago ere esan eragingo dio, “Guruz bidea”-n (1955): “Ona Arantzazu, euskal-Golgota!, euskal-Kalbario santu!” eta berdin “Bizi nai” poeman (1955, urte berean argitaratua) esaten duelarik: “Nornaik antzematen du, Arantzazuk eta Euskalerriak bost mendeontan alkarrekin izan duten zorikidetza ta ar-emana”. Etsipenak larri-mindurik, kezkaturik eta egonezinez nabari zen “Arantzazu euskal-poema”-ren une batzuetan, eta bere babesa eskaintzen zien, dirudienez, bere antzerako egoeran zeudeneri, batez ere herbesteratuei:
Nora zoaz erromes orron, Euskalerri? Ona Aizkorri’ko maldan zure Andra Mari!
Baina, ordurako, behar bada, bere erromes kezkak somatzen zituen. Geroago, “Arraun ta Amets”-en (1955-ean argitaratua hau ere) bere oroitzen eta bere sentipenen artean azaltzen zaigun erromes minezko kantak salatuko diguten bezala; etsipenezko minduraz bere herriari begira:
Gaberdi beltzean izarño bat eza bidazti galduak tamalgarri leza...
Eta antzerako aitorpenak agertzen dizkigu liburu honetan. Herriaren salbabiderako zerbait egin nahirik eta egin ezinik. Aldetzea erabaki zuen:
Lur ezaguna utzirik banoazu iraduz. Zurekin bat eginda nik atseden, Yesus!
Idealetan goian arkitu arren ere, ondo ohartu zen herriaren sentipenez, edo hobeto esan, bera eta herria, bietarako gogozko lokarri bat bazuen; bere poema, egituraz, errealismu erakoa zen eta orduko gazteak ulertu zion. Gazteria harek ere bere gogoa bete beharra zuen eta “Zuk zer dezu, Arantzatu!”-k, dei baten oihartzuna zirudien. Sentipenezko oihartzun hari jaramon eta segi egin zion orduko gazteriak. Egarri bat ase nahirik edo. Ikusia dago, urte ilun haietan, aterpe edo babes gogo batek indartu zituela orduko gazteen kongregazio elkarteak, maiz, fedea bera asetzeko haina, ihes bidetzat. Hala zen, zerbait behar hura. Eta, ondorioz, lasterkako beheratzea izan du. Baina hau ez da hain zuzen Salbatoreri zegokion problematika. Bere fedea sendoa zen, bere abertzaletasuna bezala. Berak, hortik, argi ikusten zuen bidea, are gehiago garai hartako gazteriaren joeraz. Eta bi gauza uztartu zituen poema gaian. Ezin ukatuzkoa da berak ekarren gure olerkaritza era-berritzea. Moldez, errealismu bidezko herrikoitasunera bihurtu zuen. Zeren, beragandik aparte, urteak igaroaz ere Lizardi eta Lauaxetaren imitatzaile txarrak jarraituko zuten (banaka batzuek kendu ezkero) liliak hegatsez apaintzen, oinak lurrean eta burua ilargian. Ezer probetxuzkorik eman gabe, gehienak behintzat. Horregatik, eskuko behatzekin kontatzeko haina apartaturik, bera izan zen gazte berrientzat gure literaturaren erlojua martxan ipini zuenetako bat. Bertsolari grina zuen, eta grina honek ematen zion poema epikarako dohain berezia. Latza da, gizaldi hartako egoera bezala. Goxotasunik urri da fedezko estalpe hortatik aparte. Maiz, euskal-sinismenaren poema nagusia balitz bezala idurituko zaigu. Euskaldunok munduaren laguntza gabe, desanparaturik, sinismena zala estalpe bakarra. Unamuno zale zen, eta berak honegandik aukeratu zituen hitz batzuek aurkituko ditugu bere poemaren funtsaren giltzia balira bezala, Guruz bidearen hasieran hitzok bere egiten dituelarik: “Un miserere cantado en común por una muchedumbre azotada del destino vale tanto como una filosofía” (“Del Sentimiento trágico de la vida”). Hitz hauetako iritzia, esango nuke, bere barne-gogoan iltzatua zuela S. Mitxelenak, eta gure guruz bidean kargarik astunenetakoa hartu zuen bere kontzientziaren gain eta larri-minez bizi izan zuen bere gaztaroa. Eta, herri ororen pekatu honek nahigabeturik urrundu zuen, esanaz:
Ai urruti-miña! gaitz senda-eziña, baiñan ala ere ondo atsegiña, euskal kondaira doa aintziña ta aintziña. Egonak pozik ez du! Boga alegiña!
Etsi ezinez, dana eman nahirik ibili zena. Euskal poesiarentzako ez zen izan hura unerik egokiena, eta Salbatorek bazuen meriturik aski orduko egoeratik hain goi mailetara igotzeaz. Honekin ez dut esan nahi ordukoa eremu soila zenik, ez; baziren banaka bat, eta batez ere ba zen Frantzia aldetik altxa zen ipar haizea, gure alorrak freskatuaz arnasa berritzea ekarriko zuena. Bi poeta handi ziren gure literaturaren kondairan poemagintzaren berbiztzaile geldituko direnak: Mirande eta Iratzeder. Geroko gazte berriak, gudu ondoreneko gizaldikoak, horiek ereindako hazietatik eman dituzte beren frutuak. Batez ere, Euzko-gogoa-n argitara zuen “Bizi nai poema” dugu gure artean egin denak epikarik gailenetako bat. Batera samar eman zituen lan haiek urte askoren frutuak ziren. Poema bizkorra eta eraginkorra. Baina lastima hemen behar bezala ezagutua ez izatea. Ez bait zen zabalkundea eratzeko biderik. Ez zen ahal. Eta herriak bere lozorroan iraun zuen. Gogo egarriak eleizan soilik asez eta materiak bere egarriak ahal zuenak ahal zuen erara lanarekin, korrika, makinaren zerbitsuko, ahal den diru guztia pilatzeko. Ez zen arritzekoa ondorengo gazteek beste era batean erantzutea. Salbatorek, tunel batean sartuta bezala arkitu zuen bere burua, eta bere poesia epikoa, teknikaz eta formaz aski herrikoia izan arren, ilunpean gelditu zen; bere mensajerik ez zuen jaso ez orduko poeta gazteak eta are gutxiago herriak. Behar bada Arantzazun sortu zuen eskola, eta eskola hontako emaitzaren ondorioak aski ezagunak ditugu. Eskola ttipia baina gihartsua, oinarri onetan finkatua. Bere lagun Alustiza, bere ikasle Gandiaga, eta honela, aldatuaz, berrituaz, mailaz maila kate fin bat, Jakin-en egileak edo eragileak eta Joxe Azurmendi poeta handiaren arterainokoa. Salbatore gabe oso nekez edo hain aberats izango ez zena, noski. Jakina, poetak ere, bere giroa arkitu zuen, euskaltzale giro sendoa bere inguruan, zorionez gainera euskal historia eta euskal kultura ondo ezagutzen zuten lagunekin, eta ideologia aldetik era askotakoak izanik gainera. Eta bere barnetikako suan ere honek esan eragin zion “Bizi nai” poeman: “Euskalerri leenago, barruko edozein alderdi baiño”. Gaur ere oraindik zer lezio ederra gure ikasbiderako. Bere ingurua girotzen zutenen arteko izen asko eman gindezke, baina aspergarri ez egiteko eta batzuekin huts ez egiteko izenok isildu beharra ba dut ere, gutxi batzuek bederen eman beharra dut, horiek gabe ez delako hain errez Salbatoreren ekintza konprenitzea, eta horien arteko ditugu Omaetxebarria, Agirretxe, Anasagasti, Villasante eta abar, Euskal Herriak gure mendean izan duen unerik larrienetan hain gartsuki lan egin zutenak. Horiek ba dute zer ikusirik Salbatoren poemekin. Ez dut hemen poema horien xehetasunetan sartzerik. Bakoitzak bere aldetik aurkitzea du hoberena, bere lanetan txastatuz. “Arantzazu euskal-poema”-n aintzinako mendeetatik gurera arte, erlijioz eta bakez batez ere, Euskal Herriari babes eskaintza bezala da; “Arraun eta Amets”, larri minezko egonezinak erromes girotua; eta Bizi nai, karlisten gerratetik hasi eta azkenengoraino. Poema orokor bat funtsean, gainerako zenbait poematxo atalka eman zituenen bezala. Berekin, poeta epikorik hoberenetakotzat geldituko da geroan, garaiko egoeraren kontra gora behera, eta kontra honegatik bere dohainak posible ziren neurrira heldu ez ba ziren ere. “Unamuno ta abendats” (1958), bere azken lana, aurretikoekin lotura gabekoa itxuran, baina funtsean honek ere zer ikusi handia du, bere barne problematikaren eboluzioa arkitzen delarik. Lan hau, lehen aldiz bertsoz idatzi zuen, bertso librez gehien gehiena, eta argitaratze orduan, zenbaiten eskariz, hitzlauz jarri zuen. Zaitegin eskutik ezagutu nuen bertsozko hura, Unamuno ta gu izenez, eta unkigarriagoa iduritu zitzaidan. Gainera, bertso librez, gure artean lehenengoetako poema bat zen. Bere taxura “Unamuno ta abendats”-en azken orrietan arkitu genezake. Herriari herritar eskolatik hain bikain kantatzen jakin zuen poeta bihotz mindua, egoera latzean, etsi ezinez, atsekabeturik joan zitzaigun, herbesteetara erromes. Berak nahi ez zuen bohemian, bere lur epeletik urruti, arrotz lur hotzetan hezurrak utzi arte. Gure literatura ttipian bederen, izan dezala ohorezko maila, ongi merezia.
“Jakin sorta”, 2. zenb. 1970#
Literaturaren inguruan |