|
Literaturaren inguruan
ISAAC LOPEZ-MENDIZABAL
Hil honen 11.ean bete dira ehun urte Ixaka Lopez-Mendizabal jauna Tolosan jaio zela. Liburuen giroan sortu ere, Mendizabal inprimatzaileen familian. Juan Ignazio Mendizabal izan zen inprimategiari hasiera eman ziona eta argitaratu zuen lehen liburua Agustin Kardaberazen “Esku liburua” izan zen, 1826. urtean, gero ere han bertan zenbait aldiz birargitaratuko zena. Juan Ignazioren alargunak bide beretik jarraitu zuen 1840tik 1877ra arte eta Ixakaren aita zen Eusebio Lopez-ek 1878tik 1900era arte. Eusebio, Mendizabal batekin ezkondua zen eta hemendik sortu zen Lopez-Mendizabal deitura elkartua [1]. Euskal Literaturak eta eliz liburuek harrera ona zuten etxe honetan eta joera horrek markatuko zuen haur sortu berria. Lehen ikastaroak Tolosan bertan bete zituen eta handik Deustuko Unibertsitatera joan zen ikasketa nagusiak burutzera. 1897an Salamanca-n esaminatu zen. Ikasle azkarra omen zen eta Filosofia eta Letrak bukatu ondorean Madrid-eko Unibertsitatera jo zuen Legeak ikastera, eta 1900. urtean amaitu zuen karrera hau. Madrid-eko Unibertsitatean hartu zituen doktor tituluak: 1899an Filosofia eta Letretakoa eta 1903an Deretxokoa. Bere tesiak hauek izan ziren: “Cantabria. La guerra cantábrica y el País Vasco en tiempo de Augusto” (80 orrialdeko lana, urte berean argitaratua) eta “Fueros de Guipúzcoa” (argitara gabea). Nik ez dut izan Kantabriako guduaren tesi hura irakurtzeko aukerarik, baina, Ixakak, hil arteraino eutsi zion hemen erromatarrik sartu ez zen usteari. Hobeto esan, Euskal Herria Erromako inperioaren menpeko egon ez zen usteari. Nik ere ez dut uste menpeko bihurtu zenik, baina horren beharrik ere ez zuten izango. Hemengo artzai, arrantzale eta laborari tipiegandik ez bai zuten ezeren beharrik, mehatokiena izan ezin. Mehatokiak ordea, hemengo jendeak ez zituen aprobetxatzen, oso guti baizik. XVI-XVII. mendeetako idazleak idatzi zuten euskaldunek erromatarrekin Ernio mendian izan zuten gudua, Batxiller Zaldibia (1560) eta Baltasar Etxaberen (1607) lanak lekuko. Baina historiagile serioek ez zieten jaramonik egin. Gure Iztuetak ordea, puztu zuen arazo hau, eta Juan Venancio Arakistainek kapitulo oso bat eskaini zion bere kondaira liburuan eta geroztik ez da izan euskaldunon buruetatik kentzerik. Azkenean Txirrita berak ere parte hartu zuen eta bertso borobilak bete zituen. Adolf Schulten-ek gai hori aski sakon aztertu zuen eta Santander eta Burgos alderago jarri zuen Kantabriako gudua, “Los cántabros y astures y su guerra con Roma” deritzan lanean. Bestalde, argi dagoenez, aspalditik ezagutzen ziren Nafarroan eta Araban erromatarrek eraikitako hiriak. Nafarroako hiriburua, Iruñea eta Trespuentes-ko hiri hondarra ere Iruñea da. Zalantzarik gabe, sustrai ber-bera du Irunek ere, Gipuzkoako hiri honen elizondoan erromatarren bizi lekuak aurkitu bai dira eta bertako Santalen ermitan hilobiak. Orain argiago ikusten dugu erromatarren Oiarso-k Bidasoa eta Oihartzunekin duen kidetasuna, inguru hoien izentzat, Arditurriko meatokiak Irunen zen itsas-kaiari loturik. Agirietan oinarritzen ez diren teoriak, maiz, horrela erortzen dira. Ixaka-ren garaiko uste haiek baztertu ziren eta Schulten-en iker lanen ondorean hor dugu Ignazio Barandiaranen arkeologi lana, “Guipúzcoa en la Edad Antigua. Protohistoria y romanización”. (Donostian, 1973), gai honen azken frututzat. Baina, goazen zuzenago Ixaka Lopez-Mendizabal euskaltzale eta euskalari suharrak gure kulturaren alde eman zituen lan ugariak ikustera. Ixakak egin zituen ikasketa mailak gogoan hartzera, zientzia ikerketarako gertaturik zegoela esango genuke eta hemen eman behar zituela bere lanerako ahaleginak. Baina, bai zera, iker lanetan oso guti ahalegindu zen gizona. Bere euskaltzaletasun garrak beste bide batetik eraman zuen. Hizkuntzaren alorra gorririk zegoela ohartu zen eta kultur biderako behar zituen oinarrizko lan xeheri heldu zion. Honek ez du esan nahi ikerketarik egin ez zuenik, baizik gehien gehiena, luberriko alorrak jorratzeari ekin ziola, itxuraz lanik arruntenak eskatzen zituzten sailetan aritu zela. Liburu askoren egilea izatez aparte, euskal kulturako zein aldizkaritan idatzi zuen baino errazagoa zaigu non ez zuen idatzi jakitea. Gure mende hontan oso aldizkari guti izanen bai dira, Ixakak, euskaraz edo erdaraz, bere zenbait lan argitara gabeak. Adibidez, ikusi besterik ez dago Jon Bilbaoren “Eusko Bibliographia”ren V. tomoko 215-216 orrialdeak. Bertatik ohartuko gara Ixakaren etengabeko langintzaz. Euskaraz, haurren heziketarako prestatu zituen liburuak honako hauek dira: “Aita Santu Amargarren Pio’ren dotriña laburra” (1907), “Zenbakiztia edo Arimetika” (1913), “Umearen Laguna” (1920) eta irakurgai hontatik atera zuen irakurtzen ikasteko “Martin Txilibitu” (1931) deritzan liburutxoa, “Xabiertxo” (1925), “Nekazaritza” (1929), “Seaska-Abestia” (1932) eta “Erleak, beren bizitza eta oiturak” (1933). Liburu guziok Tolosako bere inprimategian argitaratu zituen eta geroztik, gehienok, zenbait aldiz argitaratuak izan dira. Baita ere, Tolosako inprimategian atera zituen, euskara ikasteko metodo hauek: “Manual de conversación castellano-euskera” (1908) eta “¿Quiere usted hablar en euskera?” (1932). Gainera, bigarren hau, M. Mendiskoren languntzaz frantsesera itzulia ere argitaratu zuen, “Voulez-vous parler le basque?” (Donibane-Lohitzun, 1938). Bestalde, Bilbon, “El Euskera. El idioma vasco” (1915) hitzaldia eta Tolosako beren etxean “Diccionario vasco-castellano, castellano-vasco” (1916), geroztik hainbeste aldiz argitaratuko zena eta gure egunotan, zerbait gehituta, oraindik salgai aurkituko duguna. Mendearen lehen partetik 1936. urtera arte arduratu zen Lopez-Mendizabal-darren inprimategiaren zuzendari eta euskarazko liburu asko argitaratu zituen; baina, gaur egun ikus daitekeenez, bere bizitzako lanik probetxugarriena, euskararentzat praktikoena, hezkuntzarako testugintzan eman zuen. Lan handiagoetarako ikasia bazen ere, euskaltzale kementsua zenez, beste inor baino lehen ohartu zen irakaskintzarako liburuen beharrez eta lan apal eta xehe hauei gogoz heldu zion. Honegatik, lehen aldiko ikastolak, gerra aurrekoak ez ezik, baita gerra ostekoak ere, hasierako materiala izan zuten bere emaitza horri esker. Baina, gai hontaz, nik baino argitasun zehatzagoak emango ditu gerraondoko ikastola mugimenduan hainbeste lan egin duen Karmele Esnal andereño adiskideak, ondorean agertuko digun hitzaldian. Anaiarteko gudu madarikatu harek bere inprimategia deseginik eta bere burua erbesteraturik ikusi zenean ere, kementsu jarraitu zuen euskal ikerketan eta euskararen alderako lanetan. Hainbeste aldizkaritan argitaratu zituen lanak eta Buenos Aires-en ireki zuen euskara erakusteko akademia ditugu lekuko. Baina, ez hori bakarrik, ez; liburugintzari ere jarraitu zion. Eta deserritua izan zen garaiko lanak ditugu honako hauek: “Otoitzak” (Buenos Aires, 1942), “La Lengua Vasca” (Buenos Aires, 1943). “Breve historia del País Vasco” (Buenos Aires, 1945), “El País Vasco. Descripción general” (Buenos Aires, 1946). Baita ere hitzaldien separatak, Argentinako hiri nagusi hartan eman zituen hitzaldienak. Hoietan badira “El idioma vasco contemporáneo de la época glacial” (1953) eta “El idioma vasco, testigo excepcional en la Historia” (1953) bezalako lanak, maitasunaren sentimentuz eginak baina gaur egun zientziaren aldetik onartu ezinak. Zeren hizkuntza, mintzaira zalutzat ulertu nahi baldin badugu, ezin gaitezke joan Eneolitos garaitik harat, eta, ordukoa gaur konprenitu ahal izatea ere, ezinezkoa zaigu. Agiririk aurkeztu ezin den garai hoiek hobe ditugu laga. Aipatu ditugun lan guzti hoien ondotik, eta urte askotako langintza burutuz, 1958an argitaratu zuen Buenos Aires-en “Etimologías de apellidos vascos” lan mardula, 25.000 deituraren esan nahiak ikertzen dituena, bere larogei orrialdeetan. Euskaltzaindia sortzean, 1919an, laguntzaile izendatua izan zen. Urteak aurrera, urgazle edo languntzaile izateko baino meritu gehiago zuen Ixakak, baina Azkue berak jartzen omen zituen oztopoak. Azkueren “Diccionario vasco-español-francés” (Bilbao-Paris, 1905-1906) deritzan hiztegi handia argitaratzean, bere hitzaurrean, geroago esku-hiztegi bat argitaratzean eskaintza egin zuen eta 1916an Ixakak argitaratu zuena plajiotzat hartu omen zuen. Bi hiztegiok ikusten dituena laster ohartuko da zein desberdinak diren, batez ere kriterio desberdinez burutuak. Azkuek eskaintzen zuena, bere lan handiaren laburpena bai zen, eta Ixakak handik ezer hartu bazuen ere, hiztegi guzietan ohi den bezala, hizberri edo neologismoak ere pilaka sartu zituen eta hau ez zen Azkueren aburuzkoa. Egia da, garaiko giroak bultzaturik, bere hiztegia egiterakoan neologismo askorekin baliatu zela, baina hala ere, orduko gehienak baino neurri gehiagorekin ibili zen. Honegatik zioen Julio Urkixok “Manual de conversación...” aurkeztean: “La obra está admirablemente presentada. Uno de los principales méritos del señor Lopez-Mendizabal es el de haber sabido sustraer a las exageraciones de léxico de algunos de sus correligionarios, que tanto afean no pocas publicaciones modernas” (RIEV, t. II, 1908, p. 675). Dena dela, Azkuek setati jarraitu zuen hil arteraino. Nikolas Ormaetxea, gure “Orixe”, euskaltzain oso izendatzea pentsatu zenean, honek erantzun zuen, bera baino lehenago zela Ixaka Lopez-Mendizabal, langintzaren aldetik meritu handiagoak zituenez, eta honentzat uzten zuela berari eskaintzen zitzaion aulkia. Eta, hara hor gerraondoko euskaltzainak kinka larrian nola aurkitu ziren. Orixe ere buru gogorra izaki eta amor ematerik ez zuen. Eta Orixeri esker, jarri zuen hauziagatik, Euskaltzaindikoek erabakiren batera behartu zituen. Eta, 1957an, erabaki hau honela izan zen: Ixaka Lopez-Mendizabal euskaltzain ohorezko izendatzea eta Orixe bera euskaltzain oso. Baina egiaren argitara gauzak azaldu beharrik baldin badugu, gaur egungo euskaldunok, ondo dakigu gauzak alderantziz direla eta ohorea Euskaltzaindiarentzat izan zela Ixaka Lopez-Mendizabal bezalako gizon bat bere erakundeko izateaz. Gaur edonor egongo gara Norbert Tauer-ek 1954ean Ixakaren alde egin zuen aitorpenarekin: “Neretzat zorion aundia da euskaldun argi onekin ogei urteen igarotzean alkar-idaztean egotea eta idazki ederren bidez ezagutu ditut bere biotz ona, adimen zorrotza eta Euskadi ta euskerarenganako maitasun sakona” (Bol. del Instituto Americano de Estudios Vascos, V, 1954, p. 38). Denbora joanez, gure barneko tikimiki hoiek txikikeriak iduritzen zaizkigu. Inoiz gizon handien artean ere izaten dira holako txikikeriak eta era hortakoa izan zen gure Azkuerena ere. Gaur ordea, setakeria hoien gainetik ikusten dugu bi gizon hoien handitasuna, bi gizon hoiek gure mende honen hasieratik egin zuten oinarrizko landu. Eta hoiek jarritako oinarriei esker, gaur egun loratzen ari zaigu. Ereinaroak uztaroa lortzen bai du. 1957an euskaltzain ohorezko izendatu zenetik, Azkuek jarritako beto edo eragopideak gainditu ondorean, Ixaka zaharturik zegoen Euskaltzaindiari bere lanak eskaini ahal izateko. Handik lasterrera etorri zen sorterrira, itsuturik, bere azken egunak hemen igaro nahirik, Iparragirrek bezala, bere hezurrak hemen uzteko. Gutako askok bisitatu genuen Donostian Santxo “el Sabio” kaleko bizilekuan. Nik neuk orduan ezagutu nuen pertsonalki. Lan eder eta jakingarri bat ere eskaini zigun: “Etimología de Xabier” zeritzana eta Euskera aldizkarian argitaratu genuen (Euskera, XIII, 1968, 73-82 orr.) eta Euskaltzaindiaren urre-eztaiak ospatuz 1968ko abenduren 4an Iruñako Foru Diputazioan egin genuen batzar hartan mahaiburukide genuelarik “Erbesteetako euskaltzale eta euskalariak oroituz” zeritzan hitzaldi polit bat eskaini zigun (argitara gabea). Egia esan, jaun beneragarria zen Ixaka Lopez-Mendizabalekin, Euskaltzaindia ez ezik, Euskal Herri guzia dugu zordun. 1977ko otsailaren 27an itzali zitzaigun Tolosan bertan, baina bere gogoa ez zaigu itzali, bere lana hor dugu lekuko. Eta, arestian esan dudan bezala, Euskaltzaindiak bere ohorezko izendatu bazuen ere, ohorea Euskaltzaindiarentzat beretzat zen holako gizon bat bertako izatearekin.
Donostia, 1979-4-27 Euskera, XXIV
[1] A. Villasantegandik gero jakin dudanez, La Lamatarren inprimategiaren jarraipenez sortu omen zen Mendizabaltarrena, elkarren ahaidekoak zirenez, eta hau hola delarik, XVIII. mendetik datorkigu, 1782-tik bereziki, J.A. Mosquera eta Fr. Zubizarretaren “Guión Manual de Tipografía Vasco-Navarra” (Iruñea, 1974), 56 orrialdean ikus daitekenez.
Literaturaren inguruan |