Literaturaren inguruan
Juan San Martin

Hordago, 1980

 

 

LEHEN LIBURU INPRIMATUA

 

      Agertu da aspaldi zain geuden liburu hau. Igazko urtetik entzunak bai genituen bere hotsak, eta ikusiko duzutenez asmoetako Txertoa argitaldariaren izenik gabe dator, edo obeto esan, bere ordez Edili-renakin [1]. Dena dela, betor ordu onean.

      Detxepare-ren “Linguae Vasconum primitiae”, lehendabiziko euskerazko liburuaren bederatzigarren artitalpena da. Esateko gutxi dugu, esan diranez gainera, liburu eta egileari buruzkorik (liburuari bere poesiaren aldetik), argitalpenaz bai ordea. Egan-en, 1967-ko 1-6 zenbakiaren 134/136 orrialdeetan emanak nituen zortzigarren argitalpenaren berri eta bereizkuntzak. Zortzigarren hori gaztelerazko lehen itzulpenarekin argitaratu zen, baina orain, bederatzigarren hau, gaztelerazkoaz gainera frantsezerako itzulpenarekin. Bata Lino Akesolok gertatua eta bestea Rene Lafon-ek. Eta badu gainerako bereizitasunik ere: lehendabiziko argitaratzen dela gaur egungo ortografiaz emana. Beraz, orain lasaiago irakurri diteke euskerazko poesiaren muina. Lan hau ere Akesolori zor diogu. Baina hori ezta guztia, zeren horrez gainera Mitxelenaren hitzaurre bat du sarrera gisa, eta bere erderazko itzulpenak Patxi Altuna eta Miren Intxaustik eginak, espainolera eta frantsezera. Liburuak, azala ere oso apaina du Jose Luis Zumetak zortzi kolorez edertua. Bada berezigarririk aski.

      199 orrialde ditu. Donostiako Industrias Graficas Valverde, S.A.-ak inprimatua da.

      Mitxelena, beti bezin jakitun nabari da hitzaurre horretan. Gure maixu ona beti exenplu bikainak emanez. Lehengo zaharrok ahazturik izan ditugula dio, beretan gure ispilua arkitu beharrean: “...ez dezagun lehengo arrietan beretan, bein eta berriro, oztopo egin. Etxepare bat, Etxeberri Sara’ko bat eta orien gisako beste ainbeste eta ainbeste gure artean agertzen baldin badira, oraingo jantziz eta itxuraz noski, ezagutu eta maita ditzagun eta, besterik baiño areago, gure laguntza, ahal dugun neurriko laguntza, izan dezaten; ez gorrotoa baiño okerragoa izan oi den axolakabekeria”.

      Lehengoetan ere badela gauza onik? Bai orixe. Askok egi hori ikusi nahi ez badute ere, euskeraren aldetik, hizkuntza bere aberastasunean, batez ere jazkeretan (ez bakarrik joskera, askoren idurizko joskera estua) bada zer ikasirik.

      Mitxelena, era horretara, gaurko egoera eta jokerari buruz ari da gehienbat. Etxepare eta bere lana bide, egungoa biharkoari begira jarri nahirik edo. Izan ere, euskaltzalerik gehienok arduratzen gaituan gauza da hau. Hala ere, inguruan izango ditugu hizkuntzak gizartearentzat berdina dela era batekoa izan besterakoa izan. Baina guri amor eman nahirik dabiltzatenak beren aldetik amor eman ahal ote dute beste hizkuntza baten aurreran? Zeren, horrela mintzo direnak, gehienak, euskerarik ez dakitenak dira, edo antzar horien ahotik ari diren txoriburuak. Baina ez daude gertu beren usteetarik burua makurtzeko. Eta hizkuntzak ezer balio ez duelarik, bestek utzi eta berek ez ahantzi. Baina, guk: “Aurren aurrenik, abiatu egin bear dugula andik edo emendik, iñorako baldin bagera, lehenbizi edo lehenbizikoaren urrengo zer datorren erabaki arte egonean egon gabe. Onena, beraz, lanean astea genduke zirt edo zart, nork bere deiari erantzunaz, geiegizko buru-austeetan ibilli gabe nola izan bear lukean ezarria balioen zerrenda zeatzat”, hitzaurreak ongi dion bezala. Bestela, azken trenak ihes egin ondorean, kitto. Ez euskerarik, ez euskaldun herririk. Hau da, ez Euskal Herririk.

      Maiz eraman gaituzte, euskaldunok, ondasun gurariaz, euskeraren ondamendira. “Aide Nagusiekin batean alde-egin zuen Erdi-aroko epika, lirikaz ahaztu gabe. Eta gure egunotakoa da izan, dudarik gabe, iñoiz ezagutu dugun aldakuntzarik izugarriena. Orrexegatik jokatu bear genduke, nik uste, iñoiz baiño bortitzago, tradizio-aria ez dedin gure artean eten; ur-aizeen joera lagun ez dugun ezkero, ez dezagun orain sekula baiño galera galgarriagorik izan”.

      Erdi-aro garaian eta errenazimenduaren mugatik mintza zaigun poeta: “Berea ez da, gaiñera, poesia uts-soilla, edertasun billuziaren ispillu izan nai lukeana, baizik eta arrea, loia, giza-gorputz-arimen ondar zikiñak, urre izpiz nahasiak, igeri daramazkien erreka”. Hau da Etxepareren poesia. Gaur ez hain lehengoa, eta bai tarteko olerkari asko baino gaurkoagoa.

      Liburuak, azkenean, bibliografia bat dakar. Baina bibliografia horrek hutsune handiak ditu, berak Mitxelenak hitzaurrean aipatzen dituan zenbait lanetik aparte, zortzigarren argitalpenaren sarreran datozenak. Eta, maiz gertatzen zaigun bezala, barkatu ezinezko hutsak, zeren horrelako bibliografia bat irakurtean badirudi arrotz hizkuntzetan bakarrik idatzi dala Etxeparez eta bere lanari buruz. Egia izango da, euskalariak, eta ez euskaltzaleak, argitu digutela gehienbat gure literaturaren lehena, baina euskeraz ere izan dire bere emaitzak. Zenbait euskal literaturaren historia sartu direlarik, merezi zuen Orixe-ren “Euskal-Literaturaren atze edo edesti laburra” (“Euskal Esnalea”, 17, 1927) hor sartzea. Naizta Detxepareren poesiari, kasik, neurri teknikaren aburu hutsa egin. Bestalde, Etxaideren “Amasei seme Euskalerriko” (Zarautz, 1958) eta aldizkarietan argitara diran zenbait lanek hor beren tokia. Zeren, nornaik galde lezaigu, nun dira euskeraz eman diren berriak? Eta, euskeraz, hor aipatzen diran lan asko baino hobeagoak argitaraturik direla. Lehen urri bagabiltza ere, geran baino pobreago jartzen gaituzte euskeraz gutxi edo batere irakurtzen ez dutenek. Beintzat, beti informazio laburrak datorzkigu euskeraren aldetik.

      Oso pozik ikusten dugula argitaraldi hau, batez ere argitaratu dan eran, ez dago esan beharrik. Izan ere, gure argitaratzaileek arduratu behar lirake euskerazko libururik berezienak, egilerik aipagarrienak, lehengoak eta orainagokoak, beti salgai edukitzen. Oraingoak eta datoztenak lehengo iturrietarik edango badute, oraina geroari begira jarriaz tradizio zaharrari lotu behar badiote, nahi eta nahiezkoa dugun gauza da. Bestela, gure literaturak nekez izango du jatorriakin lotura.

      Zortzigarren argitalpenari Egan-en egin nion aipamen hartan esaten nuen, Lafittek Gure Herria-an idatziari jarraituaz, Adrian Morront-en etxean izan zuen bigarren argitalpena (Detxepareren bigarren agerraldi honetatik ale bat bera ere ez zaigu heldu) XVI-garren mende berean zela uste zala, bainan Lafittek berak geroztik egin dituen azterketetatik dakigu Morront-en inprimeria hori 1604-tik 1630-era iraun zuela. Beraz, honela delarik, XVII-garren mendearen lehen partekoa dugu guregana heldu ez dan bigarren argitalpen hori. Berri hauek ere emanak ditu Anai Berriotxoak Boletín de la R.S.V.A.P. delako aldizkarian, aurtengo lehen zenbakiaren 95-gn. orrialdean.

 

Egan, XXVII. 1968

 

 

 

[1] Garai hartako Informacion y Turismo ministeritza-ren aldetik eragozpenak izan zituen.

 

 

Literaturaren inguruan
Juan San Martin

Hordago, 1980