Literaturaren inguruan
Juan San Martin

Hordago, 1980

 

 

LITERATURA LANDUAREN
SORRERAKO GIROA,
AXULARREN GARAIRA ARTE

 

      1970ean, Ibon Sarasolak eman zigun “Euskal Literaturaren Historia” lehen aldiz sozio-ekonomiko aldetik begiraturik, eta saiakera honen 16garren orrialdean agertzen zuen, XVI. mendearen lehen partean Lapurdin sortu zen mugimenduari buruz, “Garaiko euskal literatura osoa leku hedaduraz eta biztanlez hain tipi batetan egin zela, eta handik at literaturarik egiten ez dela ikustea, gauza harrigarri eta oraino esplikatu ez dena da” [1]. Hutsune hau kontuan harturik, saiaera gisa, zenbait argitasun eman nahi nituzke nere hitzaldi hontan, arrazoiak finnkatzeko hurbiltze asmoz.

      Sorrerako giroaren gertakizunak une bera baino aintzinagotik begiratu beharra dugu ondorioak garbiago ikus ditzagun eta azkenik garai bereko politika, erlijio eta ekonomia alderdiak agertzeko.

      Euskal Herria historian bi estadutan zatitzeaz hasiko gara.

      Guziok dakigu Peñalen-go haserrearen ondotik (1076), Nafarroako eta Gaztelako erregeen artean elkar ikusi ezinak sortu zirela, eta ondorean ez zutela izan bakerik batak bestea suntsitu arte. Alde batetik Agramontesek, erregearen aldekoek, eta bestetik Beaumontesek, Lerin-go kondepeko eta Gaztelako erregearen adiskide, gudaketa asko sortu zituzten. Kontu izan ahaideen arteko auziak zirela, erregeek ere beren artean ahaideko zirenez gero. Eta gudu horietan itsuskeria anitz ba zela. “Bereterretxen kantoria” dugu lekuko, Beamont kondeak heriotza eman zionekoa, “Haltzak eztu bihotzik” hasten den kantua.

      Nor gehiagoka hartan, Nafarroako erregeak zenbait foru eman zuen Euskal Herrietan, Durangoko laborariei, Gasteizi, Donostiari eta abar, behar bada bere zerbitsura aisago egon zitezen, geroago Gaztelako erregeak bere aldetik egingo zuen bezala.

      Baina, nonbait, Gaztelako erregearenak hobeak izan ziren. Nafarroako Santxo Indartsua moroek preso zutelarik, Gaztelakoak Araba hartu zuen eta Gipuzkoakin ongi konpondu zen, Gaztelakoari sartzen uzteaz. Kondizio jakinik ezta ezagutzen, foruak izan ezik. Argi dago Gaztelako erregeak bizkor jokatu zuela, kontu honetan, eta denbora gutian zenbait hiri sortu zuen bere foru bereziekin eta guzien arteko anaitasunezko erakundea antolatu, Junta Generala jarriaz eta hau bere Foruz horniturik.

      Garai honetan Nafarroako erregetzaren egiturak krisi batean eroriak zeuden, eta bere politika oso txarra izan zen.

      Bestalde, egia esan, Gaztelako erregetza Fernando lehenengoagandik zetorrenez eta hau Nafarroako Santxo IIIgarrenaren semea izatez, gipuzkoarrentzat Gaztelakoa ere ez zen errege arrotza, eta argi dago, Arabako zapalketa ikusirik, beragana makurtzeko bidea hartu zuela. Baina foruekin jabeturik.

      Foru hauek eskubide zabalak ematen zizkieten gipuzkoarrei, guziak aitonenseme aitortzera arte. Noblezaren aurrean berdintzen ziren gipuzkoar guziak, lehenagotik bizkaitarrek beren eskubidez zutenaren antzera. Aitonenseme izate honek, gizona libre uzte zuen bere gisara ihardutzeko, merkatalgoan, oletan, eta bizimoduko beste edozein ekintzetan libre izateko edo libre jokatzeko. Bere bete behar soila, hamarrenak(diezmos) ziren, elizaren bidez ematen zirenak edo elizbarrutiaren bidez kontroljitzen zirenak. Beraz, aukera hau aprobetxatzen jakin zuten. Foru idatzia, Bizkaiko zaharra, 1452koa da [2]; Gipuzkoakoa 1397koa eta Arabakoa 1332koa [3]. Beraz, oraindik urruti zegoen Inglesen “Habeas Corpus” (1679), gizonari eskubide zabalak ematez hain famatua dena.

      Otoi, foru horiek lehenago ahoz erabiltzen zituztenen araberaz oinharrituak ziren.

      Garai hartako politikagintza zen, gizonak eta lurrak bere alde jartzeko emanak, Gaztelako erregearen partetik, eta gure probintzientzat hain txarra ez zena, feudalismoak Europako herririk gehienak menperatzen zituen garaian. Bestela nola ulertu Gaztelako erregeak hain berea zuen Gaztelako herriari ematen ez zion eskubidea Euskal Herriari ematea?

      Guzi hau ezagutu beharrezkoa dugu Gaztela zaletasuna nola sartu zen jakiteko. Ondorioz, zaletasun honek zer ikusia izango zuen gure herrietako kulturadunak euskarazko literaturagintzari ez oratzeko, eta inoiz literaturagintzan ihardutzen badira ere gazteleraz egiteko.

      Foruak ziren Gaztelako erregearengana lotzen gintuzten baldintzak. Guti axola zaigu Gipuzkoa eta Araba erregeak indarrez hartu zituen ala probintzia hauek beren borondatez erregearengana bildu ziren. Foru instituzioa dugu historiako agiririk bereziena, tratu bat bide zela adierazten diguna. Eta, batez ere, errege Gaztelakoak Euskal Herriari opa ziola Gaztelako bere herriari opa ez zion neurriko eskubidea. Garai hartako gizonek gehien estimatzen zuten eskubidea zen aitonenseme izatea. Aitonensemeak izaten bai zuten erregearen erresumetan gizonaren libertate zabala. Esan bezala, eskubide honen ahalmenez, euskaldunak libre ziren, ekonomiaren aldetiko gauzak aurrera eraman zitzaten, lanak eta lanbideak sortzeko eta landua berentzat izateko, e.a. Ekonomiaren aurrerapenerako gauza beharrezkoa. Beste erresumetakoak ordea, jaunen zerbitsuko menpetasuna zuten, “vasallo”, “villano” eta honelako mailaz bereizturik. Eta, euskal berdintasun hau, foruetan lege zen. Bizkai-Gipuzkoetan ez zen jaunik (Bizkaian bertako jaun orokorra izan ezik; baina honen aurrean ere bizkaitarrek beren eskubidezko lege zehatzak zituzten). Inor hortara ahalegintzen bazen — beste ororen gainetik jaun izate nahiez —, legez kanpora zen, eta gainera burlazko izenez “jauntxoa” deitzen zieten.

      Hau horrela zelarik, ez zen batere harritzekoa orduko euskaldunen Gaztela-zaletasuna. Eta ondore honegatik zion herriak:

 

            Milla urte igaro eta

            ura bere bidean,

            Gipuzkoarrok sartu dira

            Gazteluko etxean;

            Nafarrokin bildu dira

            Beotibarren pelean.

 

      Errege katolikoek inperioa handitzea ekarri zuten, borondatez edo indarrez erresumak menderatuz. Honegatik gipuzkoarrek gaztelarrei lagundu zieten Nafarroako erregeen kontra gerlan. 1512an galdu zuen Nafarroak gaur Espainiarena den partea.

      Une berean, Pizkunde garaia da Europako mendebaldeko kulturan. Zientzien aurrerapenekin batean, literatura, musika eta plastika arteak berritzea dator ideologia burrukak tarteko zirelarik. Europako parterik gehienak feudal gizartetik burges gizartera jotzen du. Beraz, era guzietako aldakuntzak zetozten. Eta hemen, nere txosten honetan, gure inguruko historian literatura eta edergintza edo plastika arteak aztertuko ditut. Garai hartako dokumenturik urri dugunez gero arte lanek markatzen bai digute ekonomiaren egoera.

      Pizkunde garai honetan (Europako “Renacimiento”an) hasten dira Europako hizkuntza askotan literatura lantzeak. Esku-izkribuzko liburuak urri eta garezti zirenez, aberats eta intelektualen eskuetara bakarrik heltzen ziren, eta hauek gehienik latina erabiltzen zuten. Baina garai honetan, inprenta sortzearekin, liburuak ugaltzeaz merkeagotu ziren eta inprimategiek herri hizkuntzetara jo beharra zuten beren merkatari zabalkundez. Hemen hasten dira latin erromantzeak eta sajon hizkuntzak literatura lantzen.

      Imprimategiek ekarri zuten liburu merkatzea eta ugaritzea. Eta esan beharrik ez dugu liburuak gizonarentzat zer aurrerapen ekarri duen. Gaur egun, gizonaren jakintza guzia liburueri loturik aurkitzen bai dugu.

      Gutenberg, Fust eta Schoffer hasi ziren, XV. mendearen erdialdera, Mainz (Alemania) hirian lehen aldiz letra moldez baliatuaz inprimatzen. Gutenberg-en lantegian argitaratu zen lehen liburua Biblia izan zen, 1456an.

      Abantaila honi nola erantzun zion gure herriak? Nafarroa oraindik bere erregetzaren jabe zen garaian ezagutu zen Iruñan Brocar-en inprimategia, 1489an, latinez, Iruñeko eliz-nagusiaren esku-liburu bat argitaratu zuena. Ez dakigu Brocar zelako hau frantsesa ala alemana zen, baina berak erabili zituen letra formetatik Alemanian bere ikasketak egina zela dirudi. Baina inprimatzaile honek Nafarroan guti iraun zuen, 1503rako Logroño-ra pasatua zen eta handik, Cisneros kardenalaren deira, Alcalá de Henares-era joan zen Biblia Poliglota inprimatzeko [4]. XVI. mendean Lizarran inprimatu zen anitz liburu, Migel Egia [5] eta Anvers flamendar argitaratzaileek emana. Anvers zelako hau, Lizarratik Iruñara pasatu zen eta 1561ean Sancius Elso-ren Doctrina erromanzez eta euskaraz argitaratu zuen. Guk dakigunez Euskal Herrian bertan argitaratu ziren liburuetatik euskarazko lehena. Aurretikoek herbestean ikusi zuten argia. Hemen inprimategirik ez bai zen.

      Euskarazko lehen liburu inprimatua ordea, Bordelen argitaratu zen, Etxepareren poesi liburua dugu. Eta, egile hau, beste hizkuntzetan inprimatzen zenaren jakitun zen, bere “Kontrapas”ean agertu zuenez:

 

            Bertzeak orok izan dira

            Bere gohien gradora

 

      Leizarraga kalbindarraren “Testamentu Berria”, “Kalendrera” eta “ABC” Rochelen argitaratu ziren, hiru liburuak 1571 urte berean. Gauza jakina da nafar merkatariek aspalditik zutela La Rochellen etxe bat, eta har-eman hontarako zer ikusirik izango zuena.

      Bilbon argitaratu zen lehen liburua, Julio Urkixoren iritziz, Matias Mares inprimatzaileak eman zuena da, G. Osorio portugesak latinez idatzi zuen De Gloria et Nobilitate, 1578. urtean. Baina Bilbon euskaraz argitaratu zen lehen liburua “Ostolazaren Doctrina” izan zen, Cole de Ibarra-ren inprimategian 1596an. Eta Baionan argitaratu zen lehenengo euskarazkoa Bovrdot inprimatzaileak 1642an argitaratu zuen Tresora. XVII. mendearen erdialdetik hasten dira euskarazko liburuak ugaritzen, ordura artekoak, asko ez direlarik ere, herbestean argitaratuak dira gehienak.

      Ikus dezakegunez, euskal literaturak ere Pizkunde garaian agertzen ditu bere lehen kimuak, literatura landua bezala, zeren herri literatura, ahozkoa, aintzinagokoa dugu. 1512an hegoaldeko Nafarroa Gaztelak menderatu zuen, eta ifarraldean oraindik gelditzen zitzaion erresuma xipi hartan ematen zuen literatura landuak bere hasera. Hau da, Nafarroa librean sortzen da literatura lantze hau. Ordukoa da Etxepareren “Linguae Vasconum Primitiae”, 1545ean Bordelen argitaratua.

      Baina, Etxepareren obra soilik gelditzen zaigu haren garaian. Beste hizkuntza ororen mailan euskara jartzeko gogoak bultzatu zuen egile hau, baina inguruko giroa faltatu zitzaion. Honegatik, egiazko literaturagintza erlijiozko borroketatik sortuko zitzaigun, borroka horiek lehen batean politikazkoak baziren ere, XVIgarrenaren bigarren- partean Calvin-en dotrinak ereitzean eta dotrina hauen kontrako ekintzatik.

      Pizkundearen barnean, garai hartarako, bazen bestelako berririk ere Europako kulturaren ideologia mugimenduan. Luterok “Testamentu Berria” alemanera itzulia argitaratzen du 1522an, eta Biblia osoa 1534an, aleman hizkuntzari batasun bidea eta literatura lantzeko gaitasuna emango ziona. Erlijioa auzitan jarri zuen. Eta 1545etik 1563ra bitartean izan zen Trento-ko Kontsilioa. Etxepareren liburua argitaratu zen urte berean hasia. Gainera, gaietatik agertzen denez, apenas harrapatu zuen Elizak 1543an sortu zuen zentzurak ere.

      Kontsilioak eraberritzea ekarri zuen, batez ere dogma kontuan. Norma berriak eman ziren dotrina berriekin, herria kontuan harturik, eta bai literaturan eta bai artean bere ekintza berezirako probetxuzko izatera zeramaten. Esate baterako, Joanes Antxietaren aurretiko artistak, J. de Ayala, A. Araoz eta abar, mitologia gaietaz, gai paganoz, anitz baliatzen ziren, baina Andres Araoz azkenaldera Testamentu Berriko gaiez aritu zen (Genevilla-ko erretaula egin zuenetik Eibarkoa egitera bitartean aldatu zen, 1567an), eta J. Antxietakoak, XVI. mendearen bigarren parte hortan, Kontsilio ondorengo baldintza berrietan egin zituen bere lanetako gai guziak. Honegatik, Kontsilio ondorean ere Ebanjelio Apokrifoetan oinarritutako irudiak iraunarazten dira herri imajinagintzan hamaseigarren mendearen erdialdera arte [6].

      Pierre Robert, Olivetan izengoitidunak, Calvin-en ahaide eta adiskideak gertatu zuen Biblia-n oinarriturik itzuli omen zuen Leizarragak bere Testamentu Berria, 1571.ean argitaratua [7]. Baina Calvinistek, Ginebra-koa 1588an argitaratu zuten. Calvin-ek, Luteroren aurrez-aurre, Eliza eta Estadua banatzea eskatzen du, geroago bere jarraitzaileek bakezko obeditzea ontzat hartu bazuten ere. Calvin-en mugimendua poderearen aurkako minorien artean zabaldu zen, hala Eskozian eta Frantzian, adibidez.

      Gure iduriz, holako zerbait gertatzen zen Euskal Herrian ere. Gaztelako Fernando Katolikoaren aurkako joera bat, eta errege honen eta Lerin-go kondearen aurka gerla egin zutenek bildu ziren Calvindarren inguru. 1559an Juana Albret-ekoa, Nafarroako erregina, Calvindar biurtu zen, eta Biarnotik anitz bidali zituen Geneve-ra (Ginebra-ra) erreformako katisiman eskolatzera. Gainera, Orthez-en Unibertsitate antzerako bat sortu zuen. Zuberotarrek bereganatu zituzten erlijione berriak, batez ere zuberotar jauntxoek, Lerin-go kondearen aurka gerla egin zutenek. Piarres Lafitte jaunak dioenez: “ipar Euskalherriko jauregietan, apeztegietan eta burgesen etxetan ibilki; buruzagiak eta handi-mandiak nahi dituzte lehenik bildu, gero jende xehek aiseago jarraikiren zaiotelakoan. Horrela biltzen dituzte beren saretara, berzeak bertze: Bidaxuneko Agarramont, Makeako Belzuntze, Meharineko jauna, Xuberoko Sponde, Belapeyre, Zalgiz, Bela familiak, baieta zonbait apez, gehienak Xubero-aldekoak. Jaun horien guzien buru, Agarramont ahaltsua eta amorratua, Jeanne d’Albret erreginaren laguntzale kartsua”. [8].

      Gure lurraldeetan Eskozian gertatua nonbait, alderantziz badator ere, jauntxoek erreformaren alde eta herria tradiziozko katolikotasunaren alde, historiak berak gauzak honetara ekarri zituelako da. Argi dago, igaroak igaro ondorean, Estadutik aparteko erlijionearen alde jokatu zutela lehen Nafarroako erregetzaren alde gerla egin zutenek.

      Albret-eko erreginaren jokaera, neurri handi batetan politikoa zen, garai hartan ohi zen bezala. Erlijionea, Estaduarekin elkartzeaz, errege poderetsuen alde aisago joaten bai zen Eliza, errege xipiagoaren edo herrien kaltetan. Beren erresuma eskubideen alde jokatu nahi zuten nafar haiek onartu zuten Calvin-en iritzia. Gero herria berenganatzeko, noski. Lortuko zuten agian herria, herri xehe hori, hain katolikoa izan ez balitz; baina katolikotasuna hain errotua zegoen herrian joko irristakorregia zen, eta hala gertatu zen; feudal kutsu guziak beheraka ari zirenez, herria gaineratu zen jauntxo horien kontra.

      Lafitte jaunak berak eman zigun Paueko Sinodo kalbindarrak 1563an Leizarragari Lapurdira egin deia, Hitzez hitz: “Lapurdin bizi den Leizarraga jaunari mezutuko zaio hunat etor dadin, Testamentu berriaren, otoitzen eta Katiximaren eskuararat itzultzeko; eta, nahi badu bere burua (ebanjelioari) osoki eman, bere eskualdean edo Baxenabarren minixtro izaitera prestatzeko. Eliza-kontseilukoen gain izanen da haren mantenatzea, Erreginak nahi duen ber hura hunat etortzea”.

      Erreginaren nahizko jokabide hauek ikusirik ezta gauza gaitza asmoa igartzea. Lerin-go kondeak sortu zuen anaiarteko gerlara, Gaztelako Fernando errege katolikoak Duque de Alba igorri zuen bere ejerzitoarekin eta Nafarroa benderatu, Aita Santuak bulazko onezpena eman ziolarik; berak eskubidetzat hala agertu zuenez.

      Nafarroako gerlatik hamabi urte geroago, Luterok jartzen du erlijioa auzitan eta Elizak Trentoko Kontsilioa antolatzen. Loiolako Eneko, Gaztelaren alde eta Nafarroaren aurka kapitan bezala parte hartu zuen berbera, Ignacius izenez apeztua, Jesusen Konpainiaren sortzaile, eta Konpainia hau kartsuki altxatu zen Erreformaren etsai borrokatu bezala. Nabarmen azaltzen zaigu Kontsilio hortan erlijio auziez gainera politikakoak ere bazirela.

      Kontsilio hartako joerak ikusirik, Calvin-ek beste bide bat hautatu zuen, batez ere Eliza eta Estadua bereiztearena. Eta, egoera hau aprobetxatuz, Europako zenbait erregek bere bideak aukeratu zituen, eta zenbait elizgizonek garaiko egoeraren araberaz errege batzuen zerbitsuko erlijio bidea. Bazen han bietarik. Honegatik ezta batere harritzekoa Nafarroako gerlan Juan de Albret erregearen aldeko jokatu zutenek erlijione berria besarkatzea, berrogeitahamar urteren buruan.

      Dena dela, argi ta garbi ikusten da politika borrokak erlijiozkoekin nahasturik zebiltzatela garai hartan.

      Bitartean, gaur Espainiako alderdia den Euskal Herria geroago eta Gaztela zaleago zihoala. Nafarroan, bertako erromantzea baztertuz gaztelerazkoa gainditu zen; baina batez ere Gipuzkoako intelektualak azaltzen zaizkigu erdal literatura lantzen, herriak, herri xeheak, euskara hutsa besterik ez zekien garaian. Foru babesaren esker ona agian.

      Baina beste eskertzekorik ere bazuten. Bizkaiak eta Gipuzkoak aurrerapen eta aberastasun handiak ezagutu zituzten XVI. mendearen hasieratik. Ordura arte laborantza nagusi zen herrietan, beren lurreri esker, aberastasun handiagoak ezagutzen ziren, eta Pizkunde garaian oletara eta merkatalgora ere zabaldu zen. Arte lanak ditugu lekuko, Nafarroa, Zuberoa eta Arabak erromanikoan eta gotikoaren lehen partean aberastasun handiak dituzte, monumentuen ederrez eta ugaritasunez hain nabarmen agertzen zaizkigunez. Gotikoaren azkenaldetik Bizkai-Gipuzkoetan goraka ikusten da edergintza eta XVI.ean, Pizkundearekin, aberastasun handiak lortzen dira. 1492an Amerika aurkitzetik eta 1503an Sevilla-n Casa de Contratación sortzetik, gure ola-zaharretara lan asko etorri zen. Ameriketan ez bai zuten burdinarik ezagutzen eta burdinazko arma eta lanabesak anitz presiatzen ziren hangoen eta hara joaten zirenen artean. Orduan, lanaren aberastasunez, eliza berri anitz jaso zen eta erretaula bikainik egin ere bai.

      Ekonomiaren goraka honek, plastika artea ugaritzen du (Borgoina eta Flandes aldetik maisu artistarik anitz ekarri zen), baina literatura ezta lantzen neurri berean, eta egiten den gutia gazteleraz. Intelektualik gehienak merkatalgora, kolonisatzailetara, misiolari, itsas-gizon, militar eta beste ekintza askotara jotzen dute. Zerrenda ederrik agertzen digu J.I. Telletxeak bere “Papeles viejos” liburuan eta jakintza gizonen aitormen hau egiten digu J. Caro Barojak Garibayren lanak aztertzean [9]. Eta inoiz literaturagintzara sartzen direlarik, esan dugun bezala, gazteleraz idatziz egiten dute. Hala egin zuten Martinez de Zaldibia batxillerrak, Garibai berak, Etxabe, Poza, Ibargüen-Cachopin, Isasti eta gainerakoek, guziak gazteleraz. Ez dute izkribatzen herriaren mintzairan eta herriak ezin jarraitu konprenitu ezin zuen hizkuntzan izkribatua.

      Idazle horiek, guztiz euskalduna zen herrian ez zuten zer eginik, beren ondasuna antzu bihurtu zen. Eta izkribatze lanetara behartu ziren haien ondokoak, letra dotoredunak baina irudimenik gabeak, literatura sorketan aritu ahal izateko beren hizkuntzaren arimarik ez zeramatelako. Hala ziren Joan de Itziar eta Pedro de Madariaga kaligrafoak adibidez, literaturatik baiño artegintzatik hurbilago arkitzen ziren letraginak.

      Gaztelako erregearengana benderatu ziren erresumetan, literatura gogoa iratzartu zen (intelektual batzuen baitan), baina ez beren herriaren hizkuntzaz, arestian aipatu dudan bezala. Huarte de San Juan garaztarra bera ere, Alcalá de Henares-en estudiatu zuenez gero, bere herriagandik zatiturik gelditu zen.

      Aipatutako batzuk eskaini ziguten irudimenezko (irudimen hutsezko) lan soila euskararen bitxikeriak goraipatuz apologetika hutsa, hala M. Zaldibia, Garibai, Etxabe, e.a., guziak gaztelako hizkuntzaz zaleturik ari ziren, eta euskararen apologia bera ere herbestera begira egina eta ez bertako herriari begira. Honegatik garai berean salatu zituen Klaberia apezak, 1636an, Ziburuko Etxeberri goraipatzez egin bertso haietan:

 

            Burlatzen naiz Garibaiez

            Bai halaber Etxabez,

            Zenak mintzatu baitira

            Erdaraz Eskaldunez.

 

            Ezen zirenaz geroztik

            Eskaldunak hek biak,

            Eskaraz behar zituzten

            Egin bere historiak.

 

            Eskaraz egin ditutzu

            Etxeberri, zure obrak,

            Ohoratu nahiz zeure

            Ahalaz herritarrak.

 

            Zer errefrau eder baita

            Hizkuntza arrotzetan

            Hura aditzera ematen

            Daroezu beretan.

 

            Esker bada eta

            Duzula berezia

            Zeren xoratu duzun

            Herritarren mihia.

 

      Hala ere, aitortu beharra dugu, Joanes Etxeberri eta honen adiskide Klaberia baino lehen agertu zela Etxepare euskaltzale, honen “Kontrapas” eta “Sautrela” izeneko poemak lekuko. Bigarren poema hontako bi bertsutan hara zer zioen Etxeparek:

 

            Heuskaldunak mundu orotan

            preziatu ziraden

            Bana haien lengoagiaz

            berze oro burlatzen

            Zeren ezein skripturan

            erideiten ezpaitzen

            Orai dute ikasiren

            nola gauza hona zen.

 

            Heuskaldun den gizon orok

            altxa beza buruya

            Ezi huyen lengoagia

            izanen da floria.

            Prince eta iaun handiek

            orok haren galdia

            Skribatuz hal balute

            ikasteko desira.

 

      Garai hartan, idazle batzuk euskaltzaletasuna agertzen dute, eta beste batzuk herriarengana hurbiltzeko praktikotasuna, Leizarragak “ABC” liburuan dioenez, “Berze nazione guziek, zeinek bere lengoajean besan” berak ere idazten duela adiaraziaz.

      Ifar Euskal Herrian ideologia borrokek bizkortu zuten euskarazko literatura. Politika eta erlijioa nahastu ziren eta elkarren arteko norgehiagoka sortu zen lehenbizi; kalbindarrak beren dotrina berriak hedatu nahirik eta katolikoak kontra-kanpaina bat ondorean. Dena izan zen euskal literaturaren bizkortzerako eta pizteko. Horrela, XVI. mendearen azkenaldea eta XVII.aren lehenak sustraitu zuen gure literaturaren hastapena.

      Azken batez ikusten duguna, literatura landuaren sorrerako mugimendua, ideologian oinharritua zela, ekonomia alderditik baino gehiago. Erdi-aroan, arte lanak adiarazten digunez, Nafarroa, Araba, Zuberoa ziren aberatsak, nekazaritza bizibide nagusia zen garaian, erromaniko eta gotikoaren lehen parteko monumentuak lekuko. XIVgarren mendearen erdialdetik ordea, Bizkaia eta Gipuzkoako artegintzak aberastuaz nabari dira. Lapurdikorik berri guti dugu, zeren aitortu behar bai dugu Baiona bere katedral handiarekin ere ez zela hain euskaldun eta hain Euskal Herriko, arrotz merkatariek ziren nagusi eta gaskoinak zeramaten burugoa. XVI. mendean, Pizkunde garaian, Bizkai-Gipuzkoetan Nafarroa eta Araban hainbateko aberastasuna nabari da. Monumentoak ez ezik arte eskola eta lantegiak ere anitz ziren, batez ere XVIgarrenaren azkenaldera Euskal Herriko arte lantegiek herbesterako lanak ere egiten zituzten, batez ere Gaztelania eta Aragoirako. Eskola berezi bat ere sortu zen Joanes Antxieta azpeitiarraren inguru, anitz jarraitzailekin. Laboraritzarekin batean merkatalgoa gailentzen zen, eta ola-zaharren abantaila nabarmen agertzen zaigu Amerikak aurkitu zirenetik[10].

      Hamaseigarren mende hartan Lapurdi pobreenetakoa izanik ere, bertan loratu zen literaturaren mugimendua. Bizilagunez ere xipienetakoa zen agian, baina literaturagintzan Europa erdialdea bezala piztu zen. XVI eta XVII.ean Euskal Herri guziaren gainetik jarri zela Ibar-ek eman zigun “Genio y Lengua” liburuan estadistika zehatza [11]. XVIIgarrenean ordea, bere aberastasunak agertzen ditu Ifar Euskal Herriak, batez ere Lapurdin [12], eta garai hartakoak ditugu eliza berritze asko eta batez ere elizetan egin ziren zurezko koru barrokoak elizaren gibelaldean buelta guzian apalak bezala behetik goraino hain ederki atonduak eta Lapurdiko artegintza hain bereizgarri egiten dutenek.

      Beraz, XVIgarreneko ekintzatik etorri zen geroko zuzpertze hura, eta XVIIgarrenaren erdirako Axularrek bere “Gero” liburuarekin loretu ez ezik goren mailara jasoko zuena. Bere obra, garaiko Europako aszetika gorenengoen artekoa da. Adibiderik ederrena dugu Juan Flors argitaratzaileak “Espirituales Españoles” sailean onhartzea [13].

      Baina, Leizarragaren literatura lantze esperientzia baztertua izan zen, protestantismoa bera bezala. Trentoko kontsilioaren ondorioz lurralde katolikoetako literaturan aszetikak eta miztikak hartu zuten garrantzia, herriari begira eta idazkera herrikoiez, Axular eta haren ingurukoek burutu zuten bezala [14]. Gaur egun, euskara, goragoko kultura baterako premia larrian ikusten dugu, Leizarragak zeraman bideetakoa agian. Dena dela, moldez eta gogoz, Trentoko kontsilioak zeharo markatu zuen Euskal Herriaren bizitzan, eta kalbindarren ideiekin batean Etxepareren erako poemagintzak ere baztertzeko [15]. Katiximaz ugaritu zen Euskal Herria, Sales-ko Frantziskoren lanen itzulpenak eta barroko egitura sartu zen. Mugimendu honetan, Axularrek bere inguruko zituen Materre, Haranburu, Etxeberri Ziburukoa, Harizmendi, Argainarast eta abar, Sarako eskolatzat ezagutzen duguna.

      Denen buru zena, Pedro Dagerre Azpilkueta, “Axular” handia, herri honetan sortu zen 1556an, “Gero” liburu eder aspergaitza 1643an argitaraturik utzi ziguna eta handik urte batetara hil zena. Hark bere liburuan esan zigunez: “Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu nola egin baita latinez, frantsesez edo bertze erdaraz eta hizkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen Euskara ere; eta baldin hala ezpada, euskaldunek berek dute falta, eta ez Euskarak”.

      Hala ere, Etxeparek bere liburuaren bukaeran zioen “Debile principium melior fortuna sequatur”, gure ustez, aski kunpliturik utzi zuen Axularrek bere “Gero”-rekin.

      Agur eta ohore idealen borrokak euskararekin erabiliaz gure literatura landuaren sorrera lortu zuten guziei!

 

Urdazubin, 1974ko irailaren 14an

 

Euskaltzain sarrerako hitzaldia.

Euskera, XX (1975),
195-208 orr. Zenbaki berean
ikus Jean Haritschelhar jaunaren

ihardespena,
209-219 orrialdeetan.

 

 

 

[1] Ibon Sarasola, “Euskal Literaturaren Historia” (Donostia, 1970), 16/17 orrialdeak.

[2] Gaztelako errege Enrique IV-.ak 1457an onhartuak.

[3] Berrituak izan ziren: Bizkaikoa 1526an, Gipuzkoakoa 1696an, eta Arabakoa 1463an. Eta hauetan noblezak zer errepresentatzen zuen jakin nahi duenak ikus beza C. de Echegaray-ren “Investigaciones referentes a Guipúzcoa” (Donostia, 1893) liburuaren lehen bost orrialdeak, edo bertan ematen dituen goragoko iturriak, bereziki Marichalar eta Manrique-ren “Historia de la Legislación del Derecho civil de España” (Madrid, 1868) bigarren argitalpena, zuzenketaz eta gehigarriz.

[4] 1514-1517 urteetan inprimatua.

[5] Migel Egia hau Brocar inprimatzaile'aren suhina zen, J. Goñi Gaztambidek aztertu duenez, gipuzkoarra zen, Legorretako semea.

[6] Ikus, J.A. Lizarralde-ren “Andra Mari” (Bilbao, 1926), batez ere “Guipúzcoa” tomoaren 143/178 orrialdeak.

[7] Rene Lafon-en hitzaldia Leizarragaren omenez, EUSKERA aldizkarian, XVII, 1972,151 orr.

[8] P. Lafitte-ren hitzaldia Leizarragaren omenez, aipatutako EUSKERA-n, 144 orr.

      Gainera, erlijio borroka haien hasera ikusteko, Julio II.aren Bula, errege nafarrak exkomulgatuz eta beren erresuma lehenen menderatzen zuenarentzat izango zela agertuz eta ondorean, 1512an Gaztelako Fernando V.ak benderatu, eta hortatik mindurik onhartu zuela Nafarroako Joanak Calvin-en erlijioa, anitz idazlek aitortu duten gauza da; begiratu, adibidez: Villasante-ren “Historia de la Literatura Vasca” (Bilbao 1961) liburuaren 50. orr.; era berean agertzen digu S. Onaindiak “Euskal Literatura” (Bilbao, 1972) lehen tomoko 76. orr.; baita ere “Euskal protestantismoa zer zen” (Donostia, 1970). J. Leizarraga Beraskoizkoak 1571 urtean argitaratutako eskribuen gainean G. Arestik tajututako liburuan X. Kintanaren hitzaurrea 3/4 orr.; era berean, ikus, R. Bozas-Urrutia, “Un Materre de 1704”, Boletín de la R.S.V. de los Amigos del País, XXIV, 1968, 193 orr. eta J.A. Irigarayren “Euskera eta Nafarroa” (Iruña, 1973), 47 eta 54 orrialdeak.

[9] J. Ignacio Tellechea Idigoras, “Papeles viejos” (Donostia, 1968). Eta J. Caro Baroja, “Los vascos y la historia a través de Garibay” (Donostia, 1972), 62. orr.

[10] Ikus “Lur eta gizon, Euskal Herria” (Oñati, 1974) liburuaren “Euskal artea” izeneko kapituluaren 155/ 162 orr.

[11] “Genio y Lengua” por Ibar (Tolosa, 1936), 99/103 orr.

[12] Alde batetik garaiko errege absolutuen indarrez, bereganatu zituen koloniegatik, Colbert-ek (16191683) ekonomiaren zuzendaritza Estadutik jartzea, merkatalgoa indartzeaz eta abar, XVII. mendea oso aberatsa izan zuen Frantzia guziak eta hau igartzen da Ifar Euskal Herrian ere.

[13] Pedro de Axular, “Gero (Después)”. “Espirituales Españoles”, Juan Flors, Editor (Barcelona, 1964). Aita Luis Villasantek prestatua, bere hitzaurrez eta gaztelerazko itzulpenez.

[14] Ikus, L. Viilasante, “Historia de la Literatura Vasca”, 59 orr.; L. Villasante, Axular, mendea, gizona, liburua (Oñati, 1972), 90/96 orr.; eta I. Sarasola, Euskal Literaturaren Historia, 14/15 orr.

[15] L. Michelena, “Historia de la Literatura Vasca” (Madrid, 1960), 59 orr.; eta I. Sarasola, “Euskal Literaturaren Historia”, 15 orr.

 

 

Literaturaren inguruan
Juan San Martin

Hordago, 1980