|
Literaturaren inguruan
AINTZINAKO IPUIAK,
Euskal Herriko ipuin zaharrak, belaunik belaun datozenak, heuren zahartasun guztian, beti berri direnak. Zahartzaroan aurrera dihoazen atso-agurentzat haurtzaroko oroitzapenez beterik eta haurtzaroan bizi direneri misteriozko mundu bat irikiaz. Beti zahar baina beti berri. Euskal Herriko umeak irakurgai faltan daude. Beti ,gara haurrentzat gauza haundiak: egiteko asmotan, liburu apainduak eskaintzen ditugu hitzez, baina urteak aurrera gauza. gutxi argitaratzen dugu haurrentzako eran. Eta, haurrak, alegia, beti liburu berrien egarriz bizi diran haur hoiek, liburu berdinekin aurkitzen dira. Beraz, Azkuen ipuin hauek ere ez ditugu berriak, noski, baina orain arte zeuden bezala, lau liburu haundiri erantsirik, ez zeuden edozein haurren eskuetara heltzeko eran. Eta, horregatik geunden beharturik beren bilduma bat gertatzera. Euskara herri-literaturaz hain aberatsa izanik ere, era honetako liburuz urri delako. Ipuin bilduma hau, irakurgai bezala premiazkoa izateaz gainera, Euskaltzaindiaren urre-eztaiak diralako, bere sortzaileetariko eta lehenengo buruzagi zenaren ohorez, bere “Euskalerriaren Yakintza” hautatu dugu. Izatez, “Euskalerriaren Yakintza” lau liburu haunditan dago, gure herri-literaturatik Azkue berak jasoriko ohitura, siniskera, ipuin, atsotitz, esakera, igarkizun, jolas, kanta eta abar adieraziz, erderazko itzulpenarekin batean Madrilgo Espasa-Calpe, S.A.-k argitafa emanak. Lauretatik bigarren liburua ipuin hutsez egina da. Guztira, 241 ipuin ditu, eta beretarik 62 aukeratu ditugu liburu hau osatzeko. Eta, bihoaz gure eskerrak Espasa-Calpe, S.A.-ri bilduma hau egiteko baimena eman digulako. Zeren Azkue zenak, egile eskubideak bere zituelarik, Madrilgo etxe honi emana zuen argitaratzaile bezala eskubide osoa. Argitalpen honen izena, “Euskalerriko ipuin zarrak”, “Euskalerriaren Yakintza”-tik bereiztearren eman diogu, zeren bertatik ipuiak bakarrik jaso zituelako. Lehenengo liburuaren hitzaurrean dioen bezala, bertako gehienak bere ama, eta Bilbo, Donostia eta Alkoz (Ultzama)-ko landerretxeetako atso-agurengandik bilduak direlako. Bilketa lanean, gaztetxo zelarik hasi zan Azkue, joan zan mendearen azkenaldean, eta bere denborako zaharrengandik bilduak direnez, ehun urtetik gora izango dituzte bertako asko eta askok. Ipuin kontalarien urteak ematen ez baditu ere, kontalariak joan zan mendearen lehenengoetakoak izan behar nahi eta nahi ez, baldin mendearen azkenaldera landerretxeetara jasoak baziren. Beraz, heuretariko askok haurtzaroan ikasiak zituztenez, ez dugu gehiegikeririk esaten zenbait ipuinek ehun urtetik gora ere izango dituztela aitortzean. Horrez gainera, nork daki ahoz-aho noiztik etorriko ziren atso-agura hoien belarrietara? Arrazoi hauek aski dira “Euskalerriko ipuin zarrak” izenburuz bataiatzeko. Hautapenak egitean ez diogu begiratu onenak izateari bakarrik, baizik ontxoenen artean gaiez desberdinak eta gainera euskalki guztietarik zertxobait harturik, Euskalerriaren zabalera guztikoekin hornitzearren. Azkue berak, ipuin bakoitzaren ondorean kontalariaren izena eta herria ematen zituen, eta egoan berean utzi dugu. Berak jartzen zituen zenbait ohar ere bere-berean utziaz, oso luzeak zirenen laburpen bat emanaz eta laburpen ondorean, beti, bere iturria emanaz, “Euskalerriaren Yakintza”ko iturria, bere zehaztasunak jakin nahi dituenarentzat. Beste zenbait ohar erantsi dizkiogu, gehienetan geroztiko iturriren batzuek emanaz, azterketak jarraitu nahi dituztenen argibiderako. Ezertariko ikuturik egin gabe jaso ditugu Azkue’ren ipuin hauek. Euskaldunei begira argitaratzen dugunez, “Euskalerriaren Yakintza”k duen erderazko itzulpen gabe ipini ditugu. Hainbeste euskalkitatik bilduak diranez, zenbait ipuin irakur nekezekoak izango dira behar bezala ulertzeko, baina gaur nornahik arki lezake esku hiztegitxo bat bertako hitzak konprenitu ahal izateko, eta bide horretatik inori ez dio kalterik egingo besteen euskalkiak ezagutzeak. Euskalkitik euskalkira dauden aldeak ez dira askok uste bezain haundiak. Herri-ipuin hauek ziran bezala jaso ote zituen Azkuek? Galdetuko dute, noski. Ezetz esango diegu. Lehenengo liburuaren hitzaurrean dioenez [1], joskerak batzuetan eta hitzak hurrengo, bere erara aldatuak zituan kontalarien ahoetatik erdel kutsuz zetoztenean. Herri berak erabiltzen dituen joskera eta hitz jatorragoekin konpondu bazituen ere. Zioenez, gutxitan egiten omen zuen hori. Baina gure iritziz, bere gisara aldatze horrek, bere alde ona eta txarra ditu. Txarra, oso txarra, etnografia eta hiztegi agiri bezala, zeren etnografo batek inoiz ere ez luke horrela jokatuko. Hobeto esan, ez luke inoiz ere horrela jokatu behar. Jakintzaren partetik, etnografiazko bilketa, agiri bizia izan behar du, egi-egiazko dokumentua. Zeren erderazko hitz eta molde hoiek ere noiztik eta nola jakin beharrezkoak dira. Baina bere alde ona du euskal literaturaren batasunaren aldetik begiraturik. Honetan, Azkuek, bere moldeetara ipini zituen, bere Gipuzkera osotua-ri [2] hur emanaz. Guk nahiago genuen etnografiaren legeak eskatzen duen eran oinharrituak baleude. Horretara, orain izango zen garaia irakurgai bezala agertzean literatura aburuz osatzea. Bere lana zientifikoagoa izango zen, ta orain, irakurgai bezala jartzean, literaturak eskatzen dituen aldakuntzak egin genitzakean. Baina, lehen horrela jokatu zuenez, orain ez goaz ikuturik egitera, beharrezkoa ez deritxogulako. Ipuinok, Euskal Herrian sustraiturik arkituarren, jatorriz bertako iturburuetakoak ote ditugu? Batzuek bai, beste batzuek ez, eta beste asko ezin erabaki. Biltzaileak berak, tokiz, ematen dizkigu zenbait ipuiek beste herri eta beste garai batzuetakoekin duten zer ikusia, bigarren liburuaren hitzaurrean [3]. Itxura denez, Peru ta Maria izenez Bizkai eta Gipuzkoetan ezagutzen diren ipuinak ez zituen maite Azkuek, bi baizik ez dira ageri bereetan, “beste guziak aurkeritxoak baizik etziran”, esanaz [4]. Baina, haurrentzat “aurkeritxoak” ere atsegingarriak dira. Haurrak bere irudimenezko mundua bizi bai du. Horrelako ipuinen agiriz, Peru ta Maria-renekin, badira bi disku “Columbia”k orain pare bat urte argitalduak, Teri Ibarrola aulestiarraren ipuinez eginak. Beste askok bezala, Azkuek ere uste izan zuen arrotzak zirela gure folklorea biltzen hasi zirenak. Bere iritziz Wentworth Webster (1828-1907) izan zen Euskal Herriko lehen folklore biltzailea “Quelques notes archeologiques”en, geroago “Basques legends” (London, 1877) argitaratu zuena. Iritzi hori Julien Vinson’en (1843-1926) gandik zetorkion, zeren Vinson’ek Webster’i eskaintzen zion bere “Le Folklore du Pays Basque” (Paris, 1883), lehenengo folklore biltzailea zelakotzat. Vinson’en liburu honek oraintsu ikusi du bigarren argitalpena Paris-en bertan “Maisonneuve et Larose” etxean. Gaur ostera, denok dakigu Oyhenart-ek alde horretatik zenbait lan egin zituela, hamazazpigarren mendearen lehen partean; baina euskal folklorearen egiazko lehenengo biltzailea Iztueta (1767-1845) zela. Behar bada ez Webster eta Vinson bezain zehatza, baina ezin ukatu bere lana folklorelari aburuzkoa ez denik. Gauza honi buruzko argitasunak neronek eman nituen ihazko urtean Iztueta’ren jaiotzaren berrehun urte betetzea zela eta [5]. Iztueta-ren lanak: “Gipuzkoako dantza gogangarrien kondaira” (Donostia, 1824), izenburuak dioen bezala dantzeri buruzko zertzeladaz egina da, eta bere bigarren partea, “Gipuzkoako soñu zar eta itzneurtu” (Donostia, 1826). doinu eta kanta zaharren bilduma, bi urte beranduago atera zen orduko zentzurarekin izan zituen eragozpenengatik, eta azkenik “Gipuzkoako probintziaren kondaira” (Donostia, 1847). Azken honek kondairaren aldetik balio askorik ez badu ere, 25-garren orrialdetik 255-erako tartea etnografiako bilketa hutsez beterik du. Bere mami nagusia artzaintza, nekazaritza, ola-zaharrak; orduko elkarte eta erakunde; abere, landare, lan tresna eta jolasketa hiztegiak; ipuinak, ohiturak eta abar direlarik. Iztuetak merezi du bere zati hautatuekin liburu polit bat hornitzea, zeren bere oroitza gaurkotzearekin batean bere bilketak gaurko etnologia gaietan dabiltzanen eskuetan ipintzeko. Azkuek hizkuntzaren aldetik bere parte ona atera zion, batez ere “Diccionario Vasco-español-francés” delako hiztegi nagusiarako eta “Morfología Vasca”rako. Oso gutxi Cancionero popular vasco’n (Ikusi 257/261 orrialdeak). Baina Azkue’ren lan luze eta sakonak aintzat hartu ezkero ez da harritzekoa zenbait gauzak ihes egitea. Ez da gutxiagorako. Ez dut uste irakurleak Azkue nor zen ihardetsiko duenik, baina ala ere bere egintza haundien oroiz merezi du bera eta bere lanaren berri labur batzuek ematea: Resurreción Maria Azkue eta Aberasturi Lekeition (Bizkaia) jaio zen 1864-an, eta Bilbon hil zen 1951-n. Euskeraren alde lanik gehien egin duen gizona dugu, eta euskerak gehien zor diona noski. Bere aita, Eusebio Maria, itxas-eskolako matematika irakaslea zen, eta horrez gainera euskal idazlea, Parnasorako bidea’ren egilea. Ama berriz ipuin kontalari trebea (horregatik "doaz “Euskalerriaren Yakintza” eta eskuetan duzun liburu hau berari eskainiak). Beraz, jatorritik zetorren Resurrección euskal arazoetara grinatua. Bilboko Institutoan euskara irakasle 1888-garrenetik. “Euskalzale” izeneko aldizkari bat argitaratu zuen bere kontura 1897-tik 1899-ra. Arturo Campion, Luis Eleizalde eta Julio Urkijo-rekin batean, euskaltzain izendatua izan zen 1918-an, Oñatin egin zen Euskal Ikaskuntzaren Lehenengo Biltzar nagusian, han bertan Euskaltzaindia sortzean. Eta hurrengo urtetik Euskaltzaindiaren buru izendatu zen. Teologian doktor mailakoa zen, Real Academia Española-ko numerokoa, Petersburgo-ko Zientzia Akademiakoa eta Paris-ko Hizkuntzalari elkargokoa. Bere lan nagusiak: “Diccionario Vasco-español-francés” (2 liburu), Bilbao, 1905, 1906. “Cancionero popular vasco”, Barcelona, urte gabe (aurten berriz argitaratzen da lan eder hau). “Morfología vasca”, Bilbao, 1925. “Euskalerriaren Yakintza” (4 liburu, euskaraz eta erdaraz), Madrid, 1935, 1942, 1945 eta 1947. Lan hoien erdia aski litzake gizon batek bere bizitza guztiko langintza ondo betea edukitzeko, baina Azkue haundiarentzat ez zen nahikoa agiri denez, eta hoiez gainera beste zenbait liburu idatzi zituen jakintza, arte eta literatura mailakoak, eta euskal hizkuntzaren azterketetatik aparte, operak, antzerkiak, nobelak, eta abar idatzi zituen. Gehiegi luza gintezke hemen bere bizitzari eta lanei buruz zehazki ihardungo bagina. Horregatik, bere bizitza eta laneri buruzko zertzelada zehatzak nahi dituenak ikusi beza beste lan hoietan: Azkue jauna zanaren gorazarrez Euskaltzaindiak argitaratu zuen Euskera zenbaki berezi bat, II-garren tomoa (bigarren aldikoa), Bilbao, 1957. Eta “Don Resurrección María de Azkue lexicógrafo, folklorista y gramático”, L. Michelena, J. Caro Baroja eta A. Tovar. Publicaciones de la Junta de Cultura de Vizcaya. Bilbao, 1966. Aurten, gure gizon haundi honen izena emango omen diote Bilboko kale bati. Gure iritzian oroitarri eder bat ere merezi du. Baina, oraingoz, liburu honekin, Euskal Herriko haurrek behintzat, liburutxo on bat jasotzen dute, beren arbasoen ondore emaitzaz. Euskaltzaleen aldetik ere arrera ona izango balu ez da gutxi.
(“Aintzinako ipuinak” deritzan bildumaren hitzaurrea) Eibar, 1968-ko epailean
[1] “Euskalerriaren Yakintza”, I, hitzaurrean, 18/20 orrialdeetan. [2] Gipuzkera osotua, Bermeo, 1935. Liburu honetan bildu zituen Azkue zenak euskeraren batasunari buruz zituen iritziak. Gutxi gorabehera, bere teorizko iritzi hoietara makurtuak egin zituen Azkuek ipuinetan arkitzen diren aidakuntzak. [3] “Euskalerriaren Yakintza”, II, 9/10 orrialdeetan. Era berean arkituko ditugu "Euskal Herriko ipuiak beste herrietakoekin duten zer ikusia Barandiaran-en “Eusko-Folklore” (Materiales y Cuestionarios). Munibe, tomo IV, 286/294 orrialdeetan. Sociedad de Ciencias Naturales “Aranzadi”. Donostia, 1954. [4] “Euskalerriaren Yakintza”, II, 14-gn. orrialdean. [5] Ikusi: “Iztueta, el precursor del folklore vasco”, “La Gran Enciclopedia Vasca”, tomo II, 7-8 zenbakia, 427 orrialdea. Bilbao, 1967.
Literaturaren inguruan |