www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iru ziri
Pedro Migel Urruzuno
1899-1922, 1965

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Iru ziri (ipui ta bertso), Pedo Miguel Urruzuno (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1965

 

 

aurrekoa hurrengoa

KRIELISON PATENOSTER

 

        Etzegoen Tunbalerorentzat errian gizon ondraduagorik Pelis ikasle edo estudiantia baiño. Eta Pelisentzat berriz lurbira guzian etzen Tunbalero baiño gizon oberik, eta izan ere etzitekien; eta ala ere baziran, leku guzietan bezela, an ere inbidiosuak, egiak esaten zituztenak bai, baiña inbidiaz, ez beiñepeiñ ondo naiz.

        Tunbalero Andaluziako trozoetan arrantxero asita mutill nagusira eldu zala, eta erdi arra ta erdi droga kuarto apur batzuek egin zituela, eta orain markes bat bezela zebillela. Pelisek zazpi urte zeramazkiela ikastetxe batean, eta sei kalabaza etxeratu zituela; eta oraiñ Tunbalero ta Pelis beren ustetan diputau ainbat bazirala.

        Kooorriente —esaten zuen Tunbalerok— baiño nori zer dio?

        Eta, amio!, ixilldu egin bear. Baiño etzuen iduki izan beiñere Tunbalerok diputau izateko asmorik; zergatik eze diputau izateko diru asko atera bearko zukean, eta, egia esateko, bere buruaren urrengo geien maite zuena, dirua zan.

        Bera izango bazitekien Españiako hacienda de ministro, dirua inguratuko omen zukean bai, eta ara nola kontuak ateratzen zituen: «Gaur, ikusten degunez, diputau ateratzen kostatzen da gutxienez bost milla duro bakoitzeko, eta diru ori dijoa ardantegi, ostatu eta kapetxetara, beiñepeiñ geiena, gorputzen kaltean eta animen gaitzean; eta errietan berriz, botoak dirala ta eztirala, milla asarre sortzen dira. Atera bitez botoak kandela edo errematera, eta oien dirua dijoala aziendako kajara; egia da zinzerri leporala lapikorako geldituko litzakiela baiño len ere ala gelditzen da. Eta era onetan biziko giñake gozoro errietan, eta aziendak izango luke diru geiago».

        Arrazoia etzuela ere eztet esaten, baiño, besteren etxea gobernatzen zebillen bitartean, berea bestek gobernatzen zion. Pelisi etzijoakion aiñ gaizki ere Tunbalerorekin, ondo esan eta urdailla aren lepotik maiz samar berdintzen zuela, biotz samurrekoa ezpazan ere Tunbalero jauna.

        Eiztari ere bazan edo izan nai zukean beiñepeiñ Tunbalerok. Oi zebillen mendiz mendi; baiño, berak esaten zuen bezela, bazterren lotsagarri, egundaiño egazti-luma bat ere beregandu ezin zuela, eta beti txakurra oi zuen txarra. Berak Andaluzian ill izan zituen eperrak eta erbiak nai ainbat, baiño txakurrak ere an onak zituen. Emen etzuen txakur onik, eta argatik edozer gauza emango zukean txakur on bat beregantzeagatik.

        Pelisek bazituen bere antzeko bi lagun andik urrean, eta aietako, batek zuen txakur bat «Jantalo» izena zuena, eta izenaren jabe zana. Iru lagunak artu zuten txakur onekiñ Tunbalerori ziri bat sartzeko asmoa.

        Ara bi lagun an, txakur bat erdian dutela. Zer darabilte? Txakurraren sal-erosia; berrogei ta bost ogerleko eskatzen saltzailleak, eta berrogei ta bi t'erdi eskeintzen erosleak. Uraxe bai txakurra! Probentzia guzian ere berdiñik etzuena. Erosleak ere aitor zuen ori; baiño berrogei ta bi t'erdi ogerleko ere diru ederra zan. Eldu ziran Pelis eta Tunbalero sal-erosleakgana, eta, jakitean bigarrenak gertatzen zena, eskeiñi zituen berrogei ta tau ogerleko eta txakurra beregandu zuen, esker Pelisekin joanari, zergatik, bakarrik joan balitz, etzuen aiñ

errez bereganduko txakurra, bada nola Pelis beste bien adiskidea zan, eta geiago Tunbalerorena, Pelisen bitartekotasunagatik egin zioten grazia, edo, euskera garbian esateko, jo zioten adarra Tunbalerori; bada berrogei ta lau ogerleko aietatik amar izan ziran Pelisentzat; eta beste bientzat amazazpia. Bai, Pelis, Pelison eta Pelisitos, irurak ziran bata baiño bestea piñagoak onelako lanetan.

        Txakurrak ederra zirudien, baiño izen ura, au da, «Jantalo», etzitzaion ondo iduritzen Tunbalerori, eta ala ipiñi zion izen berria: «Korrido». Txakurrak etzeritzon ondo izen oni, eta orregatik lengoarekiñ jarraitzen zuen, izenez ezpazan ere., beiñepeiñ izanez. Erbiak osasunaz eta ugari zebiltzen, baserritar batzuek eskuakiñ arrapatzen zituztela noizikpeiñbetan. Kalparregi-ko Joaneri erosi zion Tunbalerok, eizera joan zan aldi batean, erbi bat, oso ederra, ogei errealean. «Lotu anka batetik. ixegi zugatz batetik, tiro batez ill eta etxera, txakur ta erbiarekin» zion Tunbalerok. Esan ta egiñ, ipiñi zuen zintzillik zugatz batetik eta tump! ... Arraia! Ur eman zion, baiño erbiaren lekuan jo zuen lokarria; au erre zan; eta erbia, ez agur eta ez ario, eta eskerrik ere eman gabe bere libratzailleari, nunbait presa zuelako, joan zan igesi.

        Eztakit negarrik egin zuen Tunbalerok egun artan, baiño, egin ezpazuen ere, urrean zuen.

 

 

II

 

        Txakurra saltzea gogoak eman zion Tunbalerori, ez txarra zalako, —ona zalako ere ez—, baiño bera ere zaartuaz zijoan, eta astundu zan eizerako. Ordea, nork erosi naiko zuen?

        —Jesus! Erosleak izango ziran bai. Korrido! Ez al zan arraietan txakur primerakoa ala? Erosleak? Buruan illerik adiña bai.

        —Aizu, Pelis.

        —Zer nai du, Tunbalero?

        —Nola zuen izena gure txakurragatik berrogei ta bi t'erdi ogerleko eskeiñi zituen gazte ark?

        —Pelison.

        —A, bai! Krielison. Naiko ote luke erosi txakurra?

        —Eztakit ba, lenago errenkuratua dago bedorrekin ta...

        —Nerekiñ? Zergatik?

        —Berak nai zukean txakurra eraman omen zion ta...

        —Ori da guzia? Ba, ba! Escrúpulo de moja.

        —Onena izango da, bazkari on bat jarri, eta datorrela jatera, eta arreraziko al diogu nolabait ere.

        —Ez aiz aiñ gaizki ere pundatzen.

 

 

III

 

        Bazkal ostean neurtu zuen Krielisonek txakurra. Ai ura lastima! Izan bazuen buztana ontza bete luzeago!... Baiño lastima!... (Buruari azka).

        —Krielison.

        —Zer nai du, Tunbalero?

        —Ontza baten gora-berak ainbeste esan nai du eiza-txakur bategan?

        —Ez, jauna, baiño nik eziet nai txakurra eizerako.

        —Zertarako ba?

        —Ara, jauna: ni naiz danbolinteroa, eta oraiñ danbolin berria egiteko asmoan nabill. Txakur orren larruarekiñ egin ditekela uste det; baiño gaiñera txistu edo txirolari ere egiñ nai nikio bere zorro edo estalkia, baiño lastima!... Buztana ontza bete laburrago da txistua baiño. Bazkal aurretik neurri bagendu ere!... Baiño oraiñ lastima!...

        —Adiskidea: Andaluzian ere ibillita nago, baiño zu bezelako andaluzik eztet ikusi.

        —Izan diteke, sinisten diot. Nik eztakit; baiño aditu izan det, andaluzak gezurtiak dirala; eta orretan, ez neronek diodalako baiño, eztit orandik iñork ikusi gezurrik.

        —Ez; baiño zure egiak Andaluziak dirudite.

        —Bai, jauna: nik beti egia; eta egia nonai beti da egia.

        —Eta danboliteroa zera?

        —Bai, jauna; eta, sinistu nai ezpalu ere, soñua joko diet pandango bat bota dezan.

        —Ez, eskerrik asko: naikoa soiñu, au da, naikoa adar jo dirazu, eta oraiñ zoaz Jaungoikoarekiñ, Krielison.

        —Ondo geldi bedi, Patenoster.

 

«Ibaizabal», 48, 1902-ko Azaroa-ren 30-n.

 

aurrekoa hurrengoa