www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iru ziri
Pedro Migel Urruzuno
1899-1922, 1965

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Iru ziri (ipui ta bertso), Pedo Miguel Urruzuno (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1965

 

 

aurrekoa hurrengoa

DON POLIPORKO TA MORTEROREN KONJURUA

 

 

I

 

        —Orra ba, kontuak nola diran.

        —Zer degu ba?

        —Don Poliporkoren begitantzioak.

        —Zer begitantzio?

        —Itzal egiten omen dio bere jauregiari prailleen kornentuak eta...

        —Eta zer?

        —Nik eztakit ba.

        —Nik bai.

        —Zer dakizu?

        —Itzal geiago egiten diotela frailleak Don Poliporkori.

        —Nork daki ori?

        —Morterok esan dit.

        —Orixe da jarduteko gogoa.

        —Zedorrek ere eztaukazu ixillik egotekoa.

 

 

II

 

        Bazkari on bat eman zien egun artan Don Poliporkok erriko gizon batzuei, eta, jendea bero-bero egiñ zanean, asi zan jaun ori izketan:

        —Jaunak, errian eztago pelota-lekurik —esan zuan.

        —Eztegu, ez —erantzun zioten.

        —Eta gauza bearra da gazteentzat.

        —Ala da egiaz.

        —Artarako leku egokirik ere eztegu noski.

        —Egoki-egokirik ere...

        —Nik uste det ba, komentu zar ori botata, ortxen egiñ ditekela ederra, ta kostu gutxirekiñ.

        (...Ixillentzio! danak mutututa).

        —An baño obea egi diteke emen, jauregi au botata —erantzun zuan Morterok... eta guziak gelditu ziran ixill-ixillik, «orazio mentalian». Morterok zioan bezela, eta azkenik «se levantó la sesión» esan zuan Don Poliporkok.

 

 

III

 

        San Polikorpo eguna zan eta eman zuan apari andi bat jaun onek; apal-ostean asi zan itz egiten prailleen gañean; (eta esan zuan Morterok: auntza beti mendira).

        —Gizon onak bai, baña alper xamarrak dira praille oietxek —esan zuan Don Poliporkok.

        —Iñori morraletik ogirik jaten diote? —galdetu zuan Morterok.

        —Ez, gizona, ez; baña zertako ditugu urrenbeste alper xamar errian?

        —Nik ezagutzen ditut ba, ez alper xamarrak, baizik alper andiak, eta iñoren morraletik janaz bizi diranak; zertako ditugu oiek errian?

        —Biba Mortero! —esan zuan Galtxarbe, ardoa baño mozkorrago eginda zegoanak.

        —Biba! —erantzun zuten besteak ere; baña zer esaten zuten etzekitela.

        Asi zan berriz Mortero izketan, pillosopo bat bezela, esanaz:

        —Jaun onek emango baligu egunero, gaur bezela, apari on bat... or nunbait; baña nork emango die gure pamiliai eguneroko potajia praille oiek ematen duten bezela?

        —Biba Mortero, biba! —deadar egin zuten; ango ontzi-otsa ta ango triskantza andia zan, baña etzan ezurrik ausi, ta ez odolik ibaira joan, eta Don Poliporkok esan zuan: «San se acabo».

 

 

IV

 

        Negargarria ala barregarria eztakit, baña badakit kontu uraxe etzala ondo.

        Plazan mitiña zan guzian, arrika ematen zioten komentuari, eta kristal guziak apurtuak zeuden, eta etzituan konpondu're nai Prai Pedrok. Zertako?

        Konjuro bat egi bear zukela, esaten zuan jendeak, eta Morterok esan zuan, berak egingo zuala.

 

 

V

 

        Jai artan egi zan mitiñ oso andia, eta illuntzian an zeuden zerrepeldurik Xaguxarko trabenan Axeri, Millon, Tropel, Tomate eta beste auen moduko batzuek. Sartu zan bertan Mortero, airi pultsu artzera, eta ikusi zuan sakelak arriz beterik zeuzkatela.

        —Jaunak, —esan zien—; teniola; jo bear al da?

        —Bai; eta ez makala —erantzun zuan kortxok.

        —Ondo egingo dezute —esan zien Morterok—; ni ere zuekiñ batean nijoak aurrengo.

        —Biba Mortero, abiojondeiala iri! —erantzun zioten guziak.

        Abiatu ziran oso illunean (baña etzuten parol bearrik: berak ziran parolik asko); zerbait aurrera ziranean, deadar egin zuan Morterok, lenbiziko arria berak jaurtiaz. «Ala, mutillak!»

        An ziran istilluak! ... arrika... baña zeri?... Don Poliporkoren jauregiari. Etzuten utzi kristal bat osorik.

        Bigaramonetik asi zan Prai Pedro kristalak konpontzen eta geroztik pakea andia dago.

 

 

VI

 

        Morteroren konjuruak ots andia eman zuan.

        Baserritarrak eskeini noten anega bat gari arriaren kontrako konjurua egiteagatik, bañan erantzun zien Morterok:

        —Nik eztakit egiten goitik berako arriaren konjurorik, baizik bakarrik betik gorakoarena, eta nai dezutenian abisatu.

 

 

VII

 

        Patxiturri bertsolari erdia zan, eta ala bota zion bere adiskideari bertso au:

 

                Ikusi ta sinisten

                degu orain gerok,

                konjuru ona egiñ

                duala Morterok.

 

«Baserritarra», n.º 74, Agostua-ren 3-an, 1907-an

 

aurrekoa hurrengoa