ATETAN NAGO
Goizero zagoz nere atetan;
oi ots goxoa biotz muñetan!
Iretzat ditu Jainkoak
goiz neskatxaren usoak?
Egun sentia baño lenago
nere txaki au dirdiraz dago.
Norbaiten begi niniak
antz artzen ditu argiak.
Baña ots meia, zer nai didazu?
—Ixil, enetxo, Jauna nazazu.
Adats ederrok intzetan,
maite-min nabil atetan.
Lotan ziñala zure ortuan
belar ta zugatz busti nituan.
Ikusi euren ederra,
zurez dute, ba, eskerra.
Zut nadin, Jauna, didar goxora
eta zut nagon zure mintzora!
Ostro-tartez, ixil-ixil,
zure ats xamurra bebil.
Betarte orrein pake argira
ibar ta landa edertu dira.
Oin garbi orrein urratsak
joranez ditu loratzak.
—Enetxo, zabal zure atea
ta izanen dezu eder betea.
Landan baño garbiago
eder au barnetan dago.
Sar zaite, Jauna, etxe-barnera,
poza dator, ba. Zugaz batera.
Eta zure Arnas deunak
bete begiz biotz-muñak.
(Gasteiz'ko espetxean, 1937)
|