MAIRAKO DEYA
Nire mai garbi au maspar-pean yagok,
txiro baño eder, neurriz gauz danetan.
Arrats baten gentza edariak yaukok:
aize mihia yabilk matsorri-puntetan.
Ator neure maira egunaren billa
zorion lorak, ba, etxaukek arorik!
Gaur gurea yoguk laketen gurpilla
ta iru Ederkunak yatorzak alairik.
Jateak on begik, edanak ez gaitzik,
ta eure barrenan eztiz bego poza.
Urrezko txol baten, doai xamurrenik,
aizkidetasunak bekar mintzo boza.
Borgoña'ko matsak ez dozak gurean,
baña Laukaritz'ko mastien nigarra
Orati'k ledakek bertso ozenenean.
Odol egin zuan Eguzki'ren garra!
Emaitzon umoan goiz-intza yatorrak
eta euron urak ez yaukok bardiñik.
Erle-madari ta txakala-sagarrak,
zelai berdeetako usañez beterik!
Maian jarri adi, baña eure lagun
malko edo itunik ez egik ekarri.
Oraingoa soillik atzemon yagigun
ardo au bai-yakuk ezpanen pozkarri.
Edontzi mee bana eskuan jasota
edango yuaguk arrats onen illa.
Eta oianako otz bustia artuta
etorriko yakuk goietako itzala.
Iñok jaurri begik uri urduria
edo uin latzetan yabilkan batela,
Guretzat lats baten altza-ots eztia,
eta lora-pean yagokan kupela!
Bizitzaren guna txastatzen yokanak
ez yok artu bear jakitunen itzik.
Jakintza onena ardo meeak yaukak!
bere kolkon, ba, ez yabilk zadorrik.
Geroa ezetsi, une eder ta argiak
sarri balio yok betiraunak aña!
Gaur ezer ez dozak biarko liliak:
ontzat ar egik, ba, neure mai apaña!
(Zer, 1978, 6'gn. zenbakia, urtarrilla).
|