 |
ATSUARENA
Moskor bat eta moskor bi
—iru ta zortzi amabi—
zenbatzen aztu atso orri!
Tabernara goxez dua
geure kaleko atsua
baitago penaz beterik.
Gero elixan danian
buruba dauko airian
ta ezin egin otoirik.
—Aitearen
semiaren
ezkerraz egitten dala
nok esan dautzu, mamala?
Moskor bat eta moskor bi
—iru ta zortzi amabi—
zenbatzen aztu atso orri!
—Jauna ona, nitzaz erruki!
Baña zer jazo yat neuri,
dana ba-dakust biraka?
Len torre bat zan tokijan
bi jarri dabez, agijan,
beata oroi burleka...
Altaretan
deunak dantzan
egitten dabez saltuak
edo itxutu nau lausuak.
Moskor bat eta moskor bi
—iru ta zortzi amabi—
zenbatzen aztu atzo orri!
—Apez jauna, zer dagixu?
Ardoz ugutzauten dozu
geure kutuntxu txikerra?
«Gloria» esan bearrez,
basoa bete ardo onez?
Bai errespontso ederra!
Edan barik
oso osorik
nago neu beintzat oindiño.
Suspiruz nago orratiño!
Moskor bat eta moskor bi
—iru ta zortzi amabi—
zenbatzen aztu atso orri!
—Buru au daukot galdurik!
Ur bedinkatuba barik,
ardua dakart etxera?
Orijo ordez ardautxubak
betetu daun kurtzulubak
lagundu begist oera.
Neure lagun
poz ta zorun,
zatotxu bat bego onduan.
Ainbat samin dot goguan!
Moskor bat eta moskor bi
—iru ta zortzi amabi—
zenbatzen aztu atso orri!
(Euzkadi, 1934, jorrailla, 27).
|
 |