www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1918

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Abarrak, Kirikiņo (Itziar Lakaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

Biarrak biarra eragin

(Jazorikua)

 

        Bizkai'ko baserritarren esakera oni deritxot egokijena Abar onen burutzat. Jakiña da Bizkaya'n lanari biarra esaten yakola; beraz, esakera orrek diño: biarrak, edo biar-ixanak, lana eragiten daula.

        Gastetxua nintzala (18 urte) Madrid'era neure ikaskuntzak asteko eldu nintzan-egunetan, bixi-bixi gomuta dot, illuntze baten bertako «Café de la Iberia» (Carrera de San Jerónimo) akeitetxian ikusi nebala neu baño seien bat urte zarragua zan mutil polit, argi-argi, gustiz begikua, bere lagunei alde-agurra egiten, bere aberri Euzkadi onetara etorralako bere karreria amaituta.

        Txera andija egitsoen danak, pozarren erakutsoen euren zorijon-opea, etzan besterik entzuten: «Ori da mutilla, ori!», «mutil adimen argiduna», «oso lagun-artekua», «lagun maite korra», «biargiña», eta onelako esakerak baño. Bertan aurkitxen ziran gustijak alkarren leyan ebiltzan axe mutilla goralduten. Neure ezaun bati itandu neutson ia nor zan a mutilla, ta erantzüstan:

        — Mutil orrek bere karreria zelan egin daun ba'zenki, ikaratu egingo zintzakez.

        — Pozik entzungo neuke, ta iñora juan biarrik ezpa'dozu, arren edestu egistazu (esan neutson nire ezaun ari).

        Orra ba: mutil ori gipuzkoarra da, ain erritakua. Bere gurasuak ogasunetan ondotxo dagozanak dira. Adimen argi-argija dau mutil onek, zur-zurra da, ta batxiller ikastaldijan beti goiengo mallea, sobresaliente, arrapateban, urtian-urtian sarija bereganaturik. Batxiller-agiri edo titulua be dubarik atara eban. Jakiña da, bere gurasuak txotxatuta egozan beragaz.

        — Egoteko da, orrelako seme bat euki ezkero.

        Eta ikasten zolija ta azkarra ixanaz ganera, mutil au zan ekandu onak ebazana, etxeratua, esangiña... ezeukon akatsik.

        — Zein karrera egin dau?

        — Osakigiña edo botikarijua. Aitak ekarri eban Madrid'era lenengo urtian, ostatu-etxe on bat idoro eutson, eta aizkide bankero bategana mutillagaz juanda, beronen aurrian esautson ari

        «Ikastaro edo curso'aren amayeran kontuak egingo doguz, eta artian, beronek eskatzen daun beste diru emongo dautsozu oni.»

        Bankeruak adirazo eban, ori geyegi ixango zala, biarba, gaste batentzako, ta aitak erantzutson:

        «Eztago bildurrik, neure buruagaz baño ziñespen geyago dot beronegaz.»

        Alan utzi eban mutilla Madrid'en, bere-buru zala, ta diruba noz-gura atarateko eskubidiagaz.

        — Arranua! Ego andijak dira orrek...

        — Andijeyak. Gastia zan lez, mutillak ezeukon dirubaren maitasunik eta eskubetatik igarri barik juaten yakon. Ain barik geratzen zan bakotxian, bankeruagana juan, eskatu, artu ta kitu. Lenengoetan lotsatzen zan piskat; gero, ekanduban sartu zan apur-apurka, ta erruki barik eskatzeban diruba. Andik illa bigarrengo, andiki bat lez bixi zan. Jakiña, ikastiak asko galdu eban biximodu ain ederragaz.

        — Eta ustel atarako eban biarba azterketetan.

        — Ez ba. Bere ikaste-atalak (asignaturak) ondo atara ebazan, baña ez goirengo mallan, batxillerrian lez, berengo mallan baño; ozta-ozta ondo urten bakarrik. Ikastaro gustijan dirutza andija eralgi eban; berak ezekijan zenbat, bein be ezeban inungo ingi edo idaztitan jarten bankeruari eskatzen eutsona. Diru asko zala baño ezekijan, asko. Juan zan etxera, ta an bere aitagaz jazo yakona sarritan berak edestu dausku.

        — Bekoki ederra ipiñi ixango eban aitak urteko gastuen kontua ikusi ebanian.

        — Etxera elduta, bildurrez ei-ebillan berau, itxaroten noz aitak artuko ete-eban zarataka.

        Andik lastertxu aitak bere idazkelara deitu ta esan ei-eutson:

        «A mutil, Urlija jaunak (bankerua) bialdu yok urteko ire kontua, ta oker egon biar yok, ainbeste ezin ixan leikek. Idazten nayuak berari kontua barriro egin dayala; baña idatzi orduko, itandu egin gura dauat. Ara bere ingija. Zer diñok?»

        Eta mutillak esautson:

        «Nik eztakit zenbat dan, eztot erabilli konturik eta. Berak ori ipiñi ba'dau, egija ixango da.»

        Aitak au entzunda bai-diñotso:

        «Konturik erabilli ez arren, gitxi gora-bera gomutauko dok orraitiño aldi ezaunetan zenbat eskatu euan. Esaterako, emen yagozak Aratoste-egunetan eskakixun bi, bata milla laurlekokua ta bestia bosteunekua.»

        «Bai, ori egija da», esan eban mutillak apal.

        Aitak orduan igarri eban ezeguala okerrik bankeruaren kontuan, eta esan eutson semiari otz-otzik, ezer jazo ezpa'litz lez:

        «Orixe jakin gura ixan yuat. Onek etxaukok ordaindutia baño besterik. Tirok, juan aiteke.»

        — Gixon otza da benetan aitori. Beste askok bere lekuan, a zelako agirakak! eta agiraketan bakarrik geratuko elitxakezanak ez gitxi.

        — Mutillak uda gustijan ezeutson ikusi aitari asarriaren izpirik be. Arrituta eguan. Eldu zan Iralla'ren azken-aldia; urrengo illaren lenengokuan ikastarua asi oi dan lez, aldi orretantxe juan oi dira ikasliak euren ikastetxietara. Gure mutil au bere aitari Madrid'erako juatia aipatuten bildur ta lotsa zan; baña esturan, illaren 25'g. eguna eldu zanian, lotsaka ba'zan be, zuzendu zan aitagana, ta:

        «Aita, onezkero bost egun baño eztaukodaz matrikulak egiteko, ta Madrid'era juan biarko dot.»

        «Bai, ene semia (esautson aitak) matrikulatu biar ba'dok erreski an ibilliko az.»

        «Orduan, ba'deritxozu, gaur arratzaldeko trenian urtengo naz.»

        «Euk nai dokanian.»

        Mutil orrek poz-pozik gertau ebazan pardelak, eta barriro aitagana juanda dirua eskatu eutsonian biderako-ta, aitak erantzutson barreka:

        «Dirua nik iri emon! Lotsarik ba'dok eske etorteko, igazko ikastaruan bost milla laurlekotik gora ostu eustakazan ta? Ez, ez, nire dirurik eztok ikusiko.»

        «Orduan, zelan juango naz ba? zelan bixiko naz an?»

        «Ori eure ardurea dok, or konpon.»

        «Baña orretara karreria laga biar.

        «Laga edo eutsin, euk egingo dok nai dokana, or konpon adi. Neu bixi nazan artian beintzet eztaukok nire txanponik.»

        Estutu zan mutilla onegaz, ta zolija zan lez, laster erabagija artu eban. Bere ama, ixeko, osaba, aizkide ta enparauak diru-eske arakatu ebazan, amabost-ogei bat ogerleko alan baturik, eta bijaramonian Madrid'era etorri zan. Lenengo aldija txarra igaro eban, baña biarrak biarra eragin eutson. Botika-mutil jarri zan, eta ganera, ostatu edo ponda bateko idazkigintzea (correspondencia) bere gain artu eban, eta onetara, atarateban naikua jan ta janzteko baita bere ikastiak egiteko biar ebazan liburuak eta erosteko be. Onantxe, egun gustija zereginez beteta eukirik, ezeukon txarrerako astirik, eta asko zindotu zan. Bigarren ikastarua amayeran, batxiller-aldiko mallak barriro arrapau ebazan. Lenengo ikastaruan estalduriko lengo mutil zoli adimen argiduna ta era batez ikasi-zalia barriro agertu zan.

        Balijoko mutilla da orraiti.

        — Bai ben! Beronek egin ebana ikusita, amak eta ixekuak eta senitarteko enparau emakumiak eskatu eutsoen aitari, lenguak aztu ta lagundu egin biar yakola mutillari.

        «Gixajua (esateben), aurten ak egin daun lana, bere ikastiak sobresaliente'gaz amaitu, ta bixi-ixateko biar ixan daun gustija berak irabazi, etxetik txanpon bat bialdu etxakola;

arito aulduta egon biar gixajuak.»

        Baiña aitak erantzun barreka: «Bai zera! lengo urtian ipini gendun mutilloi zer-nai ta axe eukola, eskura dana emonda, ta polot egin euskun; aurten, ezer emon barik, bizkortu

da ta goitik jarri. Zein da biderik onena? Esan biarrik eztago. Kirten osua ixango nintzake ta semiari kalte andija egingo neuskijo, orain daruan bide artez ori ausiko ba'neutso. Ezolakorik!»

        — Zuzen eguan aitori bai...

        — Emakumak otoika ta asarreka ta negarka ibilli jakozan, aita gogor eguan, ezin ixan eben bigundu, ezeutson semiari dirurik bialtzen.

        Eta mutil azkar onek karrera gustija onantxe egin dau: berak bakarrik, etxeko laguntasunik baga, ta ederto, beti goiko malletan; osakigin-agirija be, batxillerrekua lez, dubarik atara dau sarija irabazita.

        — Asko balijo dau bai mutil orrek, beroi lakuak ondo urri ixango dira; baña bere aitak be balijo dae.

        — Mutillak berak diño aitari zor dautsola dana; bigundu ba'litz, eta dirua emoten asi ba'litzakijo biarba bide txarrera barriro jota, ezebala gauzonik egin ixango.

        — Orain danak pozik.

        — Mutillak esan dauskunez, aitak jakin eragin dautso gertu dagola biar dan dirua emoteko mutillak gura daun tokijan edo urijan osakitegi (farmacia) gorengotaiko bat ipinteko.

        — Edesti polita da.

 

aurrekoa hurrengoa