www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1918

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Abarrak, Kirikiņo (Itziar Lakaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

Jatorrija

 

        Miru-Torre deritxon etxiak bere ate-buruban ikurdi edo arma-arrija dauko, naikua dotoria. Bertan agiri da miru bat egaiz, ollo edo txita-pillo baten ganian.

        Torre-etxe onen jabiak arma-arri ori maite-maiterik dauko, berau ba, asaba ospatsu batena da, Don Iñigo Gomez de Orroeta y Sanchez de Munguru zanari Gaztela'ko errege batek emonda, berak egindako gauza asko ta andijen saritzat.

        Etxeko areto edo saloe'ko buru-aldian agiri da jatorri-zugatza: Enborrian Don Iñigo'ren ixena, ta bere iru semienak lenengo iru adarretan; seme nagusijaren adarretik urteten dira beste lau adar, ta euretan, bere lau semien ixenak; eta onetara, adarrik-adar (edo belaunik-belaun, lenago esaten zan lez), beti semi nagusijetatik, Don Kazinto gaurko etxaunaganaiño; beronen ixena ta bere anayenak dagoz jatorri-zugatzaren azkenengo abarrian.

        Jatorri-kontu au aitatu ezkero, arro-arrorik asten da Don Kazinto Don Iñigo'ren goralbenak esaten, bere aldijan gixon andijenetaikua ixan zala, España gustijan ezagutuba, baita Europa'n be... a lako gixonik!... Eta goralbenen azkena ixaten da Don Kazinto'k esatia bera dala arexen jatorrikua, artez-artez, seme nagusirik seme nagusira; ta edonor eruaten dau etxera bere jatorri-zugatza ikusi dagijan.

        Asi yakon bein orrelantxe Etxe-Txiki'ko mutillari. Errijan alogerian ibilten zan gixona apal baten semia da. Txikitan alde-egin eban erritik urriñetara biximoduaren billa; ta zurra ta biargiña ixanik, baita be zori onak argi egiñik, bigurtu da errira ta etxera diru-moltso polita aldian daula, eta askok uste ez-arren, dirubek baño geyago balijo daunagaz: adimen landuagaz, jakitun eginda, asko ta asko irakurri ta ikusita.

        Onexen aurrian bein asi zan ba Don Kazinto bere jatorrija goralduten, eta Etxe-Txiki'ko mutillak dirautso:

        — Zenbat malla dagoz arengandik zuganaño?

        — Amabi malla. Gixaldi amaseigarren asijeran bixi ixan zan.

        — Zeuk eztozu iñoz oldoztu ixango zenbat asaba, edo zenbat aitita-amama ixan zenduzan Don Iñigo orren aldijan.

        — Ez, eztot iñoz pentsau orretan.

        — Neuk ointxe esangutzut.

        Ataraten dauz sakeletik ingi edo papela ta lapixa, ta bertan operaziño txiki bat eginda, diño:

        — Lau milla ta larogeta amasei (4.096) aitita-amama. Erdijak aititak, 2.048, eta beste erdijak amamak.

        — Orrenbeste?... Ezin ixan leiteke!

        — Bai, Don Kazinto; lenengo mallan bi daukozuz, aita ta ama, ez ba? Bigarren mallan lau, aitaren aita-ta-ama, ta amaren aita-ta-ama, ez ba? Irugarren mallan zortzi, bigarreneko lauen aita-amak. Laugarren mallan amasei, ta zuaz aurrerantz onetara, ta ikusiko dozu amabigarren mallan 4.096 asaba dirala.

        — Alantxe da. Nok uste olakorik?

        — Orra ba, zure asaba ospatsu Don Iñigo de Orroeta ori lau milla ta larogeta amasei'tik

BAT ixan zan. Tira, emon daigun Don Iñigo'ren andria be ona ixan zala. Eta beste lau milla ta larogeta-amalauak, zelakuak ziran? Ez ete-eguan ainbesten artian deunga edo lapur edo sorgin edo onakorik?

        — Begira gero zer diñozun!

        — Eztirala danak onak, ez gitxiagorik be, ziur esan daikegu. Eta eztoguz aintzat artu amabigarren mallakuak baño. Ordutik onako malla gustijetakuak, zeure gurasoetaraño, batu ko ba'genduz, 8.190 asaba ixango zeunkez, amabigarren mallaraño. Ainbesten artian gaiztuak asko ixan biar. Ez ete-eben urkatu bat-edo-bat bere egintza madarikatubekaitik?

        — Baña eztakigu, bestiarena dakigun lez.

        — Jakintzat, Don Kazinto. Urkaturikoen egintzak eta gomuteak eztira jaoten bein be sendi edo pamilietan.

        — Eta ekin urkatuekaz!

        — Etzaitez asarratu. Urkatuak diñot gaiztuak esatiarren. Ondo da, Don Kazinto, norbere asaba andi ta ospatsu baten gomutea zaindutia, zuk Don Iñigo'rena lez; baña ez arrotu orregaitik, millaka ta millaka jente ezezaunen jatorrija daukogu bakotxak eta, jakixu zelakuak ixan ziran arek! Jatorri-zugatza bestetara egingo ba'litz, norberagandik asi ta atzerantza, sustarrak agirijan ipiñi, ikaratuta geldituko gintzakez zelako jentetxoen jatorrija dogun ikusita. Onetara, sustarrik-sustar urrintxo jatzi ezkero, uste dot andikijak eta txikijak ezkeunkela alde andirik ixango; aren baten danok.

        — Zuk Miru-Torre ta Etxe-Txiki bardindu egin gura dozuz.

        — Bardindu? Alderik ba'dago Miru-Torre'na ezta beintzat. Miru-Torre'kuak bixi dira iñok utzi dautsenaz, ez eurak egindako lanaz. Etxe-Txiki'kuak, ostera, eurak ondo irabazirikuaz bixi dira. Miru-Torre'kuak, illargija lez, iñok emondako argijagaitik agiri dira illunian; eurak argirik eztabe, illak edo illunak dira. Etxe-Txiki'kuak ostera, agiri dira edonun, ez iñok emondako argiz euren argiz baño, eguzkija ta ixarrak lez. Beraz, ez etorri nigana destañaz. Zu, jatorriduna, ta ni, jatorribakua, gara; ta orraitik, edozein gixontasun-bidietan zeugaz neurtzeko gertu nago, naiz adimeneko naiz gorputzeko arazoetan; eta orain arte daukoguzan egitadak zeñek geyago ta obiak naiñoz jokatuko dautzut.

        Don Kazintok alde-egin eban purruztadaka, ta bere etxerantza juan zan, asarrez iñuala:

        — Gaur egunian ezeri be eztautsoe artzen errespetorik, iñoz ezer ixan eztiranak be geure parera eldu gura dabe, dana dago itxulastuta. Ai lenagoko denporak!... Nun ete-zarie?...

        Etxe-Txiki'k esan eutson barreka urriñeko aldetik:

        — Orrek lenaoko aldijok, Don Kazinto, juan ziran sekulako.

 

aurrekoa hurrengoa