www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1918

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Abarrak, Kirikiņo (Itziar Lakaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

Azeri azartubak ollua darua

(Jazorikua)

 

        Errioja'ko uri txiki baten alkar topau eben bein erri bateko euzkeldun mutil bik; bata gaizto samarra, ezegaitik ikaratuten etzana, edozein esturan urteyerea laster asmetan ebana, bide onetik naiz txarretik; bestia barriz on uts bat, iñori kalterik egin baño lenago gosiak ilgo leukiana.

        Ezta zegaitik esan zeinbat poztuko ziran alkar ikusita; erbestian iñoz bakarrik ibilli danari ezta zegaitik, jakingo daulako zelan nasaitu ta bigunduten dan bijotza erritar bat aurkituaz batez-be antziñeko ezaguna ba'da; euzkelerrijan edo euzkeldun-artian beti bixi ixan danari be ezta zegaitik, bijotzari dagokijozan gauzak eztiralako errazak azalduten, eta aditu erazoten bez, ondo adituteko sentidu egin biar diralako.

        Baña aldendu gaitezan adarretatik eta guazan gerrira. Gure mutillak, ba, alkarri agurrak eta laztanak eginda gero, asi ziran autuan era onetan. Esan eutson okerrak otzanari:

        — A mutil, nundik nora abil? Ze biximodu darabik? Nora ua emendik?

        — Ibilli nok Gaztela'n lan-billa, ta ozta-ozta gosiak ez ilteko beste aurkitu dodanian, Goikua'n eskarrak; eta beraz, orain etxera nayuak. Eta ik, ze bide daruak?

        — Neuk bañekik! Ugazaba galduta dabillan txakurra lez nayagok, nora jo eztakidala; aspaldijan etxuat euki lanik, eta etxaukuat nun sartu, zer jan, ta etxakiat zer egin be; augaitik zerbait emotia mesede egin biar daustak, gitxi ba'dok be. Errira uanian, eskatu eyoek neure gurasoei ta an kitatuko az.

        — ai, ona nayagok ezer emoteko! Artzeko ixan ba'litxok...

        — Zer ba, diru barik ago ala?

        — Txakur txiki bat edo bi, geyen.

        — Au dok ixatekua!... Onak gayagozak!... Ba, zeozer asmau biar yuagu, mutil; bestelan galduak gaituk.

        — Bai asmau! Zer asmauko yuagu ba?

        — Zer arrayo! gayuazan ostatura bai, ta aparija eskatu ta jan yaiguan, eta gero atara daiskubela urdallian sartu doguna.

        — Ik beti ixan biar betikua. Alan jango yuagu, baña kartzelan sartuko gayoezak; eta nik, lotsarijen ganian, etxerako bidia galduko yuat. Ez, ez, ni enayuak orretara.

        — Dana dala, obe dok kartzelan apalduta egon, kanpuan gosiak illik baño.

        — Ez, ez olakorik mutil; onena ixango dok jarraitutia bakotxak bere bidiari, eskatu Jaungoikua'ren ixenian ogi zati bat baño ezpa'da, ta ia elduten garean ni neure etxera ta i lana aurkituko dokan lekuren batera.

        — Lelotzar ori! Bildurti ori! Ator neugaz, ta ezadi ezeren bildur ixan, neuk jabe urtengo yuat eta. Txarrik etorten ba'dok, esango yuat ik eztaukuala errurik, neuk dana ordainduko nebalakuan etorri azala.

        — Baña mutil...

        — Ze mutil ta zer arrayo! ator bein, eta ezadi ain olluaixan.

        Juan ziran ostatura ba, apaldu eben ederto, beñipein batak, bestiak ez ainbeste, eban bildurraz.

        Apal-ostian ekin eutsen barriketan bertan egozan gaztelar mandazain batzukaz, ta autubaren azkena ixan zan musian jokatzia gure mutil bijok beste mandazain biri.

        Lenenguan ardaua bakarrik jokatu zan, mandazañak galdu ebala berau, ta onek zerbait berotu ziran arrotxuak bai-ziran ta; jokatu eben gero aparija ta gau artako oge-sarija, irabazliak ixan zirala onetan be euzkel-mutillak.

        Asarratu yaken auxe mandazañai, ta euren barru gustija irakiten eukela itandu eben ia diruba jokatu gura eben, eta mutil okerrak ausardi andijaz «bayetz» erantzun eban. Beste gixagaxua barriz Gokaxoki edo Purgatorio'ko bat irudijan, larri-larri, abo gustija legortuta, ikara-ikara ta berentzako iñuala:

        — Au languakaz batuten danak, berak daukaz erru gustijak. Nori burura etorri lekijo bijar arteko ostatuba eskubetan euki ta diruba jokatzia, sakelian txanpon bat euki ez ta? Jaungoikuak obia, naste ederrian sartzen guaz!

        Ain larri eguan, apal-apal esan eban obe ixango zala jokua iztia, baña lagunak erantzun eutson:

        — Euk gura ezpa'dok dirurik jokatu, neuri laguntzia baño besterik eztaukak; galdu edo irabazi neuk bakarrik egingo yuat.

        Itundu eben joko bakotxak laurleko bat balijoko ebala, ta orrexegatik dirurik atara barik ez batzuk ez bestiak, lengo babakaz jarraitu eutsoen zorijoneko jokuari. Oi dan lez, ixan ziran jokuan gora-berak, baña azkenian mandazañek galdu eben ainbat laurleko, ordaindu eben galdu ebena ta ogeratu ziran danak.

        Bijaramonian banandu eben diruba mutillok, eta agur alkarri egiteko egozala iñotson mutil onak bestiari:

        — Ik egiten dokazanak!... Nik igaro nayuazan larrijak bart!... Ezkeunkan ba naikua aparija ta ostatuba irabazijaz? Zertarako sartu diru nastietan? Zer egiteko galdu ba'geiduk? Orixe dok bene-benetan, egaiz dabillan saya artziarren eskuko txorijari aindutia.

        — Ut, etzarie, ezetako be ta, lelo ustelok! Nik etxakiat zetan urteten zarien amandrien gona-artetik, arra beteko uretan itoten zarie-ta.

        — Bai!... Ba, alan jazo ba'litxok, etxakiat en be zetan ibilliko intzan, eure azartasun gusti orregaz.

        — Zelan ibilli...? Ibilli eza! Asarria jokuan ataratia gauza erraza dok, eta zeren edo aren ganian laster urtengo zuan matrakea, ta au neuk eruango nayuan burrukaraño ainbat ariñen, eta argi ta edontzi ta pitxer ta mai ta bastar gustijak aidian ibilliko zuazan, olango jazokeretan ixaten dan lez. Gero...

        — Gero... guk ederrak artu biar, gu baño geyago ziralako, ta ganera kartzelara...

        — Ze kartzelara gero? Ni asiko nintzuan orduban didarrez neu niñoyala alkatiagan egundoko ariñen, ango nastian gerrikotik poltsea ostu eustela ta, an lapurren batzuk egozala ta...

        — Mutillak!

        — Ikaratuko nayuazan apurren bat, ba ostatu-jabiari olango gauzak etxuakazak ondo, ezta mandazañai be euren bidia atzeratuteko gauzarik; eta neure asmuaz urtengo gintzuazan ezer be ordaindu barik gitxienez, ganera eskupekoren bat ixillik egotiarren atara ezpa'geinduk.

        — Ezau i arin gosiak galduko, daukuazan azerikerijekaz!

        — Zer egingo dautsok ba? Gibelak euki biar ixaten dozak errimiak basterrara urteteko; itoten dagona ezin dok ibili begiratzen albuan agiri dan untzia gorituta dagon ala ez.

 

aurrekoa hurrengoa