www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1918

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Abarrak, Kirikiņo (Itziar Lakaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

Kukuba entzuten

 

        Igande goixian lenengo Mezea entzunda, Bilbao'ko Goenkale'ko Txomin Porru etxeratu zanian, bere emaztiak esan eutson:

        — Zein gosari imiñiko dautzut, berakatz-zukuba ala sardiña zar errea?

        — Ez, gaur basora nua, ta imiñi eistazu gaztaya edo, ogi zati bategaz.

        — Bai, ta lukainka muturtxu bat be imiñiko dautzut. Egun ederra daukozu basorako. Perretxiko billa zuaz ala?

        — Ez ba. Orrillean sartuta gagoz ta ondiño aurtengo kukuba entzun barik nago, ta gaur juatia otu yat, eta entzun arte enator etxera. Bakixu, lenengoz txori udabarritar ori entzuten danian sakela bero ba'dago, urte gustirako bero egon oi dala.

        — Bai, gure ixeko, Jainkuak zeruan euki dayala, Mari-Baltz'ek be, orixe esan eroyan, eta beste askok be bai, ta ainbestek diñoenian... keia dan lekuban suba da.

        — Ekazu ba atzo arturiko asteko alogerak eta...

        — Bai bai, ene gixontxua... eutsiz; apaiteko libelaurena gibel ekarteko diruba ixan ezik, etxeko gustijok or daruazuz.

        — Banua ba, ia zorijon bat ixaten dogun.

        — Bai dago biarra. Zuaz ondo. Ia kukutxu ori entzuten dozun.

        Eguberdi-aurretxuan orra nun sartzen dan Txomin Porru bere etxian arpegi illunaz.

        — Da? Entzun dozu kukuba?

        — Entzun dot.

        — Tira ba! Beintzat geuretu dogu aurtengo lapikokua ta...

        — Aste onetako gosia be bai, geuretu dogu...

        — Zer diñozu? Eztot ulertzen.

        — Ara emaztetxu: Or Iturrigorri-aldetik Buya'rantz juan naz, astiro-astiro, ta beti, al ixan dodala, zugatz-arterik zugatz-arte, txori zorijoneko ori noz entzungo ete-dodan ba, ibilli nabillala jan dodazala ogi ta lukainka-mutur ta gaztae-zatija; Deun Erroka-azpiko iturritxuan il dot egarrija, ur garden eder otz aretatik dangada batzuk egiñaz, ta... bapez! ludijan kukurik ezpa'lego lez.

        Neure artian: «Andija dok!» esanda, jezarri naz Buya-barreneko zugaztijan sasi-moltso andi baten onduan, eta asmau egin dot antxe arratzaldera arte be geldi egoteko, leku oberik a baño amestu be ezin leike ba kukubentzako ta.

        Zigarrotxu bat ixituta bai-nago zabal-zabal arkoloka bedar-ganian, gerizpe gozatsu artan, ipar-aizetxu bigun ozkirrija arnasatuten ixan dodala... a zan arua! ta onetan sumetan dot sasi-ostian abarrotsa, begiratzen dot eta...

        — Kukuba ixango zan!

        — Bai, zereko kukuba!... gixon itxal bat, eskuban aizto (cuchillo) luze zorrotz ikaragarri bat ebala.

        — Ene Josu!

        — Eta erderaz esan daust emoteko berari aldian neukozan diru gustijak eta agudo ta txitik be atara barik, bestelan gibelak euzkitara atarako eustazala. Bildurren-bildurrez agiñak alkar joten ixan daustela, ixil-ixillik emon dautsodaz dirubak. Zer egingo zeuntson?

        — Ai bai, ondo egin dozu Txomin, zeuri ezer egin eztautzunian Jainkua'ri eskarrak.

        — Gixon ori arin juan da gorantz, eta ni gelditu naz pralle, aldian lauziko barik, eta... diabrukerija ezpa'da!... ordubantxe, etxerantza abijau nazanian asi dira kukubak alde gustijetatik, alkarren leyan letxerik, kuku! ta kuku! Esan eikian neuri burla egiten ebiltzala!... Zer egingo yako!... Txarragorik be ikusi leike ta!...

        — Ez estutu, ene gixon, atonduko gara zelan-alan, Jaungoikua lagun. Alde batera, jazo yakun ori ondo irabazita euki dogula esan leike.

        — Zegaitik ba?

        — Orrelako ziñeskeririk euki biar eztalako. Urte gustirako jana edo ondo-ixatia Jaunak emongo dausku, geure aldetik lan egiñaz alegintzen ba'gara.

        Eta Txomin Porru zintzuak eta bere emazte on-onak, bakerik osoenaz bazkaldu eben euren lapikokotxua.

 

aurrekoa hurrengoa