www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Egia katholikak
Bernard Gazteluzar
1686

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eguiac catolicak salvamendu eternalaren eguiteco necesario direnac, Bernard Gasteluçar (Lino Akesoloren edizoa). Euskaltzaindia, 1983.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Debozinoa mezaren entzuteko

 

Zeruko onez nahi baduk

Mundu hunta aberastu,

Sakrifizio dibinoa

Ungi behar duk aditu.

 

Orhoit adi mahain sakratu

Huntan dela Jesus bera;

Bere herio ederraren

Berak pintatu figura.

 

Orhoit, Gurutzeetan direla

Aldareak ganbiatzen,

Amudioak Jesus Jauna

Duela hemen ofritzen.

 

Hemen dik ematen Jesusek

Guretzat bere bihotza,

Eta dik halaber ofritzen

Odolarekiñ Gorphutza.

 

Aldareak dituk Jesusen

Thonba eta Gurutzea;

Meza, haren frogu sainduen

Deklaraziño tristea.

 

Beraz behar duk ohoratu

Jainko hillaren tronua,

Bethi ekharri bihotzean

Amudiozko dolua.

 

Athor, ene giristinoa,

Ahuspez adoratzera,

Athor Jainkoak deitzen auen

Lekhu sakratu huntara.

 

Ikhusak hire Jainkoaren

Heriotzeko tronua;

Bañan beirauk, sekulan ez utz,

Jainko hillaren dolua.

 

 

Mezan

 

        Lau konsiderazione egiteko: hastetik ofrendaraiño, pensatu behar da Jainkoaren handitasuna.

 

Bere Aitari aldarean

Seme Jaun Jainko Gizonak

Ziotzak eman osoki

Zor zaizkon handitasunak.

 

Adoratzen dik, ofriturik

Gorphutz adoragarria;

Guk ere ofri diozogun

Jesus, gure Jaun handia.

 

        Ofrendatik konsekrazioneraiño, Jainkoari eman behar zaizko eskerrak:

 

Semea misterio huntan

Gure ziaikuk egiten;

Eskerrak ziotzak Aitari

Guregatikan ematen.

 

Aitak egiten ziarokuk

Ontasun paregabea;

Hanbat zioagu ematen

Emanik bere semea.

 

        Konsekrazionetik komunioneraiño, galdegin behar zaio Jainkoari barkhamendua.

 

Sakrifizio saindu huntan

Jesus Seme Dibinoak

Ardiesten ziarozkiguk

Aitaren amudioak.

 

Misterioski sofriturik

Harengatik herioa,

Bihotza ziok irabasten,

Billusten armez besoa.

 

        Komunionetik fineraiño, Jainkoari galdegin behar zaio ungi bizitzeko eta ungi hiltzeko grazia.

 

Elizan aldareak dituk

Jainkoaren ithurriak;

Hautan dik isurtzen odola

Kanal egiñik zauriak.

 

Goazen beraz laster, hetarik

Suillak bethez thiratzera:

Gureak dituk ithurriak,

Ur hura ez utz galtzera.

 

 

Mezan egin behar diren lau birthuteak

 

        Fedea: Sinhetsi egin behar da Jesus Kristo egiazki dela Hostia sainduan eta han eztuela ohore eta adorazione gutiago merezi, nola zeruan; beraz gorphutzeko sensuak eta adimenduko argiak itsuturik, errazu:

 

Siñhesten dut hain egiazki

Zarela Jesus Hostian,

Nola baitzare dohatsuki

Parabisuko glorian.

 

Egia hunen frogatzeko

Ezarriko dut bizia,

Biziarekin isuriko

Gogotik odol guzia.

 

        Humilitatea: Jainkoaren handitasuna eta zure ttipitasun konsideraturik errazu:

 

Ni zer naiz bekhaturik baizen?

Lurra da ene bihotza,

Ene arima fitz ariña,

Herrautsa ene gorphutza.

 

Bitartean Jainko handia,

Eneganat heldu zare?

Nik nondik merezi othe dut,

Jauna, hunenbat ohore?

 

        Xahutasuna: Dolu handi bat duzula zure bekhatuez, huna zer intenzione saindu behar duzun Mezaren entzuteko.

 

Ethortzen naiz hirur Presuna

Dibinoen ohoretan,

Gure Eliza sainduaren

Eta ene faboretan.

 

Jainko handia, huna non den

Nik dudan xede guztia:

Zuri eman nahi darotzut

Ahal dagidan gloria.

 

        Amudioa: munduko amudioa eta amudio proprioa utzirik, eta harturik Jainkoaren amudioa, errazu:

 

Ala nik izan hañitz suiet,

Jesus, zure maitatzeko!

Ala zuk hagitz ni maitatu,

Hunenbat on egiteko.

 

Jesus Jainkoa, eztut nahi

Amudiorik enetzat;

Erre nahi naiz amudioz

Bizi naizeño zuretzat.

 

 

Gorphutz saindua altxatzean

 

        Ave, Verum Corpus...

 

Agur egiazko Gorphutza,

Birjinaganik sorthua,

Egiazki gizonengatik

Gurutzean itzatua:

 

Saihetsetik ilkhi zitzaitzun

Urarekien Odola,

Iguzu gure herioan

Zure guztu eternala,

 

Arren, urrikal gakizkitzu,

O eztia, o emea;

Gure Jesus, gizon Jainkoa,

Birjina Amaren semea,

 

 

Kalitza altxatzen

 

        Ave, vere Sanguis Domini...

 

Agur Jesus Kristo Jaunaren

Odol adoragarria!

Gure gustien salbatzeko

Gurutzean isuria!

 

Arren, urrikal gakizkitzu

Iguzu zure grazia;

Laudatuko zaitugu bethi

Gure Jainko Jaun handia.

 

 

Sakramendu saindua altxatu ondoan aktak

 

        Adora

 

Ahuzpez adoratzen zaitut,

Jainko adoragarria,

Pobluen eta erregeen

Errege guziz handia.

 

        Esker

 

Egun hunetan izatu tut

Zure ontasun berriak;

Jauna, eskerrak darozkitzut

Posible diren gustiak.

 

        Resoluzione

 

Aithortzen dut, ene denboran

Egiñ dut hañitz bekhatu;

O Jainkoa, hiltzeko nago,

Zu baizaitut ofensatu.

 

Arren, barkha dietzadatzu

Hartu tudan ausartziak;

Deliberatzen dut utztera

Handiak eta ttipiak.

 

        Oferi

 

Jaun ona, ofritzen darotzut

Osoki ene bihotza,

Pensamenduak, hitzak, obrak,

Arima eta gorphutza...

 

        Othoitz

 

Zure seme Jesusengatik,

Aita, indazu grazia;

Eta indazu hil-ondoan

Zeruan zure gloria.

 

 

Hirur berthute teologalak

 

        Fedea

 

Sinhesten dut Jainko batean

Hirur presuna direla,

Bigarrena gizonengatik

Gizon egin izan dela.

 

        Esparantza

 

Jainko ona, zure baithan dut

Eman ene esparantza;

Zuk eman behar darotazu

Gloriaren segurantza.

 

        Karitatea

 

Maite zaitut osoki,

Egiazko Jongoikoa,

Ene bihotz, ene ontasun,

Aita amudiozkoa.

 

 

Zeruko erregiña handiari othoitza

 

O Birjiña Ama saindua,

Ezta oraiñ aditu

Zure haurretarik duela

Jainkoak abandonatu.

 

Esparantza handi hunekin

Zuregana naiz ethortzen;

O Birjina Birjinen Ama,

Zu zaitut errekeritzen.

 

Hel zakizkit ikhus zaitzadan

Zeruan, Ama emea;

Hel zakizkit maite dezadan

Zeruan zure Semea.

 

 

Joseph dohatsuari othoitza

 

Birjina Ama handiaren

Birjina espos garbia,

Haz-aitatzat hemen munduan

Jainko Jaunak berezia.

 

Joseph, arren, lagun zakizkit

Zeruetara gorthean,

Hazi duzun haur ederraren

Palazio ederrean.

 

 

Aingeru beirailleari othoitza

 

Jainkoaren aingeru saindu,

Ene kargua duzuna,

Bethi ene sustengatzeko

Armak eskuan zaudena;

 

Arren, lagun zakizkit egun

Eta lagun fineraiño;

Segituko zaitut nik ere

Zeruko gloriaraiño.

 

        Pater, Ave, Credo, Confiteor, Salve, In manus, Angele...

 

aurrekoa hurrengoa