www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Laborantzako liburua
Jean Pierre Duvoisin
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola 1,1-C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa  

XLIV.
Arbola xerthatzeaz

 

        AITAK: Fruitutako hazten diren zuhamuak, hala nola sagarra, gerezia, udarea eta bertze gehientsuak xertatzen ditugu. Hemen mintzatuko naiz bereziki sagarraz, zeren hura baita guretzat baliosena, eta sagarrari dihoazkioen artha berak orobat on baitira bertze guzientzat.

        Asko laborarik landareak mindegian direlarik xertatzen dituzte. Hori ez-da ongi egina. Badira zuhamuak hiltzen direnak hola xertzatzen direnean. Gerezia hekietarik da. Aski ongi ageri da hortarik bertze guziek ere kalte dutela.

        Beraz, ene semea, landarea ez-dezazula xertha sorthu den lekhuan, ez-bada han berean zahartu beharra.

        SEMEAK: Hobekienik nola da bada?

        AITAK: Bada xerthatzeko molde bat baino gehiago. Nik xotxetik egiten dudanean, landarea xerthatzen dut mindegitik atheratzen dudanean, eta bere xertho berriarekin ezartzen dut zahartu behar den tokian. Asko laborarik landarea mindegitik atheratu eta, lotzera uzten dute toki berrian; geroago xerthatzen dute. Segurago da hori, bainan arbola gibelatzen da; berantago heltzen da gero.

        Xerthoa ez-da behinere hartu nahi azpiko adarretarik. Azpiko adarrak etzanak izaten dira; hekietarik atheratzen den xerthoak eginen du arbola zabal eta aphala.

        Har zazu xerthoa gaineko adar xutetan; arbola ederrago ethorriko zaitzu.

        Hauta zazu xerthoa arbola gaztean eta ez zaharkituan, arbola fruitu-ekharlean eta ez-alferrean.

        Xertho-gaya behar da fruitua markatzen duena, bertzenaz arbola alferra ethorriko da.

        Erran dut lan hori ez-dela mindegian egin behar. Arbolaren iraupena laburrago laiteke. Bizkitartean gertha gaitezke, fruitu mota berri bat izatea-gatik, landare xerthatu bat nonbaitik erakhartzera. Errana da orduan halako arbolak lehenago zagoen alde berari landatu behar duela; hegoari zagoenak, ez-duela iphar aldean ongi emanen. Arbola zer haizeri baitzagoen xerthatzean, gero ere haize berari egon behar da.

        Basateak lothuak direnean zahartu behar diren lekhuan, xerthatzen dira negu ondarrean, izerdia abiatzen denean.

        Xerthoa hartzen da azken urtheko boteetan, erran bezala fruitua markhatzen dutelarik.

        Hortakotzat, aro eder, garbia, hautatzen da. Holako lanak ez-du nahi ez uri-haizea ez-eta bereziki hegoa. Hobe da goizetan-goizik egitea eta ez-arretsaldetan.

        SEMEAK: Ez-dut ikhusten zertako.

        AITAK: Goizetan ematen dute arbolek eta belhar guziek goitiko indarra eta ez-arretsaldetan.

        Baldin xerthoak urrunetik ekharri behar baditutzu, edo ekharri ondoan ezin enplega baditazke berehala, begiratuko ditutzu eltze batean, mokoak lur gizen puska batean sarthurik. Hola ez-dira idortuko.

        SEMEAK: Urean hezeagoki egonen dira.

        AITAK: Ez-horrelakorik egin! ez-lukete gero deusik balio.

        Urthe kontrako sagardia egin nahi baduzu, urthe kontrako sagardian har zazu xerthoa, fruitua markhatzen duelarik.

        Arrailaduran sartzen duzunean xotxa, xotxaren axalak eta basatearenak barneko aldetik bardinean behar dute ezarri. Barnez-barne parrean direlarik biak, izerdia batetik bertzera iraganen da. Kanpotik bardinean izateak edo ez-izateak deusik ez-du erran-nahi.

        Xotxa arrailaduran denean xuxendu, gainerako urradura estaltzen da axal edo ezpal izpi batez, urik barnera handik sar ez-dadientzat. Gero buztin orhatu puska batez inguratzen da.

        SEMEAK: Batzuek oihalki zerbait ere ematen dute.

        AITAK: Hori on baizik ez-da.

        Batzuek berriz, buztinaren orde, bikhea ezartzen dute. Hori ere ongi da, bainan bikhe hura bakharrik uztea baino hobe da buztinez inguratzea alde orotarik. Hola hezetazunak gehiago irauten du eta xerthoa segurkiago lotzen da.

        SEMEAK: Nola egiten da bikhe hura?

        AITAK: Hiru laurden ezkorekin suan nahastekatzen da laurden bat thirrimentin olio. Bikhe hori hoztearekin gogortzen da. Aldian aldikoa gozatu behar da eskuetan; xerthoa hartaz beztitzen da, eta gero gainetik ezartzen buztina.

        Gastu hori eginen duenak izanen ditu xertho segurenak.

        Basate gazte mehean xerthoak aski ditu bi begi; basate hazkarra balinbada, xerthoari uzten zaizko lau edo bortz begi.

        Heltzaurrek, pikoek, mertxikek eta gaztainek ez-dute maite xerthatze molde hori.

        SEMEAK: Bizkitartean ikhusten ditut gaztainak hola xerthatuak.

        AITAK: Hala da: bainan ez-da errana ongi dela hori. Bertzalde nihon ez-da gaztaina zaharrik xerthatzen. Hemen egiten da erhokeria holakoa.

        Frantzian den gaiztanarik gehiena Limusin-herrian ikhusten da. Oro dira xerthatuak, eta huna zer moldez.

        Adarretan xerthatzen dituzte.

        Gaztaina on bat izerditan denean, pus bat lodi den adar batetik khenduko diote axal puxka bat oso-osoan, haurrek xirulak egiten dituzten bezala, bainan motxago. Tutu hura izanen da pus bat edo bia luze eta begi batekin.

        Orduan basateari hein bereko adar bat mozten diote behar den neurrian. Ondoari datxikoen mokoan axala gain-behera urratzen dute kanibetaz eta gero sartzen dute tutua hein on batetaraino, ez-tinkoegi, ez lazoegi.

        Tutua higi ez-dadientzat, ozka batzuek egiten dira basatearen muthurrean eta ezpal ttipittoak plegatzen dira inguruan tutuaren gainera.

        Hori xirula-xerthoa deitzen da. Zuhamu xerthatzeko hain da ona, non gaztainek onhesten baitute, hala-nola heltzaurrak, mertxikak, aranak eta pikoak.

        SEMEAK: Ez-da hori naski axaleko xerthoa deitzen dena?

        AITAK: Ez. Axaleko xerthoa, axal ezpal bat da begi batekin altxatzen dena. Basateari axala urratzen zayo kanibetaz gain-behera eta trebesean, iduri T bat, eta urradura hartan sartzen da ezpala, begia baizik agertzen ez-den bezala. Gero hari lodiz tinkatzen dira hein bat urradurako ezpainak Hiru asteen buruan, laxoagotzen da lokharria. Udareak xerthatzen dira hola.

        Baratzezainek badakizkite oraino bertze molde asko, bainan erran ditudanak aski dira guretzat.

        Orhoit zaitezi, ene semea, sagardiak ez-direla niholaz-ere sorho utzi behar. Zothala azpian izatea gaixto dute zuhamu guziek; belharrak ebasten diote lurreko gozoa eta ez-dute uzten airekoa sartzera. Sorho uzten den sagardiak ekharriko du sagar xehea eta bera goizik zahartuko da.

        Neguan garbituko dioizkitzu adarrak eta mihurak khenduko.

        Sagardiari on handia eginen diozu erroen gainera emanez hiratze, othe edo artho zangoak, lurrez estalirik. Lan horrek hazkartzen du kaskailtzen hasia den sagardia ere.

        Laborariak bere ahal guziaz bermatu behar du lanari. Bainan orhoit gaitezen, ene semea, Jainkoa-ganik heldu direla onthasun guziak eta hari zor dioizkigula gure eskerrak ere.

        Egin diozogun beraz othoitza eta gomenda gaitezen Jaun onari.

 

aurrekoa