www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Laborantzako liburua
Jean Pierre Duvoisin
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola 1,1-C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIV.
Azienda beltzez

 

        AITAK: Ene semea, hainitzetan erran izan darotzut aziendak garbiki iduk detzatzun. Egun adituko duzu garbitasuna nihon ez-dela hain premia nola xerria baithan.

        SEMEAK: Ez luke bada hanbat iduri, xerriak ezen lakhet du zikhinpean.

        AITAK: Ez-derraizula, ene semea; xerriak zikhinetan atzematen ditu gauza onak; bainan berak ez-du zikinean lakhet.

        SEMEAK: Zertako baltsatzen da bada lohian?

        AITAK: Xerria azienda beroa da, ez-duzu neguan ikhusiko lohian etzana; udan bai ordean; mainhuak hartzen ditu. Lurrak ez-du bere baitharik deus zikhinik. Asko gizon edo emazteki bada zeinen jauntzia lurra baino nakhaizgarriagoa denik. Lohia da lur pozi bat uraz guritua; eta nola iguzkiak ontsa berotzen baitu, xerria hartan mainhatzen da.

        Bainan ez-duzu ikhusiko xerririk ongarripean etzanik. Bere xola ere garbia idukiko du, idekia bada behar-orduan.

        Garbiki atxikitzen den xerria bertzeak baino lasterrago gizentzen da.

        Xinan harritzeko garbitasunean hazten dute, eta halaxet-ere hango urdekiak gureak baino itxura eta ahoko gozo hobeak ditu.

        SEMEAK: Zertako erraiten da bada urdea bezain zikhina?

        AITAK: Hizkuntza guziak ez-dira zuzenak. Gizona maiz itxurari begiratzen zayo, egia non daitekeen bilhatu gabetarik.

        Orobat erraiten da zozo baten-gatik asto bat dela. Bizkitartean nik ez-dagokat astoa bertze azienda bat baino usnaz gabetuagoa: uste nuke kontrarat badirela hura baino ezagutza gutiago dutenak.

        Guzien-gatik hau da egia segura:

        Xerriak garbitasuna nahi du, eta garbitasuna ematen dioen jabeak atheratzen du probetxurik gehiena.

        Gainerakoaz erranen darotzut urrixa ez-dela urthea bethe duen aintzinean akhetxera hurbilarazi behar. Akhetxak ere urthea bederen nahi du.

        Ernalarazteko arorik hobeena da otsailetik martxo artean. Berantago eginez, umeak negukotzat heldu dira eta ez-dira hazteko hain errex. Erayeroan eta uztaillean sortzen direnak hobeki ethortzen dira, zeren hekien ama hobeki hazten baita; eta berek ere, jaten hasten direnean, kausi dezakete belhar, hezkur, gaztaina edo bertze zerbait fruitu. Neguan deus guti da kanpoetan xerrikume gurientzat.

        SEMEAK: Uste nuke egiaz mintzo zaren.

        AITAK: Ez-dudarik egin: frogatuaz mintzo natzaitzu.

        Erditzeko mugan, ahardiari ongi begiratzeko da, jan edo xahu ez-detzan umeak. Artha horren eskasean urtheko probetxua gal daiteke.

        Ahardi erdi-berriari bazka ona eta nasaya ematen zayo eta ur ephela edatera zahiarekin; bertzenaz halako orduan goseak janaraziko dio zenbait ume.

        Ume guti egiten duen ahardia ez-da berriz ernalaraziko: ume-egile txarra izan laiteke gero ere.

        Ume hainitz egin duen ahardiari hazkarkiago ematen zayo jatera, ez-bazayo zenbait ume khentzen. Handizki behartzen da.

        Hiru aste duten umeei ematen zayote goiz-arrets ura artho irin liphar batez xuriturik, hazkartzen hari direlakotz eta belhar alhatzen hasiak. Gozagarri puxka baten beharretan dira, bulharra khentzeko orduraino.

        Higuintzen dira bi hilabethetan. Handik goiti ur xuritua ez-dute aski; bazka hazkarragoa galdegiten dute.

        Negua iragaiten da hola-hola. Toki batzuetan, belhar berria ethorri den bezain sarri, herriko urte guziak bi edo hiru zaintzaileekin igortzen dituzte oyhanera edo mendira.

        Belharrez edo hezkurrez hazten dira, bertzerik gabe. Nahi nuke hemen ere aztura hori hartzen bagindu.

        Udazkenean etxeetarat biltzen dituzte. Zortzi egunez libro utzi ondoan, barnean alde bat ezartzen dituzte. Ordutik xerriak jateko guziak egosiak behar ditu; azkenekotz ogale hutsa.

        SEMEAK: Ez-duzu erran zein adinetan xikhiratzen diren umeak.

        AITAK: Goizegi xikhiratzen den bargoa ez-da behinere ongi edertzen. Sei hilabethe baino lehen ez-da egin behar.

 

aurrekoa hurrengoa