www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Laborantzako liburua
Jean Pierre Duvoisin
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola 1,1-C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIX.
Oihan erainez

 

        AITAK: Oihanetako arbola guziak heldu dira hobeki tokian erainez, mindegietarik atheratuz, edo xotxetarik baino.

        Deus-handirik ez-da erraiteko xotxez. Horietaz mintzatuko naiz hasteko, zeren eraintzek eta landatzeek xehetasun gehiago galdegiten baitute.

        Xotxetik heldu dira burzuntza, haltza, sahatsa eta bertze zenbait zuhamu mota.

        Xotxak egiten dira gando ederrenetarik. Zorrosturik sartzen dira lurrean negu akhabantzan, botea ernatzera dohanean.

        Bainan xotxetik ethortzen diren zuhamuek ez-dezakete bakharrik egin oihan molde bat. Horiek dira lekhu heze eta aintziratsuen baliatzeko.

        Oihanik ederrenak eta baliosenak heldu dira tokiaren gainean sortzen diren zuhamuetarik.

        SEMEAK: Bainan hazia non-nahi erainez, arbola ez-da ethorriko: aziendek ez-dute handitzera utziko.

        AITAK: Ez-dut erran non-nahi erain behar dela. Larreki asko bada arbola ondo bat gabe. Bertze hainitz toki ere phezoinez ingura daizteke.

        Eta balio du segurki zenbait urthez halako zerrakietan aziendarik ez-alharaztea, ezen arbolak laster nausituko dira, eta orduan izanen da bazka eta oihan ona.

        Asko zuhamuk badute erro nausi bat, lurrean zuzen beheiti sartzen dena. Halakoek ez-dute nahi diren tokitik aldaratu bertze nonbait landatzeko. Ederkienik sorthu-lekhuan heldu dira, eta bertzeetan ez.

        Alabainan erro nausia dute errorik hobeena. Landareak ezin-athera daizteke lurretik erro nausi oso-osoarekin; hausten diote errorik premiena. Zer gerthatzen da orduan? — Erro nausia galdu izan duten arbolak, hiltzen ez-badira lehenbiziko urthean, ondokoan badohazi. Zenbaitek irauten dute gehixago; bainan erphil egoten dira, eta gutiz-gehienek ez-dute behinere deusik onik egiten.

        Haritza da oroz gainetik tokiaren gainean gelditu nahi dena.

        Haritz landareak ez-badituzu artha berezi batekin atheratzen eta landatzen, gehientsuak galduko dira, aurthen bat, gero bertze bat, eta bethi hola-hola.

        Bizkitartean haritzak ere landatu behar dira, zeren toki hainitz baita ezin-hertz daiztekeenik. Guri dihoakigu ahalik hobekienik egitea.

        Balinbada ordean nihondik ere tokiaren gainean eraiteko molderik, hura daiteke lanik zuhurrena.

        Beraz eraintzez mintzatuko natzaitzu lehenbizikorik.

        Hazi ona behar dela, hori erran-gabe doha. Ez-erain dudako hazirik; oyhana huts-artez bethea ethor laiteke.

        Huna nola erainen duzun larre phezoinez hertsian.

        Larre buru batetik bertzera hiru edo lau hildo itzuliko dituzu goldeaz. Lurra barna jotzea ez-da premia; axaltsuan aski da.

        Zergada irauli horren sayetsean, bi edo hiru urhats urrunago, bertze zerrenda bat atheratzen duzu buruen buru; eta hola-hola, arteak utziz zerrendaka lantzen duzu gainerako lur guzia.

        Lekhu irauliak arhatu, zikhinak khenduxe eta eraiten duzu arthoa bezala hezkurra, edo gaztaina, edo nahi duzun zuhamuaren hazia.

        Haziak bi, hiru erhi-trebes lur aski ditu gainetik. Lur arin eta legartsuan gehixago behar du.

        Urthe mugan, landare gazteak bakhandatzen dira, batetik bertzera pia baten hutsa uzten den bezala. Zikhin handienak atheratzen dira eta tokiaren gainean ustelarazten.

        Landareak hastapenean elkhar ganik hurbil utziz, lerdenago eta legunago ethortzen dira. Bainan urthe oroz aintzina bakhandatzen dira, handitzen direnaren arabera; bertzela, usuegi geldituz elkarri bidegabe ekhar lezokete.

        Orok haize eta iguzki galdegiten dute. Guzientzat aski bada ttipi direno. Hola-hola beroki handitzen dira lehenbiziko urtheetan. Gothortzearekin batak bertzeari traba eginen dio.

        Orduan gudua da hekien artean: txarrenak galtzen dira probetxurik utzi gabe, eta hazkarrenak ez-dira baliatu eginen ziren bezala, baldin soberakinak khenduak izan balira.

        Beraz laguntza emateko da, usuegiak bakhandatuz. Arbolek berek erakhutsiko dute noiz eta nola egin. Ezen toki batzuetan arbolak lasterrago hazkartzen dira bertze zenbaitetan baino; aria hortaz, tokiak badira zeinetan lasterrago bakhandatu behar baita.

        SEMEAK: Iduritzen zait ez-dela ezagutzea gaitz non den beharrik handiena.

        AITAK: Artha bat da guzia. Eta hortako lanak badu bere saria. Hastean, hortik ez-da deus handirik atheratzen, bainan oihana hazkhartuz dihoa eta mozkinak laster lanaren saria baino gehiago baderamaka. Hastean abarra zinduen; gero phaldoa, geroago zur meharrak zerbaitetako direnak ebakitzen dituzu; eta azkenerat gelditzen diren ondoek oihan balio handiko bat egiten dute.

        Mendian ordokian baino usuago uzten da oihana. Usuak hazkarkiago ihardetsiko dio haizearen indarrari.

        Aria beraz usuago uzten da hegoa-aldean eta mendebal-aldean, ezenetz iphar-aldean eta iguzki-haize-aldean.

        Sobera bakhandatzea baino hobe da usuxe uztea, zeren arbola usuak zuzen dihoazi goiti; eta bazterretarik laguntzarik ez-dutenak haizeak baderabilzka alde alde orotara, eta kozkortzen dira gero.

        Lan horietan ez-da beraz nola-nahika hari behar; artha ekhartzeko da. Eta nork-berak eginen ditu hobekienik, ez-dira holakoetan langileak beren burutara utzi behar.

        Ez-du guti erran-nahi behar den bezala bakhandatzeak. Ongi egiten bada, indar gaitzean sartzen da oihana eta laster ageriko da zein on handia duen hartu.

        Oihan zaharretan ere asko arbola gazte beren baitharik ethortzen dira, eta usuegi heldu diren tokietan behar dira emeki-emeki bakhandatu erran izan dudan neurrian.

        SEMEAK: Ageri da, aita maitea, larre hertsietan egiten diren oihanek hobeki emanen dutela lekhu idekietakoek baino. Gastuak ordean izituko ditu asko etxeko-jaun ttipi, zeren ez-baitukete larren hersteko ahalik.

        AITAK: Ez, ene semea, ez-da hori. Zenbat larre urthe oroz ez-da gure inguruetan phezoineztatzen? Lan hori hartzen dutenek bazka-gatik egiten dute gehienek. Ez-dira gerokoa-gatik hari; berehalako ona ez-badugu ikhusten, geroxagokoak ere ez-daroku hanbat ukitzen bihotza. Bizkitartean aita batek orhoitzeko luke bere haurrez; bainan non dira halako aitak? Badakit onak ere badirela. Hekiei erraiten diotet:

        Zuen larrekietan egizkitzue oihanak!

        Oihana ezin egin dezakeenak egin beza larraina.

        Larre baten hersteko ahal ttipia duenak herts beza hauzoko larrearekin batean; bi hauzoek phezoin gutiago aski dukete.

        Ai! ene semea, partzuergo horiek ez-dira nihoren galgarri. Batasunak eta adiskidetasunak indar handiak dituzte. Harri bat dorpheegia denean gizon batek bakharrik anbiltzeko, biek eginen dute menturaz; bia ez-badira aski hiruek edo lauek eginen dute. Batasuna eder eta balios da guzientzat!

 

aurrekoa hurrengoa