www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Laborantzako liburua
Jean Pierre Duvoisin
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola 1,1-C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

V.
Noiz eta nola erabil lurrak

 

        SEMEAK: Ene aita maitea, burutan hartu ditut zure solasak. Ikhusten dut nekhazalearen ongi izatea, egiazki heldu dela hiru gauzetarik, bihitik, aziendatik eta arboletarik.         Ageri ere da hekien ardiestekotzat behar direla egun orotako arthak eta lurrak hazkarki onthu.

        AITAK: Hortan da guzia.

        SEMEAK: Bainan biltzekotzat bihi, noiz eta nola lanthu behar du lurrak?

        AITAK: Geroxago xehatuko darozkitzut hilabethean hilabetheko lanak. Oraikoan mintzuko natzaitzu lanari lotzeko moldeaz.

        Egiozu lanari mugaz, denborak laguntzen dueno, eta gerorat utzi gabe estakuru baten edo bertzearen azpian. Gure tokietan maiz uria da; aro ona ez-da iraunkor, eta ez-da nihoren begira egoten. Erna zaite beraz ordu delarik.

        Lurra ez-dezazula ez iraul, ez jorra urite denean.

        Halakoan egin lanak, on baino kalte gehiago dakharke.

        Uri jarraikien itxura denean, ez beraz hunki lurra, nahi ez-baduzu egin lan alferra eta kaltekorra.

        Laneko aziendak ere bidegabe du aro uritsuan nekhatzea.

        Bainan denborak itxura ona daramakienean, lot zaite lanari lehen-bai-lehen eta zin-zinez.

        Ez-dezazula erran: Lurra idor da; bego bustitzera.

        Agortean erabiltzen den lurra aphaintzen da hobekienik. Arras agor bada, irauli-eta uzten da. Gero lehenbiziko uriaren ondotik arhatzen da eta eraintza egiten.

        Asko lekhutan, arthoa bildu denean, lurra hala-hala uzten dute bazka zerbaiten pheskizan. Hola eginez, nork bere buruari bidegabe handia deramako. Sos zikhin baten ustean, hainitz gehiago galtzen du. Lurra onthu behar bidean, ahultzen da, belhar tzar guziei bizia emanez; belhar horiei hazitzeko astia uzten zayote, eta ondoko uzta ezin garbitua heldu da. Ez-da hori ona.

        Iraul zazu laster lur hura. Hilen dira belharrak eta geroko uztak zikhin guti izanen du. Lurra ere ez-da akhituko. Aireak jo dezakeen bezala ezartzeak gorituko du.

        Iraul zazu beraz ahalik barnena, arthoa bildu bezain sarri. Ongarria eman-eta estal zazu, negua hala iragan dezan.

        Lurra erabiliago, eta gerorat erabil errexago.

        Hotzak eta beroak barnera joago, eta onthuago.

        Erran den lurrari bertze iraul-aldi axit bat emozu, eraiteko aroa ethorri denean; gero arhaldi bat. Handik altxatuko duzun uztak ez-duke zuk galdu duzun bazka txarraren minik.

        SEMEAK: Horren gainean banituzke bi erraiteko. Behinik bat, beldur nindaite lurrari udazkenean emanikako ongarria gal dadien primaderakotzat.

        AITAK: Ez, ene semea, ez-da holakorik gerthatuko.

        Ongarria lurrarekin bat egiten da, lurrak hartzen ditu haren indar guziak; eta nola neguan belharrik ez baita heldu, indar hetaz orotaz baliatzen da primaderako eraintza. Bertzalde, ongarrietan gelditzen dira asko marmutzen haziak, edo xuxen mintzatzeko, marmutzen arroltzeak. Ongarria metan uzten bada, arroltzeak ez-dira galtzen, bai ordean hedatzen bada. Hala eginez luphekoak eta bertze har hainitz hiltzen dira.

        SEMEAK: Hori ez-da gauza gutia; aitzitik hain handia dagokat, non ez-bainaiz ausartatzen bigarren erraitekoaz aiphatzera.

        AITAK: Erran zazu hura ere: ez-da ongi argitzea bezalakorik.

        SEMEAK: Nik erran nahi nuena zen, holetan bi aldiz iraultzera, heldu direla bi lan.

        AITAK: Halaxe da, bainan lan horiek beren sari ona dakharkete.

        Arthoa sorthu-eta, jorratzen duzu. Zertako har bi lan? hobe delakoan naski. Bi iraul-aldietan orobat da. Bertzalde, bigarren iraulaldia lan axita da. Eta jadanik erran dudana; lurra erabiliago, eta erabil errexago. Handik harat bethi errextuz dihoa.

        Zer erran zinezake, Frantziako hainitz tokitan bezala, ikhusten bazinitu bi edo hiru idi pare, hiru, lau zaldi bertzalde, golde bakhar bati lauzkatuak lurra barna jotzeagatik? lana othe da hura?

        SEMEAK: Harritzen naiz.

        AITAK: Ez-da zertaz harri. Lanari ez-da ukho egiteko; bethi berea baderamaka. Barnenik iraultzen den lurrak ekhartzen-du ondoriorik hobeena. Beraz, guk ere barna iraul dezagun; mokhorrak ongi phorroka; ahal balitz, herrautsa bezala egin, zeren lurra aphainduago eta ekharkorrago.

        Horren gainean ez-gaiten soberarik begira hemen egiten denari.

        Eskal-herriak ez-du behinere biltzen bere dina bihi. Laborantza hoberik nihon ez-balitz, gosetea laiteke.

 

aurrekoa hurrengoa