www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Laborantzako liburua
Jean Pierre Duvoisin
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola 1,1-C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIII.
Azienda xuriez

 

        AITAK: Egun azienda maithagarri batez aiphatuko dugu, erran nahi dut ardiaz.

        SEMEAK: Ai aita, zenbat atseginekin entzunen zaitudan! Aspaldian aditu nahia nintzen ardiaz mintzatzen.

        AITAK: Ederki, ene semea; ardia maithagarri bezain ona da. Ez-naiz hartaz orai-arteo mintzatu, zeren azienda xuria ez-baita gorria bezain guzizkoa laborarientzat. Alabainan beharrenari nahi da bethi begiratu. Bizkitartean laborariak, nihondik ahal balinbadu, ez-du ardirik gabe egon behar.

        Ardiak ez-du ongirik baizik egiten. Bildots, esne, gasna, gazur, ile, arkin, zenbat gauza on!

        Bertzalde, etxean bazka guti xahutzen du. Jainkoak mendiari ematen dioen belharra ardiak nonbait-han aski du.

        Ez-dugu ordean guziek edo bordarik, edo arthaldearen erosteko ahalik. Enetzat bihotz-hausgarri da ikhustea asko laborari ardirik gabe txarki bizitzen, izan letzazketelarik, berak nor balira, ongi bizitzeko behar bezenbat.

        Orok ez-dukete indar hura, bainan oro bermatzen balira, ez-duten askok bil lezakete.

        Zenbat on ez-da galtzen bermatu eskasean?

        SEMEAK: Bai, hala da, aita maitea; bainan zenbatek oraino atheratzen ez-dute, artha eskasez, ardietarik athera dezaketen ona?

        AITAK: Egia! semea; egia handia!

        Hori-delakotz erranen darozkitzut bi hitz labur solas horren gainean.

        Ardiari ongi nahi da jarraiki. Artzain txarrak ezarriko du laster arthaldea errekan. Beraz, nauzia ohartzen denean artzain nagia eta axola-gutikoa duela, laster eman beza kanporat. Laburrenik eta hobeenik hori du.

        Orhoit zaite, semea, ez-axola denari ez-duela balio arrangurarik egitea.

        Gaizkiak erranez ez-da egundaino nagirik ernatu, ez-eta-ere axola-gaberik hanbat onthu.

        Langile, zain hilekoak, lan guti eginen du, bainan ez-du landa xahutuko.

        Artzain nagiak ephe laburrean ezarriko zaitu arthalderik gabe. Ez beraz halakorik iduk zure bordan.

        Bordara zihoazinean, ezagutuko duzu ardiak ikhusi gabe, zerika den zure artzaina. Askiko duzu arditegiari eta bazterrei begia ematea.

        Arditegiak nahi du izan maiz ihaurkin berria eta idorra, zola zilhorik gabe eta ixuriarekin.

        Artha horren eskasean, ardiak galtzen dira hatzetarik, eta bertze asko gaitz ere biltzen dituzte.

        Azienda xurien adina hartzen da hortzetarik. Bildotsei urthe buruan aldatzen zaizkote aintzineko bi hortzak; hemezortzi hilabethetan, horien bi aldetarik bana; hiru urthe bethe orduko, ahoko guziak aldatuak dira.

        Ardiak sei zazpi urthetan, eta ahariak zazpi zortzitan, ez-dira gehiago gizentzeko baizik on.

        Antxuak ez-dira ernalarazi behar bi urthe betheak izan arteo; bertzela goizdanik ahultzen dira. Muga gaixtoan direnean, nahi dira aharietarik urrundu; eta halarik ere gerthatzen balitz ustekabez bakhar zenbait ernaltzera, ez-utz ume haztera; hazaraz zazu halako bildotsa bertze ardi bati; edo, ez-badaite, hil zazu amari utziko diozun baino lehen.

        Ahariak ez-du ardirik jokhatu behar hiru urthe bethe aintzinean, ahari txarra eginen da bertzela onaren gayetik.

        Artzainak arthoski jarraiki behar du erditzekotan diren ardiei, eta antxuei bereziki.

        Antxuek laguntza nahi dute eta beren bildotsekin lakhetarazi behar zayote, zeren ama batzuek beren lehenbiziko umeak higuin izaten baitituzte.

        Bildotsen xikhiratzekotzat, denbora eder eta eztia hautatzen da, zeren aire kolpe gordin bat aski baita bildotsari herioaren emateko.

        Xikhiratuak barnean idukitzen dira hiru edo lau egunez; eta ilkhitzen direnean ere, aro ederrarekin.

        Arthaldea ez-da goizean-goizik alhapidera atheratu behar. Ihintz handiak luzara kalte egiten dio gizentzekotan ez-den ardiari.

        Uria egin duenean ere, bego belharra idortzera aphur bat.

        Ardiak uritez barnean idukitzen direnetan, eman dakiokete behi bazka guzietarik.

        SEMEAK: Zer! othe joa ere bai?

        AITAK: Othe joa ere, ezen, ez-duzu ikhusi ardiek berek larrean othe mokoak murrizten dituztela?

        Bainan hobeki egiteko, emozute othe joa bertzean egosixe ondoan. Hura hainitz on dute.

        Arthalde guziak ez-dira mendian hazten. Etxe ondoetan hazten diren ardiek lurrak borthizki ontzen dituzte. Zenbait bederen iduki behar gintuzke guziek.

        Udan, ardiak etzanarazten dira gauaz landetan eta laborantzetan.

        SEMEAK: Eta ez-dute kalte?

        AITAK: Angeletierran, uda eta negu, bethi kanpoan daude ardiak. Eta bizkitartean lekhu hekiek gureak baino hainitz gogorragoak dira. Diote ere hango ardiek gureek baino ile gehiago eta ederragoa dutela, zeren kanpoan egoten diren.

        Landetan etzanarazten diren ardiek lurrari on handia dakharkete.

        Hortarakotzat, sorhoetan edo landetan korralak egiten dira kheretaz; eta zortzi guziez, tokiz aldatzen da korrala, sorho edo landa guzitik iragan arteo.

        Laborantzan sartzerakoan, lurra iraultzen eta arhatzen da lehenik; eta ardiak bertzetara khentzearekin, ematen da bigarren arhaldi bat, onkhailua lurrak hobeki begira dezantzat.

        SEMEAK: Zer mugaz egiten da lan hori?

        AITAK: Maihatzetik Umeru Sainduraino.

        Maihatzean ere lagunetarik berezten dira gizentzeko diren ardiak eta zikhiroak, eta aboztukotz gizenduak ditazke.

        SEMEAK: Hemen udazkenean gizentzen dira bada gehienak.

        AITAK: Bai zeren ez-baitute izaten behar den artha. Oro nahas-mahas uzten dituzte, gerthatzen dena gertha dadiela.

        Eta bizkitartean ez-dute molde berean mantenatu behar gizentzekoek eta zaintzekoek.

        Gizentzeko direnek goizetan-goizik nahi dute izar ihintzean alhatu, bainan ez bertzeek; ez-dute gerokotzat on.

        Gizentekoek maiz edatea on dute, eta barnera erakharri behar dira bero handia sarthu aintzinean. Arretsaldeko hiru orenetan atheratzen dira berriz ilhundu den arteo.

        Barnean ere bazka ematen zayote gatz liphar batekin. Gogo hobearekin jaten dute orduan; edaten ere dute gehiago eta arabera hartara baliatzen.

        Hiru hilabetheen buruan, saltzen dira; handik-harat galtzeko perilos dira.

        Hola eginez, goizago gizentaraziko dituzu ardiak eta probetxu hobea atheratuko duzu.

        Neguan ere egin daiteke lan hori zikhiroen gizentzeko, behiak bezala bazkatuz. Garastixago da, bainan zikhirokia ere bai.

        SEMEAK: Gaurko solas guziak ongi hartzen ditut. Biskitartean ez-dut ongi ikhusten gauza bat.

        AITAK: Erran zazu zein den.

        SEMEAK: Ez-dut ikhusten zertako izar ihintza on duten gizentzeko ardiek, eta bertzeek kalte.

        AITAK: Hau adi zazu ongi. Bizitako ardiak ez-du on gizenegi izatea; ez-du orduan ongi ematen. Izan bedi hazkar, bainan gizen ez.

        Erran daiteke mehatuko dela; bai bainan behin gizendu den ardia, meharazten baduzu, behinere ez-da gehiago gizenduko behar bezala. Bi buruetarik galtzea laiteke hori.

 

aurrekoa hurrengoa