www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ardi galdua
Resurreccion Maria Azkue
1918

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bein da betiko / Batxi Guzur, Resurreccion Maria Azkue (Ines Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1989

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIKAGARREN EZKUTITZA

Aita Mendiriren eraskinak

 

Nere Aita probintzialaren aginduz idatzi ditut oar auek

Oarlaria: A. Justo Mendiri

 

        Berak ni, autsa naizen frailetxo au, A. Batizen misiolaguntzat Leaburura bidali ninduen. 1901garren urteko garagarrilaren 13an, San Antonio arratsaldean, eldu ginan.

        Tolosara bideko Egi deritzaion mendiskatxoan erri guztia gure zain zegoen: zortzi apaiz pellizez jantziak, beren artean Azpeitiko bereterburua ta Belauntzako arimazaina, Leaburuko parroku gaztea, kapadun, erdian zutela, agertu ziran; bi ez besteak gazte ile-beltzak. Alkatea ta bost zinegotziak [kontzejalak] elizgizonen ondoan ziran. Medel zala ta berrogei ta amar-amabi urtedun gizon azkar, masal, beltzez jantzi bat an zan, erritar guztiak tinko-tinko begiratzen ziotela. Izerdia kentzeko ere asti gabe, parrokuaren ezker-eskubi bi misiolariok jarri ginuzten. Geroxeago bi apaiz oiulari aurretik zirala, erri guztia, Elizarontz igituta, oiuka asi zan:

 

                Atoz pekataria,

                atoz Eleizara,

                Jaungoikoaren itza

                gogoz aditzera.

 

        Bi apaiz aurreratuak, bikondean [a duo] itz auek oiukatu zituzten:

 

                Pekatuen neurria

                bete eztezazun

                aditu Jaungoikoak

                zer esaten dizun:

                Ez egon pekatuan,

                ez egon luzaro,

                damu izan eztezazun

                alperrikan gero.

                        Erriak:

                Atoz pekataria...

                        Bik:

                Pekatuan oera

                etzitzen bazera,

                benturaz infernuan

                esnatuko zera.

                Urterik asko Jaunak

                zuri eman dizkitzu

                eta danak pekatuz

                zuk bete dituzu.

                        Erriak berriz:

                Atoz pekataria...

 

        Elikonde [koro] au irugarrenez eman zutenean, len entzun gabeko mintzura lodi eder bat nasi zan lengoen artean. Belauntzako arimazainak Aita Batizi agopean Medel oiuka esan zion.

        Elizaratu ginaneko, nere lankideak irakastegitik itzaldi laburtxo bat egin zuen, misioaldia zer ta zertarako dan agertzeko.

        Apalaurrean Arizpe bereterrak eta aita San Franziskoaren bi semeok autu bat izan genduen.

        —Arizpe, esan zion, nere lagunak: Jainkoaren doia oparo izan bekigu sail gaitz onetan. Zer egin dezakegu Medelen biotz gogortu ori bigundu ta gureganatzeko, gure bitartez Jaunak berarendu dezan?

        —Aita Batiz: biotza Medelek biguña du, baina otza, burua du eri, burua; ta iluntasuna dala uste det eri orren azia ta sustraia: iluntasun lodia, urte askotakoa, errekondoetan sortzen dan lañoa bezelako narratsa. Sor bekio buruan zeruko argitasuna, Jaunaren ostargi ederra; ta eguzkiak bere erroz, bere ostrontzez egiten duena egingo dio Medeli goitiko beste erro, guar, ostrontz orrek: argitu ta berotu; argitu, burua; berotu, biotza.

        —Eztezu uste, bereterburu, orretarako egoki izan daitekeala guk geron autuetan gizon orren biotza ortzargitasunez [por simpatía] irabaztea?

        —Ederki esana.

        —Nik, badakizu, Arizpe, nor naizen-ta, edatsiko nizkioke ipuin ta izkirimiritan Jainkoa lagun! , oraintxe asi ta etzi gaberarte, isildu gabe, ari izango nintzake txir-txor, txir-txor: edatsi ta edatsi.

        —Obe izango dala uste det, lagun zar, berari itz eragin ta gu gogoz adi egotea. Californian izan duen bizikera pozik, lerdea dariola, jakineraziko digu. Gainera musika-zalea da ta baritono-mintzura du, sochantre zar batek bezelatsukoa. Ziriketatxo bat egin ezkero, bereala asiko zaigu esaten Prado ta Marianico Garcia ta Cosme de Benitorenak dirala mezarik eztitsuenak. Ezetzik etzaio esan bear. Alegia, aantzi etzaidanean! Zu, A. Batiz, karlista itsua zera; Belauntzako parrokua, integrista amurratua. Jainkoarren eskatzen dizut, egun auetan beintzat, utzi ditzatzutela alde batean, batark eta besteorrek, utzi politikazko purtzilkeria oriek.

        —Arizpe: zerorrek neurtitz berriren batzuk egin omen dituzu, misioetarakoak.

        —Misioetarakoak ez, misio onetarakoak.

        —Ikus ditzagun. Entzun izango dituzu arako:

 

                Vous qui pleurez, venez a ce Dieu, car il pleure.

                Vous qui souffrez, venez a Lui, car il guérit.

                Vous qui tremblez, venez a Lui, car il sourit.

                Vous qui passez, venez a Lui, car il demeure.

 

                Artzainak dei ta ardia arengandik igesi...

 

        —Itz orrezaz ez, O sauitaris bezela neronek ere amaika aldiz oiukatu izan det ori!

        —Biar goiz ta arratsalde ikasiko al du Medelek beraren itzulpenerako egindako eresitxo au.

        —Ea nola dan.

        —Frantzesez, Victor Hugoren itz eder oriek musikatuz, Faurek Crucifix eman zion eresiari izena; nik, aipagarri ezpada ere, Artzain ona. Jatorrizko itzak, gutxi dira-ta, berriz ta berriz osteratu zituen musikalariak. Nik neretxoak eztitut berrizkatu.

        Oiuka eman zituen Arizpe jaunak itz auek.

 

                Artzainak dei t(a) ardi(a) arengandik igesi,

                zerk arabil, gaiz(o) ori, galdu ta deslai?

                Larrez larre, biotza minez t(a) esiz esi

                dabil Jesus t(a) ik ez al diok entzun nai?

                Obeki nun Jesusen besoetan baino?

                Nun or bezain zoritsu, pakez eta alai?

                Jeiki, jeiki t(a) ator pozik artegirano,

                Artzain-deiari gaur erantzun: Jauna, bai.

                Artzainak dei t(a) ardi gaizoa arenganaino

                beeka doa lotsa dala, damu, garbai.

 

        Gero atzenean biak, neurtitz gabe, esango dute: O Jesus, argi neri!

        —Medelek ori esatea egoki, ezin egokiago dala uste det. Zuk esaizu, Arizpe: O Jesus, argi oni, oiulari oni, aldameneko txori polit oni!

        —Nik ere argia bear dizut, ordea.

        Onetan ginala, Isabelek atea jo zigun. Aparia gertu zeukala esatea zan au; ta irurok bazkaltegira jetxi ginan. Lenengo gabean Medelek Galvestondik Californiarako orgadiaren [trenaren] uxtua nolakoa zan ta Acapulcon (Mexicok Pacificon duen uri bero-bero-bero batean) gaberdiko mezatan eguberri-kantatxo bat, Amezketan txikitan ikasia, euskeraz oiukatu zuela esan zigun. Itsasgizon urte batez ibili zaneko berri au, etxekoak ere gau artararte ez omen zekiten. Aita Batizen eskabidez oiukitxo ori adi-adi ta arretatsu entzun ginion Medeli. Apalondoan Leonek pianoan Santestebanen Pudente jota, beste gertaera aipagarri gabe, bakoitza bere kabira joan ginan.

 

 

—II—

 

        Egunak joan, egunak etorri, Eliza goizaldero ta iluntzetan bete-bete egin oi ziguten eliztar jainkozale aiek. Egia sakonak beti bezelaxe gure A. Batizek erakusten zituen. Nik, autsa ta autsa ere bidekoa, nornaik zapaltzekoa, naizen onek, nere austasunean al nuentxoa egiten nuen: utsa zan nerea. Arratsaldeko bost eta erdien otsaz batera, udako misioetan oi danez, bereter jaunak alde banatan zituela, Aita Batiz, apaizetxetik kurutze andi bat eskuetan zuela, irtetzen zan. Ni orduantxe estuen, nere dotrinatxoa buruan sartzen. Erriak Atoz pekataria oiukatuta, oro Elizara sartzen ziran, Elizaurreko zugazti itzaltsuan itzuli bat eginez. Agurtza-ostean, errosario-ondorean, ni, obiko ar ta zomorroen janari au, kristau-ikaskizunak [dotrina] azaltzera igoten nintzan. Urrengo, Arizpe jaunak eta Medelek, Leon bereter gazte gartsua laguntzaile zutela, Artzain onaren eresia ederki entzunerazten ziguten; gero Aita Batizen itzaldi sakon sutsu ederra; ta azkenez berriro zugaztira, onedaspena [bendizioa] artzera. Nere jarduntxoak laburrak izanarren, luzetetsia nabaritzen nuen erria; Aita Batizenak, ordea, bear ere ala zan-ta, luzeak ziralarik, laburtzat agoa zabalik entzunak izaten ziran.

        Oiulariak beren bikondearen amaitzat [azkentzat] arako O Jesus, argi neri! biguñ-biguñik oiukatzean, Leon, aitak bezelako biotz samurra du-ta, arratsaldero negarrez ikusi zuten norbaitzuk. Azken egunean Aitak ere, semearen negarrak nabarituz, begiak legortzeko zapia sakeletik atera omen zuen.

        Bazkal-apalorduetan ezkinuen aipatzen ez protestanterik ez gure politika gorabeerarik. Leaburu-Hotel, edergarria [grabadoa] erakutsiz teilatutik atarira zeekatu zigun Medelek. Zerbait irakurria da, batez ere ingelesez. Nik inoiz entzungabeko berri asko eman zizkigun. Ona bat.

        Goi-Amerika artan gizeli [multitudo gentium] andi bat omen da, erlijioko izakietan ezer sinesten eztuena. Erdizka bada ere, 5garren orrialdeko edergarriak darakus arroztegi onen izantza Itzur bezela [maximatzat] know nothing (nau nacin esaten zuen berak) omen dute: euskeraz «ezer eztazagut» esatea bezela. Pozik nabaritzen nuen, neri, gizagaizo oni, jaramon gutxi eginarren, gure Aita Batiz biotzez maitatzen asi zala Medel.

        Eztakit zein egunetan zan: ala bost ala seigarrenean, nere anai maite ta eredu Aita Batizek bereterburuari, onen eresi taxak dituen «deslai» ta «garbai» zer ziran galde egin zion.

        —Deslai, erderazko «decarriado», garbai «arrepentimiento». Asko da, Aita Batiz, Bizkaiko semea zerori ta gainera nunai ibilia zerala, ez entzun izatea arako urdaia jan ta garbaia!

        —Urdaia! esan zuen Medelek. Neronek gertatuko dizutet, biar bazkaritako, Californiarren eraz. Beatzak ere, gozoaren gozoz, miazkatu baietz?

        —Orduan urdaia jan ta alaia esan bearko degu, gaineratu zuen Belauntzako don Agustinek.

        Biaramongo bazkalorduan biaoa egitera igotzean, A. Batizek «mutil, esan zidan, nere alaitasuna egi-egia! Californierazko urdai hura jan dedanean, ezta izan besterik ez bezelakoa; ala ere gogo-irudiz irentsi det eman didatena».

        Mauka-mauka ari ginala, Isabelek agopean «ori? esan zidan neri ori garbatu, ori itzuli? Eztakitela berok ori nor dan». Egi bat esan, Medelez, nizaz bezela noski, eguna bijoa, gaua betor, bizi zala esan daiteke: buruauste gabe, ezertxok ere ajolarik ematen etziola. Ezkenion ez damutasun ez itzulpide-zantzurik, igargarririk, ikusten; eta gu, beraren bizilagun guztiok, arduratan geunden, ardura gorritan, zer ikusiko; katu bat elorriadar-artean bezen larri. egun ilun auetan amaika ta amaika aldiz esaten nion nere buruari, Aita probintzialari, onetarako autatu nenduenean, esan niona! «ni onelako misio bat emateko? Onako ni, autsa, oinpeko autsa naizen au? Ez ote dauka nere itzen moteltasunak Medelen biotza, lenengo egunean bezen otz ta itzul-gogor?».

 

 

—III—

 

        Azken-eguna iritsi zan, guretzat egun goibela. Nere laguna, beretertegitik Gaztelu-aldera joanda, urruti eztan Arkaitz-gaineko txoritokian sartu zan, goizerditik arratsalderarte antxe egoteko. Toki artarako igitu-aurretxoan nere gelako atea jota, Jesusek ikasleai, txerren erauzteko indarga ziralarik, esan ziena oroitarazi zidan: Hoc genus (demoniorum) in nullo potest exire nisi in oratione et jejunio. «Onelako txerren-mota otoitzez eta baruz baizik ezin erauzi diteke».

        —Justo: bazkal-orduan, besteak nere galdez asitakoan, ain ongi ere enabilela ta goi-aldera joan naizela.

        Gogoketan asi nintzan, bakartu nintzanean. Alperrekoak izango ote dira gure lanak, batez ere lagunarenak? Utsak, alberrietako apaiz ta monjen eskariak? Antzuak, semearen negar-malkoak? Enaiz, neronez, inoren aultasunak agertzen zalea; nerau inor baino aulagoa ta ezerezagoa bainaiz. Nere Aita probintzialaren agindua zintzo, alik zintzoen, betetzeko, esango det, ordea, zerk eman zidan egun aietan iguinik andiena: gu zeinbat estuago ta larriago, Isabel ainbat lasaiago ta pozago ikusteak. Gutxienez sei aldiz entzun nion, aurreko gabean ere, neronen belarri ondoan esaten: —Aita: alperrik ari dira. Gizon au zuritu baino errazago litzake trikuari bizkarreko arantzak amoztu naiz katu bati sagu-uzia kentzea. Au itzuli! Au kristautu!

        Iluntzeko itzaldi-aurretxoan, Belauntzakoak itz auek erderaz zuzendu zizkion nere lagunari:

        —Azken kartutxoa oraintxe dijoa.

        —Gurea bai, erantzun zion A. Batizek. Goiko eizariak eztakigu, alabaina, noiz jaurtikiko dion bere lenengoa. Ark eziko du eizakia, ark.

        Beste izmitzik inori esan gabe, igo zan iztuna irakastaulkira [pulpitora]. Elizan orratz batentzako ere utsunerik ezegoen: txiltxil betea zan. Opalmai [aldare] ondoan baziran gutxienez amabi bereter. Amezketako parrokua ere an zan, bere uritxotik mendirik mendi etorria.

        Iztunak bere arazoa asi-aurrean, erriak, gero egiteko eztulak, orduantxe atera zituen. Etzuen gure Aita Batizek, oi degunez, asikintzat Ebanjelioko itzik aipatu. Artzain ona eresiaren lenengo aapaldia [estrofa] astiro ta ozenki entzun arazi zigun.

 

                Artzaina dei ta ardia arengandik igesi!

                Zerk arabil, gaizo ori, galdu ta deslai? (bakar-bakarra ta bidegabetua).

                Larrez larre, biotza minez ta esiz esi.

                Dabil Jesus, ta ik ez al diok entzun nai?

 

        «Egun auetan emen oikatu dira itz ederrak dira auek», isiltxo gaineratu zuen iztunak.

        Tamala da, damugarria da, Aita Batizek arkaitz-gaineko txoritoki artan, oso-osorik, lan eder au ez idatzi izatea. Argitaratuko balitz, eredutzat [modelutzat] ar lezakete gure anai gazteak, eredutzak iztunik trebeenak ere. Hura zan etorria! hura erraztasuna! Itz guztiak Jainkozko maitasun-garretan irtetzen zitzaizkion; eta gu, zerutiko gar onen artean, geron buruaz aantziak [aztuak] bezela geunden adi. Lurra baino gorago, odei-gaineratuak, ginala esan zitekean. Artzain onak nola ta zeinbat eraz dei egiten digun, azaldu zuen lenengo; ardia nola ta zergatik galtzen dan, gero. Arako know nothing, Medelek jakinarazi zigun zer hura ere aipatu zuen, bai zearo porrokatu ta austu ere!

        Bigarren ataltzat, eresiaren bigarren aapaldia esan zigun, paperetik irakurriz:

 

                Obeki nun Jesusen besoetan baino?

                Nun, or bezain, zoritxu, pakez eta alai?

                Jeiki, jeiki ta ator pozik artegiraino,

                Artzain-deiari gaur erantzun: jauna, bai.

 

        Jesusen besoetan izatea zer dan, eztet uste Krisostomo andiak ere egokiago ta gartsuago azaldu zezakeala. Jesusekiko zoria, pakea ta alaitasuna banan banan ta argiro erakutsi zizkigunean, ezin kendu nuen nik nere buru ta biotzetik gogamen au:

        —Eta i, Justo; Justo ere ez aizen ori; i, Juxto, misiolari onen lagun!!

        Urrengo itz auek, apaiz batzuk lagun nituela, berak esan zituen erara artu al izan nituen. «Ardi galdua: artegia utzita, nora oa? Jesus ire artzain ori baino onagorik, biotz andi ta samurragodunik, nun arkitzeko? Nun egiazko Elizan bezelako bazka gozo, janari osasungarririk? Artzain onak bere gorputza janaritzat eman digu, edaritzat bere odola. Zeruko intza ta euria ta eguzkiaren garra lurrean gari biurtzen dituenak, gari ori gure barruan geron gorputz aldatzen duen berberak, Jesusek, aldareko ostia mee zuri garbi ori beraren gorputz itzultzea nai izan du, gure arima erorkor onen janari indargarri izan dakigun. Eta au noiz? Kurutze santuan josita ardi galduen onerako bere bizia eman ta gero. O ardi gaixo, o ardi errukarri bezain maitagarri, deslai, sasirik sasi, galduta abilen ardi argigabe ori! Adi ta entzun zak gaur ire jabearen deia. Nork daki azken-deia, o, bai, azken-deia ez ote dan!»

        Itz au «azken-deia» bigarrenez esatean, zotina bezelako zer bat erakori zitzaion barru-barrutik iztunari, entzule guztioi zauzkada andia eragin zigula. Inor, battxo ere, ez al zan beealdean, gora, oiutegira, begiratu etzuenik. Medelek an goian, oiutegian, arrizkoa zirudien. Gero, kurutzea eskuetan zuela, iztunak artzain onari egin zion eskari samurra entzutean, guztiok geunden negarra tantoka-tantoka zerigula. Enuen buruz ezer artu al izan.

        Aita Batiz izerdi-patsetan, elizgelan [sakristeian] barruna, etxera sartu zan inori itzik egin gabe. Neri, barrura dei eginez, Leonek eman zezala, esan zidan, Leonek eman zezala gau artan kurutzeaz onedaspena [bendizioa]. Elizatik «Jesus gure Jaun maite atsekabetua», ezpainetan genduela, zugaztira joan ginanean, Medel etzan sartu, bestetan bezela, oiulari-artean.

        Bazkaltegian, apalorduan, betiko bi apaizez gainera, beste bi: Amezketakoa ta Belauntzakoa, bildu ziran. Medel etzan ageri. Luzarotxo bera igurikitzen, berari begira, egonta, Isabel agertu zitzaigun, Medel etzala etorriko esatera. Gure estuasuna ta jakin-naia!

        —Zer agitu ote zaio? zinoan batak.

        —Ongiezik ote da? besteak.

        —Ala sapustua, gaineratu zuen A. Batizek, nere itzai zorrotzegi eritzia, asarratua?

        —Ori ez, erantzun zion Amezketakoak. Eizakia, mindu gabe, ezta atxitzen. Mindua dala ageri du. Zein min duen, Jainkoak, mindu duenak, daki.

        Isabel berriz agertu zitzaigunean, —zer du Medelek?— galde egin zion Arizpe jaunak. Parrirria ezpainetan ta begietan poza ageri zituela, auxe esan zigun:

        —Apaiz ta fraile-artean gogaituta edo, sukaldera etorri zaigu; ta buruko zorabioa duela ta etzin-bearreko asmatzen dala ta lotara doala esan digu. Jatez eztu ezer jan. Ur-ardotan pitxerdi-inguru edan al du.

        Emakume aren oztasunak burutik beerako otzikaraz ebaki ninduen ni. Beste bost apaldarrak etzioten begiratu ere egin. Isil ta motel ezkenduen ganoraz apaldu. Leon bi aldiz joan zan Aitaren gela-ondora, ezer nabaritzen ote zuen. Alako batean A. Batizek, —Leon atoz onera, gaizo ori— esanez, besartean maiterik artu zuen apaiz gazte negartsua.

        —Gaur gloria gabe geranok, biar alleluia oiu egingo degu.

        Beraren ondoan eseri-eraginez, Habanatiko masoitzar amurratu baten itzulpena edatsi zion.

        —Baita ezagutu det, Lekeitio-ondoko baserritxo batean, Californiatiko baten biotz-gogortasuna ere, gaineratu zuen. Aita Emerando nuen nik misiolagun. Gogoz ekin genion gure arloari. Hura, gizon hura, etzitzaigun beintxo ere urbildu. Beretertegitik Elizara-bidean «erdu pekataria» oiukatzen ginjoazenetan, txapela buruan zuela, aldiro egoten zan zakarra alakoa! ardantegiko atarian El País ta El Motín iru edo lau aldiz atepetik barruratu zizkigun lotsagabe aundiak. Etzan hura egun aietan elizpean ere sartu. Californiar hura ta zure aita iparraldea ta egoaldea dira. Egin lo lasai ta zabal. Gaur gloriarik ez, biar alleluia. Gure Jauna irugarren egunean piztu zan, zure aita amargarrenean piztuko da. Alleluia, alleluia!

 

 

—IV—

 

        Gau artan lo egitea etzan egikizun erraza. Misiolari gartsuaren alleluiak baino sakonago ta itsatsiago nituen, burmuñ-artean sartuta, etxeko andrearen berri sukaldekoak. Medel, batean agertzen zitzaidan (gure Aita San Franzisko bost zauriak artzen bezela) belauniko opalmai [aldare] aurrean, jauna artzen; mingain zuri-zuria agerian; aurpegia, goizeko eguzkiak jota bezelaxe, ikusgarrizko argitan zuela. Bestean, semearen etxetik igesi nekusen Californiar errukarria, idunean [lepoan] ttattar [korbata] gorri andi bat ipinita, zekor batek bezelako ijutiak eginez, Tolosako errepublikanoen batzokian sartzen. Negar ere egin nuen, nere burutasun hura egiazkotuko ote zan erabez [bildurrez]. Medel betiko galtzen bazan nork errua? Beste errudunik etzitzaidan agertzen. Nerau ote nintzan beraz? Enintzala uste izateko, bederatzi egun aietan azaldu nituen ikaspide [dotrina] guztiak gogoratzen asi nintzan. Euskeraz garbiegi mintzatu nintzaneko ingira [eskrupuloa] biotzaren ondarretaragino sartu zitzaidan. «Sinespen, itxaropen, onerespen...» ba ote zekien Medelek zer ziran? Gainera, asiberria ta kemen gutxikoa izanik, nere jardunak, nere lantxoak itzez itz ikasi bear, ta gero nere esakerak su gutxi, nere eskuketak ganorarik ez ta entzuleak otz ta Medel, lendik ozpera zan Medel, geroago otzago. Zein ilkorrek du Medelen itzulgogortasunaren errua? Neronek, autsa ta oinpeko autsa baino besterik enaizen onek. Etzan, ez, egikizun bererakoa ta samurra goizalde artan lo egitea.

        Laurak ziran, Alkateak, bi misiolarion ateak jota, —ordua da— ots egin zigunean. Deo gratias erantzunez jeikita, berealaxe atondu [gertatu] nintzan lanerako. Otoitz, nere otoixko ezerezen urren, aitortegian nintzan. Oso nekatua nuen burua. Eliza Juan Joxek berak zabaldutakoan, gizakume ta emakume arrapaztaka sartu ziran, bai laxter aitortegi-inguruak belztu ere. Ordu ta erdi, or-or, igarota, gizeli osoa bateratsu sakristeiara begira jarri zan ta asnasa utsezko itz bat, ots gabea, bular askotatik irten zan: «Ardi galdua... ardi galdua... ardi galdua».

        Nere lana etenik, alde artara begiratu nuen nik ere. Jaungoiko maitea! oraintxe bai esan genezakeala: Alleluia, alleluia. Ardi galdua, Medel, artegira zetorren. Buruan nuen astuntasun andia, oso-osorik, poz itzulita, biotzean sartu zitzaidan. Atsegin andiagorik, botoak egin nituenean ere eztakit izan ote nuen. Nere aitortegira urbildu zan. Gizon guztiak, jeikita, aurrenengo tokia berari utzi zioten. Aurregunetako nere itzaldi-mintzalditxoak, emendik atal bat, ortik puska bat, andik pitin bat aterata, izketa mordollotuz, Medeli berriz biotzeratu nizkion. Patxiko zeritzaion bat Californiara Medelengana joan zan ezkero, Juan Joxe Alkatea izaten omen da egun andietan elizgelari [sakristau] Orduan «sinespen, itxaropen, onerespen» fedea, esperantza ta karidadea izan ziran. Pekatari bat itzultzen danean, aingeruen poza andia izan bear, gure poza onenbesteraginokoa danean. Alkatea bera joan omen zan Leonen gelara berri zoragarri au ematera. Zoragarria, bai, egiaz zoragarria izendatu daiteke, Leon gainerako ordu guztietan erotua bezelaxe ikusita. Berak, apaiz gazte, gartsu, pozez zoratuak, ezarri zuen Ostia gurena [santua] bere Aitaren, ardi len galduaren, mingainean, Alleluia, alleluia, alleluia!

 

 

—V—

 

        Izan zan egun artan iskanbila ta abarrotsa Leaburuko elizetxean! Apaiz ta fraile ta edozein nekazari sartzen zan ara, jaiotetxera bezelaxe. Sukaldean tokiak artu ala emakume zebilzen gosari sendoa ta geroko bazkari ugaria gertatzen.

        Azpeitiko bereterburu jaunaren burutasuna izan zan, egun artan, asteguna izanarren, meza nagusia, Te Deum ta guztikoa ospatzea [zelebratzea]: meza-emale Jaun Andres Lezartzaburu Amezketakoa zala; beraren lagun, Belauntzako arimazaina ta Tolosako apaiz gazte bat; iztun, Aita Batiz; meza-musika, Medelek lurbira guztiko onentzat zeukalako, Pradorena.

        Neke gutxi artu zuten egun artan Leaburuko nekazariak soroetan, geien-geienak gurekin ziran-ta. Medeli Laudamus, laudamus te entzutea pozgarria zan. Aren gogoberotasuna! Eztet, ordea, elizkizun ospatsu alai hura zee-zee erakusteko asmorik. Armiarmak atzik bezenbat luma banitu —sei— ta seirak batera erabili al izanarren, Leaburuko elizan ta elizaldean goiz-arratsalde aietan, egikerak utzita ere, ezpainez belarri ibili ziran esakera ta parregaiak enituke zeekatu [adierazi] al izango. Bazkaltegiko maiean amalau lagun ginan: bi ez, besteak elizgizonak. Medel ta Juan Joxe Alkatea ziran txapeldun bakarrak. Itzik geien egin zutenak Aita Batiz, Arizpe ta Lezartzaburu izan ziran; gutxien, Aita-semeak. Auek alkarri begiratu ta parre egiteaz lanik aski zuten. Aita Batizen ipuin ta izkirimiriak entzunez ler egin genduen guztiok. Bakar bat edatsiko det.

        Azpeitiko bereterburuak ea Amezketako zerbait ez ote zekien galde egin zionean, —Amezketako kale bakarraren jatorria dakit— erantzun zuen. Zein zan jakin gabe asi zan alaitasuna gure ezpainetan irakiten. —Ixo esanez, eten zigun Arizpek. Ea, lagun zar; edatxi ipuin ori. Gero, Lezartzaburu, guztia amaitu arte, isilik egotea e?

        —Gizonak: Amezketara lenengoz iritsi nintzanean, irakurgaitxo labur-labur batek arri ta zur itzuli ninduen. Elizaren aurrez aur etxe txiki bat dakusku. Etxe orrek eztu lagunik, battxo ere, lerro-lerro beintzat; bakarra da; ta ala ere Calle de San Bartolomé du agerian ezarrita. Zein da kale ori? Nun da? ageria dea? Urte asko igarota jakin det kale orren berri. Zuek; jakin dezazutenean, nik bezela aitortuko dezute: Amezketan kale bakar bat baizik izan ez arren, bera Londresko kalerik luzeena baino luzeago dala.

        Oraintxe asten da ipuina. Beinola, orain emeretzireun urte, ez oso, San Bartolome, kristau-legea irakatsi bear zuela-ta, Aralarpera etorri omen zan, Amezketara. Asi zuen bere arloa. Amezketarrak abegi ona egin zioten; gaintxo batean txabola egin ere bai. Ikasi... burugogorrak izanta edo, ikasi zerbait ai; baina... tira! ta bitartean, alkarren leian, batak baino besteak naiago ta geiago (nori saldu ere etzeukaten-ta) arkume ta ezne, gazta ta gaztanbera, talo ta arto, sagar ta urr, egur ta ikatz, lorretan, aurrez, oparo zeramazkioten. Txabola beti zeukan San Bartolomek ongi ornitua. Bein, eztakigu ala Amezketarrak ematen aspertu ziralako, ala gogo onez, kristautasuna zabaltzeko gogoz, beintzat artzain zartxo batek (bertsolaria ere ba al zan nere ustez), «San Bartolome, esan zion txabolako erlijio-irakasleari, San Bertolome: zure asmo orretarako, obe zenduke ara, Aralar-gain artara, joan ta goi aietan bizi diran napar ilargi-jauresleai [adoratzaileai] egiazko erlijioa jakineraztera joan. Bidea, nai dezunean erakutsiko dizugu; ta, nekatzen baldin bazera, anka jasotzen lagundu ere bai».

        Badoaz ta badoaz ta badoaz ta alako batean eldu ziran Aralar-burura. Amezketarrok San Bartolome bakarrik utzi zuten ta antxumeak bezen bizkor etxaldera jetxi ziran. Egunak eta gauak, orduan ere, aldizka ibiltzen ziran ta mordo bat egun ta beste ainbeste gau igarotakoan, nola bizi ote da gure San Bartolome? galdetzen zuten beetarrak. Arkumerik jaten ote du, emen bezela? Etzekiten ja ere aren berririk. Bein, ilargia oso-osorik Aralar-gainean agertu zan gau batean, mendi-txuntxurrean irrintzi banakaren baten oiartzuna ta lagun askoren arantz-onantz bizkor ibiltzea nabaritu zuten. Zer ote darabilte naparrak? Bekoak gora begira zirala, lau gizonen artean mukurru [bulto] andi bat mendian beera amildu zuten. Ikus naiez, mailazotzik mailazotz ta mailorik mailo igon ziran amezketar gizaseme garako geienak.

        Gizon bat arkaitzik arkaitz, bilinbalaunka, amiltzen ikusi zuten. Badoaz ta larru-eratsia, larrutua zetzan gizon ori. Mintzuran ezagutu zuten nor zan, bestela ezin: San Bartolome. Lauk bizkarrean artuta bere txabolara ekarri zuten. Zerbait, erdizka bazan ere, esan zioten San Bartolomek:

        —Jaunik bat baizik ezta, goikoa bera. Jauna maite izan, maite izan alkar... Jesus!...— ta gogoa [arima], lurrin argi-argi bat bezelaxe, gora ta gora, Aralar baino gorago, ilargia baino ere gorago, izarrak baino ere askozaz gorago igon zan: zorilekura, zerura, Jauregira.

        Maite dute Amezketarrak beren San Bartolome. Maitasun onen ezaugarritzat norbaiti iru asmo otu zitzaizkion: txabola aren aldamenean baselizatxo bat eregitea (gaur Eliza ederra da), txabola zegoen tokian etxe bat jasotzea ta etxe artan itz auek erderaz ezartzea: Calle de San Bartolomé.

        Gizonak: inoiz Amezketara bazoazte, itz auek irakurtzean, kale au ikusteko, ez begiratu atzetik aurrera, beetik gora begira ezazute. Amezketako kalea ezta, lurbirako beste guztien antzera, zearra, atzetik aurrerakoa; zuta, beetik gorakoa da Amezketako kalea. Orain nik bezela dakizute kale au zergatik dan Londresko kalerik luzeena baino luzeago.

        —Arizpe, esan zuen orduan Lezartzaburuk, zilegi ote zait orain zerbait esatea?

        —Bai, gizon, orain bai.

        —Aita Batiz: zerorrek asmatu dezu ipuin ori, zerorrek.

        Gizaki potzoloak parre-samurrak izan oi dira ta Arizpe gozaro parrez asi zan; eta parrea itsaskorra baita, gainerako guztiak karkarkar ari ginan, zein pozkorrago. Eta onelaxe zorion-pitsetan igaro genituen egun alai aren ordu arinak.

        Itzal bat izan zuen egun argitsu ark, goiz-goizetik orori alaitasuna nolabait goibeldu zigun itzala: Isabel. Emakume au, ardi galdua artegiratua zala jakin zuenean, artegitik irten zan. Nora? Gaztelura? Lasartera? Amezketara? Inork etzekien zein bide artu zuen.

 

aurrekoa hurrengoa