www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ardi galdua
Resurreccion Maria Azkue
1918

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bein da betiko / Batxi Guzur, Resurreccion Maria Azkue (Ines Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1989

 

aurrekoa hurrengoa

AMARGARREN EZKUTITZA

1901-ko Maiatzaren 9an

 

Belauntzatik Azpeitiko bereterburu jaunari
beraren adiskide begirunetsu Agustin Basaldek

 

        Eskutitz au nerea da ta ezta nerea: nerea, gaiz; inorena, apainkiz, itzez. Onelako eskulanik bein ere eztet nik euskeraz burutu. Ibili nintzan ikasguetan etzidaten euskeraz deusik irakatsi ta eztet inoiz ardurarik artu, neronez, nere kabuz ikasteko. Zilegi etzala, etzala eder egiten zu bezelako euskalzale andiari erdal-ezkutitzik bidaltzea, ta norbaiti idazterazi diot. Norbait onek eztu nai, ordea, beronen izena eman. Lendik emengo berririk ezpadakizu, arrituko zera, jaun Arizpe, au irakurrita.

        Gure adiskide gazte, Leaburuko arimazain, Leon Olazarreta, oso abaildua dago, latzak eta beltzak ikusten bizi da errukarri au. Emen zinan zu, beste ogei ta amar bereterren artean, gure adiskide on, biotz andiko elizgizon Iriondo il zanean, zerorrek oiukatu ere egin zenduen elizkarietako Meza-ta.

        Oroitzen al zera, Leon, osabaren eriotzea biotz-barruragino sartua zuelarik, zein beluri ta zurbil, zein biozmindun ta atsekabetsu egun oso artan gekusen? Orduko atsekabea egun auetakoen ondoan naigabetxo arin zilaka utsa baizik etzan. Medel, beronen aita Medel, il ote zaio? Il balitzakio, eluke semea izango, duen baino errukarriago, atsekabetuago, abailduago ta gogoz ilago.

        Belauntza ta Leaburu, beti alkarri begira bizi izateko, Jaunak sortu zituen, mugakide dira; ta bi urixko auetako, bi erritxo auen apaizok, nere ezaupidean beintzat, etentzaka alkar ongi artzekoak izan gera, adiskide onak. Elurra lodi, euria adarrez, ostotsak [trumoiak] belarriak gortzeko zorian, naiz beste onelako ekaitz izugarriren bat ezpada, ni Leaburuko bereterrarengana, naiz bera Belauntzako apaiztegira, astean bi aldiz agertu izan gera. Ala ere maizago egin izan det nik joan-etorritxo au, Adrian il-aurretxotik, Medel Ameriketatik erriratu zanetik onera. Atsegina zan Leaburuko elizaldera joatea! Leon, neskatxak andre irakasleari utzita, mutikoai goiz ta arratsalde euskera ta erderazko ikaspidea ematen, musika ere bai gainera. Medel, semeari eskuarte ugariz ta lanez lagunduta, ingeles ere zertxobait aurrai irakasten zietela; igande askotan meza alai eztitsuak oiukatzen zituela. Atsegina zan, zinez, Leaburuko elizatxo txukunean sartzea! Baina norbait, diotenez, Isabel, Leonen izeba Isabel, asi omen zan Medelengan belztasunen bat nabaritzen; ta, isil-misilka lenengo, txutxumutxu gero, zurru-murru geroago ta esan-mesanez azkenean, nunnai, Leabururen lau egaletako sukalde guztietan zabaldu zan: Apaizaren aita etzala kristau ona, Pazkoazkoa etzuela egin; Elizan, oiutegira bai; opalmaira, ordea, etzala beintxo ere urbildu.

        Udaberrian eztira udare ta sagarrondoak lorez zuritzen Leon igande-arratsalde batez agertu zitzaidan baino zuriago. Obiren batetik arima-bila jeikitako ilotza zirudien.

        —Zer dezu, Leon?

        —Auxe ta auxe. (Gaixoak barrua zabal-zabal egin zidan). Zer da, don Agustin, nik egin bear dedana?

        Etsarian [salan] zoko batetik bestera, burua makur ta gogoketan nuela, arontz-onontz batzuk eginta, auxe erantzun nion:

        —Leon: Job gurena Jainkoak eskupean artu zuen, gero len baino ere gorago jartzeko. Zu ere Jainko maiteak eskupean artu zaitu. Jobek bezela esan bear dezu: onak, atseginak, Jaunaren eskutik artu baditugu, zergatik eztitugu gaitzak eta naigabeak artu bear? Zuk orain burubide bat nai dezu. Ona nik eman dezakedana. Gure berrinarki [periodiku] maite Siglo Futuro-ren orrietan maiz irakurtzen degun esakera urrezko Bonum ex integra causa-z, oroitzen al zera? Beraz oso-osoak izan bear degu gizon orok: kristauak, kristautasunean; bereter geranok, beretergoan. Zure aita, esku-zabala ta masala [prestua] izanez gainera, ekandu onduna dala diote; baina elizaz erdikina da, akatzak ditu, ezta osoa. Akatz oriek dituen artean, osotu eztiten artean, beste eliztarrentzat alkeisun edo gaizpide dalako, ezta zilegi (non licet) zurekin emen bizi izatea. Aita, orrelakoa dezun artean, beste nunbait, atzerririk urrutirenean bizi bada ere, eztezu zilegi (non licet tibi) Leaburuko parroku izatea. Protestante baten semea, aingerukia izanarren, aita nor dan dakitenen ustez, ezin izan diteke integer, osoa. Kalte andia, kalte izugarria egingo luke eliztarren artean. Nere otoitzak lagun egingo dizute. Auxe da nere burubidea. Badituzu, alabaina, Euskalerrian ni baino bereter jakintsuagoak, ugari. Zoaz oriengana ere, baldin Unión Católica orrezaz nasiak, mestizos ezpadira; ta uste det oriek ere nere au bezelako burubidea emango dizutela.

        Geroztik or ibili da Leon errukarria jo orrera ta jo onera. Neri etzait luzaro agertu. Esan didatenez, euskera ta latinezko esakune zar batena gertatu zaio: tot capita quot sententiae «buru bezanbat aburu» ediro ditu. Batak, alde egiteko; besteak, gelditzeko; onelakok, au; alakok, bestea; Urliak, Aitarekin Californiaratzeko; Berendiak, komenturen batean sartzea litzakeala egokiena; Zandiak (beltzen batek au, nere ustez), orain arte bezela, lengo biziari darraikiola.

        Atzo zortzi jo zuen berriz neregana. Bere ezpainetatik entzun nituen, bestelan nik jakindako joan-etorri ta eritzi-uste auen berriak. Tolosako bereterburuak artarako bultz eginta, aurreko gabean agertu omen zan gure adiskide gazte au aitarengana.

        —Aita, esan omen zion apal-apalik: erriak berori sinestegabetzat du. Ni seme nau, parroku ere bai. Aita dedanez, barka berorrengana agertzea; elizburua naizen aldetik... negarrez etzuen, ez omen zuen gaizoak!

        —Seme, seme maite, ezagunago ta maiteago autan seme Leon, erantzun omen zion Medelek: ni emezortzi urte aunditan, elizara bidea galduta ibili nauk; gainera badakik nolako erlijioa zuen nere bigarren emazteak. Seme, etxetik eraman nuen erlijioa, arroinak [zimenduak] utsak zituelako edo, galdu nian beintzat; eztiat orain inolako sinesterik. Alabaina, ez bakarrik semez, baita elizburu autalako ere, egingo nikek nai dekana, urbilduko nindukek opalmai [aldare] ortara; enauk, ordea, inoiz komediante izan; oso-osoa nauk; sineste gabe eztiat orrelakorik egin nai. Ostia orretan Jaungoikoa baldin bada, irri egitera bidali nai al nauk?

        Semeak, len baino ere negar saminagoak isurita, etzion ezer erantzun al izan.

        Urrengo goizean emen zan ta arren-bai-arren berak (kemenik eztuelako ta lotsa gorritan bizi dalako) ezin duela ta neronek zuri ezkutitz bat egiteko otoitz egin zidan; eta beraren izenean ta bere osaba Adrian onari zinion maitasunez, zuri eskatzeko: Leaburura len-bai-len etorri zaitezela.

        Beste iztxo bat edo bi, auek neronengandikoak. Medelen osotasuna ta gurea, Jaunari eskerrak, eztira berdinak. Gurea bezelakoa izango zan orrena ere, irakurri izango zituen inarki [paper] itsusi galgarrien ordez, emen ditugun Jainkozkoak irakurri balitu. Onera agertu zaizenean zurekin mintzatu nai nuke neronek ere.

 

aurrekoa hurrengoa