GURUZ-BIDE EDO KALBARIYUAK
Bertso auek egin zitunean, 1900'an, Ramos Azkarate Erruki-etxean bizi zan. Eduardo Mocoroa Jaunak doñua ipiñi zien eta urte askotan kantatu oi ziran Kalbariyo auek Erruki-etxeko elizatxoan garizumako igandetan eta ostiraletan. Jende asko joaten omen zan. Liburu ontan agertzen dira Tolosako Maria Monserrat andreak bialitako liburutxo txikian dauden bezela. Bañan Tolosako Manuel Urreta jauna zanak bialdutako bere eskuz idatzitako paperan, itz batzuk aldatuta daude. Garbi asko ikusten da garbizalen batek asmatutako aldaerak dirala, eta ez degu emen jarriko. Asieran, ordea, ba du liburu txikiak ez dun bertsoa eta ura bakarrik ipiñiko degu emen:
ESKEÑIYA
Zure jayotzaz, zure bizitzaz
poz atsegiñez beterik,
bañan Nekaldi ta eriyotzaz
nola gauden kupiturik,
goaz gu abesten abiyatzera
ziñez belaunikaiturik,
biotza jaso zerura eta
begiyak malkoz bustirik.
LENBIZIKO GERALDIYA
Jesus iltzeko kondenatua
(Kapillak kantatzen du)
Azotatua, katez lotuta,
bizitzaren egillea,
begira nola arkitutzen da
munduan Salbatzallea;
¿zein zerade zu Pilatos beltza?
¿zer juez zera ordea,
illazitzeko gurutzetua
bildotx errurik gabea?
Aita gurea, Agur Maria eta Gloria,
Jauna, egin det pekatu, erruki zaite nitzaz.
(Eta ondoren esango dezu:)
Bedeinkatua eta alabatua izan bedi Jesukristo gure Jaunaren pasio ta eriotza santua.
BIGARREN GERALDIYA
Jesus gurutzearekin kargatua
Gurutzearen pisu aztuna
sorbaldaratu dizute,
bañan Erramu egunekua
zerala ¿ez al dakite?
zure orduko garait-ondua
gaur ontzat ez badaukate,
berak nor diran, Zu nor zeraden,
osoro aztu zayote.
Aita Gurea ta gañerakoak lenbiziko geraldiyan bezela.
IRUGARREN GERALDIYA
Emen erori zan Jesus lenengo aldiz
Nekatu eta argaldurikan
erori zera lurrean,
Zerorren malko ta odol-tanto
errukarriyen gañean;
eta or zaude miñ-eriturik
zentzu galduen mendean,
izerdituta, naigabetuta
eriotzako bidean.
Aita Gurea...
LAUGARREN GERALDIYA
Emen billatzen dute elkar Jesusek eta bere Amak
Zu Amarekin, Ama Zurekin
¿zertan arkitu zerate,
baldin arriyak ere negarrez
ipiñi badituzute?
biyok elkarri begiratuaz
txutikan ezin zaudete,
naigabeakin jausi baño len,
arren aparta zaitezte!
Aita gurea...
BOSTGARREN GERALDIYA
Zirineotarrak laguntzen diyo Jesusi gurutzea eramaten
Borrero oyek errukirikan
ez dutelarik Zuretzat,
il etzaitezen Simon gaur eman
dizute Zuri laguntzat;
¿al da atsegin aundiyagorik
gizon doatsu onentzat,
Zuri laguntzen gastatu arren
kemenak eta indartzak?
Aita gurea...
SEIGARREN GERALDIYA
Beronikak garbitzen dio Jesusi bere arpegiya
O, Beronika, guzizko Santa,
andre txit errukitsua,
etsayen aurrez garbi zayozu
Jesusi musu santua,
zapi orretan agertu dedin
bere arpegi justua,
esanaz nola irabaziya
daukazuben zuk zerua.
Aita gurea...
ZAZPIGARREN GERALDIYA
Emen erori da Jesus bigarren aldiz
Odol ustuta txit auldurikan
berriz bazera erori,
¿nola ez egin oñazeakin
bati biyotza bi erdi?
Jesus maitea, zauriz betea,
apur bat zaite ibilli,
etsai oriyek Gurutz-mendiyan
ditzan gaur lotsak estali.
Aita gurea...
ZORTZIGARREN GERALDIYA
Emen itzegin diye Jesusek Jerusalengo alabai
«Txit benazkuak diralarikan
zuen oraingo negarrak,
ez neregatik negarrik egin,
Jerusalengo alabak;
baizik zeon eta semeengatik,
biyotz nereko izarrak
negarra egin bear dute, bai,
zuek bezelako amak».
Aita gurea...
BEDERATZIGARREN GERALDIYA
Emen erori da Jesus irugarren aldiyan
Indar guziyak bukatu, eta,
irugarrengo aldiyan
erori zera gurutzeakin
txit era negargarriyan;
altxa nai eta ezin altxarik
zaude egurran azpiyan,
odol putzua gaur zuk egiten
dezula Gurutz-mendiyan.
Aita gurea...
AMARGARREN GERALDIYA
Emen kendu diozkate bere soñekuak
Odoldutako tunika kendu
ta zaude larru-gorriyan,
zauri txikiyak berriturikan
era txit lotsagarriyan;
eta ozpiña edan azirik
gorroto bizi biziyan,
arkitzen zera guregatikan
lotsaz iltzeko zoriyan.
Aita gurea...
AMAIKAGARREN GERALDIYA
Emen jositzen dute Jesus gurutzean
Zeruko odei urdiñ urdiñak
asi dirade goibeltzen,
bai eta ere mundu guziko
ibar mendiyak tristetzen;
egazti eder kantalariyak
daude negarrez urtutzen,
ta gu kristauak izanta ¿nola
ez gera miñez erortzen?
Aita gurea...
AMABIGARREN GERALDIYA
Il da Jesus gurutzean
Il da, bai, il da, guregatikan
Jaungoikoaren Semea,
mundua eta munduko gauzen
egillea ta jabea;
il da, etsayai barkaturikan
itxuen argitzallea,
zori gaiztoan kendutzalle ta
onaren jarritzallea.
Aita gurea...
AMAIRUGARREN GERALDIYA
Emen jetxi dute Jesus gurutzetikan
Ama aundiya, sortzez garbiya,
Ama denetan goyena,
Semea artu magalean ta
miñ-eriturik zaudena;
nola zeraden milla birtute
txit santak dituzubena,
biyotz guretan ezarririkan
daukagu zure izena.
Aita gurea...
AMALAUGARREN GERALDIYA
Emen lurperatzen dute Jesus
Ama maitea, zenbat sufritu
dezuben mundu onetan,
Belenetikan abiyatuta
bukatu arte Golgotan!
zaudelarikan txit errukarari
gurutzearen onetan,
milla arantza badaukazkitzu
sartuak zure zañetan.
Aita gurea...
|