www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kontu eta bersoak
Andres Astiz, «Goldarazko bersolaria»
1895-1922, 1960

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Goldaraz'ko bersolaria'ren kontu eta bersoak, Andres Astiz Oderiz (Franzisko Astizen edizioa). Príncipe de Viana, 1960

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEI BATEN EBASLEA

 

        Gizon batek bei bat lapurtu zuen. Ogeita bost urteko Ceutara eraman zuten, au baitegian izateko. Etxean emaztea ta mutiko gaztetxo bat utzi zituen. Ogeita bost urteak bete zituenean etxe-aldera etorri ta lenbizi ikusi zuen gauza artalde bat izan zan, gizon gazte baten ardurapean.

        «Gure etxeko ardiak ote ttok?», esan men bere barnean.

        Berengana urbildurik, artzaiari:

        —Norenak dire ardi ok? —galde egin zion.

        —Joxepa Goñirenak —erantzun zuen ark. (Ceutatikoaren emaztea zen Joxepa Goñi).

        —Joxepa orren semea al aiz?

        —Bai.

        —Aita, non dek?

        —Baitegian.

        —Zergatik?

        —Beia ebatsi baitzuen larretik.

        —Orain pagatuko ttik larrutik.

        —Bai, nai badu, neregatik.

        Semeari au entzunda parrez joan zen etxera aita. Atalondoan Joxepa topatu zuen eta esan zion:

        —Semearekin bertsoetan ari izan naiz, Joxepa.

        —Ogeita bost urte urruti igarota semearekin bertsoetan! Ori da, ori, gibela, ori barruna! Etorri zaitea etxera, gaztañak eta taloa dauzkat eta alkarrekin jango ditugu aspaldiko ordez.

 

aurrekoa hurrengoa