www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erriko jendeentzat osasun legeak
Martin Aranburu
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: Erriko Jendeentzat Osasun Legeak eta Medikantzako Argibideak (Isabel Arrigainen edizioa), Martin Aranburu eta Manuel Bago Agirre. Euskal Editoreen Elkartea, 1994

 

 

aurrekoa  

AMABIGARREN ARGIBIDEA

 

Itxasoko bañuen gañean.—
Zer baliyo aundikoak diran eta nola artu
bear diran probetxu eta on egiñ dezaten.

 

        Azkenengo argibide onetan itz egiñ bear degu itxasoko bañuak erremediotzat artutzearen gañean, zeñak antziñako denboretatik asi eta ikusten badegu leku guzietan beren usarioa ezagutu izan dala, señalerik onena da au beren ondasunaren alde itz egiten duana. Eta au orrela dala, gañera askotan ikusi izan da zenbait gaxotan ezagututzen diran erremedio guziak egiñ arren sendatu eziñik ibilli eta gero, itxasoko bañuak izan dirala azkenean moldatu izan dituenak onelako gaitzik asko; eta nola edozeiñ moduz ere beti itxasoko bañuak ematen dioten gorputz biguñekoak diranai zerbait argitasun eta pizkortu aldi, emendikan dator aen ondasuna zenbaterañokoa izan litekean ez erraz neurritutzea bear bezela, bada biguna dan gorputza gogortutzearekiñ, eragozten du asko gaitz zabaldu eta argitaratzeko modua.

        Orain esan bear degu itxasoko bañuak erremediotzat ematen dirala geienenbat, izendatzera goazen izate edo gorputz aldietan; lendabizikoa, berez odol bigunekoak esan oi dan bezela dirala diranai, batez ere gazte jendeari; bigarrengo, odol baliyo gutxikoaren jabe diranai gorputzean azaldutzen zaiozkaten zenbait ajetan oek diranean askotan oi dan bezela aura dala medioz sortuak; eta irugarrengo, beste zenbait gaxo edo gaitzetan zeñak emen eziñ guk bakoitza izendatu giñezken eta gelditzen diranak medikuaren eginkizunetzat, nola diran, bear bezela gaxo ondoren batean osatutzeko, eta beste erremedioen laguntzalle bezela, edo beste modu askoz esatea medikuari dagozkionak galdetutzen zaionean gauza oen gañean.

        Beiñ itxasoko bañuak artutzeko asmoa egiten duanak ez badago oituta bizi izaten itxasaldeko parajean, gauza ona izango da bere osasunarentzat probetxuzkoak gertatu ditezen bañuak, iru edo lau egun egotea aize aldatzen, da esatea itxas-aizeak artutzen itxasoan sartu bañan lenago. Orrela bada, esango bagendu bezela aizezko bañu oek, dira txit onak eta ez da urte askotan bizi bear ikusteko guk ikusi degun bezela, zenbait aldiz paraje urrutikoetatik etorri itxas-aldera eta gorputza pixka bat oitu gabe itxasoko aizera, egun batetik bestera itxasoan sartu, eta gero bañuak on egiñ bearrean gaitz egitea. Eziñ ukatu liteke bada itxas-aldean egun batzuek egoteak naiz eta bañurik ez artu, askotan on egiten diotela zenbait jende gorputz bigunekori, eta obea dala egun bi edo iru ez bada ere, gorputza itxasoko uretan sartu gabe egotea, oitura modu bat artu dezan lendabizi itxas-aize eta itxasoko lekuko izaera moduari. Orregatik askotan ikusten da zenbaitek zer mudantza aundiak egiten dituzten beren izaeran itxas-aldera etorriarekiñ bakarrik, bada itxas-aizeak eta itxasoak alaitutzen ditu, eta jaten dute lenago beren erri edo parajean bañan gogo geiagorekin, eta gorputza jartzen zaiote bigun eta ariñago barrungo alegrantza baten bitartez. Gañera ume eta osasuna biguneko zenbait jendek askotan bañuak ematen dituen mudantzak eziñ igaroko litukenak, itxaz baztarrean ibilltzearekin bakarrik arkitutzen dute beren osasunerako erremediorik onena baterere bañurik artu gabetanik, ikusten dan bezela askotan. Baita ere beste gauza batez konturatuta egon bear degu bañuak artzeko gañean, eta da, orain izendatu ditugun jende bigun eta umeari ongi egiten diotela itxasoan sartu bañan egun batzuek aurreragotik artutzea iru edo lau bañu itxasoko ur epelarekin etxean, artarako izan oi diran ontzi egokietan, oitura artu dezan gorputzak ur gesalera, geroagoan ez dezan arkitu itxasoan aiñ mudantza aundia kolpez eta batera sartuta. Badira ere jendeak artu eziñ lezakeanak oraiñ esaten ditugun bañu etxeko oek besterikan, nola diran eztula daukatenak, edo urteetan aurrera dijoazenak, erreumatsuak eta bildurtiak, edo ur otzean sartutzea ikaratutzen diranak; bada oei guziai mesede bañan kalte geiago egiñ lezaioke itxasoan bertan sartuta artutako bañuak. Esan ditugun oei guziai ondo datorkiozte bada itxasoko urarekin artutako bañu epelak otzaren tokian, eta ikusten da oetan, itxasoko urarekin artutako bañu epelaren ondorean ez dituala jotzen otz ikarak gertatu oi dan bezela ur geza epeldutakoarekin artutzen diranean; zeña gertatutzen dan iñolaz ere, odolak geiago mugitutzen ditualako ur gesalak gazia ez danak bañan, eta beroago gelditutzen dan gorputza batarekin bustitzen danean bestearekin bañan. Itxasoko ur epelduari botatzen bazaizka itxas-belarrak edo antz onetako erremedioak, izaten dira txit onak erreuma sendatutzeko etxean artutzen diran bañuak.

        Ez da gauza baliyo gabea eta uskerizkoa edozeiñ modutan bañuak artutzea, bada beste gañerako erremedioakin bezela gorde bear dira bañuakin ere zenbait kontu modu oraiñ esatera goazenak. Eduki bear dira gauza batzuek kontuan bañua artutzerako; beste batzuek, bañua artutzen dagoan bitartean, eta azkenik besteak, bañua artu eta ondorenean. Lendabizikoetakoak dira, zeiñ ordutan artu bear dan bañua, itxasoko maria nola arkitutzen dan, eta zenbat denbora luzekoa izan bear duan bañuak; bigarren lekuan aditzera emango degu zer modutan artu bear dan bañua, eta irugarrenean izendatuko ditugu beste zenbait eginkizun bañua artutakoan kontuan eduki bear diranak.

        Orduaren gañean esan bear degu ez dala egunaren edozeiñ ordutan bañurik artu bear, bada aldebateratzen ditugula jan eta berealako orduak zergatik oetan artutako bañuak ekarri lezazkean asko gaxo urdalle eta esteetakoak, gañera kontuan eduki bear degu itxasoko mariak nola ote diran, bada oek beren gora berakiñ asko esan nai dute bañuaren izaera gogor edo bigunagoan.

        Bai ta ere jakiñ bear dan gauza da, ez dala egokia eta ona artutzea bañua eguzkia goizean azaldu bañan lenago, eta iñulabarrean ezkutatu ezkeroztikan; bada naiz egun sentian eta baita ere iñulabarrean, kanpoko aizea ez da egokiena gorputzari on egiteko ur gesalean sartuta dagoala.

        Badaurik artu bear dan edo ez bañua, da beste galdera jende askok egiñ oi duana, zeñari erantzungo diogun esanaz ez baldin bada gizon edo emakume indar edo osasuna gogorrekoa bañuan dabillena, geienean artu litekeala goizetik, eta bai eta ere ordu bat edo biz aurretik gauza gutxi bat nola dan kafe-esne, edo arrautza bat, edo onelako edozeiñ gauza usariyo daukana bakoitzak artu eta gero; eta geiago jan baldin badu, utzi bear dirala iru edo lau ordu jan ondorenean au asentatu dediñ bear bezela.

        Itxasoko mariaren gañean esan bear degu askotzat indar geiago edukitzen duala itxasoak mariagoran mariaberan bañan, zergatik itxasoa igoaz dijoanean olatuak izan oi diran aundiagoak eta ugariagoak, eta onetatik dator bañuan sarturik dagoanak artutzen dituala uraren astindualdi aundiagoak eta bañua gertatzen dala gogorragoa mariagoran, beratuaz dijoanean bañan.

        Baita ere gertatutzen da nola itxas-bazterra dagoan urrutiago mariaberan au goratuaz dijoanean bañan, orduan potzura dijoanak ibilli bear du geiago bere burua urtan sartutzeko, non eta etxola edo kaxerna eraman azten ez duan uraren ondoraño onetarako ipiñi eta egoten diran bei edo iriakin, eta arkitzen da gorputza oztutzeko arraxkuan onegatik, eta gañera jantzirik dauzkan arropak ondo estaltzen ez dutelako, zergatik dauden egiñak uretan ibilltzeko eta ez jazkera arrekiñ aizetan egoteko. Au bera gertatu lezaioke oraindik obetoago eta errazago oztu liteke bañua artutzen duana urtatik ateratzen danean itxas-baztarretik kaxarnara bide asko baldiñ badauka, bada nola gorputza bustirik daukan, ez da bear dan denborarako berotutzen eta beiñ oztu ezkero onela dabillela, bañua gertatzen zaio kaltegarriago mesede egitekoa bañan.

        Baita ere bañua izaten da indartsuagoa mariagoran au beratuaz dijoanean bañan, lenago esan degun bezela, eta itz batean bukatutzeko, esan liteke beste mugimenturen bat ez badu itxasoak izaten denborale txarren bategatik, eta bere izaera oiturakoan dagoala, beti izango dala bañua bear bezelakoagoa mariagoran artutzen dana itxasoa jatxiaz dijoanean bañan.

        Gelditzen zaigu itzegitea lenago izendatu ditugun iru gauza kontuan eduki bear diranetatik bañua artutzeko, azkenengoaren gañean, zeña dan zenbat denbora luzekoa izan bear duan bañuak: oni erantzuteko eduki bear ditugu gogoan beste bi esan aldi zeñetatik batzuek diran egoaldiari eta beste izendatuko ditugun batzuei dagozkionak, eta besteak bañua artu bear duanari berari iristen zaiozkanak. Orregatik edukiko da kontuan egoaldia otza edo beroa egiten duan, eudirik edo aizerik ote dagoan bañua azutzeko orduan, maria goian edo beian dagoan; zeiñ ordutan potzura dijoan, olatu gutxi edo asko, edo aundia edo txikiak daudezen bañurako orduan, eta onelako beste zenbait; eta bañua artutzera dijoanari dagozkionetan, zenbat urte dituan edo dan zarra, gazte sasoikoa, edo ume txikia; osasuna gogor edo bigunekoa dan eta onelako bere buruari dagozkion beste gauzaren batzuek konturatutzeko modukoak badira; eta gauza oek guziak edukirikan kontuan, artu bearko du bañua batzuetan luze edo laburragoa beste batzuetan bañan. Gauza oek obetoago argirazteko esango degu bañuak bearko duala laburragoa izan denbora otza egiten duanean beroa egiten duanean bañan: eta mariagoran itxasoa dagoanean, jatxitzen dijoanean bañan; baita ere olatuak aundiak eta asko diranean, itxasoa geldirik eta barea dagoanean bañan, konturatu bear da ere gauza oek esaten ditugula ez beti onela egiñ bear diralako baizikan geienean eta jenderik geienarentzat onelako egokiagoak oi diralako. Onetarako esango degu bañu laburrak gorputza alaitu egiten duala, eta luzeak nekatu eta baldrastu; eta denbora geiegi uretan egoteak indarra kendu eta argaltzen duala, askotan artutzen bada bañua modu onetan.

        Itzegiten asi geran puntu onen gañean esan lezake azkenengo, egon eziñ litekeala urtan sartuta oso oztu arteraño; eta irten bear dala potzutik otz-ikara sentitu bañan lenago, bañan ez dala oraiñ esaten degun otz-ikara au artu bear urtan sartutzen danean bereala etorri oi danaz, baizikan potzuan dagoala denbora pasatuaz etorri litekeanagatik ari gerala itzegiten.

        Esan ditugun ezkero bañua artutzerako gogoan eduki bear diran kontuak, itz batzuek esango ditugu ere zer eta nola beiñ potzura sartu ezkeroztik egiñ bear diran gauzak, lendabiziko izendatuaz nola urtara joan bear duan bañua artutzera dijoana. Beiñ erantzi ezkeroztik, zenbat eta lenago itxasoan sartu da obeagoa kaxernatik irteten danean; bada onela eragozten dio gorputzari oztutzea, eta oztuta itxasoan sartzea dan gauza txit arraxku aundikoa etorri litezken kalteak gatik osasunerako. Onegatikan bada izango da gauzarik onena agudo eta denborarik al dan gutxienean gorputz guzia itxasoan urperatutzea zergatikan gañera gutxiago sentitutzen dan onetara uraren oztasuna. Beiñ potzuan sartu ezkeroztik da ere obea igeri egitea dakitenak edo mugitutzea gorputza modu batera edo bestera, bada ibilli eta mugimentuarekin itxasoko urak obetoago gorputzeko azala asetzen du eta odolean geiago utzitzen ditu berarekin daukazen zumuak: bañua artutzen dagoanak ez badaki igeri egiten, izango da gauza egokia beste norbaitek igurtzi batzuek ematea urarekin gorputz guzian. Ez da ere gauza parekoa, igeri egitea ezereren laguntzarik gabe, edo puxiga batzuek gerrian lotuta; bada puxigak lagundutzen diote gorputzari ur gañean egoten, bañan aek gabetanik igerlariak egiñ bear du askotzat indar geiago uraren gañean ibillitzeko. Onegatik esan liteke bañurik onena dala igeri egiten dala artutzen dana; onen urrengo, puxigakin ur gañean ibiltzen danarena; eta azkenik urtan sartu eta geldirik egoten danarena. Ez da ere ezer esan nai ez duan gauza, egotea uretan olatuak ausitzen diran lekuan bertan edo aurreragoan itxasoa barea dagoan tokian, bada olatuaren kolpeak bizitutzen dute odolaren korrimentua gorputzean eta bañua onela artutzen dana izan oi da gogorragoa eta geienentzat bai eta obeagoa ere, bañan denbora laburragoan egon bear du urtan olatu artean dagoanak, ez itxaso barean dagoanak bañan. Gorputz guzia urtan sartuta egotea, da ere obea, zergatikan leku geiago danean itxasoko urak bere ondasuna zabaldutzeko, eta gañera gorputza dagoan guzia otz bero parekoan, eta ez gertatzen dan bezela gerritikan gorakoa eguzki beroak erretzen, eta gerriaz berakoa ur otzetan, gorputzeko zati batzuetara joaten dala beste batzuetara bañan odol asko geiago arraxku aundiarekin osasunarako, batez ere ume txikietan zeñen buruko ezurrak egonik bigunak eta ongi osatu gabeak oraindik, gertatu liteke garunetako gaitz aundiak sortutzea esaten degun gauza au kontuan eduki gabez. Bañan beste zenbait jende odoltsu edo gizenak, eta gorputz astunekoak, baita ere eduki bear dute kontuan, olatuak aundiak eta asko diranean ez zaiotela konbeni aen kolpeak gorputz guziarekin artutzea, zergatik etorri leiozkean odol kolpe bat burura edo beste edozeiñ gorputzeko lekuetara, eta obea dala berentzat itxas baztar inguruan eta olatuak ausitzen diran lekutikan aldamenerago artu beren bañua.

        Bañua artu eta ondorenean gogoan eduki bear diran gauzen gañean esango degu lendabiziko, al duan aguroen kaxarnan sartutzea itxasotik irtetean, dala aurrenengoa; eta bereala ongi legortutzea gorputza idurzi batzuek artuaz artarako daukan izara edo beste zapiarekin, modu onetan odolak korritu dezan indar geiagorekin zañetan; eta ume jende eta gorputz bigunekoak diranentzat, ona dala ere beste laguntzalle batek astindu txiki batzuek ematea gorputzean, legortutzen asi dan bitartean, bizitasun geiago odolak artu dezan. Bañuaren ondorenean da ere gauza ongarria itxas baztarrean denbora pixka batean ibiltzen obetoago asnasea bete dediñ itxasoko aizeak berekin dauzkan gauza erremeditzalleaz, eta geroagoan zerbait jateko garbi nola dan salda edo arrautxatxo bat, bazkaitarako denbora ez bada iritxi artean. Ez dago esan bearrik zeiñ gauza kaltegarria izango litzakean itxasotik irten ondoren bereala eguzki berotan egotea, bada sortu liteke onetatik buruko odol kolpe bat edo beste edozeiñ gauza oker iñork gutxiena uste izan leikeana.

        Azkenik bañuartzalleak ibilli batzuek egitea kanpoaizea artuaz eta ez oiean egotea berandu arteraño, eta jan eran garbiak artutzea geiegizkorik oetan egiñ gabe, izango dira bañuetatik bear diran ondasunak ateratzeko eduki bear diranak kontuan, zeñak emen argitaratu eta ematen diogun bukaera gure liburuko amabigarren argibide oni.

 

aurrekoa