www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erriko jendeentzat osasun legeak
Martin Aranburu
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: Erriko Jendeentzat Osasun Legeak eta Medikantzako Argibideak (Isabel Arrigainen edizioa), Martin Aranburu eta Manuel Bago Agirre. Euskal Editoreen Elkartea, 1994

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIKAGARREN ARGIBIDEA

 

Umeen gaxoen gañean.—
Zenbateraño igerri litekean arpegian
eta gorputzeko ibillera eta egoeran zer gaxo gutxi bat
gora bera eduki lezakean ume batek.—
Zeiñ diran esandako señale oek.—
Umeen osasun-legeak.

 

        Uste izan degu gure liburu onetan eziñ utzi gentzakeala zer edo zer esan gabe umeen gaxoen gañean, bada gurasoentzat ona da jakitea zenbait gauza umeai dagozkienak, modu onetan, batzuetan igerririk gutxi bat gora bera umeak zenbateraño gaxoa eduki lezakean, eta besteetan antz emanik ere zerbait ez dagoala itxura edukiagatik bear bezela beren umea, billatu dezaten denborarik alferrik galdu gabe mediku bat, zeñak aterako dituan batzuetan beren buruzbide bildurrezkoetatik eta besteetan argi emango dioten umea egiaz nola arkitutzen dan, erabakiaz gurasoak zeukaten naigabeak ziran edo ez bear bezelakoak.

        Nola gizon egiñ eta dagoanaren gorputza eta oraindik ume danarena dauden bat eta bestea izate aldi banean, zergatik umearen gorputzak daukan lan bat esku arte (zeña dan azitzea) gizonak egiña daukana, emendikan dator ere batek eta besteak oi dituen gaxoak izatea bakoitzari dagozkion modukoak eta berarengatik biziro bata besteaganarengandik banatarakoak, ikusten dan bezela. Eta aiñbesteraño da gauza au onela, non badiran gaxoak bakar-bakarrik umeak izan oi dituanak, eta bai eta ere beste batzuek, gizon egiñ eta dagoanak igarotzen dituanak, eta zeñetatik egoten diran umeak kezkarik gabe; eta gauza egokia da au onela izatea, zergatik badauzka umearen gorputzak zatiak oraindik lanean asi gabekoak; eta oek daukate arraxku gutxi gaxotzeko, geldirik daudelako oraindik. Gañera beste gauza bat ikusten da umeetan, zeña dan edukitzea gaxotutzeko griña geiago beren gorputzeko leku batzuek besteak bañan, nola diran garunak, birikak eta esteak; eta iñolaz ere au gertatutzen da zergatik izendatutako pusketa oek egin bear izaten duten lanik geiena gorputza azitzen ari dan bitartean, azitze au gertatu dediñ.

        Baita ere umearen izate moduak oi du berekiñ, edozeiñ gaitz naiz eta aundia ez izan, asitzea gogortasun eta nabarmentasun batekin, non ikaratu azten dituan gurasoak batez ere berotasuna daukatenean; bada au da gauza bat aiñ aundia azaldutzen dana umeetan danik gaxoaldirik txikienetan ere, non askotan ikusten dan geiegi jan dualako, edo eguzkitan ibilli dalako, edo beste edozeiñ uskerirekin itxuratzen duala berotasunak gaxo aundi baten asiera; eta bai eta beiñ bañan geiagotan ere naigaberik asko artu izan dutela zenbait gurasok nai izan duelako igarri eta antz eman berotasun oei zer edo nolakoak diran, graduadore artarako daudenakin, zeñak egiñak dauden medikuaren eskuetan ibilltzeko eta ez besterentzat, zergatik bestek ez dakiten ematen eta eziñ jakin lezateken ere, bear duan baliyoa gauza oei.

        Bañan egia baldin bada askotan umeari antz eman lezaiokeala gaxoren bat datorkiola, beste zenbait aldiz ez da onela gertatzen, zergatik nola umeak ez dakien itzegiten, emendikan dator zallagoa izatea berari antz ematea eta baliyatu bear izatea zenbait señale moduz, gizonak bere itzarekin bear ez dituanak adierazotzeko zer eta nola gertatzen zaion danean ondoeza. Beragatik umeak itzik eziñ egiñ arren, badauzka ere bere adierazotzeko moduak zeñaren bitartez guk antz eman bear diogun ez bakarrikan miñ daukala, baizik baita ere zeiñ lekutan artutzen duan miña eta non eduki lezakean ondoeza; bada ongi ezagutu edo ez ezagutzetik gauza oek, daukagu zer ikusi aundia, zergatik onetan egon liteke umea sendatutzea edo gure uskeriagatik bizia berak galtzea.

        Antziñako esaera baldiñ bada dala arpegia animaren ispillua, au berau esan liteke gorputzeko gaxoakin ere gertatzen dala esandako leku orrekiñ, bada antz ematen zaio askotan arpegian zer gaxo gutxi bat gora bera norbaitek eduki lezakean, eta geiago oraindik umea baldin bada gaxotuta dagoana. Orrela bada, arpegiko alaitasunean, edo beraren kolorean, begietako ibilleran; eta ezpañetako eta sudur zuloetako mugimentu eta itxura zenbaitetan, antz eman lezaioke (eta ala gertatzen da ere askotan) zer gaxo daukan umeak señale esandako oek bakoitza banaka edo bata besteakin alkarganatuta esamiñatzen ditugunean.

        Umeen gorputzeko ibillera eta egoera dira beste bi iturri zeñetatik atera bear diran zenbait aldiz umeak eduki lezakean gaxoaren sustraiak, bada badira gaitzak zeñetan umeak artutzen dituan egoera jakiñak, eta bai eta ere egiten dituan mugimentuak, beti gaitz modu jakindako bati dagozkionak. Au bera esan bear degu umeen negar eta garraxiak gatik, bada nola garraxiak geienean aditzera eman nai duan non ere bait umeak oñazea daukala edo miñ artutzen duala, guk eduki ezkero bear degun begiramentua antz eman lezaiokegu zeiñ tokitan miñ artutzen duan garraxiarekin batera jartzen badegu erreparoa zer mugimentu egiten dituan eta nolakoak ume txiki gaxoak. Izendatutako gauza oez gañera kargu egiten bagera zer nolakoak diran umeak botatzen dituan zenbait botakizun nola diran gorakoak, edo berakoak, eta beste azaldu lezaiozkeanak, guziak alkarganatu, eta konturatu bear degu askotan zer gaxo daukan ume txiki arrek.

        Aditzera eman bear degu oraiñ zerbait, batera azaldutzen diran señale batzuen gañean zeñetatik antz eman lezaiokegun umeen gaxo jakiñ batzuei, eta arpegikoetatik asiera ematen diogula esango degu, masalletako gorritasuna, asnase estua, sudur zuloetako itxi irikia maiz edukitzea, eta inkaka umea dagoanean gañera berotasun aundia daukala, alkarganatutzen diranean gauza oek batera, esan genazake umeak daukala biriketako aundidura edo pulmoniya izendatzen dan gaxoa.

        Ume bat maiz esnatutzen danean gabean eta bere burua ikaraz bete eta bildurtzen dala norbait ikusi balu bezela zer edo zer gauza txarra egin nai diona, dago arraxkuan buruko gaitza sortutzeko berari; eta au gertatzen bazaio, antz emango zaio ezpaiñ edo begiren bat okertuta edo erdi itxirik gelditzen dala ikustean, edo arpegiko eta gorputzeko dardararak azaltzen diralako; onelako gauzaren bat azaldu ezkero, bereala esan bear zaio mediku bati bada gauzak onetaratzean erreparo aundiak bear dituzte.

        Umeak izan oi duten iturriko ura bezelako berakoak egunez eta gabean beti puntutik puntura ustuaz egoten dirala, itxuragabetzen diote arpegia, zeña gelditzen zaioten ordu gutxiren barruan luzaturik, begiondoak sartuta, sudurra zorroztuta, eta azkenik kolore zuria masallean illdakoaren antzera esate baterako; eta bai eta laister ill ere egiten ditu berako onek, ez badira agudo jartzen bear diran erremedioak len baño len gelditutzeko.

        Ikusten danean umearen arpegia kolore zurbillekoa eta begininiak zabalak dauzkala, gañera lotan dagoanean begiak erdi irikiak edukiaz eta maiz sudurretara eskua atzegiteko eramaten duala, esan lezake geienean, ume arrek txitxareak edo bizixoak dauzkala.

        Ume txiki ezpaiñ lodi edo aundiakikoa eta gañera arpegi zabala, eta askotan oi dan bezela lepoan koskorrak dauzkana, esan liteke dala odol txarrekoa, eta osasuna bigunekoa izango dala bera.

        Ikusten danean ume bat aoa zabalik eta beatzak bertan maiz sartutzen dituala, gañera lerdea dariola, esan liteke dauzkala ortzak irteten, edo aoko miñaz dagoala, laguntasunaren bearrean len bait len ortzak kanporatutzeko artarako dauden erremedioakin.

        Umeak oraindik itzegiten ez duanean, asitzen bada garraxi batzuek egiten eta oiean dagoanean iges egiten bezela norbaitek arrapatzeko bildurragatik, eskuak burura eramaten dituala, esnatuaz ere bat batera eta guzia bildurturik zerbait gauza ikaragarri ikusi balu bezela, esan lezake dagoala garunetako gaxoarekiñ eta egiñ ala erremedioak egiñ eta ere, ez dala erraza izango ume ura sendatutzea, zergatik esate baterako guziak gaitz orrekin ill egiten diran.

        Umea soseguz eta geldirik dagoala asitzen danean bat batera arpegia zimurtzen eta negar egiñaz istarrak eta ankak sabelera eraman naiean; eta onela denbora pixka bat igaro ondoren berriz isilldu eta geldirik jartzen danean, atzera lenago bezela egiten negarrak eta okertzen bere istarrak eta ankak, esan liteke dauzkala sabel edo esteetako miñak, eta kamamilloen urarekiñ aizeak bota erazi, edo beren olioarekin idurzi batzuek eman, edo gorputzetik libratu erazi bear da, modu onetan biurtu dediñ berriz bere ondo-izatera; eta esandako gauza oek egiñ ondoren ez bada ongi jartzen, eman bear zaio aditzera mediku bati.

        Gorputz guziko dardararak iñoiz umeak izan oi dituanak, dira ere beste gaxo izaldi bat geiena gurasoak bildurtutzen dituana, zergatikan askotan uste gabe eta osasunarik onena umeak zaukala uste zutenean, azaldutzen diran. Emen izendatzen ditugun dardararak ez dira garunetako gaxoakin eta naparrei, elkorri edo beste onelako gaitzen asieran azaldutzen diranak bezelakoak, baizikan osasunez beteta umea dagoanean etortzen diranak, geienenbat eguzkiak pasatu dualako, edo txitxareak edo bizixoak dauzkalako, edo beldurtasunen bat artu dualako, edo baita ere geiegi zerbait gauza jan, edo ortzetako eta aoko miñakin dagoalako. Beti izaten da gauza ona jakitea gutxi bat gora bera zeiñ izan ote litekean izendatutako gauza oetatik, dardararak azaldu azi dituana, bada jakiñ ezkero zeiñ dan, errazago medikuak ere ipiñi lezaioke erremedioa, bestela geienak onelakoetan usariyoa dagoanaz gañera, eta zeñak diran, izañak ematea, edo bai eta ere gorputz guzia bañu epel batean sartutzea. Kontuan eduki bear dan gauza bat da dardarara oen gañean, beiñ azaldutzen bazaiozka ume bati, lendabiziko joaldiak bigarrena askotan ekarri oi duala ondorenean, eta umetasunean ez bazaiote bear dan kontua artutzen alegiñak egiñaz bear diran erremedioakin, dagoala geroagoan arraxkuan ume ura azitzen danean, izatea biotzeko miña egiten zaionetakoa; ez dago bada zer esan zenbateraño saiatu bear dan umea dan bitartean dardararatako gaitza al dan ondoena erremediatzen, geroko ekarri lezakean ondoeza negarrezkoa kontuan edukita.

        Bada ere beste gaxo bat gurasoai bildurtasun ikarazkoa ematen diotena gertatzen danean, zeña dan garrotilluaren itxuraz jantzi eta azaldutzen dana. Badago umetxo bat eztul pixka bat noizikan beiñ egiten duala, bañan beste gañerakoan ez dauka ezereren gaxo itxurarik, bada ondo jan eta eran egiten du, ibillirik jolastuaz oitura egunero daukan bezela; onetan, gau batean goiz aldera edo egunsentia bañan lenago (bada beti ordu oetan gertatu oi dira esaten ari geran gauza oek), artutzen du estutasun aundi batek bat batera, eta dagoan lotatik esnatutzen da ito bear izugarri batekiñ iñola ere asnasaz bete eziñ dala; eztarria itxitzen zaio eta txistu soñuaren modura ateratzen du zinzurrean otsa aizeak; gurasoak bildurtutzen dira, zergatik uste duten iritxi dala azkenengo ordua beren umearentzat; bañan pixka banaka badijoaz esandako señale oek txikituaz eta ordu bat edo bigarrengo, atzera gelditutzen da soseguz umea. Au da gaxoa gurasoai geienenbat ikara eta bildurra sartu oi diotena denbora labur batean, bañan esan liteke beti edo beintzat geienean berez sendatutzen dala, edo gauza gutxi bat lagunduarekiñ, nola dan ur berotan bustitako zapi bat eztarrian kanpoko aldetik ipintzearekin; bañan bada beste gaitz esaten ari geran onen antzekoa isillago azaldutzen dana, zeña dan egiazko garrotilloa, umeak geienak berekiñ eramaten dituana eta pixka banaka eta pauso isillarekiñ etortzen dakiena; au da gaitz bildurgarri eta izugarria zergatikan biziro ume gutxi sendatutzen diran berak jotzen dituanak; bañan lendabiziko izendatu deguna, naiz eta otsak aundiak izan, ez da kontuzkoa, eta beiñ antz eman ezkero zer nolakoa dan, egon litezke soseguz gurasoak bada beren umea sendatuko da gaitz artatikan.

        Azkenik, bukaera emateko amaikagarren argibide oni, esan bear ditugu itz batzuek aoko ortzak eta agiñak jaio bitartean iñoiz ume txikietan azaldu oi diran gaxo batzuen gañean; eta bai eta ere esteetako zenbait okertu-aldi igarotzen dituenen gañean, zergatik diran batzuek eta besteak maizen gurasoak ikusi bear izaten dituenak beren etxeetan.

        Ez dago esan bearrik ortzak eta agiñak jaiotzen dagoenean, bitarte orretan guzian umeak edukitzen dutela edozeiñ gaxok jotzeko arraxku aundia; eta da ere gauza jakiña, zenbait gaitz igaro bear izaten dituala umeak, ortz edo agiñ bakoitza jaiotzerako denboran. Onegatik bada, askotan ikusi oi dira esandako denbora bitarte onetan au eriak, gora eta berakoak, eta baita ere lenago esan ditugun dardarara aek, zeñak eziñ sendatu izaten diran ezererekin ez bada ortza edo agiña kanpora azalduarekin baizik. Gañerakoan gauza jakiña da ao-eriak geienean sortu oi zaiztela umeai ortzak irtetzeko denboran, eta lan onetan laguntzeko obea dala berai ematea aora, gauza bigungarriak eta ez gogorrak, askok usariyoa daukaten bezela, ezurrezko jostallu batzuek lepotikan zinzilik ipintzen diozkatela: obea izaten da onetarako ogi azal bat, eta ao-eriak sendatzeko, asko izan oi dira esne, garagar edo ezti pixka batekiñ egindako idurziak egunero zortzi, amar edo geiago aldiz.

        Batzuetan azaltzen dira bada ortzak botatzeko denbora bitartean, gaitz aundiak egiazkoak, eta beste batzuetan itxura geiago daukatenak berez diran bañan: alaz guziaz ere kontuan eduki bear da beti, ume txikiak soportu gutxi daukala, eta gaxoak naiz eta ez gogorrak izan maiz jotzen badute umea, nola dan au biguna, erraz menderatu dezaketela onegatikan bakarrik bada ere.

        Esan degu lenago umeak izaten dituzten berakoak dirala batzuetan ortzen eta agiñen irteera bitartean irauten dutenak; bañan badira beste batzuek ere zeñaren gañean esan bear ditugun itz bi leku onetan. Oetako berakoetatik ugariena eta geienean azaldutzen dana, izan oi da esteetako katarroagatik asiera daukana; eta sortutzen da umea osasuna bigunekoa dalako, edo oztu dalako, edo txitxareak edukiagatik, edo geiegi bularra artutzeagatik, eta baita ere amaren edo iñurearen esneak mudantzaren bat eduki dualako. Kolorez oria danean berakoa naiz eta geroagoan aizeak jotzen duanean edo txixarekiñ nastutzen danean artu dezan belar kolorea, ez da bildurtzekoa non eta umeak berotasunik ez daukan; bañan ateratzen bada esteetatik bigarrengo izendatu degun kolorearekin eta pinportaz betea, orduan kontuzkoa da zergatik umearen esteak daudezen gaxoturik.

        Baldiñ berakoa bada uraren itxurakoa edo odolez nastua, beti da kontu aundikoa, eta bereala artu bear zaio kargu umeak artutzen duan bularrak izan ote duan mudantzaren bat edo ematen ote dioten jatekoren bat ongi esteen indarrari ez datorkiona; bada gauza oek biak eta ontzi artarako izan oi ziran batzuetatik umeari ematen zaion esneak, azaldu azten dute geienean emen izendatzen degun berako au, eta bai eta ere beste bat oraindikan kaltegarriagoa, esatera goazen bezela. Oraiñ esaten degun berakoa da guzia belar txikituaren itxurakoa eta iturriko ura beziñ meia; umeari koloreak zurbilldu eta aragiak urtutzen zaiozka egun gutxian; edukitzen du berotasuna, eta istarrak eta atzeko-aldea gorriturik eta erreak bezela azaldutzen dira; leku oek sarritan garbitu bear dira zergatikan bestela aragi bizian jartzen zaiozka umeari egun gutxian. Era berean, ez bada laister gelditutzen berako au, artutzen dute umeak zar baten itxura, bada arpegia zimurtutzen zaiote, ezur biurtutzen dira, eta pixka banaka urtuaz dijoazela edo bitarteko edozeiñ gaitzek jotzen dituala burutik, biriketatik edo beste edozeiñ lekutatik, itzaldutzen da aen bizi nolabaitekoa pizturikan zeukan argi illun ura.

        Onegatik bada gurasoak antz ematen diotenean berako au daukala beren umeak, azaldutzen dan beziñ laister aditzera eman bear diote medikuari denbora galdutzen ibilli gabe zenbait erremediantza baliyorik batere gabekoakin edo atsoren batek agindutzen dituan itxura gabekeriakin. Lendabiziko kontuan eduki bear dan gauza berako onetan da, umeak artutzen duan esne edo bularrari dagozkionak eta ematen zaion janaren gañean bear diran erreparoak, bada bat edo bestea badira erantzunkizunak, len baño len kendu eta bear bezelakoak artu ditzan gaxoak.

        Onezaz gañera ez dira gaizki etortzen ipintzea sabelean linazizko enplastoak eta ematea ere este garbigarriak malmen urarekin edo almidoe eta arrautza zuringoa nastutakoakin, medikuak agintzen dituan bitartean beste berari derizkion erremedioak zeñetarako ots-egin bear zaion denborarik galdu gabe onelako gaxoetan.

        Uste izan degu geiago eziñ luzatu geñeikela argibide au, zeñetan aditzera eman ditugun umeak geienenbat izan oi dituen gaxorik ugarienak eta gurasoak askotan etxean ikusi bearko dituenak; eta emen adierazo nai izan ditugun gauzakin dauzkate jakinik zenbait igarbide antz emateko zenbaterañokoa izan litekean umearen gaxoa, denborarik galdu gabetanik medikuari otsegiteko batzuetan, eta beste batzuetan ez dezaten bear ez bezelako estutasunik artu edozeiñ uskerizko ondoezak jotzen dituanean ume txiki eta bigunak, zenbait naigabe gurasoai beren ezereztasuna gatik eman oi diozkatenak asko eta askotan.

        Azkenik, eta bukaera emateko argibide onetan izendatu ditugun puntuai eta kontuan edukirik beraren aitormen aundia, esan bear ditugu beste itz labur batzuek umeen osasun-legeen gañean, bada oen bitartez iritxi bear dute berak gizon indartsu eta osasunez beteak izatera, eta geroagoan lanerako eta gizarterako bear bezelakoak izan ditezen.

        Lendabiziko umeen osasunaren gañean kontuan eduki bear dan gauza da, oei ematen zaioten jatekoa zer nolakoa dan bada au bear bezela egiñak ekarri oi ditu ondorean okertasun eta kalte aundiak umeen osasunean. Lenagoko argibide batean esanik utzi degu zenbaterañoko zer ikusi aundia daukan umearen ongi izatean berari bularra ematen dion emakumearen osasunak eta izate moduak, eta baita ere esne ona eta ugaria dala gauzarik egokiena aur txikiarentzat. Nola baita ere umearen urdalla eta esteak ez dauden denbora jakiñ bat arteraño bear bezela osatuak edozeiñ janari beren barruan sartzeko, emendik dator izatea gauza erraza konturatzen zeiñ gaizki egiten duten umea azitzen ari diran zenbait emakumek, ematea berari ezbidezko jatekoak zeñaren bitartez ikusi oi dan sarritan nola umeak alferrik galtzen diran eta baita ere askotan bizia galtzen duten, gertatu oi dan bezela geienenbat erri aundietako jende beartuen artean guztiok dakigun bezela. Esne ugaria eta sendoa da bada umeentzat jatekorik egokiena oraindik txikiak diran bitartean, eta eman bear zaizkate beste jatekoak ortz eta agiñak azalduaz dijoazkioten bezela, asirik esne-iriñetik, eta sopa, arrautz erre ariñ, eta oen antzekoetatik aurreratuaz aragi gauzetara.

        Umeak azitzen dijoazen bitartean eta oek indartzeko usariyorik onenetako bat da ere berai egunero bañu bat ematea.

        Bañu oek ez bakarrik gorputza gogortzen eta sendotzen dute, baizik gañera eraozten dituzte larru azaleko zenbait gaitz modu, eta baita ere biriketako katarroak, bada oek sortu oi dira geienenbat umeetan zergatik arropa edo estalki geiegi ipiñi oi zaizten berai, eta ez diran oitutzen otz beroko mudantzetara, zeña egiten dan bañuak artzeko oitura daukaten aetan, onela gutxituaz lenago esan degun katarroetarako arraxku ura. Gañera bañuen bitartez galtzen dute umeak berez oi duten biguntasun ura eta baita ere zenbait garunetako eta bizkarmuñeko gaitz lenago aitortu ditugun aetarako erraztasuna eta griña.

        Beste gauza bat umeen osasun-legeen artean kontuan eduki bear dana beraren ondasun aundia gatik, da, gorputzaren mugimentu eta ibillera, zeñaren bitartez au zabaldu eta indartutzen dan berari dagokion neurrian egiten danean. Gure parajean daukagu onetarako usariyo bat biziro egokia zeña dan pelota jokua, bada joku onek beartzen du gorputza anketako azkartasuna, besoetako indarra, begietako alkantzua, biriketako zabaltasuna, biotzaren lantegi, eta janari leku guztiko mugimentuen bitartez; eta gauza oek guztiak bat batera egiteak ematen dio gorputzari indar eta pizkortasun aiñ aundia non ez litekean aiñbestekorik beste iñolako bidez. Era berean esan bear degu leku onetan, zenbateraño dan gauza ona eta egokia mendietako ibillera, bada aldapa gora gorputzak egiñ bear dituan mugimentu eta indarrak eta mendietako aize garbiak eta oetatik ikusten diran paraje eder eta berdantzaz betetakoak alaitzen dute umeen gorputza eta beren jolasgurea eta atsegiña onelako lekuetan argitaratzen dira bedeinkatuaz Jaungoikoaren lantegi miragarri au, zeñaren bitartez datorkioten berai ondasunezko eta osasuna gordetzeko biderik eder eta egokiena.

 

aurrekoa hurrengoa