www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erriko jendeentzat osasun legeak
Martin Aranburu
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: Erriko Jendeentzat Osasun Legeak eta Medikantzako Argibideak (Isabel Arrigainen edizioa), Martin Aranburu eta Manuel Bago Agirre. Euskal Editoreen Elkartea, 1994

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN ARGIBIDEA

 

Euskal errian bertan jatorriz
sortu oi diran gazoak zer nolakoak diran.—
Agintariak, etxejaun edo nagusiak eta
medikuak artu bear dituzten neurriak.—
Onelako gaxoetan egiñ bear diran garbitasunak
eta zerekiñ eta nola erakusten da.

 

        Egia baldiñ bada gero eta geroagoan dijoala gizona bigunagoa izanik antziñako gizaldietakoen aldean, eta gaurko egunean ikusten diran zenbait gaitz modutakoak gure gizaldiko jendea argaldurik daukatela; eta egia baldiñ bada ere gure egunetan bizimodua ateratzea izanik lenago bañan zallagoa, beartu azitzen duala gorputz eta anima lana egitera gure aurrekoak beartutzen ziran bañan askoz geiago, bai eta ere da egia gure guraso zarrak ezagutzen ez zituzten gauzarik askok osasunarako eta egunero egun egiten diran aurreratzeak jakiñkizun artarakoetan, gaurko egunean alaitutzen dutela gure izaera, eta ematen dizkigutela bizimañarik asko, osasuna gordetzeko eta gizonaren bizia luzatu erazteko. Beragatik esan oi zuan gizon jakintsu eta gure maisu izandako Letamendi zeritzaion batek, gizonak bere burua ongi ezagutzearen poderioz eta bear bezela ikasiaz gorputz eta animako legeak gordetzen, egiñ bear zuala modua gaxo eta gaitz guziai alde egiteko, zergatik obea eta errazagoa dan gaitzari ez sarrerarik ematea, beiñ sartutakoa utzi edo botatzea bañan; eta ala, gizonak bere burua jakinduriaz apaiñtzearekin, geiago alde egiñ lezaiokeala gaxoari, zenbait erremedio esku artean egiten diranakiñ bañan; zergatik jakinduria dan medikantzarik onena eta munduaren erredentorea, itz batean: modu onetan iritxi giñezke gaurko gizaldi argal eta errukitsu au izatera egiazko gizon argi eta osasunaz betetakoak, antziñako jakintsu batek esan zuana kunplitu dediñ, au da, gorputz aje gabean egon oi dala ere anima garbi eta aje gabekoa.

        Bañan gauza onen itz bidea alde batera utzirik, asiera eman zaiogun irugarren argibide onetan esatea dagokigunari, eta zeñaren bitartez nai gendukean lenago aitortzen genduan jakiñ bide gutxi bat ez bada ere, gure parajeko jendeen artean zabaldutzea.

        Beti ikusi izan oi da, zenbat eta pillatuagoak eta alkarganatuak bizi jendeak, aiñbat eta bataz beste geiago ill oi dirala; eta ala, ikusten da erri aundietan zeñetan bizi diran aldamen banatan aberatsak eta pobreak, azaldu oi dirala arako gaitz izugarri zenbait, batzuetan garbitu izan dutenak eziñ konta ala jende; eta bai eta ere, erri esaten ditugun oetan beretan, beñere alde egiñ gabe daudela gaitz pegakor eta txarrik asko, nola diran elkorri, naparrei, biriketako gaxo, eta beste onelako zenbait emen izendatzea ez dagokigunak, etxeetan egiten ez diralako bear diran garbitasunak, eta agintariak artutzen ez dituzten bear diran erreparoak gaitz oei alde egiteko. Bañan gure parajeetako errietakoari dagokionagatik esan gentzake geienenbatek gorde erazotzen dituztela legeak agindurik dauzkaten gauzak esaten ari geran onen gañean, eta ez bakarrik erri aundietan baizik bai eta danik txikienian ere, bertako agintariak ipintzen dutela begiramentu aundia puntu onetan, alegiñak egiñaz gertatzen danean, ez dediñ zabaldu beste lekuetara gaitz pegakorrik azaltzen dan artatik, dakiten bezela jende guziak ez bakarrik parajean bertakoak, ez bada bai eta kanpotarrak ere. Onetzaz gañera edukitzen badegu gogoan paraje oetako jendea dala berez garbia eta bizi dala geiena baserrietan zabalduta izanik ere euskal-erriko lekua osasunerako eziñ obeagoa, erraz konturatuko gera gauza egokia izango dala gertatzen dan bezela, ez ikustea gure parajeetan zenbait lekutan oi dan bezela, arako lenago aitortu ditugun gaxo eta gaitz bildurgarri aek jendea bat batera artu eta pillaka illtzen dutenak; baizikan iñoiz edo beste sortutzen badira onelako gaitzak, eziñ zabaldu izan oi dira leku jakin batean ez bada bakarrik, eta an bertan gelditzen dira denbora labur batean: gaitz oek geienean oi dira urrutietatik etorriak eta geroagoan paraje jakin batean bertakotzat bezela geldituak. Onela gertatu da kolera eta tiputza deritzen diogunakin zeñak izanik beren jatorria izandu zuten parajeetan bertakoak, urte gutxi igarotzen diran gure alde oetan nonbait edo leku bat edo bestean azaldutzen ez dirala eramanik berakin jende asko eta asko, naiz eta ez izan gure euskal-erria geienenbat au aspaldi onetan gertatu izan dana. Orobat naparrei edo baztanga deitzen diogunarekin ere au bera gertatu izan da, bada izanik bere jatorria gaitz onek Asiako leku batzuetan, andikan ekarria izan zan orain dala bederatzi giza aldi moroengatik, eta ordu ezkero daukagu gure artean, egia bada ere asko gutxitu dala jendea txertatzen dan ezkeroztik, eta oraindik geiago gutxitu bear duala zenbait extranjeriko nazioetan gertatzen dan bezela, zeñetan txertatuaren bidez jende guzia sei urtetik urtera, gaur ez da ezagutu ere egiten naparrei edo baztangarik; eta au bera gertatu bear luke gure parajeetan ere agintariak gogor jendea artuko balute gauza onen gañean, bear dan bezela: izendatu degun gaxo onen eta beste beraren antzeko batzuen gañean aurreragoan itzegin bear degu, eta emen ez degu aitormen txiki bat ez bada beren gañean egingo, euskal-errian azaldu oi diran ugarienetatik asitzen gerala.

        Da guztietan lendabizikoena trabajuba edo tiputza deritzen dioguna zeña geienenbat baserrietan sortu oi dan, iñolaz ere baserri etxeak diran bezelakoak diralako, zeñetan bizitzen dan jendea bata bestearengandik alde ezin egiñik bezela, eta ganadu eta egaztiakin naste, gañera zenbait ukulluetako eta beste zikinkeririk asko naikoa ez dirala gaitz orri sortuera emateko. Gure baserrietako jendea bizi balitz etxe barrunpean eta ez balitz egongo denborarik geienean beren soro edo basoetan lanean kanpoko aizearen mendean, esan gentzake ill bearko lutekeala bear baño len, zergatik eziñ bizi litekean dauzkaten etxeetan oek bear bezela nagusiak ipintzen ez diozkaten bitartean, eta nagusiai artu bear lezaiozke kontu estuak gauza oen gañean, agintari diran gizonak edo aginpidea daukatenak. Egin bitez bear diran bezela baserri etxeak ganadu eta bertako jendeak apartagoan egoteko moduan; erakutsi bedi baserriko jendeari zer nola egin bear dituan garbitasunak eta zer egin bear duan gaitz modu onetakoai alde egiteko, eta zerbait aurreratua edukiko degu ez ditzaten egin aek egin oi dituzten kalteak iñoiz, gelditu diralako gure artean gure bizilagun bezela naiz dala mendi-errietan eta bai eta ere itxas-baztarrean daudenetan. Esan ditugun gaitz oek eta izendatu bear ditugun beste batzuek nola diran erreumak eta oek ondorenean ekarri oi dituzten biotzeko gaxoak, umoreak, karmunkoa, txitxare edo bixiyoak, ortzetako eta agiñetako ustelak eta beste onelakoren batzuek lenago esandakoaz gañera, dira bada geienenbat gure euskal-erriko parajeetan azaldu oi diran gaxoak.

        Esan ditzagun orain itz batzuek, agintariak, etxeko nagusiak eta medikuak artu bear dituzten neurrien gañean, onelako gaitz pegakorren bat azaldutzen danean naiz eta guk eziñ emen adierazo kontuan eduki bear diran argibide guziak gauza oen gañean, zergatik diran gure liburuari dagozkion bañan geiagokoak.

        Antziñako denboretan bazan esaera, pakea nai duanak egon bear duala gerrarako prest; eta au bera esan gentzake gaxo pegakorren gañean itz egiten degunean, bada oei aurrea artu bear zaiote eta ez egon eskuz-esku jarrita bera azaldu zai, ezer egiñ gabe geroagoan zerbait egiteko asmoan. Erri guziak naiz izan aundiak edo txikiak, lendabiziko eduki bear dutena kontuan erabakitzen degun argibide onen gañean da, nola egin bear duten beren garbitasuna. Izan bear du onek biziro ongi egiña eta artarako diranak ipiñi bear dute gauza onek bear duan aiñbateko begiramentua erreparo aundia artuaz lendabiziko erriko kanale eta zikinkeriak korrimentua daukaten lekuai; iturriko uren izaera moduari, eta jan bear diran gauzai batez ere kanpotik etortzen diranai. Poz aundi batekin esan bear degu leku onetan gure euskal-erriko probinzi oetan egiten dirala begiramentu oek beste iñongo lekutan ez bezela, eta bertako erri aundietan daudela ipiñiak bear diran esamiñak jan, eran, eta beste esan ditugun guziai dagozkion moduan egiteko bideak, onela kunplimentu emanaz legeak aitortuta dauzkaten eginbideai. Badakigu ere erri txikietan eziñ egiñ litezkeala aundietako moduan esaten ari geran garbitasunari dagozkion bear oek, zergatik ala nai izanik ere, beti arkitzen geran erri txikietan batetik ez edukitzearekin aundiak dauzkaten izate moduak, eta bestetik berriz jende askoren ajolagabetasunarekin. Alaz guziaz ere beti ikusten da gure parajean bestetan ez bezela, naiz eta erriak ez izan aberatsak, alegiña egiten dala garbitasunaren gañean, moldatuaz kaleak, pasia lekuak eta beste onelako tokiak, egiñaz ere iturri eta alberga berriak, eta edukirik jende beartutako arentzat artarako ipiñitako etxeak non billatzen duten egon leku garbia beste alde askotan gertatzen ez dan moduan. Bañan oraindik geiago egin bear da; lendabizi, da gauza bearra erri guzietan dauden agintariak zeñak daukaten eskubidea beren mendekoai bear diran erreparoak artu azteko garbitasunaren gañean eta jendearen osasunari dagozkioten gauza guzien gañean, edukitzea begiramentu aundi bat ongi egiten ote diran onetarako agindu eta dauden gauzak, eta ez uztea alde batera beren karguak eragozten diozkaten eginkizunak alferkeriaz edo ajola gabetasunez. Puntu onen gañean uste degu egin bear litzakeala gizon jakintsu batek diona, zeña dan edukitzea errietako agintariak gauza oen gañean aiñ aginpide aundia, non izan bear luteken iñoren mendean berak ez egoteko diñan, eta aen aginduari beste iñork eziñ erreparorik jarri lezaiokean moduan, bada ikusten da askotan errietako berri ongiena dakiten jendeari ez zaiola artutzen aintzakotzat beste goragoan dauden agintariengandik, oek bañan askotzat obetoago dakizkiten gauzak eta eginkizunak erri bakoitzerako obeak litezkeanak. Bukaera eman zaiogun bada itz bide oni esanaz, errietako agintariak bear dutela iñoren kontu gabe ipiñi bear dan kastigua ongi erreparo eta bear diran begiramentuak ipintzen ez dituanari lan onetan, eta garbitasunetik datorrela osasuna, eta osasunetik errien ongi izatea, gizon jakintsu aundi batek dion bezela.

        Bakoitzak bere buruarekin eta bai eta ere beren etxeetan artu bear ditu erri batek guzientzat artu bear dituan begiramentuak berak, kontu edukiaz etxeko garbitasunaz noizik beiñ ur irakiñarekin edo geroagoan esango ditugun beste gauza batzuekin bera egiten dala; eta bai eta ere arropa, ontzi edo beste edozeiñ gauza gaxorik dagoanak erabiltzen dituanakin. Badira ere zenbait gaxo modu zeñetan eduki bear dan kontu aundia gaxoak botatzen dituan karkaxakin, nola diran biriketako gaitza, alborengoa, eta oraiñ trankazoa deritzen dioten gaitz edo gaxoarekin. Agindu bear zaiote gaxo oetakoren batekin oieratu eta daudenai, ez dezatela bota karkaxikan lurrera, bada usariyo au ez dan ona zergatik nola karkaxean dagoan gaitzaren sustraia, aek legortzen diranean nastutzen dira lurreko autsarekin eta onen bidez joan litekean beste norbaiten biriketara asnasea artutzeko denboran. Etxe batean norbait dagoanean biriketako gaitzarekin edo esan oi dan bezela petxutik, nola bai eta gaxo oek botatzen duten zikinkeri asko aotik, agindu bear zaiote biltzeko karkaxak artarako egin eta egoten diran ontzietako batera, ur pixka bat bertan aurretik botarik dagoala, bada uretan dagoan bitartean karkaxak ez dauka pegakorra izateko biderik. Onegatik bada agindu bear da onelako gaxoen gelak eta egon lekuak garbitu bear dirala ur beroarekin, eta bai eta ere beren karkax ontziak, surtara lendabizi botarikan aek; au bera esan bear degu arropa, zapi eta beste eskuartean gaxoak erabiltzen dituan gauzen gañean zeñak ur irakiñarekin garbitu edo erre egiñ bear diran.

        Gauza oek guziak onela egingo balira eta agintariak ipintzeko agindu ezkeroztik elizetan, eskoletan, burni bireetako eser-lekuetan eta jendea pillaturik egon bear duan leku guzietan, bear bezelako karkax ontziak bota ditzaten oek bertara, asko eta asko gutxiago izango litezke biriketako gaitzarekin illko litezkeanak zergatik ez litzaken aiñbeste zabalduko garbitasun esandako oek egiñ ezkero. Ez daukagu zer esanik berriz, nork bere buruarekin eta jantzitzen dituan arropakin eduki bear duan garbitasuna, dala beste gauza txit aurrenengoa eta bearra osasuna gordetzeko. Bai eta ere aditzera eman bear degu gaitz pegakorren bat azaldutzeko bildurra dagoanean ez dala mudantzarik egin bear bakoitzak daukan usariyoan jan eta eranean, askok uste izan duten bezela, eta gañera baldin gaitza bada esteak zer ikusi berarekin daukatena nola dan kolera izendatzen dana, orduan eta geiago kontu artu bear dala gauza oen gañean, ez artuaz ur irazeki eta onen antzeko erari gogorrak, entzuerarik eman gabe tabernariak beren irabaziari begiratuaz bakarrik esan oi dioten bezela jende ez dakienari, onelakoetan eran bear dirala erari esandako oek.

        Medikuak beren aldetik eman bear diote aditzera agintariai azaldutzen dan bezin laister esandako gaitz pegakorren bat, artutzeko bear diran neurriak berari alde egiteko; eta gaxoak ikusten dabilltzanean utzi bear dituzte azkenerako ikustez gaitz pegakorra daukatenak, zergatik gertatu izan da medikua bera izatea gaitzaren zabaltzallea kontuan ez edukitzeagatik lenago aitortu degun gauza au, Parisen gertatu zan bezela emakume aur egin berri askorekin zeñai bata besteaganako gaitza pegatu zitzaioten beren medikuen eskuen bitartez; eta au onela gaurko egunean dakigun bezela gauza oek jakiñ eta gertatzeak ez luke iñoren barkaziorikan merezi.

        Izendatu degun itz bide onek eramaten gaitu berriz beste batera, zeña dan gaitza sortutzen duan sustrai ura dagoan lekutik nola eta zer modutan kendu litekean ikustera, oraiñ esatera goazen bezela. Edozeiñ lekutan arkitu litezke gaitz sortutzalle edo gaitzaren sustrai gaizto oek; naiz izan aizean, edo uretan, edo beste edozeiñ gauzetan; eta oek galdu eta kendutzeko baliyatu giñezke bi moduz, batzuek botikarioak ematen dituanak eta besteak bakoitzak bere etxean ipiñi litzazkeanak. Alemaniyako mediku sonatu Kok deritzan batek egiñ ditu gauza oen gañean lan eta eginkizun aundiak, zeñak nolakoak diran jakiñ bear lituzke ez bakarrik medikuak, baizik bai eta ere apaizak, eskola maisuak, eta beste oen antzera jendearen artean zabaldutzen lagundu lezatekeanak gauza oen argibidea eta aditzera: bada guziok dakigu gure baserriko jendeak gauza berri oek ikastea beti edukitzen duala lan aunditzat zergatik ez dan artarako biziro gogotsua. Gauza oek onela diran medioz eta agintariak bear bezela erreparoak jartzen ez dituztelako beraren gañean, dago gure parajean nabarmendua sasi-mediku eta enplastogille eta beste oen antzeko batzuen beargiña, zeñak iñolaz ere beste iñork ez bezelako doaiakin egiten dituzten gauzak ikasi gabetanik aurreaz; bañan ez degu uste medikantzak izan bear duala besterik ez bezelakoa, bada perratzalleak ere, perrak ipiñiko badizka zaldi edo iri bati, ikasi egin bear du bere beargintza; eta au naiz izan guztientzat gauza egokia eta bidezkoa, badira beste zenbait uste dutenak medikantza egiñ litekeala ezer ikasi gabe; da esatea errazago dala gizon bati okertutako osasuna zuzentzea, ez asto bati perrak ipintzea; bañan uste degu bakoitzak bere baliyoaren neurria egiten duala, eta naiko errukigarria dala bere osasuna galdu eta ura osatzeko, jartzen duanak bere burua artarako ezer ikasi ez duanaren eskuetan.

        Esan degu lenago dauzkagula gaitz sortzalle edo gaitzari batzuetan izaera ematen dioten sustraiak kendutzeko bideak, eta oetatikan bat da beroa, naiz izan au legorra edo bai eta ere bustia. Nola bai eta ere gure asmoa dan liburu onetan erakustea jende langille eta mediku ez diranai zenbait gauza medikantzaren gañean errazak eta bakoitzak egiñ litzakean modukoak, ez degu emen izendatu ez bada besterik egingo beroa zenbat modutara erabilli litekean esandako gaitzaren sortutzalleak garbitutzeko, nola diran artarako egiñak dauden burnizko galdara eta labeak zeñetan sarturik beroa zabaldu oi duten premia daukan leku eta arropa edo beste gauzetan, bear diran garbitasunak egiteko. Bañan erri txikietan nola ez dauzkagun esandako moduko gauzarik, bota bear degu esku beste batzuengana eta egiñ garbitasunak esatera goazen moduan. Eduki bear da kontuan lendabiziko zer gauzaren garbitasuna egiñ bear dan, eta zer nolakoa izan litekean gaitzari sortuera eman lezaiokean sortzallea, aukeratzeko biderik onena iritxi nai degun azkenerako.

        Orrela bada, egiñ bear bada etxe bateko gela edo antz onetako lekuen bateko garbitasuna, igortziko da asko eta gogor solaidua zapi ur irakiñetan sartutakoakin, edo ondarrarekin, eta oraindik obea dana berriz, zerrauts bustitakoarekin.

        Beñere ez da solaidua garbitu bear legorrik, zergatik atzera bertan gelditzen da aizeak goratutzen duan lurreko auts txikia eta geroagoan asnasarekin joan liteke norbaiten birika barrura; paretak eta etxeko trasteak garbituko dira ogi mamiarekin igortziaz, eta gero oek surtan erreko dira: oieko eta beste jantzi arropak garbitzeko artu bear dira neurri batzuek bada bestela oek esku artean ibiltzeak baditu bere erreparoak: gaurko egunean baliyatzen dira onetarako orain esatera goazen modu batez zeñarekin arropak ongi garbitzen diran gelditzen dirala zurituak, eta zeña ona dan jakitea etxekoandre eta jende langilleak. Artutzen dira onetarako bi ontzi egokiak zeñatan ipiñiko diran ogei eta amar bat pitxarra iturriko ura; botatzen da oetara libra bat jaboe arropak garbitzen erabilli oi dana, eta bi kutxara petroliyo, eta onela dagoala irakiñ azten zaio: arropa zuria garbitzeko dagoan bezela arturik, sartuko da ontzi aetako batean eta edukiko da egosten ordu erdi bat, geroagoan ateratzen dala kanpora. Ustuko da ontzian dagoan ur nastua eta garbituko dira arropak ur otzarekin; geroagoan emango zaio jaboia eta atzera berriz botako zaio gañetik ur irakiña; au egiñ ondorean emanik ur otzetan pasara bat, utziko da gau bat osoan beste ur otz garbian, eta urrengo egunean legortuko da aizetan. Esandako gauza oek onela egin ezkero, dago arroparen garbitasuna bear bezela egiña: lastai eta koltxoiak ez badira baliyo aundikoak obea da erretzea; eta gorde nai izan ezkeroztik garbitu bear dira ur irakiñetan egosiaz eta bustiaz artarako dagoan usai gogorreko botika gauza batekin zeña medikuari eskatu bear zaion.

        Ez dago gaurko egunean usariyorik egiteko etxe barrunbeko garbitasunak supre eta auts onelako usai gaiztoko gauzak erre eta botatzen duten kearekin, bada batetik galesti irteten dira eta bestetik egon bear du begira mediku edo beste norbait gauza oek nola ibilli bear diran dakienak, eta gañera berriz ez dira lenago uste zan beziñ egokiak esaten ari geran onetarako. Badaukate ere usariyoa beste gauza batzuen artean briak, solimanak, ozpiñak eta kareak; bañan batzuek esku artean nola nai ibiltzeak badauka ere bere arraxkua, eta obeagoa da beartutzen danean norbait gauza oetakoren batez, aditzera ematea mediku bati.

        Baserriko jendearentzat onena eta merkeena da kare bizi itzalitakoa zeñetatik asko dan pitxar pare bat nastutzea beste zortzi pitxar urekiñ eta daukan gauza bat zeñarekin egiñ lezazkean garbitasun guziak nola diran etxeko paretak eta lurra, kañuak, gaxoak botatzen dituan zikinkeriak, eta beste premiya daukaten gauza guziak; da ere gauza on bat etxe barrungo usaiak eta aize ustelak garbitzeko ozpiña irakiñik jarrita dagoala artarako ontzi batean. Esan ditugun gauza oekin garbitasunaren gañean, uste degu naikoa dala eta aditzera eman degula bear aiñbat baserri eta langille jendearen etxeetan jakitea bearren diran gauza moduak.

 

aurrekoa hurrengoa