www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erriko jendeentzat osasun legeak
Martin Aranburu
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: Erriko Jendeentzat Osasun Legeak eta Medikantzako Argibideak (Isabel Arrigainen edizioa), Martin Aranburu eta Manuel Bago Agirre. Euskal Editoreen Elkartea, 1994

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN ARGIBIDEA

 

Euskal-errian urdalle edo egostokian eta esteetan
izan oi diran gaitzik lenendikoen argibidea.—
Nola ez diran geienentsuak gaitz oek gure parejeetan.—
Jan eta eranaren gañean eduki bear diran kontuak.

 

        Gorputzaren barruan dagoan jan eta eranaren gorde lekua zeñak dauzkan ogeita amar bat oiñ luze asieratik bukaeraraño, dago guztia mintz me batez estalia eta da kanale bat zeñaren sarlekutik irtenlekuraño dauden ipiñiak aoa, eztarzuloa, este gorria, estomagu edo egostokia, esteak eta este lodia: eta oek egin bear dituzten lanen laguntzarako berriz, ortzak eta agiñak, txistulekuak, gibela, guriñonda eta barea.

        Alako moduan dago egiña jan eranaren gorde leku au, nun bertan sartzen diran antz onetako gauza guztiak artzen dituzten mudantza jakiñ batzuek, izendatu ditugun pusketa aetako bakoitzaren eginkizunen bitartez, izan ditezen azkenean gauza aek bizigarriak; eta nola gertatzen dan oraiñ esan deguna jakiñ dezaten gure irakurleak eta zer nolakoak diran izendatu ditugun pusketa oen guztien eginkizunak, itz labur batzuetan argibide onetan adierazotzeko egiñ bear degu alegiña.

        Jatekoa aoan sartzen danean leku artan ipiñita dauden erramiantak asitzen dira lanean lendabizi ura bear bezela txikitzeko eta txistuarekin nastutzeko; eta au egiñ ondorean eta jatekoa biribilduaz, asitzen da au eztarzulotik bera estegorrian pasatuaz egostoki edo urdallean sartu eta gelditzen. Leku au da jan gordelekuko tokirik aundiena eta dauka zagi txiki baten itxura zeñaren zabaltasuna legokean ezkerreko aldean eta muturra eskubi aldean: zabaltasun onetan dago este gorriaren zuloa, zeñatatik sartzen dan janaria urdalleko barruan, eta muturrak berriz dauka segimentua esteakiñ; naiz dala sartu leku eta irten leku urdallekoak egoten dira itxiak jatekoz ura beteta dagoanean; bañan iñoiz gertatzen da sartu lekua irikitzea eta atzera kanpora barruan dagoan janaria irtetzea; lantegi au da gorakoak botatzea izendatzen deguna. Egostoki edo urdallak dauzka arizpiak, zeñak lanean asitzen diranean estutzen duten aren barruan dagoan janaria eta erabiltzen dute bera bultzeaz leku batetik bestera ongi nastu dediñ bertan arkitzen diran zenbait konpongarrirekin; eta lan au egiñ ondorean lautik sei ordu bitartean, irikitzen da esteen aldetik urdallak daukala esan degun muturra eta janaria asitzen da leku artan artu duan itxura berriarekin esteetara pasatzen poliki, geroagoan emen berriz gibelak, guriñondak eta esteak egiten dituzten beargiñen bitartez, gelditu dediñ bizigarritzat; eta gañerantzeko beste kondarrak segitzen dute aurrera joanaz este lodira, zeñatan gelditzen diran simaur biurtuak geroagoan kanpora beren bidetik ateratzeko este onek artarako bultzatzen dituanean.

        Sabel barruan gorputzak dauzkan pusketa guztiak daude estalita gañetik baresarearekiñ zeña dan txit erraza gaxotzen zenbait esteetako gaitzetan edo oetan kolpez eta antz onetako beargiñ okerrez zerbait gertatzen danean.

        Oraindaño esan ditugun gauzak dira jakiñ bearrekoenak edukitzeko argibide bat zer nolakoa dan jan eranaren gordelekua gure gorputzean, eta zeñaren gañean eziñ guk geiago itzegiñ gentzakean emen, zergatik ez dagokion liburu onen izaerari, eta asiera eman bear diogu bertan sortu oi diran gaitzak zeiñ diran izendatzen, batez ere gure paraje oetan geienenbat ikusten ditugun aek.

        Aurrenengo argibide batean itzegiñ degunean euskal-errian bertakotzat eduki litezkean gaitzen gañean, esan degu oetatik ugarienetako bat izaten dala ortzak usteltzea, zeñak nola daukaten zer ikusi aundia jatekoa txikitzeko eta baita ere errazago ura urdallean moldatzeko eta zenbait aoko miñ ekartzeko, ez gera aurrera pasako gure iritzian geienenbat gaitz arri sortuera ematen dioten gauzen gañean zerbait esan gabe. Lendabiziko izendatu bear deguna da jatorria; eta urrengo berriz odol bigunekoa izatea eta trabajuba edo tiputza deitzen diogun gaitzaren ondorena; aoko zikinkeria, ur-metalak eratea, sagar gaziak jatea eta baita ere ortz eta agiñ artean gelditzen diran jan kondarrak ez garbitzea; bada oek nola ustelduaz joaten diran, ekartzen dituzte ondorenean zenbait agiñeko miñ gure irakurleak beiñ bañan geiagotan beren eskarmentuz ondo dakiten bezela. Aoko erramiantetako aje oek izan oi dira urdalleko gaitzik askoren sortzalleak eta baita ere ao barruan bertan azaltzen diran batzuenak, nola diran aosapaieko eta oietako aundidurak iñoiz zornatzen diranak; zeñak izanik aiñ gauza jakiña, nolakoak izaten diran ez degun beragatik emen ezer itzegingo, baizik bakarrik berak erremediatzeko egin litezkean gauza batzuek izendatzea ez bada. Onegatik beti lendabizi kontuan eduki bear dan gauza da, ortz agiñetako eta aoko garbitasuna, kenduaz jan ondorean artarako izan oi diran txots me eta bigun batzuekin, aen tarteetan gelditzen diran kondarrak, eta erabilliaz aoan beste zenbait garbigarri artarako egiñak egoten diran aek. Askok egiten duten bezela ortz edo agiñak erremedio gogorrakiñ aetako oñaza daukatenean, erretzea da gauza txit kaltegarria bada denbora labur batean naiz eta beren miña zerbait sortu, ekarri oi ditu usariyo onek aurrerako oker aundiagoak nola diran erramianta aek osoro galtzea eta aosapaietan aundidura txarrak etortzea.

        Beste gauza kontuzkoenetatik bat da berriz, ez jan eran otzegi edo beroegiak aoan sartzea, bada denbora bitarte gutxiko otz beroak dira ortzak eta agiñak erraz galdu azten dituztenak eta baita ere aoko beste gaitz askoren sortutzalleak, zeñak, iraupen luzekoak diranean argaldu azten duten au gertatzen zaiona bear diña jateko eziñ artu izaten dualako, eta izan litekean au osasuna bigundu eta galtzeko bidea.

        Izendatu ditugun gaitz oei alde egiteko dira esanaz gañera gauza onak, aoko garbitasunak egitea botikan ematen dituzten zenbait artarako dauden auts eta ur garbigarriakiñ, eta zeñen artean izendatuko ditugun sugatzarra deitzen zaion arria, limoiaren zumua, eta beste medikuak agindu litzakean batzuek. Nola ere aoko miñak ekarri oi duten beren ondorean geienetan urdalleko loia, onelakoetan artu bear izaten da bera ustutzeko medikantza garbitzallea zeña izan litekean artarako askotan ematen degun gatza edo beste onen antzeko bat: bañan esan bear degu berriz eta berriz, aoko gaitzetatik alde egiteko gauzik lendabizikoen eta bearrena dala bertako garbitasun aundia.

        Jan gordelekuko gaitzen artean izan oi dira ere ugarienetakoak janari eta eran txarrak, otz edo beroegiak, eta bai ere edozeiñ sasoitan artuak ekartzen dituztenak, zeñak eta zenbait pensakizun bere burua estutzekoak norbaitek edukitzeak eta otzak pasatzeak, diran geienetan urdalleko ondoezak sortutzen dituzten gauzak, etortzen dirala oen medioz eta ondorenean, jateko gogorik eza, gorako aizeak botatzea, bomitoak eta urdalleko pisua, edo leku ortako oñazeak aiñ naigabe aundiak ematen dizkatenak au gertatzen zaionari. Izendatu ditugun oker oek sortu oi dira askotan bear baño len bularraz gañera ematen zaizkatenean zenbait janari ume txikiai, edo oek aziaz dijoazenean edozeiñ zikinkeri jaten dituztelako; bañan gauza oen gañean itzegiñ bear degu aurreragoan umeen gaxoen gañean ipintzen degun argibidean.

        Ez dago zer esanik oraiñ aitortu ditugun urdalleko eta esteetako ondoezak azaltzen diranean gizon edo emakume baten gaiñ, lendabizi egiñ bear degun gauza dala, aen barruan dauden zikinkeriak kanpora bota aztea eta onetarako emango dizkagula erremedio garbitzekoak edo leku aek ustutzekoak, zeñatatik errazen eta eskuartekoenak diran rizinoa deritzaion oliyoa, edo gatz ontarako botikan ematen dutena (ontza baten tamañan naiz bat eta naiz bestea), edo senaren osto batzuek egositako ura; bai eta ere izango da gauza ongarria ematea atzealdetik malmen ur epelarekin garbigarri batzuek eta ipintzea sabel gañean linazizko enplastoak onela denboraz barrua ongi garbitu dediñ eta ez ditezen au ez egiteagatik sortu geroagoan zenbait gaitz kontuzkoak leku aetan urdallak eta esteak eduki litzakeen okertasunen bitartez. Onelakorik iñoiz gertatzen danean, azaldu oi dira arako janak ondo artu eziña esaten diogun gaitz ura, zeña izaten dan batzuetan urdallak ongi janaria masatu eziñ dualako eta beste geiagotan berriz egostokian dauden zenbait konpongarri bear bezelakoak ez diralako; au bera gertatu liteke ere beste gaitz askoz bildurgarri urdallean sortzen diran batzuekiñ nola diran leku artako zauria eta miñ bizia: Bañan nola onelakoetzaz beti medikuak jabe egiñ bear duan, ez goaz gu emen ezer itzegitera gaitz oen biyen gañean. Bakarrik esango degu gaurko egunean egiñ diran aurreratzeen bitartez medikantzako gauzetan, lenagoko denboretan eziñ sendadutzat eduki oi ziran zenbait gaitz, moldatzen dirala orain ongi, zergatik egiten diran urdallaren barruan dauden jan konpongarrien eta beste gauza askoren esamiñak eta begiramentuak len ez bezela, artarako oraiñ dauden zenbait erramiantaren medioz; eta baita ere oen beren bitartez urdall barruko garbitasuna txit ederki egiñ oi dan.

        Urdalleko gaitzentzat gaurko egunean usariyo aundia dagoan beste medikantza bat da bañu etxeetan onetarako dauden urak artzea; zeñaren artean ez degun aitortu gabe utziko probintzi oetan arkitzen diranetan Zestuako Gesalagakoa, lenagoko argibide batean esan degun bezela; bada leku artako ur gesala da urdalleko, gibeleko eta esteetako gaitz askoren txit erremediatzalle guztizkoa, medikuaren aginduz artu bear dan bezela artzen danean. Baita ere bañu etxe oetako egon aldi bat ongi etortzen da askotan zenbait gaxo modurentzat zergatik an dauden bitartean gaxo oek edukitzen dute oituraz kanporako bizimodu bat, eta beren gaitzentzat medikuak agintzen duan janari egokia: gañera leku aetako alaitasun eta lagun arteak askotan sendatzen ditu gaxo oek izan oi dituzten tristura aldi eta ez bidezko zenbait pensakizun askoz.

        Itz gutxi esan bear ditugu zergatik gure paraje oetan ez diran izaten aiñ ugariak urdalleko gaitzak, non izan oi diran asnasea artzeko tokietakoak eta odolak korrimentua daukan zañetakoak aiñ beste. Geienenbat au gertatzen da zergatik gure parajeetako jendeak janari garbia eta erraz urdallak moldatzekoa artu oi duan, bada ugariena dakigun bezela izaten dira esnea, baba, arto edo gaztaña, eta arrautzak; eta ez dan ere zenbait lekutan diña eran gogor eta piper eta antz onetako jan konpongarririk usatzen; bakarrik esan bear degu iñoiz gure leku oetan sortu oi dirala zenbait gaitz urdallekoak baserrietako jendeen artean, oek egiten dituzten betekarak dirala medioz zenbait erromeritan eta oraindik geiago berriz illdakoen eztaietan edo ondretan, zeña derizkiogun dala kendu bear litzakean usariyo txarretatik bat.

        Esanik daramazkigun gauza oen bitartez ikusten degu zenbaterañoko kalteak egiten dituan jan eran geiegikoak eta baita ere zeiñ egokia izango dan ez egitea betekara nabarmen oek, zeñak beti izanik gauza itxusiak, gañera diran Elizako dotriñak eragotzirik dauzkanak. Bada esaera jakintsu bat zeñak dion ez dala bizi bear jateko, baizik jan bear dala bizi izateko, eta beti au kontuan eduki bear degu jan eranaren gañean eta onen ugaritasun, izaera modu, eta artzeko orduen gañean ere; egiñaz jan eranari dagozkioten joan etorriak bakoitzak daukan gogo eta indarrai ongiena datorkion moduan eta usariyo edo oitura artuta daukan era artan.

        Bukaera eman bear diogu argibide oni izendatuaz beste oitura txar eta galgarri bat urdalleko eta gibeleko gaitz askoren sortzallea gaurko egunean geiegi jende artean zabaldurik dagoana, eta batez ere kalte izugarriak gazte jendean egiten dituana biurtuaz azkenerako gizona ganadu baten antzera eta gauza nazkagarri bat balitz bezelako itxurara. Arrazoiz esaten du gizon jakintsu batek eran gogor aek nola diran ur irazekia eta bere antzekoak, dirala osasunaren kaltegillerik aundienak, eta baita ere diogu guk, etxe askotako pake galtzalleak. Asko itzegiñ izan da gure denbora oetan zenbateraño galdu oi duan jendea erari gogor aek artzeak; eta atera diran kontuetatik argitaratzen da ikusten danez, karzela eta gizon edo emakume erotutakoak egoten diran lekuetatik, oetan sartuta dauden jendeetatik irutatik bi dirala eranari emandakoak eta onen bidez galduak: eta ez bakarrik eraleak bere buruarentzat ekartzen ditu kalte aundiak, baizik baita ere bere ondorengoentzat, bada orlakoen umeak izaren dira askotan odol txarrekoak, argalak, biotzeko miña egiten zaiotenak eta zenzugabeak. Bukatu zagun, bada, esanaz ur irazeki edo aguardinta eta onen antzeko erariak ondo egiñak eta garbiak diranean, artzen badira jan ondorean eta gauza gutxi bat, ez dirala kaltegarriak; bañan erari oek geiegi artzea dala izan litekean gauzarik txarrena egiten dituan kalteak gatik eta ordikerian emandako gizona baño gauza nazkagarriagorik eziñ munduan izan litekealako.

 

aurrekoa hurrengoa