www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erriko jendeentzat osasun legeak
Martin Aranburu
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: Erriko Jendeentzat Osasun Legeak eta Medikantzako Argibideak (Isabel Arrigainen edizioa), Martin Aranburu eta Manuel Bago Agirre. Euskal Editoreen Elkartea, 1994

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN ARGIBIDEA

 

Trabajuba edo tiputza izendatu
oi dan gaitz edo gaxoaren gañean.—
Etxeko eta beste garbitasunak
gaitz onetan nola egin bear diran.—
Bai eta ere erakusten da nola bañuak
erremediotzat gaitz onetan ematen diran.

 

        Izanik gure liburu onetan argitaratzen ditugun eginkizunak txit baliyo aundikoak, esan gentzake laugarren argibide onetakoa dala oraindik bearragoa, bada itzegin bear degu berean, euskal-errian sarri eta askotan azaldutzen dan gaxo baten gañean, bertako jendeen izate modua dan bezela eta beren bizimodua dan bezelakoa izanaren bitartez, aurreragoan esango degun moduan.

        Antziñako denboretan izendatu izan da tiputza edo trabajuba gaurko egunean deritzen dioguna, beste izen modu batzuekin nola diran kalentura ustela, kalentura gaiztoa edo bai eta ere okerra, eta onela beste modu askotara; eta bai eta ere esteetako gaitza, esanayik onela zeiñ gorputzeko lekutan zeukan bere izatea edo egon lekua; lendabiziko izenakin aditzera eman nai zuten bezela zer izan zitekean berez eta bere izatez aitortzen ari geran gaitz au. Da bada izendatzen degun gaxoa, lenago aitortu ditugun zapamorro edo gaitz sortzalle bizi aetako batzuek izaera ematen diotena, eta gañera pegakorra eta odola usteldu eta galdutzen duana: zapamorro oek edukitzen dute beren gorde lekua esteetan, eta dira gaxo onetan azaldutzen diran okertasun guzien jabe edo egilleak, nula diran gaxoak edukitzen duten berotasuna (zeña beti aurrenengo egunetan joaten dan geituaz); buruko miña, gorputz guziko aztuna, burutikako nastutzea, odol korrimentu esteetakoak eta oetan sortutzen diran txirak; bai eta ere usai gaiztoko berako eta beste gaitz bildurgarri onek berekin oi dituan gauza eta lankizun zenbait, esaten joango geran bezela.

        Itzegiten ari geran gaitz onetan ere, badira beste bere antzerako batzuek, bañan bigunagoak, eta indar gutxiagorekin azaldutzen diranak, zeñaren gañean esan bear ditugun itz batzuek izan dezaten beraren entzutea gure liburu au eskeintzen diegun jendeak, onelakoetan ipintzeko bear diran erreparoak, eta egiñ, bear diran garbitasunak.

        Lendabiziko izendatu bear degu, lanean geiegi beartu edo nekatu eta ondorenean, iñoiz azaldu oi dan onetarako gaitza, zeñak eduki arren tiputzaren arraza, txiki bat ez bada ere, sendatutzen dan amar edo amabi egunen barruan bear dan deskansuba gorputzari emanarekiñ; eta esne edo salda on eta jan garbia ematen zaiola bear dan neurri eta erreparoakin gaxoari.

        Bañan beste batzuetan ez dira gauzak onen bigun eta zuzen joaten, eta orduan, alegiñ guziak egiñagatik artarako dauden erremedio, bañu eta beste izatekoakin, alaz guziaz ere gaxoa arkitutzen da guzia tontorturik, berotasun aundiarekin, mingaña beztua, eta ezpañak urdinduak eta dardararaz dauzkala, aditzera emanaz utzi dutela eta alde egin diotela indar bizi guziak eta dagoala gizona ez balitz bezelako edozeiñ beste bizirik gabeko gauza baten itxuraz; edo beste altera jotzen duanean, buruko naspilla txit aundiarekin, geldirikan eziñ egon dala, eta gorputz guziko dardarakin, puntutik puntura ler egiñ eta nekearen poderioz bizia galdutzeko arraxku aundian. Bi izate modu izendatu ditugun oetatik lendabizikoa da, antziñako denboretan lenago esan degun bezela kalentura ustelaren izenarekin ezagututzen zutena; eta bigarrengoa berriz, kalentura gaiztoa edo okerrezkoa deritzen ziotena, zeñetan bañuak izan oi diran erremediorik onena eta bearrena gauzak zuzentzeko aurreragoan esan bear degun bezela.

        Beste batzuetan berriz, alaxo itxura moduan sortutzen da gaitza, non esan lezakean dagoala beraren malura guzia leku batean bilduta; eta ala, iñoiz jotzen du gogor eta bakar-bakarrik burura, garunetako gaxoa balitz bezelako antzera; beste batean biriketara, oen aundidura edo pulmoniya balitz bezela; eta beste beiñ edo beiñ bai eta izerdi aundi eta urtutzalle, edo odol korrimentu bildurgarri batzuen itxuran ere azaldu oi da, gauzak oker eta bere bidez kanpora etortzen diranean.

        Leku onetan dagokigu esatea, gu itzegiten ari geran tiputz gaitza ez dala beste noiz edo noiz ikusi izan dan izen berekoa, bañan askotzat txarragoa, eta daukana bere izaera jende asko alkarganaturik eta zikinkeriak eta goseak sortuera ematen diotena: bada oraiñ esaten degun gaitz au izan oi da berez laburra eta geienaz ere amabost bat eguneko luzaera daukana; ez da bertan berakorik eta esteetako txirarik azaltzen, eta da ere bildurgarriagoa zergatik berekiñ eramaten dituan jotzen dituanaren erdi bat gutxiyenean.

        Azkenik, esanaz badirala beste gaxo batzuek iritxi gabetanik tiputzaren gogortasunera, izan oi dutela beren jarlekua urdalle eta esteetan, eta zeñak ezagutu oi dituan gure parajeetako jendeak astrikaren izenarekin, goazen ikustera zeiñ izan ote litekean eta nolakoak euskal-errian eta batez ere basarrietan tiputzari sortuera eman lezaioteken gauza moduak, lenago zerbait puntu onen gañean aitortu deguna geiago azalduaz.

        Ongi emanaz gaurko egunean mediku guziak emanik daukaten bezela, lenago izendatu ditugun zapamorro aek dirala esteetan jarkitzen diranean, tiputzari sortuera ematen diotenak, orain jakin bear degun gauza da, zer eta nola gaitz sortzalle bizi eta aiñ txiki aek sartu litezkean gizon edo emakume baten este barruan, bada lenago esan degun bezela, au da beren gorde lekua gure gorputzera iristen diranean. Geienenbat uste izaten da zapamorro aek sartutzen dirala gure barrenean jatekoarekin batera, eta oraindikan geiago eta errazago iturriko uraren bitartez, ez bakarrik erateagatik baizik bai eta ere arropak edo arpegia edo eskuak garbitzeko dabilkigunean ere: erri bateko urak txarrak izatea eta ez bear bezelakoak, da bada, gauzarik lendabizikoena tiputza azaldu lezakeana orretarako erriko jendeen artean. Bai eta ere gaitz onen izaera moduak erakusten du sortu litekeala eta sortutzen dala askotan, gaxo dagoanak bere barrundik edo esteetatik botatzen dituan zikinkerien medioz, oek erabilli edo oen usai gaiztoaren mendean iñor egoten bada, zergatik zikinkeri oetan dagoan gorderik gaitzari sortuera eman lezaiokean sustrai gaiztoa. Gauza au onela izanik, konturatzen bagera gure parajeko basarri etxeetan egoten dirala simaur pillatuak zeñatatik batzuek bilduak izaten diran beiñ bañan geiagotan gaxoa dagoan etxeren batetik, eta gañera etxe inguruko liña potzuak egoten dirala erdi usteldutako urez beteak; eta bai eta ere zenbait errekatxo eta alberga txikietan egiñ oi dirala gobara eta beste arropa eta ontzi garbitzeak bear bañan ur gutxiago naiz eduki leku aetan garbitasun bear bezelakoa egiteko esandako gauza oen bitartez eta izanik aditzera eman degun bezela ura gaxo au sortutzen duten zapamorroen biderik egokiena gorputzaren barruan sartutzeko, ez dago zer esanik zenbateraño iristen dan gure baserriko jendeetan erraz gaitza au azaldutzeko modua edo bidea.

        Beste gauza bat zer ikusi aundia daukana gaitz esaten ari geran au sortutzeko, da nor bera bizi dan etxearen edo bizilekuko izaera modua. Esaera bada, nor bera garbia danak, bere etxea ere garbia edukiko duala; bañan au ez da erraz gertatzea gure basarrietan, zergatik naiz eta izan guziok dakigun bezela gure basarrietako emakume jendea guztiz txukuna eta garbia beren buruakiñ, eziñ lezateke egiñ nai aiñbat garbitasun askotan beren etxeetan, zergatik oetan bizi diran pillatuak ganadu, egazti eta umeak, eta gañera nekazariak eduki bear dituan zenbait traste zar bere eginkizunetarako, eta etxeak geienean oi dituzten gela txiki eta illunak bertako jendea lotaratzeko; gauza oek guziak alkarganatuta, dira beste iturri edo sortu lekua itzegiten ari geran gaxoarentzat, bada onen iltzalleetatik bi lendabizikoenak dira aizea eta argia, esandako gela txiki aetan egon eziñ litezkeanak. Iñork bañan obetoago dakigu guk gauza oek baserri etxeetan nola oi diran bada egunero ikusi bear izaten degun zeiñ zalla dan gaxoari alde egitea baserriko langille jendea bizi dan bezela bizita; eta bai eta ere sendatutzeko zenbat gauza desegokiri alde egiñ bear izaten diogun beiñ baña geiagotan. Egiten ez diran bitartean baserri etxeak bear bezela, bertako bizilagunak eta ganaduak bata besteagandik urrutiago egunez eta gabaz egoten dirala; eta simaurrak eta beste etxeko milla zikinkeri eta traste zar aldameneratu eta apartagoan etxeko jendeetatik edukitzeko modua ipintzen ez dala, beti ikusi bearko ditugu basarriko jendeen artean ikusten ditugun aiñbat gaxo modu onetakoak, eta bai eta ere erreumak, umoreak eta biriketako gaitzak, zeñak izan oi diran ugarienak gure parajeetan azaldutzen diran gaxoen artean.

        Azkenik esan bear degu puntu onen gañean, zer nola egiñ bear diran garbitasunak eta nolako erreparoak eduki bear diran gaxo daudenak botatzen dituzten zikinkeri eta berakoakin, alde egiteko modu onetan gaitzari gure mendean dauden eginbideak ipiñiaz.

        Izanik gauza jakiña esan degun bezela gaxoaren berakoan edo esteetatik botatzen duan zikinkerian egoten dala gaitza sortu lezakean gaiztakeria, lendabiziko egiñ bear dan gauza da zikinkeri oek etxetikan aldamen apartako batera eraman eta lurpean sartutzea, modu onetan euliak eta beste mamorroen batzuek ez ditzaten erabilli, eta geroagoan naspillatu ala bear bada eran bear degun iturriko ura, edo garbitasunak egin bear diran erreka edo albergetan artarako egon litekeana: era berean eduki bear da erreparo aundia ez nastutzeko esandako zikinkeri oek simaurrarekin edo ganadu azpiak egiteko daudezen belar edo lasto legorrakiñ.

        Gauza modu askotakoak agindu izan oi dira egiteko bear diran garbitasunak gaxoak botatzen dituan zikinkeriakin, bañan guzietatik onena eta merkeena da iñolaz ere kare bizia, zeña nola ibilli bear dan etxeko eta beste garbitasunak egiteko, lenago itzegiñ degun irugarren argibidean; eta onetan utzirik itz bide au, goazen esatera beste batzuek gaurko egunean tiputza sendatzeko usariyo aundia daukan gauza baten gañean, nola dan, bañuak gaitz onetan ematearen gañean.

        Denbora guzietan eduki izan dute erreparoa medikuak al dan laster eta aguroen gaxoak daukanean berotasun aundia, au laburtu eta gorputzeko beroa arintzeko, baliyatuaz onetarako batzuetan onak uste izan dituzten erremedioaz, eta besteetan ur otzaz modu batera edo bestera emanaz bañuak eta busti aldi ongien iduritu zaiztenak.

        Gure aurreko gizaldian eduki izan zuen bolara aundia bañuak gaxo onetan emateak, bañan orain dala berrogei bat urte egiñ ziran oen gañean lan eta begiramentu aundiak, eta oetatikan dator gaurko egunean edukitzea bañuak mediku guziak, tiputza sendatzeko izendatzen diran erremedioetan aurrenengoa bezela. Bañan tiputza ikusten degunean, noiz eta nola eman bear dira bañuak? Au da gauza bat zeñari erantzungo diogun bereala, erabakiaz bear bezela galdera orri dagokiona. Bestetik esan bear degu, ez dala aintzakotzat artu bear zenbaitek esan eta agindutzen dutena; zeña dan, ezagutzen dan beziñ laister gaxo bat tiputza dala bereala asi bear dala bañuak ematen: au izango litzake gauzak beti erabatera egitea, eta era batera beti egindako erremedioak eziñ izan litezke onak egindako guzian; gañera berriz leku ematen du onelako medikantzak, uste izatera bera dala medioz sendatu dala gaxoa, naiz eta au bera gertatu al izan bere gisa eta ezer ere egin gabe beiñ baño geiagotan. Gogoan eduki bear degu beti gaitza izanagatik jakiñ bat, gaxo egoten diranak banakoak dirala, eta gizon edo emakume bakoitzak, berari bakarrik dagozkion bezelako erremedioak bear dituala: orregatik eziñ liteke esan onelako edo alako gaitz, onela edo ala sendatzen dala, baizikan onelako edo alako gaitzekiñ dagoan bat edo besteari, erremedio au edo bestea eman bear zaiola, bada gaitzak oi ditu egun batetik bestera zenbait mudantza zeñai begiratu bear zaioten, eta zeñak eskatzen duten bakoitzak beretzat erremedio jakin bana.

        Gertatzen danean azaldutzea tiputza berotasun gutxirekin, tontortasunik gabe, burutik gaxoak egiñ gabe, eta ez berakorik eta beste okertasun aundirik ere azaltzen ez dala, ez da gaxo onekiñ ezer erremediorik egiñ bear, ez bada eduki begiramentua gauzak beren asitako bide zuzenean ote dijoazen; eta onela gertatzen bada, egon geldirik gaxoaren indarrai egutxiaz salda edo esnearekin, eta gaitza bertan bera bukatuko da geiagokorik gabe. Onela ikusi izan ditugu sendatzen gaxorik asko, esandako moduan gaitza etorri izan danean; eman gabe ez bañurik eta ez eta ere beste erremediorik zeñak ematen diran egiaz ondasun aundiarekin zenbait moduz tiputza azaldu oi danean.

        Esan zagun oraiñ noiz diran biziro agindu bearrekoak gaitz onetan bañuak.

        Nolabait ere buruko naspillatze eta bizkarmuñeko zañetako dardararak gorputz guzian azaltzen diranak, alkarganatzen diranean berotasun aundiarekin, adierazotzera ematen diguten itzegiten degun gaxo onen gaiztotasuna eta aunditasuna zenbaterañokoa dan, aetatik kontua atera bear degu noiz eta nola bañuak erremediotzat eman bear ditugun. Beragatik, arako gaitzak lendabizitik dakarrenean berotasun aundia zeñak ez dion uzten baterere aurreneko amar edo amabi egunetan, eta gañera dagoala gaxoa zenzu gabe eta burutik naspillatua, edo beso eta oñetako dardararakiñ, orduan bai uste degula eman bear zaiola bañu epel bat, zeñak geienean esandako okertasun oek zuzendu oi dituan. Ez degu uste era berean, zenbait kanpoko parajeetan usariyo dan bezela, eman bear dirala busti aldiak iturriko ur otzarekiñ bada au gogorra derizkiogu eta gañera ez da gauza ezereren erreparo eta arraxkurik gabe egiñ litekeana gertatzen dan bezela beste aldera bañu epelakiñ. Beragatik erri txikietan bizi diran medikuai dagokiote erakustea baserriko eta langille jendeai zenbateraño diran onak esaten ari geran bañu epel oek gaitz izendatutako onetan; eta erriko jaun eta agintariai berriz, ekarri edo egiñ aztea artarako bear diran ontzi egokiak zeñak erraz erabilltzekoak oi diran leku batetik bestera.

        Bañu emateko modua da gauza txit erraza; asko da onetarako dagoan ontzia ipintzea oiaren aldamenean bear dan aiñbat ur epeldutakoarekiñ, eta bertan sartutzea gaxoa ogeita emeretzi edo berrogei gradura iristen danean daukan berotasuna, edo daukanean buruko naspilla aundia; eduki bear dira ere ur otza eta beroa beste ontzi banatan nastutzeko eta edukitzeko bear dan tenplean bañuko ura. Naikoa izan oi da ipintzea bañua ogeita zortzi gradutan zeñak joan litezkean jatxiaz eta eman bear zaiozka idurzi batzuek gorputzean urtan sarturik dagoan denbora bitartean, bañan eduki bear du ere burua urtatik kanpoan eta berotu ez dediñ bustiaz noizik beiñ ur otz pixka batekiñ edo zapi uretan bustitako batekiñ estalia: esaten ditugun idurziak dira onak, zergatik berrogei graduko berotasuna daukan gaxo batek, sartutzen danean ogeita zortzi dauzkan uretako bañuan, errazago igarotzen du amabi gradu oen aldea pixka bat idurziaz eta odolak mugituaz, ez geldirik egon eta baño.

        Bañutik ateratzen danean batu edo bilduko da gaxoa izara batekiñ eta onela dagoala eman bear zaio ardo aundi pixka bat edo salda edo beste piztugarri bat, eta utzi bear zaio geldirik; bada bañu ondorenean jatxi oi da berotasuna eta bai ere etorri gaxoari logure gozo eta ongillea, zeña bitartean utziko diogun pakean. Gauza egokia izango da egotea beintzat lenengo bañuan medikua ikusten gauzak nola egiten diran; eta emen esan bear degu ere, geienean asko izaten dirala iru edo lau bañu egun batetik bestera, eta bakoitzean egon bear duala gaxoak gutxienean ordu laurden bat urtan sartuta: bañan lendabiziko bañuak erakutsitzen duala urrengoak nola eta zenbaterañokoak izan bear duten, ikusi eta gero arrek gaxoa nola artutzen duan. Eziñ bagendu bañuak emateko modurik egiñ gaxo bati bere etxekoak nai ez dutelako edo beste edozeiñ gora beragatik, orduan gauza ona da besterik ez bada ere ura eta ozpiñarekin egindako naste batekin gorputza bustitzea ipiñirik iru aldiz ur geiago ozpiña baño: da au ere erremedio ona naiz ez izan bañuen parekoa. Au da gaurko egunean tiputza gogor datorrenean leku guzietako medikuak ontzat eta lendabizikotzat ematen duten erremedioa, eta uste degu gure parajean ere iritxiko dala jendearen artean edukitzera bear eta merezi duan begiramentua, geiago zabaltzen danean bere usariyoa egunetik egunera dijoala ikusten degun bezela.

 

aurrekoa hurrengoa