www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erriko jendeentzat osasun legeak
Martin Aranburu
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: Erriko Jendeentzat Osasun Legeak eta Medikantzako Argibideak (Isabel Arrigainen edizioa), Martin Aranburu eta Manuel Bago Agirre. Euskal Editoreen Elkartea, 1994

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMARGARREN ARGIBIDEA

 

Emakumeak aurra egiteko daudenean
bear dituzten erreparoak eta garbitasunak.—
Aurgintza eta aur-ondorena.—
Zer egiñ bear dan eta nola,
medikurik gabe arkitutzean aurgintza batean.—
Ume jaio berriak bear dituen erreparoak.—
Bularre edo beste esnez umea azitzeko gañean.

 

        Askotan arkituko dira etxeetan amargarren argibide onetan izendatzen diran eginkizunetan, eta au orrela dala, al degun garbien aditzera emango degu berai dagozkioten esankizunai, itzkuntzik erraz eta klaruenian.

        Esan oi da emakume bat aur-egiteko dagoala, bere sabelean umea sortutzen danetik ume au azi eta itxuratutzen dan artean amaren sabeletik kanpora bizi izateko moduan. Beragatik emakumea arkitzen da aurra egiteko dagoan denbora bitartean, izate modu txit nolabaitekoan, bada ez bere buruarentzat bakarrik lana egiñ bear dute arren gorputzeko zati guziak, baizik baita ere berekin daraman bizi-lagun txiki arentzat ere, bear dan moduan au moldatu dediñ artean gizon edo emakumetxo osoaren itxurak arturik. Lankizun onegatik beragatik izan oi ditu emakumeak bere osasunean gora bera aundiak eta bere gorputzeko zenbait toki jakiñetan moldakizun eta itxuratze asko, zeñaren gañean esango ditugun itz batzuek eginkizun oek nola izan oi diran adierazotzeko. Izendatu ditugun moldakizun oetatik lenengoa eta nabarmenena da amasabelak artutzen duan aunditasuna; eta aunditasun onen bitartez bere inguruko beste gorputzeko pusketai ematen diozkan estutasunak nola diran esteloriari, puxigari, eta beste anketatik gora dijoazen zaiñ aundi batzuei jarraituaz ondorenean estutasun oen bitartez, gorputzetik eziñ libratu edo irtena, txixa larria, eta oñak aunditzea, maiz ikusten dan bezela. Baita ere aunditasun orren beraren bitartez amasabelak estututzen ditu asnasea artzeko tokiak eta urdalle eta beste sabeleko este txikiak ere; nola baita jartzen du ere sabeleko larru azala bearturik, jarraituaz izate oen bitartez asnase estua, jan eziña, edo jandakoak ez ondo artzea, eta sabeleko zaiñ tiratuak. Baita ere jan eziñ esandako au dagoala etortzen zaiozka iñoiz emakumeari gauza zikiñ edo osasunarako kaltegarriak jateko gogoa, eta gañera goralarri eta txistularri aundiak askotan ikusten dan bezela. Beste aldetik emakumeak ez bakarrik arpegian egiten ditu mudantza aundiak nola diran kolorez zurbilltzea eta itxura gabetanik gelditzea, baizikan modu berean bere izateak ere aldiztegi aundiak oi ditu, jartzen dirala beiñ bañan geiagotan umore txarreko eta erretasunez beteak.

        Itxurazko gauza da bada onenbeste mudakizun emakumeari ematen diozkan izateak, bearko dituala bere erreparo moduak, bada oek gordetzen ez dirala, etorkizun txar askoren begira gelditutzen da. Jan eta eranean bear du emakumeak bere oitura jarraitu, non da gauza garbiak ez diranak jaten ez bazituan gorputza katigu ez zaukanean, bada orduan oek utzi eta jateko garbiak artu bear ditu. Daramazen gona, goruntz eta beste erropako lasai erabilliko ditu, eta ez zenbaitek oi duan bezela bere burua egoki antzean azaldutzeagatik, estutuaz gerria; bada emakume aur-egiteko dagoanak ez dauka zergatik estali nola arkitzen dan, zergatik jende guziak bear dan begiramentu eta erreparoak gordetzen diozkan. Lan pixka bat egitea eta ibiltzea gañera kontua edukiaz gorputza egunero libratzeko bestela eziñ badu malma ur egosien labatibakiñ, eta bere buruari ez estutasunik emanaz aurra egiten jartzen danean etorri lezaiozken gora-berak gatik, izango dira emakume aurra egiteko dagoanak gorde bear dituan izate edo gauzarik lenbizikoenak. Aurra egiteko denbora iristean dator aurgintza edo amasabelaren barruan arkitutzen dan umea kanpora irtetea. Asitzen da aurgintza au sabelbarrengo miñakin, zeñak batzuek besteak bañan luze eta garratzagoak izanik, bata bestearen ondoren etortzen diran amasabelak barruan daukana bota arteraño. Miñ oetatik lenengoak izaten dira amasabela zabaldu edo irikitzekoak, eta atzen aldera etortzen diranak berriz, kanpora aurra bultzatzekoak; gauza au ondo konturatuta egon bear dute aurgintzan emakumeari laguntzen diotenak ez dezaten aura beartu indar egitera lendabiziko miñ aldietan, bada orduan egiten dituan indarrak alferrikakoak dira umea kanporatzeko eta geroagoan emakumeak berak sentitutzen duanean indargurea berez datorkiona, orduan bai lagundu bear du lanbide onetan, eta ordurako gorde bear ditu indarrak. Beste gauza bat eduki bear dana kontuan aurgintzan da ez dezala emakumeak (oitura gaiztoa askok daukaten bezela) egiñ aurra zutik edo besteren madalean jarrita dagoala; bada batetik zutikako egoeran nekatutzen dan asko andrea, eta bestetik madalean edo jarrita dagoala dauka arraxkua uste gabe aurraren ondoren bereala aur-laguna jarkitzeko, eta au gertatutzen danean etortzen da ondoren odolgaldu aundia zeña izan litekean emakumearen bizia galdutzeko diña zenbait aldiz; eta onenbestera ez iritxita ere, beti galdutzen da bear bañan odol geiago, eta au gauza txarra da txit. Orregatik beti agintzen degu jartzeko oe bat koltxoe pare batekiñ edo bestela lurrean lastai bat eta koltxoe bat bear diran estalkiakin egoaldiari dagokion moduan; eta batez ere neguan asko obea dan oeko aurgintza zergatik emakumea epelago egoten dan eta otza dan txit egokia aurgintzea atzeratutzeko eta luzeagoa egiteko. Ez du onek esan nai miñak asitzen diranetik bertatik atzeneraño emakumeak oiean egon bear duala bada gauza ona da ere azken alde artean batetikan bestera pixka bat mugitutzea, bañan oraiñ esaten degun onetatik kanpoan oztutzeko arraxkuan egotera, bitarte aundia dago. Beste gauza bat nekazari eta langille jendearen artean ustez obetoago izateagatik askotan egiñ oi dutena eta egiñ bear ez dana, da puntutikan puntura aurra egiten dagoan emakumeari ematea dala teia, edo kafia edo salda garbia, naiz eta gogorik ez dezala eduki; ez da onegatik gertatutzen jende oek uste duten bezela esandako gauza oek maiz artuarekin lenago emakumea dagoan estutasunetik ateratzea, baizikan orrelako nasteakin gora larria eta ondoeza besterik etzaizka jarraitzen emakumeari; eta bakar bakarrikan jan zarra badago andrea, edo miñak txikiak eta noizipeiñgoak badauzka, edo aurgintza asko luzatuaz badijoa, orduan eman lezaioke salda pixka bat edo beste lenago izendatutako gauza aetakoren batzuek. Aurgintza aurreratuaz dijoanean eta urzorroa ausirik umea kanporatzen danean, lotu bear zaio zilla bi tokitan; bat, gilborretikan biatz bi gutxi gora bera loturak dituela, eta bestea, tarte txiki bat arekin utzirik, biyen artean gero guaizeakin ebakitzen dala; eta ondoren egongo da andrea geldi-geldirik aur-laguna bota arteraño edo ez badu berez botatzen, laguntzalleak tirako dio pixkaka ezkerreko eskua emakumearen sabelbarrenean ipiñi eta antz ematen dionean eskupean osatu dala gogortasun biribill bat, eta ez du lenago egiñ bear lan onetan indarrik aur-laguna ateratzeko, bada amasabela biribildu gabetanik asitzen bada onetan, odolaren korrimentu aundia igaroko zaio ondoren eta jarriko du arraxkuan andrearen izaeta. Asitzen bada odol asko joaten aur-laguna egiteko dagoanean edo egin eta bereala, ipiñiko zaizka emakumeari denborarikan batere galdu gabetanik ur otzetan bustitako edozeiñ zapi zar edo berri sabelbarrenean eta istarretan bereala medikuari ots egiten zaiola.

        Aur-laguna egindakoan egongo da emakumea gora begiratuaz iñora mugitu gabetanik eta jarri edo ipiñiko zaio gerrian lotuta zabal-zabalik onetarako ondo datorkion esku zapi bat ari puntara batzuekin edo orratzakin gogortuta. Ez degu esan oraindaño ezer aurgintzako gañean, ez bada lan au bere izate onean gertatzen danean laguntzalleak jakiñ bear dituan gauzarik aurrenengoenak; bañan ikusten badu onek, edo aurra jaio bañan lenago odola joaten asi zaiola andreari edo oni naigaberen bat egiñ zaiola, edo aurra kanpora irteten asitzen danean ez duala burua azaldutzen baizikan besoa, edo anka, edo orrelako bear ez litzaken pusketaren bat, orduan edo aurgintza oso luzea dijoanean, ez datoz gauzak bear bezela eta ongi, eta deitu bear zaio mediku bati.

        Umeari zilla ebakitakoan begiratu bear zaio ongi lotuta daukan, bada au onela ez bazaio jartzen, etorri lezaioke odol korrimentua zilletik, zeña litzakean txit arraxku aundikoa umearen biziarentzat. Ondorenean garbituko zaiozka istar tarte eta lepoan eta galzarbeetan dauzkan koipeak oliyo edo jaboe urarekin, eta eztarriko eta aoko mukiak kendutzen zaizkala baldin badauzka, estaliko zaio zilla zapitxo batekin eta jarriko zaiozka bere gerriko lotura eta beste arropak geiegi estutu gabe, bada au egiñ ezkero gertatu liteke, iñoiz izan dan bezela, umea itotzea asnasik artu eziñik.

        Baita ere konturatu bear degu emen, zeiñ gaizki egiten duten askok ume jaioberriari burua luze antzean dakarrenean zapaldutzea eta biribildutzea esku zabalarekiñ, bada luzetasun au nola bai dan toki estutik ateratzen egindakoa, berez denborarekin alde egiten dio, eta eskuakin ari danean norbait burua itxuratutzen, etorri lezaioke umeari kalte aundia zergatik buruko ezurrak garunak estutu lezatezken; alferrikakoak izaten dira ere arrautza zuringozko lotura eta beste orrelako ezer baliyo ez duten usariyo eta oiturak esandako gauza ortarako. Beiñ estea ustu eta txixa egiten duanean aur jaio berriak, eta zeñetarako asko dan atze aldetik biatz txikia edo perrejill zuztar bat sartutzea, edo eskuko bi beatzekin pixka bat sabelbarrena igorzitzea, ez zaio eman bear askotan usariyo dan bezela salda garbia, bada onek ekartzen diozka sabeleko miñak aurrari, eta asko obea da uresne gozatutako pixkatxo bat edo emakume baten bularra izan ezkeroztikan berria, ematea; bada ume jaioberriaren barrua ez dago oraindik beste gauzarik artzeko ez bada esnea, izan dedilla au amarena, zeña dan guzietatik onena, edo beste emakume batena; eta au ez orrela izanik, auntz edo beiarena, zeñetatikan datozen umea azitzeko bi izate, zeñaren gañean esango ditugun itz bi amargarren argibide au bukatutzeko. Lendabiziko eduki bear dan gauza bat gogoan da, onena dala naiz amarentzat eta naiz ume jaioberriarentzat (non da ez diran sortutzen uste gabeko eginkizunen batzuek), ematea oni amaren bularra; bada antziñako denboretan ere esan oi bañan amatasun geiago zaukala umea azitzen zuan andreak aurra egiten zuanak bañan, gañera gertatzen da gauza bat zeña dan, aurra eginberria dagoan emakumeak daukala bere umeari bularra ematearekiñ, obetoago bere amasabela bear dan bezela gelditutzea aurrerako, zergatik obetoago garbitutzen zaion berak umea bulartuta. Gañera umeak amaren bularrean billatzen du beretzat janaririk egokiena eta amaren naitasunak biguñagoak egiten diozka sabeleko gozotasunetik irten eta kanpoan arkitzen dituan gogortasun eta naigabeak. Baita ere beti ditu bigun eta gozoagoak amak egiten diozkan moldakizunak eta maitetasunak, ez iñure edo soldatan dagoan beste emakume edozeñek bañan. Umea azitzen dagoan emakumeak, aurra egiteko dagoanak bezela, eduki bear ditu kontuan beste zenbait erreparorik asko, nola diran jantzi eta jan eranaren gañean, orain bukatutzeko itz bi esatera goazen bezela.

        Lendabiziko, erabilliko ditu bere jantzi arropak lasai, eta izango dira oek oztu ez dediñ modukoak, bada otzak artutzen badiozka bularrak oek gogortutzen dira eta esnea bildutzen zaio beretan jarraituaz titi arraña esaten zaion gaitza, zeña izaten dan aiñ mintsua eta sendakaitza beiñ bañan geiagotan. Jana eta eranak izan bear dute garbiak eta barruak ondo artzen diozkanak, bada emakumea ondo janak artutzen badu ez dira eduki bear askok oi dituan erreparoak gauza onen gañean, zergatik umeak ere ez du gaitzik izango; bañan alaz guztiaz ere egongo da kontuan ikusten ote duan zerbait gauza kaltegarri umearen izatean orrelako edo alako jateko artzen duanean bularra ematen dionak, bear bada utzitzeko jatez berari bere ustean naiz ez eta kalterik egiñ. Kanpoko aizea artu eta pixka bat eguteran ibiltzea umea azitzen dagoan emakumea, da ere gauza ona, bada kaltegarria da beti etxe barruan egotea; eta au bera esango degu lo egitearen gañean, zergatik umea azitzen dagoan emakumeak bear du soseguz lo egiñ, eta ez oitura txarrik eman umeari bularrean artuaz esnatutzen dan bakoitzean; obea da beste norbaitek noiz edo noiz gabean uresne pixka bat ematea, amak eduki dezan bear dan sosegua. Azkenik edukiko du emakumeak bere burua pensakizunik gabe, zergatik buru ausitzeak eta beste onetarako lanbideak atzeratzen duten esnea eta aurrak nozitu oi ditu askotan, bada esaera batek konturatzen du, umea amaren sabelaren barruan aur-lagunetik zinzilik dagoan bezela, arkitutzen dala ere aurra jaio berria dan bitartean modu berean amaren bularretik zinzilikan.

 

aurrekoa hurrengoa