www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erriko jendeentzat osasun legeak
Martin Aranburu
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: Erriko Jendeentzat Osasun Legeak eta Medikantzako Argibideak (Isabel Arrigainen edizioa), Martin Aranburu eta Manuel Bago Agirre. Euskal Editoreen Elkartea, 1994

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN ARGIBIDEA

 

Zer nolakoa dan euskal-erriko parajea berez
eta bertako jendeen osasunarako.—
Euskaldun arraza nolakoa izandu dan
eta bai eta ere bere usariyoak.

 

        Egia baldin bada bakoitza bizi dan parajeak egin azten dituala nor beraren gaiñ aiñ mudantza aundiak non aztu azitzen duan lentigo zuan izate modua, ez da egi txikiagoa paraje baten izaerak nolakoa dan, modu artan bertan egin azitzen dituala ere jende eta erri osoetan zenbait mudakizun, ainbesteraño non oetako bakoitzari ematen dion beste izate berri bat, onela bata besteagandik alkarren itxura antzeko gabe gelditzen dirala, ez bakarrik naziyo edo erreinuak deritzen diogunak, ez bada bai eta ere oetako bakoitzaren barruan leku jakin batzuek, argibide onen asieran esan degun gertaera arren bitartez.

        Eta ain da egiazko gauza aitortu degun au, edo parajeko izaerak egiten dituan mudantzak eta eraozten diozkan itxurak bertako jende eta bizilagunari, non esan izan duan gizon jakintsu batek asko dala ikustea zer nolakoa dan paraje edozeñetako lurra, bertatik kontua ateratzeko zer modutan bizi eta zer usariyo eduki litzakean bertako jendeak: esaera onen egia eta jakinduria begien aurrean ipintzen digu ikusten degun gertaera batek, zeña dan, leku epel eta bigunetan bizi dan jendeak ez daukala berekin mendi errietakoen gogortasun eta soportua, gertatzen dan bezela gure euskal-errikoakin zeñak dauden onetan aurrean aurrenekoen artean.

        Euskal-erriak (izendatzen degula onela gure liburu onen eginkizunetarako izen artako iru probinziak eta Naparroakoa zeñak beren jatorriz eta dauzkaten alkarganatasunen bitartez ezagutu izan oi diran anaien izenarekin eta lenago eta aurreragoan beti izango diran alkarganakoak «Laurak-bat» izendatuaz), dauzka bere mugatzat jarriak Ifar aldera itxasoa; Ego-aldera erdaldun lurrak (ikutuaz Logroñoko, Burgosko eta Santanderkoa); Eta Sartegi-aldera Aragoiko eta erdal errietako lurra, izanik paraje guztia menditsua eta erriyo asko dijoazena batetik bestera, zeñak izendatzea ez dagokigun guri leku onetan, esango badegu ere gauza oek guztiak beti daukatela zer ikusi aundia parajeko izate moduaren gañean eta bertako jendearen osasunean. Paraje bat nolakoa dan aditzera ematen badute bertako lur, aize eta uren izaera moduak, esan gentzake euskal-errikoa dala geienenbat lekutan bigun eta epel antzekoa, bada naiz eta egiten dituan otz aundiak iñoiz Arabako eta Bizkaiko zenbat goi-erritan, ez da gure parajeetako otza izaten beti Españiako leku askotakoa beziñ gogorra; eta nola gañera euskal-erriko lurra dagoan geienean urez asea, emendik dator gauza esandako oen izaera moduaren bitartez sortu oi diran gaitzak, izatea ugarienak aurreragoan esango degun bezela, euskal-erriko jendearen artean sortutzen diranetan.

        Nola paraje oetako lurra dan txularmetsua lekurik geienean, da au ere txit gauza ona bertako jendeen osasunarako, zergatik errazago eudi urak sartzen diran lurpean, eta berarekiñ nastuta dakarren aize garbiak azkeneko lur pusketarik txikienetako garbitasuna ere berak egiten du, eta aizez jo azten du. Gañera berriz parajeko betiko berdantza eta aize garbia, eta iturrietako ur ugariak, dira beste aiñ beste gauza egiten dutenak gure bizi leku au izatea ezagutzen diranetan onenetakoa; eta esandako gauza oek guztiak eta bertako jendearen gogortasuna eta indartsu izateak, denbora guztietako gizon jakintsuai eman izan diote beti zer egiñik asko gure arraza nolakoa dan argitaratzeko lan eta eginbideetan.

        Naiz eta gure parajeetako lurra izan menditsua eta ez beste zenbaitetakoa beziñ ugaria, bertako jendea izanik biziro langillea, onen bitartez iristen du zerbait osatutzea bear dituan arto eta gariz; eta gañerako ganadu eta arbolariakin eta lurpetik azaltzen diran medikantzetako guztiz onak diran ur asko eta askorekin, dauzka beste edozeiñ lekutakoak aiñbat aberastasun bertako jendea ongi bizi izateko: gañera berriz esan ditugun ur oek ez bakarrik aberastasunik asko dakarte bere ondorean, ez bada beretan billatutzen du erraztasun aundiarekin paraje oetako jendeak zenbait gaxotan bear izaten diran medikantzak, asi burni uretatik eta bai eta ere beste erremedio modu biziro banakikoak. Ongi ezagutuak dira Zestuako ur gesalak eta Alzolakoak Gipuzkoako probintzian, zeñatatik lendabizikoak diran biziro onak urdalleko, esteetako, eta zenbait gibeleko gaitzentzat; eta bigarrengoak berriz txixa tokian iñoiz sortu oi diran arri eta beste antz ortarako leku aetako gaxoentzat; Urberua eta Zaldibarkoak Bizkaian biriketako gaitz eta herpetzarentzat bat eta bestea; Zuazukoak eta Nanklareskoak Araban, eztul zarrentzat eta urdalleko gaxorik asko osatzeko izendatu ditugun azkeneko bi oek, eta Betelu eta Fiterekoak berriz Naparroan eztarriko eta erreuma gaitz askorentzat. Ez goaz gu leku onetan bat banaka izendatzera zenbat eta zer nolakoak diran gure probintzi oetan dauzkagun iturri medikantzatarakoak; bakar bakarrik esango deguna da mundu guztian lanik asko izango litzakeala billatzen beste paraje bat aiñ baztar txikikoa nola dan euskal-erria, non arkitu litezkean gure jaio lekuan aiñbeste ondasunezko ur eta iturri aberats eta eder gure mendietatik datozenak aña.

        Lenago aitortu degun zer ikusi alkarrekin daukaten paraje bateko izaera moduak, eta bertan sortutzen diran gaxoen gañean esan bear degu, gure bizi leku oetan geienenbat azaldu oi diranak dirala asnasa artzeko tokietakoak, bada oek daude errazago gaxotzeko moduan zergatik beti egon bear duten aize otz eta bustien mendean, izanik gure parajea dan bezin aizetsua eta bustikorra: ez degu onegatik esan nai paraje oetan bertakotzat artu bear dirala gaxo oek, baizikan urte muda jakin batzuetan ugariagoak dirala, gertatzen dan bezela neguan eztul eta alborengoakin eta udaran este eta gibeleko zenbait gaitz modurekin. Au bera esan bear degu erreumen gañean ere, bada oek dira ugariak gure parajean, au dan bezelakoa dalako, eta jende nekazari eta langilleak egin bear izaten duan bizimoduaren bitartez, bada guztiok dakigu nola bizi dan gure nekazaria zeñak egunero egun beste tokietan ez bezela, egin bear dituan kanpo lanak busti eta otzaren mendean dagoala, eta dira oek gauzarik egokienak berriz, izendatu degun gaitza iñoren gaiñ sortzeko, berak oi dituan ainbeste izaera moduak gure gorputzean azalduaz.

        Azkenik, odol txarrekoen jabe diranak nola izan oi diran beti jende bigunak eta oek jaio eta bizitzen diran paraje guztietan, gurean onen gañean gertatzen danagatik esan bear degu, geiegiko bustiak beti lagundutzen duala onelako gaitz moduak azaltzeko jende langille eta bear bezelako gobernua eziñ eduki lezatekenaren artean; bañan alaz guztiaz ere geiagotan ikusten dirala aek kaleko jende beartuetan, ez baserrikoetan aiñbat, bada oetan libratzen dira asko eta asko esaten degun gaitzetatik, zergatik naiko esnea umeari ematen dioten, eta au dan gorputza indartzeko izan litekean erremediorik egokiena, onela galerazoaz esan degun gaitz aek azaldutzea oetan.

        Ez degu itzkuntzarik ezer egin nai emen beste zenbait gaxoren gañean zeñak eduki lezatekean zer ikusi gutxi edo geiago gure parajeko izaera moduarekin, bada oetatik badira batzuek merezi dutenak apartako lekuan beren gañean itzegitea aurreragoko argibide batean egingo degun bezela; eta azkenik esango ditugu itz batzuek bukaera emateko orain eskuartean dakargun oni, euskal-erriko jende eta arrazaren antziñako izaeraren eta bere itzkuntza eta usariyoen gañean, zeñak lenago aitortu degun bezela, izan diran denbora guztietan eta paraje guztietako jakintsuengandik txit izkiratuak eta begiramentu asko beren gaiñ ipiñi azi izan dituztenak.

        Guztiak aitortzen dute euskaldunen jatorria dala txit antziñakoa, eta iberoak zeñak izan ziran Españiako lurrean aurrenengo bizi izatera etorri ziran jendeak, gelditu zirala bizi izaten batzuek Ebroko erriyoz aruzko aldean gaur erdaldunen lurtzat ezagutzen degun artan eta besteak esandako erriyo ortzaz unuztik, iñolaz ere zergatik uste zuten bertan eta mendi artean errazago kontu egingo ziotela beren libertadeari. Gu gaur bizi geran parajeetan gelditu ziranak ez zituzten izan aiñbeste gora bera nola beren beste anai Ebroz aruztik gelditu ziranak, bada oek denbora aurreratuaz joan zanean, izan ziran menderatuak Cartagoko eta Erromatarren jendeak gandik, eta galdu zituzten beren usariyoak ere, artuaz kanpotar jende aek bertara ekarri zituztenak, eta gañera oek itzegiten zuten itzegite modu ura bera. Bañan esan degun bezela gure parajeetan gelditu ziranak ez zituan iñork menderatu izan, eta bizi izan ziran beren mendi artean gordeaz libertadea, usariyoak, eta baita ere beren itzkuntza zeña allegatu dan gaurko egunean gure arteraño.

        Esan degun jende aei deitzen zioten Karistioak, gaurko Arabarrak daukaten parajekoai; Barduluak, Gipuzkoatarrak daukaguna zeukatenai: Autrigoiak gure probintzi onetako leku batzuen eta Bizkaiko lurraren jabe ziranai: eta Baskoiak berriz, gaurko Naparroako lurrean Aragoiko mugetaraño bizi ziranai.

        Euskaldunak dira bada gizon kondairale jakintsu eta errespetagarri askok diotenez, arako antziñako jakintsu sonatu Seneca zcritzaion arren denboretan gorderik zeuzkatenak Españiako lenengo bizi lagun edo iberoak izendatzen ziran aen beren izkuntza, usariyoak, eta jantzi modu ura bera; eta au da argibiderik itxurazko eta egizkoena adierazotzeko gure euskal-itzkera izan zala Españiako lurrean aurreneko itzegin zan itzkuntza. Euskera da bada kanpotar naziorik iñortxo ere Españian sartu baño len itzegin zan itzkera, eta onetatik datorkigu guri esan al izatea euskaldunak zirala lendabizi Españiako lurrean bizitu ziranak, zeñaren jatorri garbia gorde izan duten gure paraje oetakoak nastu gabe ezertan egon ziralako kanpotik etorri ziran nazioakin, eta oek menderatu ez zituztelako gure guraso zarrak.

        Gauza au onela dala eta egiazkoa dala argitaratzen du ikusteak gaurko egunean ikusten degun bezela, euskal erriko lurrean ez dirala billatzen eta ez eta ere azaltzen beste zenbait Españiako leku askotan bezela erromatar eta beste kanpotar nazioetako jendeak egin eta utzi zituzten eliza eta berak adoratzen zituzten Jaungoiko gezurrezko aen itxurarik, zeñak beiñ ere ez zituzten ezagutu beren bizi lekuetan gure aurreko guraso zar aek; eta egia baldin bada ere Cartagoko agintari aundi eta gerrari sonatu Anibal zeritzaion arren mendean ibilli izan zirala euskaldunak soldadu erromatarraren kontra, ez da egi txikiagoa ibillera au izan zala batak besteakin egindako tratu batzuen bidez eta adiskide berarekin ziralako; alako moduan non erromatarren agintari Eszipion zeritzaionak igerririk beraren kontrarioetan zijoazen euskaldun jende aek zirala medio galtzen zituala berak atakerik geienak, egin zuan modua jende aek bereganatzeko diruz edo beste al zuan bezelako bidez, eta au egin zuan bezin laister ikusi zuan ere andikan aurrera erraz asko menderatu zituala Anibalen soldaduak esan duten bezela utzi dituzten liburu zarretan denbora antziñako aetako gizon kondairaleak nola diran Estrabon, Plinio eta Silio Italiko izendatzen ziran aek.

        Gizon jakintsu oek berak itzegiten dutenean zer nolakoak ziran euskaldun aen izaera moduak esaten dute zirala alperkeriaren etsaiak, nekea zer zan ez zekitenak, jan eranean kontuzkoak, gorputzeko indarraren gordetzalleak, arrokeririk gabekoak, beren libertadearen maiteak, eta au ez galtzeagatik edozein gauza egitera jarriko ziranak, illtzeak bildurtzen ez zituanak, beren naitasunetan leialak, kontrariyo bildulgarriak, biyotz onekoak, azkarrak eta indartsuak, dantzari ariñak (onetan asitzen ziranean zeukaten iru zuloko txistu bat joaz zeña dan gure gaurko danboliña); ibiltzen nekatzen ez ziranak, atakeetan korajetsuak, eta azkenik beste iñor ez bezelakoak beren kontrarioak uste gabe, edozeiñ lekutan sartu eta aek arrapatzeko.

        Zenbateraño gorde ditugun gaurko egunean gure lenagoko guraso zar aen doai eder aetatik, ez dagokigu guri emen esatea; bañan alaz guziaz ere ez degu konturatu gabe utziko, oraindik gure denboretan ere euskaldunak beste iñongo jendeak ez bezela dauzkatela beren gaiñ izate modu jakiñ batzuek, eta bai eta ere paraje askotan lenagoko gure guraso zar aen itzkuntza ura bera.

        Euskal-erriko jendea da elizkoia, agintariari bear dan errespetoaren gordetzallea, leiala, eta bai eta ere setotsua, zerbait buruan jarkitzen zaionean naiz eta ez beti arrazoizko gauza izan. Beraren usariyoak dira ere biziro berakikoak, eta oen ondasuna argitaratzen du ongi egunero ikusten degun gauza batek zeña dan, iru probintzi oetan eginkizunik gutxiena edukitzen dutela beti justiziko gizonak beren lanetan, eta bai eta ere gure nagusitza edo aginpidea daukatenak, beti azaltzen dituztela zuzen eta garbi berai dagozkioten kontu eta artu emanak.

        Beste gañerakoan beti dauzka euskaldun jendeak berekin antziñako guraso zarren izaera moduak; eta ala, pelota jokua, balanketa jokua, aizkora jokua, belar ebaite jokua, saltaka jokua, txalupa jokua, eta bai eta ere azkenik bertako dantzan egitea, guziak adierazotzen dute dirala jende indartsu eta pizkorraren usariyoak, jakiñ izan ditugunak gordetzen gauza gogoragarritzat bezela gure aurreko guraso eta aitona zar aetatik.

 

aurrekoa hurrengoa