www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erriko jendeentzat osasun legeak
Martin Aranburu
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: Erriko Jendeentzat Osasun Legeak eta Medikantzako Argibideak (Isabel Arrigainen edizioa), Martin Aranburu eta Manuel Bago Agirre. Euskal Editoreen Elkartea, 1994

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN ARGIBIDEA

 

Kolpeak, ebakiak eta autsi atereak.—
Zer eta nola sendatu bear diran.—
Miñ artutakoak nola erabilli bear diran
toki-aldatzeko batetik bestera eta zer erreparorekiñ.

 

        Edozeñek erraz antz emango dio ez dala gauza zalla gertatzea, gure parajean gertatzen dan bezela, izatea aiñbeste jende modu askotako kolpe, ebaki, edo ezur autsi eta atere izan oi dituztenak, bada nola gure bizi leku oetako lurra dan berez aiñ aldapatsu eta menditsua eta aiñ lan gogorretara beartzen ditu nekazari eta langille jendea dan beziñ nekosoa dalako bertako lantegiak, dala arrek egiten dituan kanpolan aiñ modu askotakoen bidez edo beste moduz, nun alkar paratzen diran jende oen argitasuna beren lantegietan, eta beren medioz egunero beren buruak erabilli bear izaten dituzten arraxku aundiak; bada eskuartean lanerako dauzkaten erramianta aek berak dira beiñ bañan geiagotan zenbait bear oker eta negargarriren egilleak, naiz ez jakiñezkoak izan. Eta onela, askotan ikusi bearrean arkitzen gera itaiakiñ, atxurrakiñ, laiakiñ edo aizkorakiñ egindako zenbait ebaki eta zulatu; eta baita ere iñoiz kanpoko pixtiren baten elduarekiñ, edo arbolen batetik erorita egindako ezur autsiakiñ, itz batean, nekazaria egitera bearturik arkitzen dan lan gogor eta arraxkukoen bidez egindakoakin. Gañera berriz gure paraje oetan diran aiñbeste lurpeko eta fabriketako lantegi modu, zeñetan erabilli bear izaten dituzten indar eta arraxku aundiko erramiantak, dira ere bideak jende langille askok miñ artzeko eta ezur autsi eta kolpe edo ebaki izugarriak beren buruetan gertatzeko.

        Esandako gauza modu oen bidez ikusi bearrean arkitzen gera beiñ bañan geiagotan arako zenbait lurpeko lanetan lurrak erorita azpian langilleak artzen dituanean edo beste oker batzuen bidez, zenbait buruko edo bizkar ezurreko eta ankezurretako ebaki eta autsi ikaragarri aek; eta baita ere iñoiz arrobi edo modu ontako lantegietan egiñ oi izaten dituzten bildurtzeko diña diran beste batzuek. Au bera esan gentzake fabriketako zenbait erramiantak egiñ oi izaten dituzten aekatik, bada egia baldiñ bada berak adierazotzen dutela gure paraje oetako jendearen langilletasuna eta argi izatea, baita ere dira beiñ bañan geiagotan etxe askotako negarra sortzen dutenak, beren medioz etxeko buru egiten zuan ura edo seme maite batek beren bizia galtzen dutenean purrakaturik gorputz guztia, erramianta arrigarri eta baita ere bildurgarri aen atzaparren artean erortzen badira iñoiz; gauza oen gañean egin bear ditugu itz labur batzuek argibide onetan.

 

 

EBAKIAK

 

        Ebakiak edo gorputzeko aragi eta beste edozein pusketa (ezurrak ez diranak) eduki litzakean ausiak, dira modu askotakoak; batzuetan diran lekukoak diralako, eta besteetan sendakaitzagoak diralako gauza baten edo bestearen bitartez egiñak izandako medioz. Edozein gure gorputzeko pusketan egiñ liteke ebaki bat eta eduki lezake onek bere itxura, luzetarakoa, trabeskakoa edo zabalerakoa, gorputzari dagokion era zuzenean kontu artuta.

        Ebakiak dira sendaerrazak deitzen diogunak ezer okertasunik gabe osatu edo sendatzen diranean, eta sendakaitzak au onela gertatzen ez danean. Geroagoan esango degu zerbait nola eta zergatik egiñ litekean ebaki bat sendakaitza, eta baita ere erakutsiko degu zer egiñ bear dan au onela gertatu ez dediñ. Ebakia zer gauzarekin dagoan egiña, modu artara eduki oi du itxura eta baita ere bere izena; eta onela, izan liteke luzerakoa, labaña edo antz onetako erramiantakin egindakoa; zulatua, iltze edo arantza batez egiña; aragiak purrakatutakoa, errubera batek egiñ lezakeana beraren azpian edo ortzen artean esku edo anka bat arrapatuta; izan liteke ebaki bat pozoitua, eta baita ere kolpez egiña, nola diran makilla, arri eta suzko armakin egindakoak, bada gauza oek eziñ egiñ lezateke ebakirik kolpatuaz ez bada.

        Edozeiñ ebakik dauzka berekiñ egiten dan orduan, iru señale berakikoak zeñak diran: lenengoa ebakiak aragi artean egiten duan lekua, bigarrena, odol isuria, eta irugarrena oñazea; lendabizikoa gertatzen da gorputzeko aragiak eztirakorrak diralako; bigarrena, gorputzeko odolak korrimentua daukan zañetakoren bat puskatzen dalako, eta izan oi da gutxi edo geiago ugariagoa, zenbaterañokoa dan zaintsua eta zañak diran aundi edo txikiagoak ebakia egindako toki artan; eta irugarrena berriz, sentidua daukaten zañetatik bat edo bat ebakiak urratu dualako: larru azala da gorputzeko lekurik sentikorrena.

        Suzko armakiñ egindako zauriak ez du ematen biziro odol gutxi ez bada, eta gañera oñazea ere ez da izaten aiñ aundia baizik sor antzekoa zuloa dagoan inguru guztian. Ebakiak dira gutxi edo geiago kontuzkoak, zerekin egiñak dauden eta zeiñ gorputzeko pusketan konturatuta; bada ebaki txiki bat gorputzeko zenbait lekutan (nola izango litzakean biotza edo esteak), izan liteke eriotza ondoren ekartzeko diña; onela gertatzen da ere suzko erramiantakiñ egindakoarekin.

        Ebakiak sendatzeko lendabiziko gauza da, egiñ litekean guztian beraren ertzak alkarganatzea eta ez zornatzen uztea, au da, ebakia zornatu gabe osatzea; eta onetarako gauzarik bearrenak dira garbitasuna ebakitako lekuan egitea, eta aize ezkutuan bera edukitzea. Ebaki baten ertzak alkarganatuta egoteko bear da lendabiziko leku ura geldirik edukitzea geroagoan esango ditugun gauza batzuen medioz; eta garbitasuna eta aize ezkutua gordeko dira berriz, onetarako botikan dauden zenbait ur garbigarri medikuak agiñdu bear dituanakiñ, eta guata edo artarako zapi egokiak etxe guztietan gaurko egunean eduki bear lirakeanakiñ; eta oraindik geiago eta obetoago berriz fabriketan, norbaitek miñ artzen duanean bereala bear diran garbitasunak dauzkan ebaki eta kolpeetan egiteko, zergatik askoz errazago sendatzen dira aurrenetik ongi garbitu eta estaltzen diran ebakiak, ez au egiñ gabetanik uzten diranak baño.

        Izendatu ditugun eta beste edozeiñ ebaki modu sendatzeko, lendabizi garbituko da ebakitako lekua artarako dauden erremedioakin (nola diran fenikatua dagoan ura edo solimana daukana) eta oek ez egonik, iturriko urarekiñ: geroagoan estaliko da zapi edo guata onetarakoak botikan saldutzen diran batzuekiñ, eta egingo zaio azkenik bear duan lotura geiegi estutu gabe eta lasai antzean uzten dala. Ebakitik ez badijoa odol asko, ez dago zer egiñik esandako gauza oek ez bada; bañan gertatuko balitz asko joatea, estutuko dira ebakitako lekuaren eta biotzaren artean edo biyen bidean dauden zañak beatzakiñ edo baita ere lotugarri batekin gogor samar, modu onetan odola gelditu dediñ.

 

 

KOLPEAK

 

        Kolpe bat izan oi da gogor edo bigunagoa, zenbaterañokoa dan gutxi edo geiago kolpea ematen duan gauza arren indarra eta gorputzak kolpea artzen duan lekuaren zalltasuna. Dira kolpeak modu askotakoak, bada batzuek ez dute ondorenean ekartzen oñaza ariñ eta ubeldu txiki bat baizik; eta beste batzuetan txikitu eta purrakatzen dituzte berriz gure gorputzeko pusketa guztiak; bañan oen gañean ez degu esango ezer leku onetan zergatik ez dagokion gure liburu onen izaerari. Kolpe bat artu ondorenean lendabizi azaldu oi dana da ubeldua edo odolbildua; odolbildu au da aiñbat aundiagoa nun eta zan kolpea gogorragoa edo dan zaintsuagoa gorputzean kolpatutako tokia; beraren kolorea izaten da aurrenean urdiñ beltza eta joaten da argituaz geroagoan, artuaz batzuetan koskorrak deitzen diogun itxura moduak.

        Koskor oen barruan egoten da iñoiz olioaren antzeko likarda bat batere odolik gabekoa eta da iñolaz ere odolak korrimentua daukan zañik kolpearekin eten edo puskatu ez dalako.

        Esan ditugun kolpe modu oek sendatzeko ez da bear besterik ez bada kolpatutako lekua geldirik edukitzea, edo izaiñ batzuek ematea, eta baita ere asko izaten da beste batzuetan arnika edo ozpiñarekin nastutako urarekin bustitzea eta pixkatxo bat estutzen duan lotura batekin estaltzea.

 

 

EZUR-AUTSIAK ETA ATEREAK

 

        Gorputzeko edozeiñ ezur autsi liteke, bañan geienenbat oker au gertatzen da besoetako, saietsetako eta anka edo istarretakoakin.

        Modu askotakoak izaten dira ere ezur autsiak bada batzuek dira kolpea artutako lekuan bertan egiten diranak; besteak leku apartagoan; besteak ebakiz edo onelako bidez; eta batak eta besteak izan litezke sendaerrazak edo sendakaitzak zer eta nolakoak diran berez; bañan guztiak ezagutzen dira esatera goazen bost gauza oen bitartez: lenengoa, puskatuta dagoan ezurrak daukan itxuraren bitartez; bigarrena, leku artan azaltzen dan aundiduraren bitartez; irugarrena, puskaturik dagoan ezurraren mugimentuaren bitartez; laugarrena, puskatuta dagoan tokian ezurrak ateratzen duan otsaren bitartez; eta bostgarrena, toki artako odolbilduaren bitartez.

        Zenbait ezur autsitakoetan asko izaten da ikustea bakarrik autsilekuan azaltzen dan itxura, onenbesterekiñ antz emateko ezurra toki artan autsita dagoala, bañan ez da beti gauza au onen erraza izaten. Autsia dagoan lekuan azaldu oi da bertako aundidura, miñ artu eta irugarren ordu aldera, eta aundidura au joaten da aziaz ogeita lau bat ordu bitartean; bañan ezur autsitakoak egiten duan mugimentua artara beartzen danean, da señalerik lendabizikoena antz emateko autsia dagoala, au egiñ al izan danean. Ezurrak esku-artean mugituaz alde banatara ateratzen duan otsa edo karrakara, da ere entzun al izaten danean txit señale egokia autsita dagoala antz emateko; eta esanik daramazkigun gauza oek eta autsi lekuko odol bildua eta eziñ erabilli, dira alkarganaturik aditzera eman lezazkigunak ezur autsi baten antz bideak. Ezur autsiak daudenean berak bakarrik eta aragietako ebakirik gabekoak diranean, izendatzen dira sendaerrazak; eta kontrara gertatzen danean berriz, sendakaitzak, zeñak izenak dion bezela diran askoz kontuzkoagoak.

        Autsitako ezurra osatzen da kalloa esaten zaion zoldaera baten bitartez zeñak denborarekin artzen duan ezurraren beraren itxura osoa geienetan, bañan gertatzen da ere iñoiz ez onela osatzea eta ongi konpondu edo alkarganatu gabe ezur pusketak gelditzea, batzuetan autsi txarra zalako eta besteetan ezur bigunekoa zalako autsia zeukana. Gertatu liteke ere ezur autsi bati ez bear bezela antz ematea eta uste izatea dala kolpe bat edo atere bat ez bada. Kolpeagandik ezagutzen ez da aiñ gauza zalla edukitzen badira kontuan lenago autsiaren gañean esan ditugun gauzak; bañan ez da onela gertatzen aterearekin, gañera ezur autsia baldiñ badago aterea dagoan lekuaren ondoan. Onelakoetan eduki bear da kontuan ezur ateratakoaren ez-itxura edo biurritasuna beti egoten dala leku batean bakarrik, eta autsia badago izaten dala mudakorra alde batetik bestera; gañera aterata dagoan ezurra ez da ere leku aldatzen baizik dago geldirik bere tokitik kanpoan, eta ezin egiñ izaten ditu lenago egiñ al izaten dituan mugimentuak bere tokian dagoanean. Azkenik, ezur autsiak ateratzen duan krakarakoa mugitzen danean da askoz aundiagoa eta igarten errazagoa aterearena baño; eta egin bear ditugun galdera moduak gaxoari zer eta nola miñ artu duanaren gañean, argi egingo digute asko eta asko, antz emateko bear bezela ezurra aterata edo autsita ote dagoan leku batean.

        Ezur autsiaren erremedioa da bere lekuan alkarganatzea ezurraren bi muturrak eta oek geldirik edukitzea ipiñi diran era artan mugitzen ez dirala, artarako bear diran loturak egiñaz, zeñaren gañean ez goaz gu leku onetan ezer geiago esatera zergatik dan medikuaren egitekoa; eta bakarrik bukaera emateko argibide oni esango ditugu itz batzuek onelako miñ artutakoak zer eta nola erabilli bearrekoak diran toki batetik bestera aldatu edo eraman bear diranean, batez ere ezur autsitakoa baldiñ bada anketakoa edo gerri aldekoa edo bizkar ingurukoa.

        Lendabiziko egitekoa da miñ artuta dagoana jasotzea angalla egoki batzuetara, zeñatarako bear diran lau laguntzalle: batek artuko du miñ artuta dagoana bizkar azpitik, eta gurutzetuko dizka oni gaxoak lepotik bere besoak; besteak eutsi eta jasoko du ipurdi azpitik; irugarrenak artuko du bere eskuetan ondo dagoan alderdia edo istar aldea, eta azkenik laugarren laguntzalleak autsirik dagoan ankezurra puskatutako lekuaren ondotik goi eta be aldetik, egiñaz alegiña edukitzeko puskatuta dagoan ezurra al dan zuzenen eta alde batera edo bestera okertzen ez dala, eta albait oñazarik gaxoak ez artzeko moduan.

        Beiñ iritxitakoan miñ artutakoaren etxera edo bizi lekura, lendabiziko lana izango da oia egitea, zeña ipiñiko dan lurretik gutxi jasotzen dala eta koltxoi artean ol zabal batzuekiñ zapaldu ez dediñ eta errazago egiñ al izateko miñ artutakoak bear dituan sendakizunak. Oek egiteko erantziko zaizka arropak ontarako ebakiaz mugitu gabe kendu eziñ diran aek, onela egiteko alegiñak oñazarik gaxoak artu ez dezan, eta ezur autsia al dan gutxiena mugitu dediñ; bereala jarriko zaio ezurra bear bezela, eta ebakirik edo beste okerrik badauka, egingo zaizka gauzak atzeragoan argibide onetan kolpe eta ebakien gañean itzegiñ degunean egiñ bear dirala esan degun bezela, ipiñiaz al diran erreparorik aundienak ezertan baño geiago garbitasun aundia eta ongi egitearen gañean, bada au da guztietan bearrena laister edo bear bezela edozeiñ ebaki eta zauri sendatzeko.

 

aurrekoa hurrengoa