www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aprikako basamortuan
Augustin Anabitarte
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIII
ADRAR

 

        Ez det beñere atsegin izan goiz jeikitzea; baño an erri-arteko bideak luzeak eta beartuta egoten ziran goiz asitzera. Ala, Timimundik irteera goizeko seietan zan eta ez giñan Adraren irixtekoak eguardia baño len. Hotelean bazkaria nerekin eramango al nuan eta ezetz, jateko garaiz elduko giñala Adraren. «Nai dezuna». Baño nagusia ez-ta-bai gelditzen zala igarri ta bigaren txandan galdetuta baietz esan nion, lengo Gardaiatik El Golearako ibilleraz gogoratuta.

        Exeri nintzan autokarrean txoperraren ondoan. Itz gutxiko gizona zan; arpegian gaztain-azal kolorea. Atzean, beste zenbait aljeriar bazetozen. Abiatu giñan sei orduko bide luze artan, basamortu zabalean; lurra berdin-berdiña ta ondarra gogotik. Onela zenbait orduan ibilli giñan, autokarra azkarrik. «Oraingoan seguru giatzik», —nere baitan esanda, aizea sortu zan. Zerbaiten antza eman eta bat-batean leio guztiak itxi zituzten. Aizearen burrundara orduan geiagotu; enbatak gero ta gogorragoak. Aizeak arrotzen zuan ondarrarekin ez zan ezere ikusten. Ura ondar-lañoa zan. Eguzkia illundu. Alakotan autokarra gelditu, aize-aldia joan arte, ez baizan ezere egiterik ez-ikusi artan. Eta aizearen joera ain indartsua, ta ondar arrotua ain aundia, eguzkia agertzen zanean biderik ikusten ez. Ondarrak dana estali. An alako aizeteak maiz izaten dira, noski; bada, tarteka, arri aundiak zeuden jarriak bide-mugak jakiteko. Aieri eskerrak, aidea garbitzen zanean, nora jo bazekian txoperrak. Alaxe, aldizka gelditu ta arritik arrira ginjoazen. Baño arrigarria zan ondarraren gañean arria ikusi-bearra ibiltzeko.

        Alaxe ibilli giñan ez dakit zenbat denboran. Ala ere, ez zan gauza txarrik sortu: bideak ezereztu ta palmera batzuk okertu. Aizea asi baño len bidean oñez zijoan gizon batez gogoratu nintzan, erritik ain urruti. Ez det uste egun artan ainbesteko arrisko aundia zanik. Baño gertatu izan da gizonak eta ganbeluak ondarraren azpian artuta danak galtzea.

        «Uste al dezu garaiz iritxikogerala bazkaritarako?» —galdetu nion txoperrari. Nik, egiazki, ez nuan aitzakirik berarentzat. Galdera orrekin nik nai nuana zan ginjoazen bezin azkarrik jarrai zezan. Ala gertatu beintzat. Berari eskerrak ordua baño gutxiz beranduago iritxi giñan Adraren, aizetea izanagatik. Jan beroa naiago nuala-ta, hotelean jana-eskuan sartzea lotsatzen nintzala-ta, nere esker ona agertu nai niola-ta, ene bazkaritarako zorro aundia oso-osorik eman nion txoperrari. Hotel Djemilan sartu nintzan.

        Adrar, orra ba nere azken-burua. Andik bi egunera ega-ontzian salto batez joango nintzan Aljer-era. Poztu egiten nintzan pentsatu utsarekin. Egunak joan, nekeak etorri, dabillen elur-pelotaren gisara, nere etxerako gogoa borobiltzen zijoakidan. Erri ura ondo ikusi nezan beintzat eta azkena azken.

        Geiena arritu ninduana, bertako ikaragarrizko plaza aundiak. Bar batean nengoala, plazan bertan, bar-gizona izketarako gaitua ikusten nuala, plaza aren aunditasunaz arritu nintzaion. Prantsezak esan zidanez, 380 metro luze zan eta 290 metro zabal. Ez al zan —eta orain ere ala izango da— benetan arrigarria? Eta zergatik orren plaza aundia galdetu baño lenago, berak asmatu zuan: «Ala ere, sasoi batean ez zan naikoa zetozen ganbelu guztiak batean artzeko». Orain plazak berak baño, orduko ganbeluek zer-arritu geiago zeukaten. Ain ganbelu-pilla aundiko ibillera! Oraingo txandan banaka batzuk besterik ez zan ikusten. Tarteka, ganbeluak lotzeko arriak plazan.

        Esan detanez, bar-gizona izketarako gaitua zegoan. An beroa erregarria izaten zala. Udaran beroa 75 mallaraño igotzen zala eguzkitan, eta itzalean 45eraño. Maiatzatik aurrera (orduan Epailla-Martxua zan) europatar geienek alde egiten zutela, bertakoek ezik, gure kastakoek ezin zutela ain bero aundiak jasan. Bertako jendea goizeko lauetan asten omen zan lanean (lanean aritzen zana) ta bein eguzkia gora aldera abiatzen zan, lanari utzi ta gerizpean gordetzen omen ziran. Egun guztian etzanda, eguzkia sartu bitartean. Arratsera, oztu. Gauak otzak izaten omen ziran. Neronek ere banekian. Gauez plazaren inguruan ibilli bear nuanean, erropaz ondotxo ateratzen nintzan. Ta aizea ain legorra izaten zala-ta, nere lo-gelan eskuak garbitzeko zapiak busti-busti jartzen nituan zintzilik. Bai bereala legortu ere.

        Basamortuan kristau-arraza asko dago: badira judu zuriak; badira kolore argiko mozabitarrak, txikiak, arpegi-luzeak, sudur ta ezpain-lodiak, abo-aundiak, begi-sakonak; badira bereberetarrak, zenatarrak, gurararrak, harratindarrak, sudandarrak... arraza kolore argikoak, ikatza baño beltzagoak eta bien arteko malla guztitakoak; baita arrazek alkarren artean sortutako naaste guztiak. Ikusi ditut gizonak sudur-gañeraño arpegiak zapi zuriz estaliak. Geienak zuriz jantziak ibiltzen dira, osorik; besteak, gutxienak, kolorezko jantzi ederrakin, eta badira zarpail zulatuekin ibiltzen diranak. Badira mutiko beltz parragarriak, buru-gañaren erdian, ille-luze tontorra dutenak, ori ez-besteko illea zearo mostua.

        Emakume arabiarrak ez dira beñere agertzen arpegi utsik. Arpegia agirian dabiltzanen artean, batzuek arpegiak markatuta izaten dituzte. Emakumeek ez dute nai izaten, iñola ere, erretraturike gitea, batez ere arabiarrek. Ala ere, diru puxka bat aurretik, egin izan ditut emakume beltz eta beltz-antzekoenak. Timimunen eta Adraren, emakumeek pillan arkitzen ziranean, ba zekiten kanpotarrei beren izkeran auskalo zer gauzak esaten.

        Alakoxea zan basamortuko kristauen ikustea.

        Adrar erria ere sudandarre erara zegoan egiña guztia. Era ori nolakoa dan ez da erraz asmatzea ikusi gabe. Etxeek lur-gañeko bizitza zuten bakarrik emen. Plaza aundian sartzeko bazegoan, alderdi batean, Reggan deritzaion uztai-ate ederra. Baita ere moalla ta moallaren gañean mezkita, dana lur gorriz egiña Timimungo tankeran. Azoka plit bat ganbeluak eta guzti; aundi xamarra, baño jende gutxi; arkupe zabalak, ez zuriak beste errietan bezela, gorriak baizik.

        Hotelean nengoala, gizon bat etorri zan, autokarrean kaltea izanda, an gau guztian egonda, amabost kilometroan oñez ibilli zana. Baita senar-emazteak, andrea oso lodia, urrengo autokarra arte zai egon ziranak, gaua orobat basamortuan pasata. Irurak, aski nekatuak, batetxoan iritxi ziran.

        Artaz geroz, ez nuan askoz kezkatzerik. Ar nezala urrengo goizean, utsik egin gabe, Aljer-erañoko txango luzean eramango ninduan ega-ontzia.

 

aurrekoa hurrengoa