www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aprikako basamortuan
Augustin Anabitarte
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

XI
EL GOLEA

 

        Egun batez beranduago etorr nintzala-ta, bidean egon geiegiz galduta, oso denbora gutxi gelditu zitzaidan emen. Gau guztian etzanda egonda ere, nekatu xamarra arkitzen nintzan. Orrez gañera, Gardaiatik onuntz gertatutakoekin, etxerako gogoa asi ez ote zitzaidan. Baño artaz geroz, bear zan bear nere biajia asmatu bezela bukatzea ta ostera palta zana ikusteko naia etorri zitzaidan.

        Hotelean erderaz zekian bat —kastillanoz esan nai det— bazan, eta arek nerekin itzegiteko zeukan gogoarekin bereala adiskidetu giñan. Ain denbora gutxian zer ikusi nezakean adierazi ta arek esan bezela asi nintzan. Bero aundiko tokia zala ura.

        Bezperaz etorrita, egun artan bertan atera-bearra neukan ega-ontzian Timimunerako. Ordea, amaikak laurden gutxiagotan nuela irteera ta, goizago jeikita, tarte orretan saiatu nitekean erria ikusteko.

        Erria oso aundia ez —amairu bat milla lagun— ta ikustaldi polita egin nion ala ere. Ango jendea bear aundian bizi dan jendea da: zenatarrak, gurararrak eta beltzak ibiltzen dira. Petrolioa ateratzen astean asiko dira ere txospertzen. Bazan eliza katolika bat palmera galantak atzean. non-eta europatarrak joaten ez badiran, bertako jendea gutxi, noski.

        Basamortuko jendea bear aundian bizi da, esan degunez, k'k'jan eta k'k'lan. Gaizki janak, etxeetakozikintasunak eta bero ta otzaren aldarte aundiek, min txarrak ekartzen dizkiete bertakoeri. Birikeria (biriketako eri edo gaitza) batez ere, oso zabalduta zegoan prantsezak sendatzen asi ziran arteraño. Aieri eskerrak gaitz ori askoz gutxitu da.

        An aizea oso legorra izaten da ta orretxengatik egitenditu gau otzak. Egunez lurra berotu egiten da, ta, eguzkia joatean, beroa aidean gora igotzen da, aize otzari leku emanez. Orra gau otza. Ordea, aidean ezetasun edo umedaderik baldin balego, ez lioke utziko beroari aidean gora iges egiten. Gure artean ere, udarako gau otzakin orixe bera gertatzen da.

        Onean jende ona dirudite. Kanpotarrek diru asko uzten. Orrengatik ikusten da orrenbeste mutil eskekoak. Leialak ere ematen dute. Arabiarrek alkarri eskua estututa gero, mun ematen diote norberaren eskuari bestearenganako gogoa erakutsiz. Baita ere badakite «agur» esaten eskua biotzaren gañean ipiñita. Edozein emakume beltz zaarrak esan lizaizuke maiteki: Bonjour, Monsieur! («Egun on, Jauna»). Dana ezin ona izan, ordea, ta besteen gauzekin zaleegiak dira ta baita gezurzaleak ere.

        Oasis guztiak, palmerak edergarriz dituztela, oso ategiñak izaten dira. Aietako gerizpe gozoa! Bai bear ere basamortuko eguzki kixkalgarriarekin. El Goleako baso trinkoan ere pozik ibilli nintzan. Geiena arritu ninduana ango ur-putzu aundiek. Palmerak millaka izan ezik, fruta ere etortzen da. Gerran ibiltzeko toki egokia ta baziran soldaru prantzesak El Golean.

        Basoaren inguruan ikusi nituan etxe utsak ondarraren gañean, sarrerako atea ta leiorik gabeko etxeak. Erriz-erriko pamili ibilkarientzako etxeak. Nai dutenean artu, nai dutenean utzi, dituzten etxeak. Giltzik gabeko arrizko etxeak. Etxe utsak eta utsean artuak. Ala ere, basamortu gorrian ganbelu-larruzko txaboletan egoteko baño obeak. Egia esan, len gerra-etxeak izandako bizitzak eta bildegiak ziran orain.

        Batzutan palmerak eta ondarra oso poliki alkartzen dira, ta etxe bat edo beste tarte dirala, egokiz jarriak dirudite. Ta ez da aspergarria izaten ain gauza gutxiko ikustea, baizik polita ta jostagarria era askotan naastuak ikusten diralako.

        Plaza, basoaren ertzak arrapatzen du. Aurrean, etxe zuri polit bat, gañaren erdian borobil batekin. Aldeetan, ango errietan oi dan bezela, arkupe zuriak. Plaza, naiko aundia. Erdian, gizon mordoska ederra, erdi-erdiko gizon baten jiran. Zer zan ez nuan jakin, baño neri denbora bateko Donostiako Bretxako «bertso-berri» saltzaleak gogoratu zitzaizkidan.

        Neukan denbora gutxian saiatu nintzan aal nuan geiena ta ondoen ikusten, eta garaia etortzean utzi nuan hotela ta hoteleko nere adiskide berria.

        Eraman ninduten ego-ontzietako tokira ta antxen igo nintzan aidean, Timimunerako bidean, sekulako ondarrak nere azpian pasatuz. Erria ta basoa ondo txiki ta beltz ikusten ziran ondarreko itxutu ainbesteko oritasunean. Baita bideko arbola-pil aundiak. Baita «oasis gorria» deritzaioneko Timimun bera azaldu zanean, ordu beteko ega pasia zanean...

 

aurrekoa hurrengoa