www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aprikako basamortuan
Augustin Anabitarte
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

V
TUGURT

 

        Goizeko trenean irten giñan suizarra ta biak. Azkarra trena ta ederra. Gu bakarrik ginjoazen lekune batean. Alderdi ederra, lengo autokarretako jendearekin. Oraingoan ez ninjoan bakarrik, baizik suizarraren laguntzarekin, lasai ta pozik. Bai bera ere, naiz-eta autokarretan ni bezela ibilli ez izan, ega-ontzian etorri bai-zan Suizatik Biskrara. Baginjoazen bada ta gerokoak gero.

        Erri koxkor batzuk pasa genituan. Baten izena bakarrik gelditu zait gogoan: Urir. Buztin koloreko erri ta lurrak, arresi edo moallaz ingurututako erria. Atea sartzeko, zuloak barrendik begiratzeko ta, arraultza-koskoen gisan, etxe-gain borobillak arresiaren gañetik. Baño benetan astindu ginduana, xotak ikusteak. Xota da gatzez zuritutako lur zabal eta berdiña, gatz-putzua. Mendietatik datozen ibaiak aterabiderik ez ta lur ondartsu aietan uzten dute gatza, elurra bezin zuri ikusten dala. Mendietan gatz-kozkorra izaki. Guk batean bat, bestean beste, trenaren azkartasunaren bidez ikusten genituan xot aiek, itsasoko ura baño ogeitamar metroz beeragokoak. Bertako jendeak gatz orrekin maniatzen du jana. Bai omen da Ech-Chott izenadun erri bat moallak gatz-arriekin egiñak eta gatz-arri puska aundietan zuloak eginda bizitzak dauzkatenak.

        Eun eta larogeitamar kilometro trenean ibillita gero, iritxi giñan bada Tugurten, Hotel Transatlantiquen. Nere gelatik ederki asko ikusten zan azoka. Besteen antzekoa au ere, baño jende gutxi. Baziran emen zikiroak, aleak, datillak, pikuak eta erropa-saltzaleak ondarraren gañean. Baztar batean, ganbeluak merkatura etorriak. Iges ez egiteagatik, ganbelu bakoitzari anka-auarrea lotzen zioten iztarrari, ta belauna atzekaldera jarri. Ain luzaroan egonean zeudela, ganbelu-baba pilla ederrak agidanean.

        Suizarrak eta nik txango bat asmatu genuen ondar-añoetara, dunetara, ganbelu-gañean joatekoa. Artu genituan bi ganbelu ta bi gidari, gu biontzat. Ganbeluaren gañera igotzeak ematen ditu lanak. Makurtzen da ganbelua lurreraño. Jarri zaite gañean, konkorraren atzean, zankoak zabalik eta eldu ondo zotz orreri. Aberea belauniko jartzen da ta zuk atzerakoa egiten dezu, atzea altxatzen du ta zuk aurrerakoa, zutik jartzen da zuk atzerakoa, ta zotzari eskerrak ez zera ganbelutik beera erori atzera-aurrerako orietan. Lurrera begiratzen badezu, uste baño gorago arkituko dezu zure burua.

        Onelaxe, kontuz, zotzari ondo elduta, asi giñan ibiltzen erri-barrenean. Andik pixka bateko, zotza laga ta xigarroa asi giñan erretzen ganbeluaren gañean plazaren erditik pasa giñanean. Bai plaza zabal eta polita. Ura arkupe-errenkada luze ta zuria. Bai beste arkupeak ere. Palmera dotoreak etxe txurien gañetik burua agertzen. Zaldia dala ala astoa, gurdiari tiraka. Gizon bat edo beste.

        Oasisaren baztarretik ondar zabalera atera giñan. Ura ondarrez. Ezin sinistu alako ondar-itsaso aundia. Gidariak, mutil kozkorra ta gizon gaztea, sokari tiraka. Andik bereala asi ziran beren gogozko kantakin. Ondarra azpian, baginjoazen aurrera erria atzean utzirik. Dunak gero ta bertago. Bero zegoan. Suizarra asi zan:

        —Zu len ibillia al zera ganbeluaren gañean?

        —Bai, baño berdin dio, orain dala lau urte ta denbora gutxian. Ni zu bezin nekatua noa. Ori esan nai al zenuan?

        —Bai, zankoak onen zabal eukitzea ta aberearen bizkarraren aurrera-atzerakak, nekagarriak dira.

        —Orixe bai.

        —Badaukat gogoa dunetan gora ibiltzekoa.

        —Oraintxe ez gaude urruti.

        Ondarra zuria zan. Tarteka, palmera batzuk, basamortuan galduak bezela. Ala ere, orien buruko tximak alaigarriak dira. Ibilli genbillela, gure ezkerretara azaldu ziran oialezko bizitegiak, pamiliak alkarrekin basamortuan barrena ibiltzen diranenak. Ikusi-naia bageneukan, baño bertaratzeko usterik ez. Banaka batzuk, onuntzko aldean zebiltzanak, oso arpegi-beztuak zeuden. Danik eta berorik aundienarekin ere antxen ibiltzen dituzu. Bero kixkalgarriekin ez dira oial-azpitik ateratzen egunez. «Oiala» esan degu «ganbelu-larrua» esan bearrean. Ogia eguzkitan erretzen dute. Gurekin gaiztakeriren bat egin-nai izan bazuten, ez geneuken iges egiterik.

        Pixka bat aurreraxeago, dunak azitzen asi ziranean, marabut bat ikusi genuan. Ona marabut zer dan: arrizko toki itxia, lau albokoa, gaña borobilla, barrena utsa. Aien erlijioko santuren bat iltzen danean, gorputza bizkar-gañean eramaten dute, ta atseden artzeko gelditzen diran toki bakoitzean, alako marabut bat egiten dute. Tarteka ikusten dira, ta aiek ibillitako bide guztia erreza da asmatzen.

        Iritxi giñan bada dunetan. Suizarrak aiekin zeukan zoramena! Egia ere neroni pozik nengoala. Baño bai ibiltze gaitza dala. Gorakoan, atzera ez erortzearren, sendo eldu bear zaio zotz lodiari. Beerakoan berriz, okerrago, eutsi buruz beera ez erortzeko. Duna aundienetan, erortzeko zorian, ezin geiagoan, ler eginda irixten giñan beeraño.

        Jetxi giñan ganbelutik lurrera pixka batean zankoak luzatzearren. Txoroaldiak eman ala nonbaitean irakurri, suizar gaztea asi zan dunetan beera bere burua botatzen zilipurdika ondarrean. Ni parrez, gidariak arriturik. Naiko zilipurdika eginda gero, ondar-azpian sartu bear zuala. Gerritik gorako erropak kendu ta larrubizi gelditu zan gorputz-erdi. Erretratatzeko majina eta leporaño sartzean, ateratzeko erretratua. Ta alaxe egin nion burua bakarrik ageri.

        Ango jostaketak bukatuta, etxerako bidean asi giñan. Ni zilipurdika ibilli ez nintzana, berriz, antipar beltzak galdu, len neronek elurretan billatuak. Eguzkiak bizkarrean, nekea danean, gidariak oñez, bagentozen iru gizon eta mutik kozkor bat.

        —Ederki saiatu zera —esan nion suizarrari—. Aurrerantzean oroipen polit ori izango dezu.

        —Suizan asmoak artuta nengoan, onera etorri baño len. Baño, mutillak, bai nekagarria dala ganbeluaren ibillera.

        Ta, bat-batean, ikaratua bezela:

        —Mapan bai al dakizu zer ikusi detan? Uarglarako Temasin pasa bear da, ta Temasin izenaren ondoan eskorpion bat ikusi det pintatuta, ta orrek esan nai du pizti oriek dabiltzala guk igaro bear degun lekuan.

        —Andik igarotzeagatik ez degu arriskorik gizona.

        Elurretan bezela, ondarrean oin-atzak oargarri, eraman-bideak bai ginduan ekarri. Pasa genituan onuntzean arako guztiak. Erria gero ta bertago, baño baita ere gorputza nekatuago. «Genbiltzan, genbiltzan, allaatu giñen Tolosan». Ta baita Tugurten ere.

        —Nekatu al zera zu? —galdetu zidan suizarrak.

        —Bai, nekatu xamarra nago.

        —Eskerrak oraintxe errira iritxi gerala, bestela nere burua botako nuan ganbelutik beera. Auek iztarrak, ezin zuzendu.

        Ta andik pixka batera:

        —Bi orduko ganbeluan ibiltzea bakarrik egin degularik! Ta pentsa nik Suizan beste lagunekin zazpi eguneko txangoa ganbeluz egitea asmatu genuala.

        Ja-ja-jai! gozoa egin genuan biak-ala-biak.

        Gerora errian ibilli giñan. Emen ere kale estu ta okerrak. Putzu asko oasisean. Putzu aueri eskerrak bizi dira oasisak eta baita ere erritik errirako bide luzeetan dabillen jendea. Lur-gañean gutxitan ikusten da ura; lur-azpian, ordea, ur-laisterrak izaten dira. Lurrean zuloak eginda egiten dituzte putzuak; ura saltalari.

        Bazan errekatxo bat suizarra ta ni begira egon gintzaiona. Urari begira egon gintzaion, lurrean belauniko jarrita, makurtuta. Suizarrak asmatu zuan lenbiziko ganbusiak ikusten. Ganbusia da angularen antzeko arrai ttiki-ttiki bat, arrea, oso bizia, oso azkarra, begien aurrean ibillita bein-beingoan ikusten ez dana. Ganbusiak jaten ditu anofeles izeneko eltxoak erreka-baztarretan, landare ta belarretan, jartzen dituan arrak. Eltxo onen koskak malaria deritzaion eri edo gaitz txarra ekartzen du, oso erantzikorra. Gaitz orretatik bertako jendea begiratzearren, prantzesek arraitxo oriek Ameriketatik ekarri ta errekaetan zabaldu dituzte. Ala ere, badira arabiar astoak ganbusiak tortillan jaten dituztenak.

 

aurrekoa hurrengoa