www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aprikako basamortuan
Augustin Anabitarte
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

  hurrengoa

ASI-ITZA

 

        Nik Lurralde guztietarako gogoa izan det beti, gauza berri asko ikusteko egarria. Itsastarrenganako naia ere bai. Izan ere, oriek ikusten dituzten erri ta bazterrak! Orrengatik, aal izan ez detan bitartean, nere biziera estututa gelditu oi zait; baño aal izan detanean, bai ikusi ikusgarriak. Guztietan geien oroitu ditutanak auetxek dira: Italia, Grezia, Turkia, Israel, Libano, Rodas Ugartea ta Ejitoren barrena ibilli nintzanean; erri onetako txunturrak (piramideak) ganbelu-gañean ikusi nituanean; Cabo Norten gauerdiko eguzkia zanean, bost egun segituaneguzkia sartu gabe ikusi genuanean: Spitsbergengo mendi ta itsaso jelatuak eta, geiago ez luzatzearren, Aprikako basamortua ikusi nituanean. Ikusgarria ezik, larrialdi geienak pasa ditutaneko lekua Sahara izan da, ta otu zait oriek liburuan jartzea. «Sahara» itzak esan nai du «basamortua».

        Gerra asi baño lenagoko kontuarekin ari gera; errialde ura, Aljeria, pake santuan bizi zan garaiekoa. Pake ta guzti, kontuz. Aurreneko, paper batzuetan ikusi nuan arako joan-aukera bazala. Ta urrutirako goga beti egin izan zaitenez geroz, ta gauza ezkutu, ezagun-ezak eta arrigarrientzat alaber, lotu nintzaion txangoari. Orduzkoa da, bada, nere oraingo jarduna. Paper-mutur batzuk baneuzkan bordeak ango kontuekin eta oriek tarte dirala ta nere orimenak amor eman dezakeanarekin, arako kontu zaarrez noraño nintzakean gai ikusi dezadan. Orduan egindako «fotoak» ere lagun ditut.

        Beraz, Saharako biotzera joan nai. Sahara Aprikako iparraldean dago, bost milla kilometro zabal da ta milla ta bosteun kilometro luze, Ejito ta Arabiako lurraldeak gogoan artu gabe. Sahara, irakurlea, ondar-itsaso zabala dezu.

        Tokiak dituzu batzuk berdiñak, toki zelaiak, lurra ta arriak; tarteka belar-txima legorrak, drim esaten zaienak. Badituzu belar gabeko mendiak, ondar kolorekoak. Auek dituzu mendi motzak, gaña zelaia dutenak. Auen ondoan beste mendi-mutur zorrotzak arkitzen dira, aien ainbesteko goiarekin, nonbait antziñan dana bat izaneta aizeak eta ondarrak itxura orretan jarriak.

        Ta badituzu ere ondar-añoak edo dunak, mendi txikien itxurako ondar-pillak, aizeak ala jarriak. Badira ondar-añoak eun metroko goia dutenak. Ta, denboraz, aizea dala-ta, mendixka oriek mugituegiten dira, errikozkorrak azpian artzeko eran. Aizeak zapaldu egiten du ondarra ta ematen dio itxura. Ondar-anoeta batzuek ertz eta itxura ikusgarriak izaten dituzten aizeari eskerrak. Maiz ikusten dira orietan itsasoak ondarrean egiten dituan bezelako zimurrak.

        Basamortu orretan bizi da jendea, kasta askotako gizon eta emakume beltz eta beltzaranak. Bideak, ganbeluak eta kamionak egiñak dira, franko txarrak geienak. Erriek, berreun, irureun, lareun eta geiago kilometroko tarteak izaten dituzte beren artean: palmera-basoen babesean bizi dira.

        Oriek guztiak nakizkiala, zaletu nintzan ara joateko. Bide-txartel ta dirua bear aña artuta prestatu nintzan. Erri auetxek ikusteko nengoan: Aljer, Busaada, Biskra, Tugur, Uargla, Gardaia, Beni Isgen, El Golea, Timimun eta Adrar. Txango polita, beraz.

        Ta ibillaldi artan gertaera jakingarriak izan eta arriskoan ibilli nintzalako, zuri esateko gogoa etorri zait, irakurlea.

        Beraz, Donostiatik Marsellarako bidean abiatu nintzan...

Egilleak

 

  hurrengoa