|
Hunik arrats artean
MACONDO DUT GOGOAN EDO BASABIZITZARI HIRUKOA
LUISA
Bai, errezena etxera joatea zen. Luisak ondo zekien bere bizitzan gertatutakoaren berri. Urte asko igaro ondoren, oso ondo gogoratzen zuen bere aita Augustok itsasoa ezagutzera eraman zuen eguna. Garai haietan, Hurturi lokatzetan hondoratutako zortzi edo hamar etxek osatzen zuten herrixka bat zen; komunen ordez, lehendabiziko pixuan zulo bat, kakak ikuilura eror zitezen. Ez zuten eguzkia ezagutzen, eguzkia bait zen beraien ordulari bakarra. Sua deabrukeria bat zen eta barazkiak gordinik jaten zituzten. Haragiak ere bai. Lurrak eskuz lantzen. Zuhaitzak harrien kolpez puskatzen. Maitasuna ahariekin egiten.
Ulertzekoa da Luisari itsasoa ikusteak eman zion zirrara. Hain hur garbia mundu zikin hartan! Hamabi urterekin haurdun zen eta ez zekien aitaren berri. Augusto bere aita izan zezakean. Edo Augusto, bere anaia. Edo Augusto, bere etxean bizi zen lengusua. Herrixka hartan denak Augusto eta Augusta zuten izena. Luisa ere garai haietan Augusta zen. Mundua ezagutu zuenean bere basa-bizitza ahaztu behar zuela eta izena aldatu zuen. Denak Augusto eta Augusta zuten bere izena behin herrira heldu zen mixiolari erdi lapur erdi ero baten oroimenean. Elizatxo bat eraiki behar zuela eta nahiko diru bildu zuenean, ihes egin zuen. Bainan Hurturiko andereak, gizon-andere guztiak, Jainkoak bere Josafateko zelaira eraman zuela uste zuten. Eta egun ere hortan izanen dira.
Haurra sabelean hil zuen eta urtebetera berriro haurdun bihurtu. Hura ere sabelean hil behar. Herrixka hartan oheak ez ziren sobratzen eta norbait hiltzen zenean, burruka gogorra izaten zuten andereen artean nork lehenagoka haurra edukitzeko apustuan. Bitartean, sabelean hiltzen zituzten semeak. Eta haurrak jaiotzen baziren, aitona izaten zen haurra hil behar izaten zuena. Hau zen ohitura, denak onartzen zuten ohitura.
Hamabost urte eta sabelean hiru seme zituen Luisak Hurturitik ihes egin zuenean. Handiegia zen itsasoaren deia erantzunik ez emateko. Mendaitza alderen alde igaro, ahintzira ikaragarri batzutan galdu eta ibai luze bati jarraituaz itsasora heldu zenean eskorbutoaz gaxotu zen. Hiru egun igaro behar izan zuen itsasoak hondartzera botatako plastiko batean bilduta. Sukarra amaitu zitzaionean abiatu zen.
Ehun eta berrogeitahamar igaro zituen hirian. Lehendabiziko hamabi urtetan paperak, zigarroen azkenak eta zuhaitzen ostroak jaten zituen. Bost bider egon zen gartzelan. Emagaldutzan lanean hasi zenean ogei eta zazpi urte zituen. Hirurogei urte baino gehiago zituen bere bizitzan izan zuen ogibide onenean. Milaka gizon ezagutu zituen eta, tarteka, izen handiko andereak ere bai. Hauek, gehienetan, dirudunak izaten ziren. Bat, pestea sendatzeko pastila bat asmatu zuen sendagaile baten emaztea. Bestea, bankako zuzendariarena. Bestea, hiriko etxe gehienen nagusiarena. Luisaren izena asko zabaldu zen. Andere zintzo, jator eta leiala zela zioten. Bere lanak oso ixilean egiten zituena. Adinerik ez zuelakoan zeuden. Adina zuela jakin eta zenbat urte zituen asmatu zutenean, Luisak bere ogibidea aldatu behar izan zuen.
Zortzi urte igaro zituen monja konbentu batean. Hauetxek izan ziren Luisaren urte gogorrenak. Lo ordubete bakarrik egiten zuen. Eliza ikaragarri bat egunero goitik behera garbitu, konbentuan zeuden zortzi mila monjentzat janaria egin, bere erropak garbitu, loretokia txukundu eta baratza landu.
Lan hauek ez zituen oso gustora egiten bainan bere onetik ateratzen zuena elizan egunero ordu pare bat egon beharra zen. Behin, monjatxo haiek «Jaunaren babesean nago ni eta honek egiten nau zintzo» abesten ari zirenean, Luisak abots handiz «Ba noa» esan zuen eta ez dute gehiago bere berririk izan. Geroaren geroan, zigarroen azkenak biltzen jardun zen. Eta kastainak saltzen. Eta hiriko komunak garbitzen. Eta hildakoen etxeetan negar egiten. Ehun eta hirurogei eta bost urte zituenean, haur bat izan zuen eta izenez Augusto ipini. Orduan erabaki zuen: Errezena, etxera joatea zen.
JOSIAS HAADIS
Kalera begira zegoen danbor baten handiko lupaz. Leihoak Lehendakariaren ateak ziruditen eta emakumeen aztalak, boabdad zuhaitzaren enborrak. Handi ikusi nahi zuen dena. Ezagutu zituen lupa guztiak txikiak zirela eta Amsterdam-era joan zen hango lupa-egile batengana. Josias Haadis zen bere izena eta munduko gizon traketsenek ezagutzen zuten: Kontrabandistek eta marinelek; gobernadore eta gotzaiek; jakintsu eta idazleek. Terroristak ere inguratzen zitzaizkion. Lupa-egile trebea eta inorekin fiatzen ez zena. Lagunek, begien ordez bi lupa zituela esaten zuten. Ez zitzaien arrazoirik falta. Ni, askotan bezala, Josias Haadis aurkestera joan nintzen batean, bi urte lehenago belarriaren hertzean izan nuen pikortagatik galdetu zidan. «Rue des Napolitaines» kalean zeukan goxotegiari esker mantentzen zen eta gauaz, lupak egiten zituen. Era guztitakoak. Bere gelatxoan zortzi ispilu handi zeuzkan. Batean, buru handi eta gorputz txikiz ikusten nintzen. Bigarrenean, borobil. Hurrengoan, arkatzaren mehea nuen. Laugarrenean, bilutsik ikusten nintzen «x» tximisten sistima miragarri baten bitartez. Bestean, begiak bakarrik ikusten nituen. Zazpigarrenak emakume baten irudiaz jazten ninun. Eta azkenekoak, nintzen bezalakoa: Nere sudur luze eta belarri handiez.
Danbor baten handiko lupaz kalera begira zegoen gizona Amsterdam-era Josias Haadis lupa-egile trebearengana joan zenean, ez zekien zer pentsatu. Neurri guztitako lupak zeuzkan gizon harrigarri hark. Pentsa zazute han zegoen lupa baten handia zelakoa izanen zen: Lupa, ematen zituen irudiak baino handiagoa zen. Harrigarria, benetan. Bainan Josias Haadis-ek ez zion saldu izan nahi. Bere arrazoia oso argia iruditzen zait: Danbor baten handiko lupaz kalera begira zegoen gizonak lupa bat behar zuen, bainan Josias Haadis-ek asmatutako tresna trakets hura palu bat zen. Josias Haadis-en birtute handienetako bat lojika zen. Eta lojikari jarraituaz danbor baten handiko lupa bakarrik salduko ziola esan zion:
—Danborraren handiko lupa hau da zuk behar duzun lupa. Batetik, tresna egokia duzu gerrian zintzilik ibiltzeko. Eta, bestetik, gerla-garaietan, danbor jotzailetzat hartu eta danbor-jotzaile eginen zaitue danborraren handiko lupa hau gerrian zintzilik ikustean. Bainan, gertatuko dena, danborraren handiko lupa hau ez dela danborra, lupa eta oso lupa baizik. Eta zuk ez duzu gerlarik eginen. Ez da gerlarik egin behar. Lupa ere gerlarako erabilia duzu. Bai, gizona, bai. Grekatarren garaian. Zuk nahi duzun handiko lupa bat asmatu zuten, eguzkiaren dirdirak luparatu eta aurkakoen itsas-ontzien zapiei su emateko. Hara hemen zergatik ez dizudan zuk nahi zenduken handiko lupa bat saldu. Zure herrian ixtilu gorriak dira egun eta posibleetan erortzen da gerla bat hastea. Tentaldian erortzen bazera, zer? Ez, gizona, ez. Hobe duzu danborraren handiko lupa bat, gerla-garaietan gerlarik ez egiteko.
Lojika oso ona erabiltzen zuen Josias Haadis-ek. Danborraren handiko lupaz kalera begira zegoen gizonari danborraren handiko lupa hura saldu zionean, bederatzigarren ispilu bat asmatzen hasi zen. Burua kixkaltzen zeukan ideia bat eraman nahi zuen aurrera: Bederatzigarren ispilu hartan begiratzen zirenak, eguzkiaren dirdiren ispiluratzeaz erre. Ez naiz arrezkero bere etxera joan. Eta munduan kontrabandista eta marinel, gobernadore eta gotzai, jakintsu eta idazle eta terrorista gutxiago dago.
DEMONTRES
Hurturik bigarren ipui bat merezi duela eta Demontres apaizaren gertaerak adierazteko idatzi dudan ipuia.
—Gauza guztiak dute berezkirozko bizitza —esan zuen apaizak—. Jainkoaren bultzada behar ibiltzen hasteko.
Hurturiko zaharrenek ere ez zuten gogoratzen Demontres —hunela deitzen zioten apaizari, orain ahaztuta edo gainduta zeukan bainan lehen eduki zuen «Demontres» esateko ohituragatik— Hurturira noiz etorri zen.
Hurturin hiru gizon-era zeuden. Bata, Elizara sarritan joaten zirenena; bestea, Elizara joan gabe, apaizari etxera kafea hartzera hotsegiten ziotenena eta azkena, ez Eliza, ez kafe, Demontres erotuta zegoela esaten zutenena. Azken hauek ziren gehienak. Hurturin «referendum» bat eginen balitz, eta Demontres kandidato bakarra izanen, ehundik larogeik ezezkoa emanen luteke, hamasei-hemezortzik ez luteke erabakirik hartuko eta azken lau-bik, zalantza askoren ondoren, kristau onak ez dutela politikan sartu behar, eta baiezkoa emanen luteke.
Hurturikoek bere bizitza guztian gogoratuko zuten Demontresen behingo zirimonia, herriko enparantzan mahai batera igota, sukarrez daldarka, begi-zuloekin, bere irudimenaren indarrarekin azken kausitzea —mistiko bat zela esan behar dugu— azaldu zienean:
—Galileok ez zuen arrazoiarik. Munduak eta munduan dauden gauza guztiak Jainkoa dute bere ardatz.
Hurturikoek ez zuten Galileo eta Galileok esana ezagutzen bainan ardatzaren hauziak buru asko berotu zuen. Herrian izan ziren ondoreak azaltzen ahaleginduko naiz.
Augustok, hirira joan zen Augusta bainan Luisaz bere izena aldatu zuenaren aitak, bere gurdiaren kurpilak deslotu eta Demontresek ardatza aldatu ote zion beldurrez, ardatza, garbitu ezin leiken olioz buzti zuen.
Bere izena gogoratzen ez dudan hogei edo hirurogei urteko neskats batek ez zion bere semeari txilbor-soka moztu izan nahi. Txilbor-sokatik zintzilik hil zen gizarajoa.
Hiriko egunerokoak jasotzen zituen bainan irakurtzen ez zekielako bere etxeko hormak egunerokoen horriez estaltzen zituen gizon jakintsu bat bere ikuiluan zulo handi bat egiten hasi zen munduaren erdia aurkitzeko itxaropenez. Baina, okerrena, Demontresek Ogi-Deunak Jainkoa ber-bera atxikitzen zuela esan zuenean izan zen. Jendea jabetu zen Demontresen buru ero eta nahaztuaz.
Nik, noski, onartzen dut Demontresen egia eta sinistu, fede zintzoz sinisten dut bainan ipui basati bat idazten ari naizenez gero ez dut inkisidoreen beldur izan behar, beldur hunek justifikaziozko hitz hauek idaztera behartu banau ere.
Demontres Hurturin bertan jaioa zen bainan bost urte zituelarik Seminariora bidali zuten, edo-ta Augusto mixiolari erdi-ero erdi-lapurrak eraman zuen, eta Gotzaiak hamabost urteetarako apaiz egin zuen. «Bederatzi urteko Aita Santu batek zuzendu zuen Eliza». Hauetxek izan ziren Gotzaiaren hitzak eta hauetxek sarritan Demontreserenak ere.
Hurturira heldu zenean ez zuen inork gogoratzen eta bera ere ez zen bere semetza azaltzen ahalegindu.
Hamabost urte zituen bere sotana beltzez enparantza erdian azaldu zenean, eta, istant berean, Hurturiko neskats guztiak bihotz-minez gelditu ziren Demontresek semeak egiteko behar zena ez zeukala jakin zuten arte.
Arrezkeroztik. Elizara ez da garai haietako neskatsik azaldu. Enkuestak egiten ibiltzen zen batek apaizaren prestasuna eta gorputz alaia zirela neskatsak Elizara joatearen kakoa erabaki zuen gertatutakoaren analisis jator bat egin ondoren.
Sermoietan Sofokles-en «Elektra» liburuko textoak irakurtzen zituen, bainan, Hurturikoen zoritxarrez, grekoeraz irakurtzen zituen.
Ez dut grekoeraz idatziko, irakurleen zoritxarrez izan ez dedin, Demontresek askotan erabiltzen zuen zatia:
«Ez naiz erotuta dagoen igarlea.
jakinduririk gabea;
Ni hunat zuzena ekarriko
dudana naiz». (El. 474-477)
Luisa Hurturira hurbildu zenean txekor batek baino bizi gehiago zeukan.
—Egunon.
—Baita zuri ere
—Ni Luisa naiz.
—Ba nekien. Hurturiko berriak bereala zabaltzen dira; ni Augusto naiz, Hurturiko apaiza.
—Hitz gutxitan, Demontres. Nik ere ba nekien. Hurturiko berriak azkar zabaltzen dira.
—Zer nahi zenduke?
—Zurekin hitzegin.
—Ez dut nere bizitzan horrelakorik entzun. Nerekin hitzegin nahi duzula eta norekin ari zerala uste duzu?
—Apaiza zeranez, lagundu egin behar nauzu.
—Semeren bat, edo lapurketa bat edo...
—Ez, ez. Ez dut horrelakorik.
—Has gaitezen lehendabiziko agindutik.
—Ez, ez. Ez dut aginduen kezkarik.
—Zer duzu, ba?
—Heriotzaren hertzean nauzu eta Elizari mesede bat eskatu nahi nioke.
—Elizari mesede bat? Elizak mesedeak jasotzen ditu eta ez nola-hala eskeintzen.
—Santa egin behar nauzute.
—Horrelakorik...
—Bai. Aldare txikienean irudi bat eta nere heriotzaren eguneko urtebetetzeetan, larrosa-xorta bat eskatzen dut. Besterik ez.
—Eta zuk zer eskeintzen diozu Elizari?
—Nere santutasuna eta nerea den guztia.
—Nor zen zure aita?
—Zurea.
—Zer diozu?
—Bai. Zure seme bat abortatu behar izan nuen gure gazte-denboratan.
—E?
—Entzuten duzuna da egia. Nere ixila, aldare txikiko irudia eta nere heriotzaren urtebetetzeetako larrosa guztien ordez.
Nere amonak bereari eta hunek nork daki nori entzundako gauzak dituzu, irakurle. Dena, nik aitari askotan ertzundako esaera duzu: «Izen onaren truke, aldare eta larrosa gorriak».
Hurturi itsasoak jan omen zuen eta egun, turismoko herri polit bat digo Hurturiren gibelean, Hurturik zituen bekatuz eraikitako etxez, hotelez, humeentzako parkerik ez, hondartz zabalez jantzita.
Ez nizkioke suari nere eskuak eskeiniko herri polit hori non den ez dakidala esateagatik.
Hunik arrats artean |