Hunik arrats artean
Anjel Lertxundi

Kriselu, 1970

 

 

NERE LEHENENGO HITZALDIA

 

        Ez nuen uste hunela izanen zenik, bainan, azkenean, ba dakit ezin zitekeala beste era batera izan. Egun ez dut uste okerra handia izan zenik, bainan garai hartan erru guztiak nereak zirelakoan nengoen. Nere burua beti nere inguruan gertatutakoaren errudun bezala ikusi izan dut, nere gibelean norbait estropo zai egonen balitz bezala. Behatz luze batzuk neri begira zeudela ziruditen bai zeru-gainetik eta baitare lurpetik. Eta leiho guztietako aztalik gabeko andereak ez dute nerekin ezer jakin nahi edo hunela iruditzen zait.

        Horregatik harritu nintzen Josebak hitzaldi bat eman behar nuela esan zidanean. Gaia ezaguna nuen, ondo ezaguna, bainan ez nintzen oso istimatua hitzaldia eman behar nuen zentrokoentzat. Beldur nintzen eta beldur, batezere mila begi-pare nere gorputzean irriztatuko zirelako eta nik begi haien ituna, argia edo iluna zen edo ez jakinen ez nuelako. Gaia atsegina zitzaidan: «Bertoldt Breht eta urrutiratzea, munduaren aurrean hartutako postura bat». Atsegin zitzaidan gaia eta hiru egun egon nintzen nere lantxoa antolatzen. Egia esan, neretzako ez zen lan ikaragarria izan, lehendik fitxa asko jasoak bait nituen irakurritako liburuetatik. Bainan, halare, ez nintzen nere buruaren jabe. Mila begi-pare ikusten nituen nere gelako ispiluan, nigandik urrutiratuta eta urrutiratze hau nere aurrean hartutako postura bat izanen balitz bezala. Nere aurpegia ispiluari eskeintzen nion bakoitzean, begiak azaltzen zitzaizkidan, mila begi-pareak, bi mila era ezberdinetan. Batean, begi guztiak labainez erdibituta, bestean, malkoen ordez esnea ixuriaz, eta bestean, zakurren irudiarekin, eta bestean...

        Ez nekien zer pentsa, zer egin, bainan hitza emana neuken eta ez nuen irtenbiderik.

        Hitzaldiaren egunean, propaganda horritxo batzuk azaldu ziren herrian. «Egun, jokabide bat hartu nahi badugu, munduarengandik urrutiratu behar dugu, hartutako posturarekin berriro munduarengana hurbiltzeko. Ikus, ikusi, entzun beharrak ditugu huntarako merioak, hunen arazoak eta ondoreak. Gaur gaueko 8/2, tan...»

        Ez nuen irakurtzen jarraitu. «Ikus ikusi beharrak ditugu...» Bi bider azaltzen zen «ikusi» aditza. Nere ixpiluko amets basatiak egiak bihurtzen ari ba ziren bezala. «Ikus ikusi beharrak ditugu...»

        «Brecht antzezlaria izan zen batezere eta urrutiratzea antzerkiarako erabili zuen...»

        Izardietan nengoen. Nere lehenengo hitzaldia zen bainan ez zen horregatik. Hainbat aldiz ikusitako begiak ezagutu nituen hitzaldi-gelan. Batzuk labainez erdibituak, besteak esnea zeriotela, beste batzuk zakurrak ziruditela eta gainontzekoak...

        «Bainan antzerki bat bizitzan oinarritzen ez denean ez da egiazko antzerkia. Antzeztokia gure mundua da eta guk, antzeztokia ikustean, mundua ikusi behar dugu...»

        «Ikusi» hitza esan nuenean, ikustearen metafisika bat egiten hasi nintzen. Ikusteak bi alderdi dituela, alegia. Bat, nerea: NIK ikusten dut. Eta bestea, ojetiboa: ZERBAIT ikusten dut. Horrela, hunekin jarraitu mien hitzaldiaren gaia.

        —Zertaz huen hitzaldia? Ikusteaz edo Bertoldt Bretch-ez? Denak haserre irten dituk. Aprobetxatu egin haizela ziotek. Formalitate pixka bat, arren. Ez nian uste hunela eratzunen huenikan. Beste hizlari batzuk zuhaitzen gaia badute ere, politika sartzen ditek tartean; eta hik ere antzekoa egin duk.

        Ez nuen erantzun. Ba nekien nere burua ez nuela gehiago altxako. Itxututa bezala nengoen bainan errua ez zen nerea izan, herriaren begiena baizik.

 

Hunik arrats artean
Anjel Lertxundi

Kriselu, 1970